Manifa eta gero


1999ko otsailaren 21an
Iparraldeko abertzaleek orain arte antolaturiko mobilizazioetako marka guziak hautsi ditu joan den urtarrilaren 30eko manifestaldiak eta Ipar Euskal Herriko ezagupenari begira urrats funtsezkoa emana izan dela erran daiteke. Manifaren arrakasta azken bost urte hauetako bilakaeran kokatu behar da. Hala nola, sektore desberdinetako eskakizun lortu ezinak eta mobilizapenak (laborariak, ofizialeak, ikasleak, euskaltzaleak...), Antolakuntza Eskemaren aplikapen eskasa, euskal nortasunaren bereganatze zabala jendearen artean, zonbait sektore eta bereziki abertzaleen mota askotako lan eta ekimenak, Inchausperen iniziatibak, sozialisten promesa betegabeak, auzapezen erreferenduma eta herriko kontseiluen bozkak, iritzi inkesta batzuen emaitzak, Lizarra-Garaziko ondorioak ahantzi gabe... Manifak eta aurreko hilabeteetako kanpainak erreka guzti horiek elgarretaratu dituzte.

ARRAKASTA
handia benetan, kontutan hartuz hainbat arlotan ez bezala, departamenduaren edo oro har Iparraldeko ezagupen politiko-administratiboaren aldeko herri mobilizazioak historia frango laburra duela. Orain arte hautetsi edo arduradun ekonomikoen mundutxoan gelditu zen eztabaida. Orain, karrikara atera da, indar handiz gainera eta egindako lan militanteari esker arazoa gizarteratua izan da. Bestalde lurraldetasuna eta hizkuntza batera aldarrikatuz abertzaleek beren marka gaineratu dute argumento pragmatiko eta ekonomikoak nagusi ziren afera honetan eta eztabaida bere lekuan kokatu, hots Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren lehen urratsa. Nahiz eta sozialistek «manipulazio» baten entsegua salatu eta boikotatzera deitu, jendearen erantzunak esperantza guztiak gainditu ditu. Halaber, agintarien urduritasuna giroaren islada izan da. Uhainaren indarraz oharturik, iniziatibak biderkatu dituzte azken egunetan karrikara ateratzeko arrazoinak indargabetu nahian: Antolakuntza Eskema ongi doa, Estatuak diru asko xahutzen du Iparraldean, lehen aipatu beldurra sortzeko entseguez gain.
Mugarri berri bat pausatua izan da bidean beste batzuen ondoren. Bainan geroari begira zer? Bide batzuk irekiak dira. Lehenik Paueko Kontseilu Nagusiaren erabakia. Izan ere legeak dionez, gaurko departamendua zatikatzeko poderea badu. Borontatea berriz falta du eta ez da, denbora labur barne, aldaketa nabarmenik aurrikusten. Halere kontseilariak, Euskal Herrikoak zein Biarnokoak, presiopean ezartzeko momentua da. Noiz arte elkor eta itsu egon daitezke euskal herritarren borontate demokratikoa ukatuz?
Bigarren bidea kontrabandista edo parlamentuko gerrilarena da, Inchauspek behin eta berriz saiatu izan duena. Azken egun hauetan, lurralde antolaketari buruzko legearen eztabaida baliatuz, Ipar Euskal Herrian departamendua sortzeko emendakina aurkeztu du. Orain arte kontrako indartsuak topatu ditu beti eta hemengo sozialisten boikota jasan.

HIRUGARREN
bidea gobernuaren erabaki politikoarena da. Horretarako gizartearen mobilizazioa nahiz herriko hautetsien aldeko jarrera ezinbestekoak dira. Jospinek berak ez ote zuen erran bertako hautetsiek galdeginez gero ez litzatekeela kontra izanen? Bainan hautagaiaren hitzak pisu gutti du poderera heldu ondoren. Dena den batzuen helburu taktikoa, duela 18 urte Parisen, Deferre Barneko ministroaren bulegoan iragan biltzar famatuaren errepikatzea da.
Han Euskal Herriko hautetsien ezetz borobilak, hitz emandako departamendua ukatzeko estakuru ederra eman zion frantses gobernuari, Madrilen eraginez jadanik iritziz aldatu zuena.
Gaurko egoera bestelakoa da bainan atzo bezala gaur ere frantses agintarien borontate politikoa erabakiorra da. Izan ere Parisetik ikusita galdera sinplea da. Euskal departamenduak abertzaletasuna indartuko du ala bazka kenduko dio? Eta edozoin erabakia harturik ere, zoin kostu politiko sortuko zaio? Eurokartari buruzko urtetako duda mudak ikusirik auzia oraindik luza daiteke. Bainan Hegoaldean emaiten ari den bilakaerak Iparraldean eragin handia izanen duela ontsa badaki Parisek. Erabaki ezak frustrazio izugarriak piztuko lituzke, sortu berri den euskal instituzio nazionalari bidea libro utziz...


Azkenak
Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira... [+]


2024-05-08 | Hik Hasi
Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpena

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2024ko Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpen prentsaurrekoa egin du astearte goizean. Bertan parte hartu dute EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel... [+]


Beste preso bat hil da espetxean, oraingoan Basaurin

Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den bosgarren presoa... [+]


Eguneraketa berriak daude