LIZARRA-GARAZIKO AKORDIOA EUROPAKO PARLAMENTURA?


1999ko martxoaren 21ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Abertzaleen Batasuna Iparraldeko abertzale militanteak bateratzeko xedez sortu zen 1988an. Iazko Aberri Eguna kari, Euskal Herri osoko alderdien ordezkariak biltzea lortu zuen. Harrez gero, indar abertzaleen artean Lizarra-Garaziko akordioa gauzatu da. ABk haratago joan nahi du, ordea. Europako hauteskundeen karietara, abertzaleen arteko hautagai-zerrenda bakarra aurkeztea proposatu die gaineratiko indar abertzaleei.


"ZAZPIAK BAT" ESTRASBURGON.

Abertzaleen Batasunaren ustez jarrera politikotik akordio konkretuetara pasatzeko garaia da. Orain arteko bide emankorrean sakondu daitekeelakoan dira ABkoak. Lizarra-Garaziko akordioa lehen urrats politiko handia izanda ere, haratago joateko abagunea ikusten dute. Indar abertzaleek bigarren urrats haundi bat eman beharko lukete Europako hauteskundeetan, eta bi xedez eman ere: Lizarra-Garaziko akordioa Europara zabaltzea eta Euskal Herri osoa ordezkatuko lukeen indar politiko bat Europan aurkeztea. ABk gaineratiko alderdi politikoei hautagai-zerrenda bateratu bat osatzea proposatzen die Estrarburgoko Parlamenturako programa komun bat zertzeko ideiarekin. Legez ez legoke inolako arazorik eta Hegoaldean bizi diren Iparraldeko herritar zenbait zerrendan aurkeztu litezke. Iparraldeko hiritar militante abertzale hauek frantses nazionalitatea izan arren hautagai-zerrenda hori osa lezakete.


LURRALDETASUNA EUROPAN.

Europar hauteskundeak burutu ziren lehen aldian, bai EAJ bai EA nahiz HB alderdiek aulki bana erdietsi zuten Estrarburgoko Parlamentuan. Lehen hauteskundeetan, Espainiako beste nazionalitateko indar politikoekin batean aurkeztu ziren eta emaitza onuragarriak erdietsi ere. Legealdiz legealdi botu-emaile kopurua apalduz joan da, eta hiru eurodiputatu izatetik bakarra izatera jaitsi ere. Europako Parlamentuan izandako azken eurodiputadu bakarra Josu Jon Imaz jeltzalea izan da; gaur egun, Gasteizko gobernuaren eleduna eta Industria sailburua.
Aurreko legealdietan, Txema Montero eta Karmelo Landa (HB) –gaur egun espetxeratua– edota EAko presidente Carlos Garaikoetxea bezalako politiko kualifikatuek bete zituzten Estrarburgoko Parlamentuko aulkiak. ABren esanetan, indar abertzaleen ordezkari kopurua behera etorririk ere, ekimen berri hau kalkulu matematikoetan baino klabe politikoetan ulertu beharra dago. Euskal abertzaleek batasunean aritu beharra daukate Europa mailan, baita asmo eta helburu bakar batekin aritu ere: euskaldunon eskubideak ekimen bakar eta bateratua legez defenditzea Estraburgon.
Eurodiputatu kopurua gora-behera, elkarrekin joateak berealdiko abiada emango lieke abertzaleei ireki duten ildoan jarraitzeko eta Euskal Herriaren lurraldetasuna agertzeko Europan. Europako herritarren begietara azaldu ohi diren Frantziako Euskal Herria eta Espainiako Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea azaldu ordez, Euskal Herria eta bere zazpi lurralde historikoak azalduko lirateke, eta berau ordezkatuko lukeen ekimen abertzale berri bateratu honek lurraldetasunaren ikurra ezarriko luke Europako mapan.


IRAGANAZ GAIN GEROARI AITZI.

Gaineratiko indar abertzaleei egiten dien proposamena, abertzaleek bizi duten abagune historikoaren hurrengo urrats logiko gisa jotzen du ABk. Euskal herritarrok bizi dugun abagune hau iristea ez omen da samurra izan, azken urte honetan egin lan gaitzaren emaitza baino. Orain, abertzaleen batasuna bermatzeko eta emaitza konkretuak biltzeko, abertzaleek ekimen instituzional bateratsuak bultzatu behar dituztela uste du ABk, eta lehen emaitzak Europako hauteskundeek ekar dezaketela uste ere.
Berez, ekimenak ez dirudi bideraezina; ordea, orain arteko europar hauteskundeetan indar abertzaleak beste nazionalitate gutxituetako abertzalekin batera aurkeztu ohi dira. Hartara, EAJ nahiz EA alderdiek (HB bakarrik aurkeztu ohi da) indar aliatu horiekiko dituzten konpromiso edota akordioek, ABk euskal indar abertzaleen artean proposatzen duen ekimen bateratu hau zenbateraino oztopa lezaketen ikusi beharra dago. ABk ez du aparteko arazorik aurrikusten Iparraldean. Orain arte, EA izan da Iparraldean bide hori urratu izan duena;

Peuples et Régiones Solidaires
kandidaturarekin batera aurkeztu izan ohi da. Ez dirudi ekimen hori indartsua denik, hala ere. Europako hauteskundeak oso zailak dira herrialde gutxituentzat Frantzian, eta zer esanik ez Iparraldeko abertzaleentzat. Tamalez, korsikar, bretaniar edota kataluniar indarrekiko harremanak ez dira aski landuak ABren ustez.
Aldiz, abertzaleen arteko Lizarra-Garaziko akordioa indarrean izanik, aukera hau gehiago landu beharra dagoela diote, aurreko bide zailetan indarrak xahutu ordez. Nolanahi ere, Iparraldeko hiritarren boz abertzaleek –ezin dute Hegoaldeko zerrenda abertzalea bozkatu– zein erabilera izango luketen aztertu beharko luke ABk. Bere aburuz, hori bigarren mailako arazoa da, Iparraldeko boz abertzale kopurua ez baita egundo erabakiorra izan Europako hauteskundeetan. Arestian aipaturiko herrialde gutxituen aldeko kandidatura bozkatzera edota botu librea erabiltzera dei lezake bere bozemaileak. Zer nahi gisaz ere, puntu hau bigarren mailakotzat jotzen dute baita ere.


ABERRI EGUNA GARAZIN.

Iazko Aberri Eguna mugarri izan zen abertzaleentzat. Abertzaleen Batasunak indar politiko abertzale guztien ordezkariak biltzea lortu zuen. Aurten ere, era berean ari da AB, eta Donibane-Garazira deitu ditu ideologia guztietako abertzaleak. Lizarrarekin batera, abertzaleen hiri sinboliko berria da Nafarroa Behereko hiriburua eta abertzaleen hiri sinbolikoaz gainera, herritar guztiena izatea ere nahi du.
AB da une honetan Iparraldeko ekimen politikoaren aitzindaritza hartu duena, baina edozein protagonismo bereganatzetik urrun lan egin nahi du. Euskal Departamenduaren sorrera eta euskararen ofizialtasuna dira ABren jomuga nagusiak une honetan. Xede horiekin, iragan urtarrilaren 30ean, 6.000 hiritar bildu ziren Baionako karriketan. Ekitaldia historikotzat joa izan zen. Haren ondotik helburu berak dituzten beste alderdietako militanteek –abertzaleak nahiz ez abertzaleak– ABren protagonismoa kritikatu izan dute.
ABren ustez, ordea, ekimenaren arrakasta ikusi ondoren, beraiei batasunean aritu ez izana eta bertsio kontrajarriak plazaratzea ez da zuzena. ABk dioenez, gizarte osoari dagozkion ekimen guztietan antolatze lanetarako deitu ditu gainontzeko alderdiak –Alderdi Sozialista (PSF) barne, kasu–, baina nehork ez du bere gonbita aintzat hartu izan. Iparraldeko EAJko nahiz PSFko militanteek, konparazione, ez zuten begi onez ikusi urtarrileko manisfetazioa egitea. Manifestazioa biziki arrakastatsua izan zen –ABk dioenez– eta horiek ez dute berau ongi gainditu.


SENDOTZEN ARI DEN AUKERA.

Abertzaleen Batasuna 1988an sortu zen, Pasqua Frantziako Barne ministroaren errepresio bortitzaren garaian. Francois Mitterrand Frantziako lehendakariak Pariseko Asanblea Nazionala desegin zuen lehen aldian, EB eta EMA alderdiak batu ziren ekimen berri honen inguruan. Hauteskundez hauteskunde batasuna zabalduz joan da, eta azkeneko hauteskundetan EAJ izan ezik, gaineratiko indar abertzaleak ABn bildu dira. Berez ez da indar politikoen bilgunea, militante abertzale guztiena baizik. EAko militanteak ere biltzen ditu, kasu.
Duela urte erdi bat, bere barne araudi iraunkor bat finkatu zuen. Sentsibilitate desberdinen ordezkari, idazkaritza bederatzi kidek osatua da eta hiru dira eledunak: Richard Irazusta, Panpi Dirassar eta Xabi Larralde. Iparraldeko talde abertzaleen dinamikarako lanabes zedarria izan da. Abertzaleak talde txikitan funtzionatzen usatuak zeuden eta logika eta jokamolde hura aldatzea lortu du ABk. Batasunean jardutea helburu izaki, sektore ezberdinak biltzea lortu du, eta arian-arian EB, EMA eta HA alderdiak ia-ia desagertzera eraman.
Iparraldeko abertzaletasunak behar duen alternatiba politiko bezala finkatzen ari da AB. Hegoaldeko ezein alderdiren adarra izan gabe, Iparraldearen kontzientzia eta logika abertzalearen arabera diharduena. Iragan urtean Euskal Herria departamenduaren sorrera eta euskararen ofizialtasunaren alde abiatu zuen kanpainarekin aitzina darrai. Baliteke luze gabe, bigarren manifestazio handi batera herritarrak deitu izatea. Anartean, kanpaina honen barnean aipatu eskubideen aldeko 30.000 sinadura biltzea du xede, jagoitik 11.000 bildu dituelarik


Azkenak
2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Sustrai Erakuntzak salatu du enpresa batek Nafarroako lau eremutan kobre meategiak ireki nahi dituela

Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa. 


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Sánchezen NATOko tratuak hautsak harrotu ditu zenbait estatu kideren artean

Asteazkenean bozkatuko dute NATOra bideratutako diru kopurua, eta Pedro Sánchez Espainiako presidenteak kuoten igoeran lortutako salbuespenak haserrea piztu du AEBetako eta Europako zenbait herrialdetako gobernuetan.


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


2025-06-25 | Onintza Enbeita
Oihana Bartra. Bertsolaria
“Bertsolaritzan ere badago aurrerapenaren kontra dagoen korronte erreakzionarioa”

Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.


Israelek gerra hasi eta Mendebaldeak babestu

Wesley Clark AEBetako jeneralak azaldu zuen moduan, 2001eko plana zen bost urtetan zazpi herrialde hartzea: Afganistan, Irak, Somalia, Sudan, Libano, Siria eta Iran. Ez dira bost urte izan, baina denak, azkena Siria, erori dira, Iran izan ezik.

Iranek erasoak Sirian, Iraken... [+]


Oporrik ez elkartasunari

Prekaritateak prekaritate, Euskal Herriko ezkerreko militanteak, oro har, ez gara txarto bizi. Udako oporrak dira horren adibide, asko baikara atseden plan bikaina dugunok; ikastaldi aroko gure ekologismoari, ordea, keroseno kiratsa dario. Zein baino zein hegaldi garestiagoak... [+]


Ezusteko bila

Madrilgo presidente Ayuso faxistak itsuskeria egin dio EAEko lehendakari Pradalesi, euskaraz aritu delarik, harrokeriaz, aldibereko itzulpen sistema erabiltzeari uko egin eta alde eginda. PPko senatari batek ere “txorradatzat” hartu du “hogei... [+]


Marylen Serna, Kolonbiako aktibista
“Enpresak 200 pertsonari ematen die lana, baina lur horiek berreskuratuta 1.400 familia biziko lirateke”

Komite Internazionalisten bidez, gure artean izan dugu Marylen Serna (Cajibio, Cauca, 1965) Kolonbiako borrokalari soziala. Bizitza militantea lau ardatzen inguruan garatu du: nekazarien eskubideak, emakumeenak, lurraldearen defentsa eta gatazka armatuaren erresoluzioa... [+]


Eguneraketa berriak daude