"EUSKAL KANTUA BIZIKO DA, GURE MINTZAIRA BIZI BADA"


1999ko maiatzaren 16an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
B

aigorriko artzaina eta gizon bakartia zinela bagenekien. Orain gutxi ordea, zure bizimoldea aldatu dela jakin dugu. Familia osatu omen duzu, hola dea Erramun?
Hala duzu bai! Soltero izan naiz orain urte bat artio, orain berriz, frantses familia batekin abiatu naiz. Bizi berri bat hasi dut. Badakizu, hutsa den tokian ez da deusik egiten, jendea den tokian berriz...

Jakin izan dudanez, zure emaztea eta hiru alabak (13, 11 eta 5 urtekoak) Proventzakoak dira. Nondik nora halako ezagutza?
Patrizia sortzez Tolosa (Toulouse) ondokoa da, amaren aldetik Vietnamgoa. Bera eta bere alabak menturak ekarri ditu Oxobirat: Tolosako emazte zinegile bat Euskal Herriari buruzko laburmetraia egin nahian zebilen eta Tolosan bizi den euskaldun bikote batek ene berri eman zion. Zinegile hori ni ikustera jin zen, laburmetraia bat egin nahi zuela erranez. Ni ardatz gisa nahi ninduen. Bere ikusmoldeak eta nireak ez ziren berdinak ordea. Kamera aitzinean nik gauza batzuk agertu behar nituen eta arrunt bestelako gauza ateratzen zen. Ez nuen ene burua zeregin horretan ikusten, hara!

Beraz aktore izateko asmorik ez oraingoz bederen?
Ez da ene ofizioa, ez. Hala ere, zinegile hori pare bat aldiz etorri zen, eta halako batean Konpostelako bidea egiteko etorri zen Patriziarekin. Honek Euskal Herriko txokoak ezagutu zituen eta denbora berean solas egiteko parada ukan genuen. Nik laburmetraia ez dut egin zuzendari horrekin, baina bere laguna Patrizia eta alabekin luzemetraia abiatu dut.

Gibelera eginez. Jose Maria Iparragirreren kantuak biltzen dituen «Zure Oroiz» diskoaren bidez izan nuen zure lehen berri; orain hogei bat urte. «Nere izarra» abesten zenuen. Zer oroitzapena gordetzen duzu lan hartaz?
Galdetu zidaten Iparragirre urretxuarraren omenez diskoan parte hartzea, eta joan eta pixka bat, nola erran, ez zen ene lanerako maneran hain gustukoa izan. Dena prestatua zen, eta nik ene burua musikan kokatu behar nuen. Kantu bat ontzeko norberak denbora behar du bere baitan. Pixka bat, presaka egindako lan bat bezala oroitzen dut. Nik ez nuen jakitate musikalik eta orain baino esperientzia guttiago.

Are atzerago eginen dugu. 1974an Larzabalen eginiko Txapelgo historiko harrez gero plazaratu zinen. Etxekoengandik heldu zitzaizun kanturako duzun dohaina?
Bon, ene belaunaldiak eta denek ukan duten bezala. Orduan ez zen telebistarik ez irratirik, beraz etxekoengandik ikasten zen kantuz. Horiek ziren lehendabiziko urratsak. Txapelgo hura hastapen biziki inportante izan zen, bistan da.

Etxetik kanpo nortzuk zenituen eredu-edo?
Lehen-lehenik Mixel Labeguerie; bazkari eta bilkura ttipien karietara abesten zuena. Orduan hasi zen euskal mugimendua azkartzen. Aldaketa bat eman zen, euskal militantismoa sortu zen nolazpait. Guk taldea, Etxamendi eta Larralde herriz herri hasi ziren, eta ni haien ondotik abiatu nintzen. Geroago, kantaldien egiteko grina eta indarra etorri zen.

Hego nahiz Iparrean bizi izan zen fenomeno azkar hura, herria kantuaren bidez mintzo zen nolabait. Hamaika pasadizo bizi ziren. Zuk ere biziko zenuen baten bat?
Bai. 1978an, Otxagabiako festetara joan ginen kantatzera Etxamendi-Larralde eta ni. Guardia zibil tropa alimalekoa zen herrian, eta ez ziguten kantatzen utzi nahi. Azkenik, ordena eman zuten: Oren erdi batez baino ez genuela kantatzerik. Hirurok suharretan ginen. Etxamendik kopeta gehiago duenez, badakizu, bizpairu hitz egin zituen kantaldia hasi aitzin, gaztelaniaz. Ez dut gogoratzen zer erran zuen, baina sutsu aritu zen bere aitzinean guardia zibilak lerroan zeudela. Estradaren itzuli osoa guardia zibilez inguratua egin genuen orduerdiko kantaldi hura. Publiko artean tentsio izugarria zegoen.

Sei disko grabatu dituzu, kantaldi ugari eman ere. Artzain-laborari ofizioarekin tartekatzen duzu kantua. Gazteago zinela profesional gisa aritzea bururatu al zitzaizun inoiz?
Soldadugoa musika erregimentuan egin nuen; Paris ondoan. Han baziren jadanik profesionalak zirenak, edo gero profesional bilakatu zirenak. Estatuan gerora ezagunak egin zirenak ezagutu nituen. Haien munduaz solasean aritzen ginen, haiek telebistan ikustea gauza ederra zen, baina mundu horren gibelean gauza anitz zirela ohartzen nintzen, ez zen ene mundua. Nik denbora hartan laborantzan nahi nuen ari izan. Profesional gisa aritzea zaila da bestalde.

Musikarekiko duen zentzuarekin, saiatu izan balitz profesional gisa, norbait izan zitekeela iruditzen zait». Ez duzu pentsatu inoiz, Gaiarre nafarraren hurrengoa izatera irits zintekeela?
Ez. Nik opera maite dut, baina erran bezala mundu hori enegandik urrun dago. Profesional mailan aritzekotan, hemengo kantarien ibilmoldean ibil ninteke. Iparraldean badira bizpairu hola, ofizioz edo, baina obligatuak dira Frantzia aldera joaitera,

inttermitent de spectacles
gisa aritzen baitira, eta nik bide hori hautatu izan banu, obligatua egongo nintzen horrela ibiltzera ere. Hegoaldean egiten dituzun kantaldiak ez dira horien barnean sartzen. Europa berriaren barnean agian, hemendik urte batzutara musikariak arituko dira horrela...

A capella abesten duzuen kantari gutti gelditzen zarete. Zer diozu kantagintzari buruz?
Ene garai hoberenean 35-40 bat kantaldi egin izan dut, eta orain 30-35 bat. Erdiak Hegoaldean eta beste erdiak gure kostapartean. Kantua biziko da, mintzaira bizi bada.

A capella
moldean gutti gara, Naski, kantu molde hau denborarekin joanen da, hau da, ahots soilean nehork guttik kantatuko du, baina kantu bat edo bertze beti emanen da kantaldietan.

Laborari eta kantari dituzu ofiziotzat. Erraza dea uztartzen biak?
Etxalde tipia dudanez, biak eraman ditut aldean. Haatik, kantaldiak egin behar direlarik galtze bat da beti, ezin duzu eraman dena behar bezala. Gainera, dena ez da sosa, batzutan diru laguntza ekartzeko ekimen batzuen alde kantuz aritzen naiz; eta gogotik gainera. Handik itzulitakoan etxeko martxa hartu behar. Osagarriz ontsa izanez gero ez da inposiblea.

Osasunez gaizki ibilitakoa zarela jakin dut ere bai...
Bai. 95ean, hernia diskala izan nuen. Fisikoki gaizki eta moral aldetik eroria, ez nekien itzuliko nintzen ere lanera eta kantatzera. Lau hilabetez langile bat ukan nuen baserrian. Hala ere, borondate eta sendagile on baten laguntzarekin hartu dut gaina, gauza horiek gogorrak dira pasatzeko gero!

Galdera gaizto bat dut zuretzako. Donibane-Lohizunen egin ohi den «Kantuaren Eguna» kari hitza emana zenuen, baina ez zinen agertu. Batzuk kexu ziren zurekin.
Hala entzun dut bai. Ene arrapostua han berean ukan zuten ordea, bertsolariengandik. Batzutan gertatzen da kantaldi bat hitzeman izana, eta nik Altsasun egina nuen egun horren bezperan; kontratuz. «Kantuaren eguna» delakora iaz ere ez nintzen joan minez nintzelako; erran nien joanen nintzela aurten. Altsatsun izugarri berant hasi zuten kantaldia, nik azkeneko partean kantatu nuen, eta artean, gau hotza zela-eta arrunt hoztu nintzen afarian. Goizeko hiruretan bidean nintzen, elur erauntsi artean. Bi egun lehenago dentistan izana nintzen gainera, nik ez dut bertzerik erraiteko. Gauza horiek ulertzen ez dituena... Ez naiz 46 urterekin kapritxo batengatik etxean geldituko. Uste dut fede onez jokatu dudala beti.

Zure kasuan, ahotsik ezean, musikari lagun gutxi ukanik zaila abestea?
Fisikoki ez banaiz osorik, ez dut deus egiterik, ez baititut hamar musikari enekin. Nik daramat kantaldi osoa, eta osoa behar dut izan. Bizkarrezurra gorputzaren erdia da eta kanturako ere oinarria.

Beste gaietara etorriaz. Baigorri ezaguturik; aldeak alde, Gipuzkoako goierriarekin parekatu izan nuen nik behiala. Orain hogei bat urte, abertzaletasuna tinko jalgi zen Baigorrin...
Abertzaletasuna gauza berria da gure artean. Gure aitzinekoek lurrari atxikimendua gorde zuten, eta Hegoaldearen indarraz batera, iratzartze bat eman zen hemen ere. Abertzaletasuna gure mintzaira galtzera zihoala oharturik sortu zen. Ohartu ginen, euskara salbatzeko tokian tokiko indarra eta lanari lotu behar zela. Alta, hemengo jendearengan lelo bat dago sartua: «Parisek eman du, halako presidenteak eman du!». Halako arrazoinamendua biziki sartu da jendearen baitan.

Horren aitzinean militante ugari sortu, baten bat hil, eta beste batzuk presondegian dira. Une estuak bizi izan ziren, Monlog auzapezak hitz gogorrak erabili izan ditu gazteriaren aurka. Zer giro dago Baigorrin?
Egun uste dut gauzak hobeto konprenitzen hasi dela jendea, eta errespetua dago euskal militanteekiko. Maleruski halako pertsonek badute indar bat edozein gauza egiteko. Berea jainko batek egina bezala da. Alta, herri mailan, estatu nahiz mundu mailan gauzak zein gaizki doatzin ikustea baino ez da ohartzeko zerbaitetan huts egiten dutela. Beraz, gazteri berria heldu bada, erreakzio objetiboak dituena, gauzak nolanahi egin ez daitezen lanean ari dena, auzapezak ez du zergatik gazte horiek agitatzaileak direla erran behar.

Nafarroaren Eguna ongi pasa dea?
Herriko harremanak sano ikusten ditut. Gero politikan ari direnek bi aldetako nafarren arteko lotura errekuperatzea nahi dutenetz, ez dakit?

Auzapezak hirigunetan gertatzen denaren berri gutti dauka nonbait, baigorriar gazteak agitatzaileak deitzeko.
Pentsa, Pariseko auzo handietan edo Hegoaldean dauden karrika borrokak hemen balira. Halarik ere, borroka horiek ez dira mespretxuz hartu behar, nahiz eta ekintza okerrak izan. Kargudunek entseatu behar dute aterabide bat bilatzen, zergatik ari diren gazte horiek horrela beren buruari galdetu. Bistan da, bakoitzak badu bere errespontsabilitatea pertsona bezala, bakoitzak bere erantzukizuna hartu behar du egiten denari buruz. Alta, arazoa, nahitaez, hor dago.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan bigarrena zara EHko zerrendan...
Galdetu didate urrats hori nahi nuen egin, eta bai erran dut, jakinean sinbolikoa dela. Urrats garrantzizkoa da. Izan ere, iragan historiari behatuz, Baxenabarre Nafarroakoa izan da betidanik, frantziar iraultza arte. Egun muinetaraino sartu ziguten muga jasan behar dugu.

Herriko lagun batzuk kartzelan dira. haientzako hitz bat-edo?
Urtean behin idazten diet bederen, eta haiek niri ere bai. Indartsuak dira, eta biziki pozten naiz. Orain guri dagokigu borrokan aritzea, ez baitituzte batzuk bakarrik "pekatuak" ordaindu behar. Gauzak mutur bateraino joan ez daitezen, bakar batzuk dena egin ez dezaten, denok egin behar dugu poxi bat. Mezua?:

Zuekin gaude!
Nere haur denboratik Erramun Martikorena Baigorriko Otsobiko semeaz gogoan atxikitzen dutan oroitzapena herriko antzerki gelan kokatzen da. Euskal Herri barnekaldeko herri anitzetan bezala, parrokiako antzerki talde bat bazen Baigorrin eta kantari baino lehen antzerkilari bezala ezagutu nuen Erramun.
Handiagoekin ibiltzeko adinean sartu nintzelarik elgar ezagutzeko parada ukan genuen: gazteen artean muntatu antzerki berrietan, toberak, kabalkada edo kantaldietan. Ez da sekulan mintzalari handi horietarik izan baina artzain-laborari gehienak bezala hitz labur bezain xuxenez badaki bere barneko sendimenduen berri emaiten, eta prediku luzeak baino edozoin espresio mota herrikoiak baliatu nahiago ditu, izan dadin antzerki dantza edo kantu. Besta egiteko ere lagun fina da Erramun, ostatu xokoak bere boz paregabeaz berehala animatzen badaki eta giroa berotzen hasia deneko dantza jauzien emaiteko lehenetarik agertzen da. Oroit naiz, gaua frango aintzinatua zen aldi batez, txistulariak edo gaiteroak akituak izanik, segida hartu zuela bere ahozko soinuarekin inguruko jende guziak arroarazten zituela.
Urteak pasatu dira, gure herriko artzain-kantariaren boza kanpoan ezagutua izan da, eta haren arrakasta handituz joan da. Kantaldi, grabaketak egin, eta entzuleak baditu milaka orain, baina ez zaio hortako burua berotu gure Erramuni. Kanpoko ikusgarri batetarik itzuli eta pentzeak, ardiak eta gasnak hor ditu eguneroko lanaren errealitatea oroitarazteko, eta ez ditu ahanztekoak, hortan baita hazia izan, eta ororen gainetik hori du maite, bere dorpetasun eta goxotasunean, diru gutiekilako aberastasuna. Erramunek, bere lagun gehienek bezala, Euskal Herri barnekaldean bizitzeko nahikeria frogatzen du egunero, programatua den odolusteari desafioa eginez.
Harat-hunaten ondotik bakarrik etxeratzen zen adixkideak bere biziko laguna atxeman du, eta familia oso bat kokatu da Otsobiko kafiran. Ainitz urtez Erramun! Ea antzerki berririk emanen daukuzuenez Baigorri-Bastidako xokoan

FERNANDO AIRE "XALBADOR"
«Goi-mailako ikasketarik gabe, gauzak barneraino gogoetatzen zituen gizona»

MIXEL LABEGUERIE
«Bihotz handiko gizona, umoretsua eta biziki sentsiblea»

BENITO LERTXUNDI
«Ni lainoetan nagoela erran zuen behin, baina uste dut bera dela ni baino gehiago lainoetan. Musika belarrian daukan aments egile, hitzen musikari trebea»

TOMAS ARAGUES
«Talentu handiko musikaria eta denbora berean xumea»

MIXEL DUCAU
«Musikari handia, pixka bat hotza»

JOSEBA TAPIA
«Gizon goxoa, ernea. Jendearekiko dohain berezia du eta musikari bezala denok dakigu nolakoa den»

MIXEL BERGOUIGNAN
«Merkatal alorrean trebe den gizona»

MARCEL MONLOG
«Auzapez bezala herriaren minak sendatzen ez dituena, baizik okertu. Medikuntzan segitzea hobeago zukeen»

FILIPE BIDART
«Goi eta beheko nafarren arteko adixkidetasun hazia erein duen borrokalaria»

JOJO BIDART
«Pazientzia handiko kultura langilea»

ERNEST ALKHAT
«`Aments bat egin dut' idatzi zuen, eta neurri batean gauzatzen ari da»


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude