ARGIA-REN APUSTU BERRIA: EUSKAL PRENTSA ON-LINE

  • maiatz osoan zehar berrikuntza garrantzitsuak azalduko dira Interneteko bere gunean. Ekainaren hasieran martxan egongo da Sareko ARGIA, komunikabide digital berria.

2021eko uztailaren 19an
Interneten edukiak (eta batik bat euskarazkoak) bilatzen dituenak, maiatzean zehar ARGIAren webgunean eduki berriak aurkituko ditu, astez aste gehitzen joango direnak, Sareko ARGIA izeneko komunikazio eta zerbitzu elektroniko gune berria osatu arte.
Gaur Komunikazio Biziagoa S.A.L.ek paperean plazaratzen dituen produktuen edukietan oinarrituko da komunikabide berri hau, normala denez. Baina bertsio elektronikoa baizik ez duten atalak ere izango ditu hemendik aurrera. 1997ko abenduan aurkeztu zen

www.argia.eus
guneak horrela bizi propio eta autonomoa hartu du gaurdanik.
Hasteko, ARGIA astekariaren eduki guztiak daude jadanik bere Internet gunean. Aurkezpen orrian astekariaren gainean klik egin eta hurrengo orrian, paperezko astekaritik azpimarratu nahi izan den gai nagusia eta beste lau gai hautatu azaltzen dira, argazkiz hornituak.
Pantailaren ezkerreko zutabean berriz, aldizkari osorako sarrera dago. Lehenengo, nahi den asteko data edo zenbakia aukeratu behar da: dagoenekoz 1.713.a ere (joan den astekoa) eskuragai dago eta aurrerantzeko guztiak ere artxiboan erraz aurkituko dira.
Eta nahi den artikulua aurkitzeko bi eratako bilaketak ditu eskueran bisitariak: artikuluen generoen araberakoa (elkarrizketak, erreportajeak, iritziak, laburrak...) eta gaiaren araberakoa (argitalpenak, ekonomia, politika, nazioartea eta abar).
Bide batetik edo bestetik sartu, artikulu guztiak izenburuarekin eta sinadurarekin identifikatuak dira. Horietan klik egin eta testuez gain artikulu bakoitzeko argazki bat ere hor duzu. Artikulu nagusiei beraiekin loturiko atal txikiagoak atxikitzen zaizkie. Eta ondorioz, banan bana paperezko aldizkarian ageri diren atal guzti-guztiak harian aurkituko ditu ARGIAren webgunean sartu denak.
Artikulua irakurri eta edonolako iritzi edo iradokizunik egin nahi izanez gero, bakoitzaren amaieran dauka bisitariak ARGIAko erredakziora bidaltzeko aukera erraza.
Ametzagaiña I+Gk garatu duen «Kapsula» teknologiaren gainean antolatu da paperezko astekariaren edukiak Interneten argitaratzeko prozesua. Azken hiru urteotan ARGIA beste bost enpresarekin batera («Euskaldunon Egunkaria», Ametzagaiña, Klaudio Harluxet Fundazioa, HABE eta Adur Informatika Zerbitzuak) aritu da «Kapsula 2000» proiektuan, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren Intek programaren barruan. Eta lan horren guztiaren fruituetako bat da estreinatu berri dugun ARGIA On-line hau.


EUSKAL KULTURAREN HARIA.

Internet bidez ARGIAk eskainiko duen hurrengo zerbitzuak Euskal Kulturaren Haria izena darama. Gaur egun astekariko erredakzioak euskal kulturari buruz prentsa idatzian (egunkarietan batik bat baina baita beste agerkarietan ere, aldizkari espezialduak, herri aldizkariak eta beste) plazaratzen duten guztia biltzen du. Horren fruituetako bat izan ohi da Urtekariaren zati nagusia. Orain ARGIAk eguneroko bilketa hori euskaltzaleei eskaini nahi die, astearen bost egunetan, hasieran.
Bi modutara egingo du. Alde batetik, posta elektroniko bidez, dohainik bidaliko zaie (testu soil moduan, edonorentzako eskuragarriago izan dadin) horren harpidedun izatea onartuko duten guztiei. Beste aldetik, www.argia.eus gunean ere ikusteko moduan egongo da: bai egun bakoitzak euskal kulturaren inguruan sortu duena eta bai aurreko egunetan bildu diren albiste eta adierazpenak.
Eguneroko bilketan, albisteak, iritziak eta adierazpenak jasotzen dira. Oso labur, hori bai: titulua eta hiruzpalau lerrotako laburpena izango du berri bakoitzak. Albiste, iritzi edo adierazpen horiek bildu dituen komunikabideak horiek Interneten ipiniak baditu, zuzenean orri horretara iristeko modua eskainiko du Euskal Kulturaren Haria zerbitzuak.


AGENDA "EUSKAL KULTURAREN AURKIBIDEA" IZANGO DA.

Interneten ibiltzen diren euskaldunek badakite ARGIAren Urtekariaren Agenda azken urteotan sarean ere ikusgai dagoela. Maiatzetik aurrera, berritu eta osaturik azaltzeaz gain, gaztelania, frantses eta ingelesez ere kontsultatu ahal izango da. Izena ere aldatu zaio. Urtekaria sortu zenetik zerbitzu atal horri eman zaion «Agenda» deitura beste zerbitzu batzuetarako ere erabiltzen du prentsak, eta hortik «Aurkibidea» definizio berria hartzea.
Zerbitzu berri honen bitartez euskal kulturako instituzio, profesional, talde eta denetariko agenteen oihartzuna zabalagotu nahi da mundu osoan zehar, gero eta komunikatuago dagoen planeta honetako edozein herritarrentzako horiek eskuragarriago bihurtuz.
Zerbitzu gehiago ere izango du maiatzetik aurrera ARGIAren Internet guneak. Bilbao Bizkaia Kutxarekin azken xehetasunak lotu nahi dira liburu eta CD formatoan hain arrakastatsua izan den Gotzon Garateren «Atsotitzak» datu basea sarean eskaintzeko: euskarazko atsotitzak eta beren baliokideak gaztelania, ingeles eta latinez. Egokitzapen lan bati esker, hizkuntza ezberdinetan diren atsotitzak eta horien baliokideak bilatzeko modu erraz eta erakargarria izango du Interneteko bisitari euskaldunak.
Itzulpen zerbitzu bat ere eskainiko du guneak, Donostiako Eskura enpresaren bidez. Berrikuntza eta zerbitzu gehiago, udatik aurrera joango dira egia bihurtzen. Orain arteko gainerako informazio eskaintza eta zerbitzuak (Sagardoa Euskal Herrian, asteko eskaintzak, Denda, eta beste) mantentzeaz gain berritu egingo dira ondoko hilabeteetan.
Guztiek osatzen dute Sareko ARGIA komunikabide berria, hala nola, Komunikazio Biziagoa enpresak paperean argitaratzen dituen eduki eta zerbitzuek eta euskarri elektronikoan sortu diren berriek. Aita Kaputxinoek «Zeruko Argia» sortu (1919) eta 80 urtera, eta Donostiako zenbait euskaltzalek «Argia» astekaria plazaratu (1921) zutenetik 78ra, Euskal Herriak euskarazko komunikabide elektronikoa ezagutuko du.


TEKNOLOGIA BERRIEN APUSTUA.

Azpiegituretan eta teknologian inbertitzea aspaldiko apustua da ARGIA astekari honen aldetik. Ahalegin horretan Euskal Herriko Astekariaren ondora bildu den hainbat instituzio eta elkarteren laguntza beharrezkoa izan da jauzi honetarako, eta baita Antza inprimategia, Adur Informatika eta orohar Ametzagaiña Taldeko profesionalena ere.
Interneten 1997tik («Ametza» zerbitzaria martxan jarri zenetik) emandako urratsak handiak izan dira eta zenbait pertsonalitatek publikoki ere aitortu izan du bere garrantzia.
Duela gutxi, Eusko Ikaskuntzak plazaratzen duen «Euskonews & Media» astekari elektroniko elebidunean, honela idatzi du Javier Diaz Noci Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio Zientzietako irakasle den eta euskal prentsaren historia idatzi berria duenak:
«

Interneten, dudarik gabe, ARGIAri dagokio iniziatibarik interesgarriena. Agian beraiek dira berritzaileenak, eta ez euskarazko kazetaritzan bakarrik, baizik eta baita orokorrean nahiko tristea den Interneteko euskal kazetaritzaren panoraman ere. 1997 bukaeran ARGIAk webgune anbizioso baten lehen urratsak erakutsi zituen, aldizkari inprimatuaren asteroko edizioa sartzea aurreikusten zuena, eta 1963tik aurrera (35 urtez goiti) plazaratutako elkarrizketa guztien bilaketa interaktiboa eskaintzen zuena. Oro har, ohiko edizioari balio erantsia ematen zion, indar handiagoko beste komunikabide batzuek ulertzen jakin ez dutena edo ulertu nahi izan ez dutena. Biblioteka (eta kasu honetan hemeroteka) birtualen sorrera aldera Internet mailan joera gero eta handiagoa dago, eta kazetaritzak horren gidaritzan ipini beharko du, informazioaren merkatu agresiboan atzera geratu nahi ez badu
».
Euskarak eta euskal kulturak urrats asko eta handiak dauzkate eman beharrak teknologia berrien alorrean ere, eta Interneten zehazkiago esanda. Internetek ez du gaur dirurik ematen euskal kulturak duena bezalako dimentsioetako ahaleginetan, baina inbertsio estrategikotzat ikusi eta jorratu beharra dago. Horretan ari da ARGIA, eta fruitu erakargarri batzuk maiatz honetan zehar ari da erakusten jadanik

Paperaren xarmarik ez du baina...

Astekari hau Interneten bidetik abiatu zenetik, bertako lankideek informazio iturri izan dute nagusiki sarea, komunikazio tresnatzat elektroposta erabiliz. Orain produktuak burutzean inprimategiaz eta paperaz gain sarean hartuko duen forma ere kontuan eduki beharra dago.
Inprimategira doanarekin batera abiatzen da amaraunean sartzeko prozesua ere. Erredaktoreak artikuluaren elementu bakoitza kode baten bitartez identifikatzen du (argazki oinak, testu nagusiak eta abar) gero makinak uler dezan. Eta «Kapsula»ren txanda dator. «Kapsula» Adur informatika enpresak sortutako programa da, dokumentu baseen kudeaketarako softwarea. «Kapsula» softwareak automatikoki (astekariko produkzio arduradunak begiratuko du prozesua ezustekorik gerta ez dadin) kodifikatutako elementu guztiak hartu eta identifikatu egiten ditu: hau izenburua izango da, beste hau argazki oina... artikuluetako elementu guztiak.
Indexazio prozesuaren bidez, artikuluaren elementuak gero pantailan izango duten itxura lortzeko sailkatzen dira, generoka eta gaika. Eta azken urratsa pantailaratzea da. «Kapsula»k artikuluko testu nagusia bilatzen du eta horri dagozkion osagarrien bila hasiko da, pantailan elementu guztiak batera agertzeko.


AUTOMATIKOA ETA AZKARRA. ARGIA.

Astekaria bere dokumentu basea osatzen doa astero eta etorkizunean beste dokumentu base motak sortzeko aukera ematen du; esate baterako, hitz bakar bat sartu eta bilaketak egiteko aukera.
Beste elementu garrantzitsua astero aldizkaria harian jartzea kostatzen dena da. Erredaktoreek eta produkzio arduradunak denbora gutxi erabili behar dute prozesu honetan, aurretik egin den programazio lanari esker, ia osorik automatikoa delako.
Internetez ARGIAren On-line bertsiora hurbiltzen denak ere abantailak topatuko dizkio. Informazio edukiak espreski katalogatuta aurkitzen ditu, eta oso klik gutxitan iritsi daiteke nahi duen artikulura.
Alde horretatik, nori berea. Patxadaz irakurtzeko, astean zehar begiratzeko, argazki ederrez gozatzeko, mendira (edo edonora) eramateko... paperezko ARGIA


Azkenak
2025-05-15 | Gedar
Israelgo Estatuaren aldeko funts batek Espainiako Estatuko musika-jaialdi gehienak bereganatu ditu

KKRk urtarrilean erosi zuen Superstruct sustatzailea, Sónar, Viña Rock edo Resurrection Fest jaialdiak sustatzen dituena besteren artean. Palestinaren kolonizazioari lotutako higiezin-jardueretan eta Israelgo sektore teknologikoan parte hartzeagatik seinalatu dute... [+]


Donostia tentsio handiko eremu izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Uztailean argitaratuko da behin betiko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Hego Euskal Herriko lehen hiriburua da izendapena lortzen.


2025-05-15 | ARGIA
Trebiñu Araban integratzearen aldeko mozio bat onartu du Arabako Batzar Nagusiak

Trebiñu eta Argantzu udalen Arabarako ​​integrazioa "mugagabean atzeratu ez dadin" galdetzeko mozioa adostu dute EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekinek.


LGTBIfobiaren Kontrako Eguna
“Ez utzi zirrikiturik diskurtso faxista kamuflatuen normalizazioari”

Maiatzaren 17an LGTBIQ+fobiaren Kontrako Eguna dela-eta, “bizi dugun oldarraldi atzerakoia” , “transfobiak hartu duen indarra” eta “instituzioen utzikeria” nabarmendu dituzte kolektiboaren bueltako elkarteek. Zenbait instituzioren kapitalismo... [+]


Konpromiso sindikala Donostiako Udalean
“Euskaraz lan egin eta bizitzeko aukera bermatu daiteke, borondatea baldin badago”

Donostiako Udaleko langileen batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN), akordioa egin dute, Euskaraldia dela-eta langileen parte hartze aktiboa sustatzeko eta euskaraz bizi eta lan egiteko aukerak bermatzeko. LABeko ordezkari Joseba Alvarezek... [+]


Klimaren eta Euskal Herriko biztanleen aldeko ituna sortu du Bizik, 2026ko bozei begira

Hemeretzi neurri ekologiko eta sozial barnebiltzen ditu, datorren urteko hauteskundeetako zerrendek ezarri ditzaten. Sei lan lerroren inguruan ardaztu ditu, eta herrien neurriaren arabera ezarri ahalko dira.


2025-05-14 | Estitxu Eizagirre
“Galdu eta irabazi” Iñaki Artolaren bertso jarriak, Altunarekin ARGIAn izandako solasalditik etorriak

Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]


2025-05-14 | Iñaki Barcena
Klima energetikoaren beroketa

Energia politikek haserreak eta desadostasun sakonak sortu dituzte ekologisten artean. Ez da gauza berririk. Hemen eta atzerrian. Hemen eta orain, nabarmen. Duela bi urte, 2023ko udaberrian, gure ikerketa taldeak (ekopol.eus) hiru mahai-inguru antolatu zituen Donostian,... [+]


Desberdinkeriaren jatorriaz

Indo ibaiaren harana, duela 5.000 urte inguru. Mohenjo-Daro hiriak 35.000 biztanle inguru zituen eta, berriki PNAS aldizkarian argitaratutakoaren arabera, Giniren koefiziente oso baxua zuen, 0,22koa –koefiziente horrek gizarteen desberdintasun ekonomikoa neurtzen du,... [+]


2025-05-14 | Jesús Rodríguez
Kolapsoaren entsegu bat

Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]


Objektu anti-kulturalak

Momentu honetan, eta buruileraino, Adimen Artifizialari buruzko erakusketa erraldoi bat ikusgai da Parisko Galerie nationale du Jeu de Paume museoan, izenburu honekin: Mundua, Adimen Artifizialaren arabera. Erakusketa horretan, hainbat arte obra garaikide agertzen dira,... [+]


2025-05-14 | Edu Zelaieta Anta
Gaingiroki

Urteak ziren elkar ikusten ez zutela. Kalean elkarrekin topo egiten ez zutela. Egoera kanpotik ikusita, bi ezagun besterik ez ziruditen. Atzean daude, oso atzean, gaztaro hasierako urte bizi haiek, non kuadrilla bereko lagunak ziren. Non eguna eta batez ere gaua konplizitatez... [+]


Talenturik behar ez duten lanak

Talentu faltaren mamua da azkenaldian ekonomiaren ikuspegi kapitalista hegemonikotik ezarri nahi diguten eta denek ontzat eman behar dugun ideia nagusietako bat. Arazo artifiziala da, eta ikuspegi oso elitistatik, gure egunerokoan ez dagoen denon arazo bihurtu nahi... [+]


Itzalaldiak argitu digu bidea: sare elektrikoaren deszentralizazioa

Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak, eta herritarrok bizimodu hiper-elektrifikatuarekiko dugun... [+]


Eguneraketa berriak daude