"BERTSOLARI BATI EZ ZAIO INOIZ GAIRIK FALTAKO"

  • marrazki bizidunak egiteko adina pasadizo eta abentura bizi izan ditu, eta bere bertso karreraren errepaso azkar baina intentso bat egin digu. Oholtza gainean puntuari bezala erantzuten die aurrez aurre egindako galderei: planteatzen bukatzerako igartzen du galdera, eta bereahala erantzun, esaldi motz eta bakarreko kolpearekin. Ondoren hasten da bere ideia garatu eta borobiltzen.

2021eko uztailaren 19an
Aurtengo udan 25 urte beteko dituzu bertsolari bezala plazaz plaza zabiltzala. Zertan aldatu da bertsolaritza urte horietan zehar?
Bertsolaritza asko aldatu da. Ni hasi nintzenean ez zen jaialdirik egiten. Gehienbat bikotekako saioak izaten ziren, eta egun osokoak: goizean joan, eta iluntzerartekoak, ia beti gai librean. Gero Amurizak eta Lopategik beste moda bat jarri zuten: bi lagun joan arren, gaijartzailea eskatzen zuen saio mota. Eta bertsolariak ere asko aldatu dira; ni hasi nintzen garaian 16 urte nituen eta gazteena nintzen, koska handiarekin gainera. Orain berriz oso gazterik hasten da jendea; orduan ez zegoen aukerarik ere hain azkar ateratzeko.

Nola gogoratzen dituzu bertso munduko zure lehenengo «azañak»?
Nik bertso giroa etxean jaioz geroztik bizi izan dut. Aita bertsolaria da, eta ama ere zalea, eta gure etxean aitaren ondora jende asko biltzen zen. Herri Irratiko txapelketako kanporaketak ere gure etxean egiten ziren, eta txapelketa hartako finalean kantatu nuen nire lehenbiziko bertsoa. Azpeitiko antzoki batean izan zen finala, eta han eman nion Mugartegiri saria, 5 urte-edo neuzkala. Buruz ikasitako bertsoa zen, eta aitak egin zidan. Gero hasi nintzen pixkanaka nire kasa bertsoak egiten. Bertso eskolan ere, antzerki gisa eta abar bertso batzuk kantatzen genituen. Imanol Lazkanok jartzen zituen bertsoak, eta guk ikasi eta kantatu.

Nola eman zenuen gero oholtzara igotzeko jauzia?
Lehendabizi Gabiriko Osinalde sariketara deitu zidaten. 15 urte nituen. Agindu nuen joateko, baina eguna hurbiltzen ari zen bezala, gero eta gogo gutxiago neukan. Aitari galdetu nion eta `zuk ikusi', esan zidan, `baina gaztetan hartutako burukoa gerora ere gogoan izaten da'. Joño, horri bueltak ematen hasi nintzen, `zerbait esan nahi dik, ba!' Eta orduan gure etxean asko ibiltzen zen Zestoan apaiz zegoen don Juan Dorronsoro, eta hari galdetu nion. `Nahi badek joan', esan zidan, `han bertsotan egiteko gai bahaiz hi, baina, herorrek ikusiko dek. Badakik zer esaten den, gaztetan hartutako muturrekoa gerora ere gogoan izaten dek'. `Biek gauza berdina?' pentsatu nuen. Batere ez nauk joango! Eta ez nintzen batere joan. Gero 16 urterekin, saio bat egin nuen Lazkano eta Larrañagarekin. Haiek nahiko konforme geratu ziren nik egin nuen saioarekin, ni ez. Eta `ni ez nau gehiago inork plazan bertsotan ikusiko', hitz horiexek esanda etorri nintzen etxera. Eta handik aurrera hasi nintzen pixkanaka pixkanaka... gaur arte.

Txapelketetan ere nahiko gerra eman duzu...
Beno, ni txapelketatan oso berandu hasi nintzen. Ni lehen eta orain ere bai, beti izan naiz txapelketaren etsaia. Ez dut uste txapelketan bertsotan ematen dudanik, bestela ematen dudana baino gehiago, eta beno, beti izan naiz txapelketara joateko uzkur xamarra. Txapelketetan lehenengo aldiz 82an hartu nuen parte, Txapelketa Nagusian, eta finalera iritsi nintzen. Ez daukat beraz kexatzeko motiborik, baina beti izan naiz aurkakoa.

