EA-EAJ, BIDE BATEN HASIERA
ABERTZALETASUNA boterera heltzeko arriskuan egon daitekeen lekuetan egin nahi du hitzarmena EAk, EAJk zabalagoa egin nahi du, hiri eta herri nagusienetara iritsiz. Bakoitzak bereari eusten dio tiraka baina epe laburrean jakingo dugu «non bai-non ez» negoziazioaren nondik norakoak. Inor ez dago berea saltzekotan. Nafarroari dagokionez, martxoaren lehen hamabostaldian erabakiko du zer egin herrialde horretako EAko batzarrak. Oraingo negoziazioetan, Nafarroako Legebiltzarrerako zerrendako 2. eta 4. postua eskatu omen dute jeltzaleek. EAkoei, normala denez, gehiegi iruditu zaie. EAJkoei EAtarren eskakizunak EAEn gehiegitxo iruditzen zaien gisan.
ESPETXE TRANSFERENTZIAK
KATALUNIAK aspaldi bereganatu zituen espetxe transferentziak eta, Galiziak eta Nafarroak ere berengana ditzakete aurki, datorren legealdian esate baterako. Eusko Autonomi Erkidegoak, aldiz, jai du. Barne Ministerioak transferentziez jarduteko aukera ere ukatu dio Eusko Alkartasunako Sabin Intxaurragak zuzentzen duen kontseilaritzari. Une honetan ikuspegi politikoa ei du eskakizunak –PPren espetxe politika makurraraztea– eta horregatik ez da aztertu ere egiten. 1997an Francisco Egea kontseilari sozialistak egin zuen eskaera baina orduan ere ez zitzaion jaramonik egin.
ESNAOLA ETA FANDO, BERRIRO
ESPAINIAKO zerbitzu sekretuek filtratuta, telebista, aldizkari eta egunkarietatik dabiltza Iñaki Esnaola eta Cristian Fando abokatuek Aljerreko elkarrizketen aurretik Rafael Vera eta Ballesteros komisarioarekin izandako elkarrizketen irudi eta hitzak. Abokatuek horien manipulazioa salatu dute, eta harremana bera bere testuinguruan kokatu. Egoera gogorra berena, otsoaren aurrean artaldetik apartatuta geratu denarena: besteren enkarguz negoziaketan parte hartu eta handik urteetara, batzuen babesa edo konfiantza galduta, eta besteen tiroetarako jomuga errez bihurtuta. Alcala Hoteleko hilketa gertatu zela hainbeste urte ez da.
ELEJALDEREN ATXILOKETA
POLIZIA Nazionalak Fernando Elejalde atxilotu zuen unean biolentziarik ez zen izan. Hori da atxiloketaren uneko bi lekukok Donostiako 2. Instrukzioko Epaitegian adierazi dutena. Elejalde, poliziaren tiroei ihesi, bi auto artean ezkutatu zen eta poliziek inolako indarrik erabili barik atxilotu zuten. Komisaldegiko egonaldiaren ondoren, Sorospen etxera eraman behar izan zuten Elejalde. Ihesean auto batek emandako kolpea eta atxiloketaren unean jarritako erresistentziaren ondorioz egin zituela zauriak jakinarazi zuen poliziak. Atxilotuak autoaren kolpea onartu zuen baina aurrekaldetik jo zuela esanez, eta zauriak ornoetan ziren, hots, atzean. Elejaldek torturak salatu zituen.
EUDIMAREN KANPAINA
Euskal Herriaren desmilitarizazioa bultzatzeko kanpaina burutuko du EUDIMAk (Euskal Herriko Udal Instsumituen Mankomunitateak) datorren otsailaren 23tik apirilaren 17ra. Kanpainaren oinarria desmilitarizazioan oinarritutako herri akordioa izango da.