SOLDATEN INFLAZIOA: FUTBOL EKIPOEN GALBIDEA?

Ronaldo, brasildar jokalariak, Milango Interren urteko 750 milioi pezeta (30 milioi libera) irabazten ditu futbolaren eta publizitatearen bidetik. Gainditzeko errekor zaila da. Europa mailan ez dago araurik horrelako egoerak kontrolatuko dituenik. Merkatu librea nagusitzen da eta Europako taldeek eskuak libre dituzte futbol jokalarien salerosketak nahi bezala egiteko. Nahi bezala edo ahal duten bezala. Talde handienen arteko lehia itzela da eta jokalariek gero eta eskakizun gogorragoak egiten dituzte. Eskatu eta ez ematea ere libre da, baina ez da hori gertatzen. Taldeek, boteretsuenek, ordaindu egiten dituzte soldata astronomiko horiek. Eta soldaten inflazioaren espiralak jarraitu egiten du.
Futbola askorentzat diru iturri bihurtu bada ere, bat baino gehiago beldurtu da kirol honek hartu duen itxurarekin. Non dute muga jokalarien soldatek? Zenbat hazi behar dute oraindik futbol elkarteetako aurrekontuek? Europako futbol taldeetako buru batzuk aztoratu dira eta zurrunbilo beltzean sartzen ari den kirol edo ikuskizun honetan ordena pixka bat jartzeko garaia dela aldarrikatu dute. Soldaten prezioek gorantz jarraitzen badute, negozioak behea joko duela iragarri dute. Iritzi hau aireratu dutenak ez dira edonor: Michel Zen-Ruffinen FIFAko idazkari nagusia, Peter Leaver Ingalaterrako ligako zuzendari exekutiboa eta Jacques Thebault Frantziako Futbol Liga Nazionaleko zuzendaria.
Egungo egoera neurtzeko azter ditzagun adibide batzuk. Azken denboraldian, Frantzian, jokalari profesionalen soldaten bolumena % 27 hazi da. Hiru denboraldietan, zifra 25.000 milioi pezetatik 81.000 milioitara igo da. Eta beste hainbeste gertatu da Italiako, Espainiako eta Ingalaterrako ligetan. Nola da posible diru kantitate horiek ordaintzea jokalariei? Igoera hori nola jasaten dute taldeek? Beste arrazoien artean, telebista da ezinbesteko elementua. Frantziako ligak 10.000 milioi pezeta jaso zituen 1996an telebista eskubideengatik. Aurten, 20.000 milioi pezeta baino gehiago eskuratu ditu ligak. Taldeen diru sarrera horrek urtero gorantz egiten du eta beraz, jokalarien soldatak ordaintzeko aukera ere handiagoa da.
Hala ere, legeak oztopoak jartzen ditu. Frantzian bai behinik behin. Frantziako ligan, taldea diru zorretan badago ez dauka jokalari berririk erosterik. Espainian adibidez, zorretan egoteak ez du zerikusirik fitxaketak egiteko.
Soldaten gehiegizko inflazioaz gain, Europan bi abiadurako ligak sortzearen beldurra dago. Europako titulu nagusiak talde berberek irabaziko lituzkete. Finantzabide onak dituztenak lehen abiadurako ligan izango dira eta bigarren abiadurakoan diruz errenka dabiltzanak. Uneotan Europako talde nagusiak honakoak dira (97-98 denboraldiko aurrekontuak kontuan hartuz): Manchester United, Bayern Munich, Barcelona F.C., Turingo Juventus, Milan A.C. eta Real Madrid, Borussia Dortmund, Inter Milan, Newcastle eta azkenik Italiako Parma. (Azpimarratzekoa da Frantziako talde bat bera ere ez dela sartzen hamar horietan. Denboraldi honetan aurrekontu handiena duen talde frantziarra Paris Saint-Germain da; 7.500 milioi pezeta).
Zurrunbilo inflazionistak gorantz segitzen du eta hori moteltzeko proposamen bat egin du hainbat adituk; «salary cap»en antzeko legea. Estatubatuarrek saskibaloian, futbol amerikarrean, izotz hockeyan eta beisbolean lege hau aplikatzen dute. Denboraldia hasi aurretik soldatei muga bat jartzen diete, talde guztientzat bera. Europan egin proposamena ez da guztien gustukoa, lege hori aplikatzeko zailtasunak asko izango direla uste baitute. Jacques Thebaulten ustez, estatu desberdinetako taldeen erregimen fiskala eta estatutu juridikoak ez dira berdinak eta egunen batean, batzuen zein besteen aurrekontuak bateratzea oso zaila litzateke. Bestalde, ez du uste une honetan Europan lege hori betearazi, kontrolatu eta zigorrak jarriko dituen erakunderik dagoenik, ezta UEFA bera ere. Dena den, neurriren bat hartzekotan azkar hartu behar dela dio, berandu baino lehen. Zen-Ruffinenek dioenez, Europako legeekin bateragarria izango den erregulazio sistema bat prestatzen ari dira.


ARAU BASATIAK ETA ZOROAK.

Jean-Francois Bourg kiroletako ekonomia eta eskubideen ikerlaria aburu horretakoa da: Europako futbol merkatuko legeak basatiak eta zoroak dira. Joan den hilean Frantziako «Le Monde» egunkarian egin elkarrizketan ea Europako hainbat bururen kezka justifikagarria den galdetu zioten ikerlari frantziar honi. Jean-Francois Bourgek bi abiaduratako futbol taldeen egoera ikusten du etorkizun hurbilean. Aurrekontuen arabera, futbol taldeen elite bat eta bigarren mailakoa banatuko dira. Elkarrizketari jarraiki, ikerlariaren ustez ez dago egun biderik inflazioa moteltzeko eta talde guztiei aukera berak emateko. Merkatuak arau basatiak ditu bidelagun eta ez da posible Europako legedi desberdinak erregulatzea. Egungo lehia ekonomikoa erregulatzearen aldekoa da frantziarra, baina ez «salary cap» lege amerikarraren antzeko bide bat jarraituz, horrek konpetentziaren merkatua deuseztuko luke-eta. Partidak telebistaz emititzeko eskubidearen gaian ere badu bere iritzia: «

Gero eta gehiago kobratzen dute taldeek emisio eskubideengatik eta telebista kateak ordaintzeko prest daude. Baina, telebista eskubideetatik halako pagotxa talde batzuk bakarrik lortuko dute. Gainera, gai honetan ere merkatua liberalizatzea erabakiko balitz, taldeek zuzenean kateekin negoziatuko balute, talde behartsuenak beren partiden telebista emisiorik gabe gera litezke
».
Futbola negozioa bihurtu den aldetik, futbol elkarteak burtsan sartu dira. Europan hogeita hamarren bat elkarte daude burtsan, baina frantziarrik ez; bertako legeak debekatu egiten du. Jean-Francois Bourgen ustez, horrela, taldeen diru iturriak asko murrizten dira. Burtsaren bitartez ez dute sarrerarik Frantziako taldeek, baina bai jokalarien salmentaren bitartez. Ikerlari frantziarrak dioenez, jokalari frantziar asko doa kanpora jokatzera eta gainera garestiak dira. Horri esker, Frantziako taldeek diru sarrera ederra dute, batez beste, sarreren % 25. Futbolaren urrezko garaia den ere galdetzen diote ikerlariari. Erantzuna argia da: «

Ez dakit urrezko garaia den, baina orain arteko garairik aberatsena dela zalantzarik ez dago, Europarentzat bederen. Etorkizuna zer izango den ez dakigu, baina oraingo egoera erregulatu beharko da
».


RONALDOK URTEKO 750 MILIOI PEZETA.

Jokalari berrien soldaten zifrak ia egunero aireratzen badira ere, zehazki jokalari bakoitzak zenbateko soldata jasotzen duen jakitea oso zaila da. Soldata era desberdinetara kobratzen dute jokalariek. Batzutan –Ingalaterran adibidez–, soldata netoa izaten dute. Beste batzuk, taldera iristen direnean, buruekin adostu eta ekipamenduarekin edo sari bereziekin berdintzen dute soldata. Marseilleko l'Olympiquen berriz, Adidaseko nagusi eta taldeko lehendakari Robert Louis-Dreyfusek zuzenean kontratatzen ditu jakalariak.
Jokalarien soldatek gero eta zero gehiago dituztela azpimarratu berri dugu, baina beraien arteko aldeak ere esanguratsuak dira. Sebastian Perez erdilariak, Ingalaterrako Blacburn taldekoak 20 milioi pezeta jasotzen zituen hileko. Paris Saint-Germaineko Marco Simon aurrelariak 25 milioi pezeta kobratzen zituen. Zenbaki horietatik dezente urruntzen dira Zinedine Zidane (Turingo Juventus) eta Ronaldo (Milango Inter) brasildarra. Lehena ongien ordaindutako futbolari frantziarra izan da urteko 500 milioi pezetarekin. Brasildarrak berriz, munduko errekorra dauka eta urteko 750 milioi pezeta kobratzen ditu Milango Interren.
Zifren zurrunbiloa gorantz doa eta ez dirudi amaierarik duenik momentuz. Amerikar estiloko legeren batek agian espiral azkarra motelduko du

Estatu Batuetan, soldaten inflazioari stop!

Europako futbol liga profesionalean momentuz bederen merkatu librea nagusi dela adierazi dugu. Ikuskizunak porroterako bidea har ez dezan nolabaiteko kontrol sistema behar dela ere. Kirol horretako ia alde guztiak ados dira hortan.
Estatu Batuetan, ezin esan jokalariek soldata astronomikoak ez dituztenik. Lau liga profesional nagusienetako (saskibaloian, izotz gaineko hockeyan, beisbolean eta futbol amerikarrean) jokalariek dituzten irabaziak ez datoz bat errealitate juridikoarekin. Beisboleko eta izotz hockeyko ligan soldatak kontrolatzeko antolatutako sistemek eraginkortasun eztabaidagarria dute eta beste bi ligetan, saskibaloikoan eta futbol amerikarrekoan, «salary cap» delako legea aplikatzen da. NBAko 204 jokalarik urtarrilaren 6a arte jokoa geratu zuten eta beren protestaldiaren arrazoietako bat soldatak kontrolatu nahiarena zen. Elkarteetako jabeek «hard salary cap» ezarri nahi zuten, hau da, soldatak estutzeko lehen zegoena baino lege zorrotzagoa. Lehen hiru urteetan soldatek ez lukete mugarik izango, baina gero 314.000 milioi pezetatik gorakoek % 55era murriztu beharko lukete kopuru hori. Beraz, lehen sei urteetan muga 1.414 milioi dolarretan legoke, hurrengo hiruretan 1.728 milioitan eta hortik aurrera 2.200 milioitan. Estatu Batuetan futbolariak batez beste 157 milioi pezeta irabazten du urtean; hockey jokalariek eta beisbolekoek 204 milioi pezeta.
Ezarritako legeak zorrotzak direla esan berri dugu, baina beti du zuloren bat. Saskibaloian Larry Birden aurrekariari esker soldatek erraz gainditzen dituzte ezarritako kopuruak. Bird jokalariak epaitegian irabazitako kasuaren arabera, kontratua amaitzear dauden jokalariak erosteagatik edo kontratua berritzeagatik, «salary cap» legea errespetatu beharrik ez dago. Horrela, Michael Jordanek 1999an Chicago Bullsekin kontratua berritzea erabaki izan balu, 5.343 milioi pezeta jasoko zituzkeen. Lege murriztailearen arabera urteko soldatak 2.200 milioi pezetatan geratu beharko luke...

Manchester United, Turingo Juventus eta Marseilleko l'Olympique

Segidako hiru talde hauen gainbegiradarekin futbol negozioek hautsa nola harrotzen duten ikusiko dugu.
1878an Ingalaterrako iparraldeko herri industrial batean sortutako taldea da Manchester United, gaur egun munduko talderik aberatsena. Burtsan sartu zen Ingalaterrako lehen taldea da, 1991an. Telebistaren emisio eskubideetatik sarreren % 10 lortzen du. 3 milioitik gora jarraitzaile ditu Erresuma Batuan eta Asian berriz, «United» izeneko aldizkariaren 15.000 ale saltzen dira. Hainbeste jarraitzaile izanda ez da harritzekoa taldearen sarreren laurdena dendetan saltzen dituzten produktuekin lortzea. Telebista kate propioa ere badute. Hauek futbol elkarte honen dimentsioa ezagutzeko datu batzuk besterik ez dira. Horren guztiaren atzean Rupert Murdoch dago. Elkartearen % 44,6ren jabea da eta zati handiagoaren jabe egiteko irrikaz dago. Diru sarrerak handiak dira, gastuak ere bai. Negozio hutsa da Manchester United taldearena. Eskualdeko futbol talde xume izanak bere arima galdu du erraldoi bihurtzean.


JUVENTUS ETA L'OLYMPIQUE.

Duela lau urte 47.000 milioi pezetako saldo negatiboa zuen Juventusek eta orain futbol zelai propioa eraiki nahi du. Urte gutxitan egoera izugarri aldatu da. Negozioa ongi doa: 11 milioi jarraitzaile, 34.944 abonatu ordaindutako telebistan eta taldearen kapitalaren % 99,5 Umberto Agnelliren –Giani Agnelli Fiateko nagusiaren anaiaren– eskuetan. Jokalari garestienak Zinedine Zidane eta Filippo Inzaghi dira, bakoitzak 2.700 milioi pezeta kobratzen ditu.
L'Olympique talde frantziarrarena egoera larriagoa da. Taldeko lehendakariorde Jean-Michel Roussierrek dioenez, defizit kronikoan daude. Telebista emisio eskubideekin, dendetako produktuen salmentarekin, abonatuen diruarekin eta publizitate bidezko sarrerekin ez dute urte amaieran zenbakiak positibo izatea lortzen. Taldearen mirariaren egilea Robert Louis-Dreyfus da. Taldeko lehendakaria eta Adidaseko nagusiak poltsikotik jarri du dirua taldeak iraun dezan


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Eguneraketa berriak daude