Pello Errotari behin jarri omen zioten puntua: «Adoratu dezagun/ gure benterua/ nere iritzirako/ lapur enterua». Hala ere ez omen zuten tabernatik bota. Zuk inoiz izan al duzu arazorik nahi duzuna kantatu duzulako?
Bai, eta aspaldi, mutil kozkorra nintzela. Herri meza batean bi bertso kantatu nituen eskaintzarako garaian, eta gero beste bi bertso kantatu behar nituen meza bukaeran, eskerrak emateko. Igo nintzen aldarera, eta apaizak esan zidan `ez txikito, segi behera'. Astelehenean, lanetik etortzerako guardia zibilak esan zidan koartelera joateko. Garai hartan Franco bizi zen, eta askatasuna eta bakea, edo ez dakit zer eskatu nituen, baina ez zen beste munduko gauza (hori baino handigoak esan ditugu guk). Baina batetik apaizak aldaretik bidali ninduelako herrian sortu zen iskanbila, eta bestetik ez dakit zein bertsio jasoko zuen guardia zibilak... izan nituen bai tira-birak.

Hogeitabost urtetan etxeko pasiloa baino gehiago zapaldu duzu oholtza. Oraindik ere errespetua ematen al dizu?
Bai, bai, beti ematen du taulatuak errespetua, eta eskerrak ematen duen, bestela ez genuke bertsotan behar bezala egingo. Oholtzari eta publikoari errespetoa zor zaio.

Txirritak berriz, bertso kritikoak idaztean behin baino gehiagotan esaten du: «Kastigatzera beldur ez banitz/ esango nuke izena». Zu ere geratzen al zara nahi duzuna esan gabe? Alegia, publikoarekiko errespetua zentsura bihurtzen al da?
Non gauden kontuan hartzen dugu, gogorregia delako, edo gauza bera hobeto esan nahi dugulako. Eta hain denbora gutxi egoten da, bada ez dela posible, buruak ez du ematen, eta beste arrazoi bat bilatzen dugu. Ez da zentsura, baizik eta gauzak hobeto esan nahi, edo baten bat minduko den beldurrarekin, arrazoia piska bat gehiago orraztea.

Arrazoi korapilatsuena orraztu duzunean ere, egon al zara inoiz minutu bat baino gehiagoz bertsoa pentsatzen?
Kantatzeko ez. Idatzi behar badut, agian, baina kantatzeko ez. Batzuk egonda asmatu egiten dute, baina nik momentu hartan, 8-10 segundu haietan etortzen zaidan hura ez dut egonda asko hobetzen. Gainera urduri jartzen naiz, ez dakit egoten. Horregatik puntuari erantzuteko orain trukua harrapatu diot, bai: jartzen naiz mikrofonotik pauso bat atzerago, eta orduan pausoa egiterako beti 2-3 segundu horiek harrapatzen ditut.

Minutu bat baino gehiago pasatzen omen duzu bertsoak idazten, baina hala ere ez dituzu Bilintxek adina ordu pasa... Ez al duzu bertsoak idatziz gozatzen?
Bertso idatziak 10tik 9 eskariz egin ditut nik: trikitilari batek edo bestek eskatu dizulako, batek jaunartzea duelako, besteak eskelarako behar duelako...

Ez al duzu hor hutsunerik nabari?
Bai, bertso idatzietan hutsune handia dago, idazteko alferrak izan gara plazarik plaza asko gabiltzan bertsolari gehienak. Gertatzen dena da, zu bakarrik bazaude paper edo ordenagailu baten aurrean, zeure burua ez duzula bertsolari sentitzen, ez daukazulako beharrik, obligaziorik kantatzeko. Hori askotan pasatzen da agurrarekin ere: agian ordu eta erdiko bidea daukagu kotxez saioraino, eta badakigu agurra kantatu beharko dugula, baina ez zaigu okurritu ere egiten. Gero hara bertara joandakoan bai, han ia momentua etorritakoan, orduan bururatzen zaigu, behar dugulako.

Inoiz geratu al zara erantzunik gabe?
Erantzunik gabe ez, gustuko erantzunik gabe askotan! Baita bertso bat kantatzen ari zarela ideia berria etorri ere, baina ez dizu denborarik ematen aldatzeko. Lagun artean berriz esaten dute nik askotan bertso gehiago kantatzen dudala atzean eserita nagoenean, mikrofono aurrean baino. Beste bati gaia jartzen diote, eta joño, okurritzen zait ateraldiren bat, eta ondokoarekin komentatzen aritzen naiz.

Beti baduzu nori zer esana. Herririk galdueneko azken pertsonak burukoari bakarrik kontatu dion sekretuaren berri ere izaten duzu. Espia-lan hori zer egiten duzu, afizioz ala ofizioz?
Nik uste biak direla. Askotan herri batera zoazenean, ez dakizu zein saio egin behar duzun. Jaialdia bada, ez dizu hainbeste inporta, baina gai libreko afaria edo bazkaria bada, eta jende ezezaguna den lekuan, ez dakizu nondik hasi eta bide bila ibiltzen zara beti. Normalean hastea niri egokitzen zait... Hori da arazoa! Erreferentziak behar dituzu, eta beti oso harbera egoten zara, beti ari zara artxiboa betetzen. Orduan kontrolatzen dituzu herriko pasadizo asko, herriko jende askoren izenak, eta mila istorio, behar direnean ateratzeko.

Imagina ezazu, auskalo noiz bezala, denbora libre apur bat duzula. Zer gustatuko litzaizuke egitea?
Gauza gustukoak asko dira, baina gero eta gutxiago, ia etsita zaudelako ez dituzula egingo. Bertsolaritzak denbora librea kentzen dizu erabat: denbora, etxean eta etxekoekin egoteko, lagunekin egoteko, edo igande edo larunbat goizean mendi buelta bat egiteko, pelikula bat ikusteko, edo pilota partida bat, edo auto lasterketa bat, edo apustu bat... Gustura egingo nituzke horiek denak, baina egokitzen da beti zu bertsotan zauden orduan. Bertsolaritzak asko ematen du, zuk asko ematen badiozu.

Ondorengo bertsolariek ez diotela bertsolaritzari Lizasok eta Egañak adina denbora emango ere esaten da...
Hori norberak erabakitzen du. Askotan zaila da bati bai eta besteari ez esatea. Hor oreka bilatzea ez da erraza. Deia jaso eta zer esan behar diozu, ezetz? Ez duzula joan nahi? Gogorra da hori... Nik uste bertsolarion akatsik handiena hori dela, ez dakigula ezetz esaten. Eta ikasi behar genuke zenbait lekutan ezetz esaten.

Hala ere, etxezuloa omen zara, ezta?
Etxezuloa ez naiz, baina nagoenean gustura egoten naiz, gutxitan egoten naizelako. Nik beti esan dut: etxean hasarretzeko mila arrazoi dauzkagula, baina denborarik ez daukagu batere. Hori abantaila da.

Hogei urteotan jaialdi formatoa nagusitu da bertsolaritzan, eta ia ez da ezer aldatu. Behar al du aldaketarik?
Bertsolaritzak orain arte iraun badu, beti ere egoerara moldatzen jakin duelako iraun du. Eta nik uste dut gauza batzuk aldatuko direla, eta aldatu behar direla gainera. Aurreneko pausoa norbaitek ematen badu, beste guztiek jarraitzen dute, baina inork ez du aurreneko pausoa eman nahi.

Iaz esaterako internet bidez aritu zineten Tolosako Kilometroak-en aldeko saioan. Zer iruditu zitzaizun esperimentu hura?
Esperimentu polita zen, batzuk hemen geundelako eta Martin Goikoetxea Amerikan zegoelako. Baina Tolosan 1.200 lagun zeuden entzuten, eta han 7. Oso giro ezberdina da. Ezin da konparatu gu geunden bezala egotea, edo Martin zegoen bezala egotea. Guk beste babes bat geneukan, eta hura bakarrik zegoen. Orduan, nahiz eta esperimentu polita izan, ez dakit horrek funtzionatuko duen bertsotan. Publikoaren berotasunik gabe, bertsolariak ez du sinisten bertsolaria denik ere, eta zerorri bertsolari sentitzen ez bazara ezin duzu bertso onik kantatu.

Etorkizuneko bertsolaritzaz jardutean "kimu berriyak badatoz" da gehien entzuten den bukaera. Nolakoa da belaunaldi berria?
Belaunaldi berria inoiz egon den indartsuena da. Orain baino bertsolari gazte gehiago ez da inoiz egon. Ni 16 urterekin hasi nintzenean bakarra nintzen, ni baina gazteagorik ez zegoen. Eta orain pila dago. Bertso eskolei esker, baina gainera orain bertsoaren moda handiagoa dago, telebistak ere badu bere eragina, eta abar. Lehen jendeak bertsoa entzun bakarrik egiten zuen, eta orain ikastoletan jendeak bertsoa zer den behintzat ikasten du; bere burua piska bat lantzen badu, bertsotan egiteko lain edozein da. Orain bezalako aukerik ez da inoiz egon bertsotarako.

Ez al da uzta oparoegia hain merkatu txikirako?
Hori da arazoa. Ez gehiegi delako, gertatzen dena da denontzako aukerik ez dela egoten. Eta gazte asko etsitzeko arriskua dago. Baina, afizioa baldin badauka, lekua badauka bertsolaritzaren inguruan, nahiz eta plazaz plaza nahi adina ez ibili.

Zure arboletik ere badator fruituren bat, ezta?
Ez dakit, ez dakit. Beñat oraintxe hasi da, urte eta erdi daramazki bertso eskolan, eta oraindik ez dakigu. Bertsotan aurreko urtezaharretan entzun nuen lehen aldiz. Baserrian 30 bat lagun biltzen gara, eta orduantxe egin nuen lehen aldiz berarekin bertsotan.

Zein aholku ematen diozu zure semeari?
Nik aholku bat ematen diot, eta hari bakarrik ez, gehiagori ere bai: zortziko txikian gehiago aritzeko, alegia. Bertsolari gazte asko pasatzen da zortziko haunditik neurri luzeetara. Eta neurri luzean maiz lastoa izaten da asko eta gari ale gutxi. Zortziko txikian eta puntutan asko aritzen denak, gero beste neurritan egiten du. Burua eta erreflexuak bizkortzeko metodorik onena zortziko txikian bizi-bizi egiten jartzea da. Eta afizioa behar du ikaragarria. Bertsolaritzarako ordu asko behar ditu, bakarkako lan asko eskatzen du: etxeko lana, eta batik bat burua hortara edukitzea.

Ze aholku eman zizun aitak zuri?
Aitari aholku gutxi eskatu nion nik.

Etorkizun hurbilari begira berriz, Gipuzkoako Txapelketa udazkenean izango da. Zein entrenamentu daramazu?
Entrenamentua? Oraindik ez dakit joango naizen ala ez! Udazkenerako entrenamentua orain egiten hasten bagara, ahaztuko zaigu!

Zenbait bertsolari hasi da plazak utziko dituela amenazuka. Zuk aurrikusten al duzu dena utzi eta jubilaziorik?
Dena uzteko gogoa ez dut. Hainbeste urtean plazan ohitua zara, eta ia jarria zaude astoa makilera bezala. Baina errealdiak izaten dira.

Etsiko al zenuke bertsolaritzarik gabe? Zure bizimodua ere bada, ezta?
Hori da gogorrena, zure bizimodua ere badela. Nik uste etsi, plazan kantatu gabe etsiko nukeela, baina neuk bertsorik kantatu gabe ez nuke etsiko, eta entzun gabe ere ez.

Beraz beti bertsoa buruan ibiliko zinateke munduan?
Ohera joan eta pentsamentuak ere bertsotan etortzen zaizkit, ia neurtuta eta errimatuta gainera. Bai, nik ametsetan ere bertsotan egin izan dut. Eta hori da gogorra, ia ezin duzu deskonektatu, ezin duzu bertsoa burutik kendu: bertsotara zoazen momentuan kezka daukazulako, bertsotan ari zarenean horretara zaudelako, eta saioa bukatu eta gero etxera etortzean errepasoa egiten duzulako.

Nahiko buruhauste ekartzen dizkizue, beraz, baina bertsolaritza pagotxa ederra ere badela esaten du jende askok...
Bai, hori askok esaten du, eta esaiozu baietz, arrazoi duela, baina etortzeko nik esandako hilabete batean gurekin, eta orduan probatuko duela. Saio asko egiten dira

eskerrik asko
ren truke, eta beste batzuk eskerrik eman gabe ere bai.... Debaldeko saio asko egiten dira, inork uste duena baino gehiago.

Kubako dezimistak berriz trobalari publikoak dira. Zer deritzozu bertso saioak Kultur sailak ordaintzeari?
Han ez dakit zenbat kobratzen duten, eta han ere denek ez dute kobratuko... Horrek bere arriskua ere badauka: diru iturria seguru edukita zeure burua hobetzeko hainbeste ez behartzea. Administrazioan funtzionariek ere eduki dute alfer samarren fama (denak ez dira berdinak izango, noski) eta bertsolaritzan ere berdina gertatu liteke. Gainera, jatekoa ematen dizunari ez diozu kontra egingo eta orduan nahiko esku-lotuta geratzen zara. Lotuta, ez eskuak bakarrik, mingaina ere bai.

Zuek oraingoz mingaina nahi adina askatzen duzue. Hitzetik hortzera darabilzkizuen ametsak betetzean zer gertatuko da? Zeri kantatuko dio bertsolariak Euskal Herriak independentzia lortzen duenean?
Bertsolari bati ez zaio inoiz gairik faltako. Euskal Herriak independentzia duenean ere, euskaldunak ez ditu amets guztiak beteak izango, eta uste dut arazo hori konponduko balitz, orduan bertsolariak beste gai batzutan sartzeko aukera gehiago izango duela, gai poetikoetan, malenkoniatsuetan... Ez, ez, ez da faltako gairik eta bertsorik

IÑIGO AIESTARAN
«Bertsozale fina eta bertsolari dexentea, baina gauean bakarrik. Gaueko bertsolaria»

JOSE MARI OTERMIN
«Nahiko pipermin»

TOMASITA QUIALA
ETA RAUL HERRERA
«Berriz gustora ikusiko nituzkeen lagunak»

ANDONI EGAÑA
«Ia itzala, urtean zehar askotan itzala»

DIEGO GARTZIA
«Euskaldun askorentzat eredugarri behar lukeena»

MARTXELO OTAMENDI
«Lankide berritsu bat»

JOSE MARIA SETIEN
«Eman baino ostia gehiago hartzen duen gizona»

IMANOL MURUA
«Bertsolaritzaren alde gauza asko egin duena»

MAIALEN LUJANBIO
«Ijitoa»

LANDETA
«Munduaren bihotza»

X L
Larunbat gau batez gure herriko taberna batean ikusi nuen, whiskya eskuan; horrainokoa ez zen ezer berria. Urte mordoska batean erabat libre izan zuen lehen asteburua hura zela kontatu zigun, gaizki ulertu baten erruz edo bati esker, ez zuela bertso saiorik hiru egun haietan, esperientzia berri bat bizi izan balu bezala kontatu ere!
A zer itolarria pentsatu hutsak!! Herriz herri, hara eta hona, uneoro jendearen begietan, uneoro jendearen belarrietan, bata eta bestearekin elkarrizketan: gehienak jasaten, zenbait gozatzen...
Pertsona eta pertsonaiaren bi azalak bakarrean urtzeak bere ordain garestia duelako, ondo-bizi eta parrandazaleen omen direnen erritmoak, bere alderdi ilun eta gogorra ere badu. Baina inork balio baldin badu zurrunbilo honetan igerian asmatzeko, Xebastian da hori: Cesid ibiltaria, auzorik ezkutuenean ere. Izen, abizen, lanbide eta gertakizunak ezagutzen dituena, zeresanik sekula faltako ez zaiona, ezta erantzun gordinik ere merezi duenarentzat. Taila handiko gizona Xebastian Lizaso


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude