Faszikuluetatik Euskal Herriko Entziklopedia Nagusirako bidean


1996ko urriaren 20an

DUELA bi urte sortu zen Klaudio Harluxet Fundazioa euskara eta euskal kultura informazioaren aro berrira moldatu beharra zegoela eta. Ordutik, hiru bide jorratu ditu Fundazioak: produktu elektronikoak egitea_ «Entzikloklik» lehena_; datu basea osatzea eta hirugarren bidea, barne datu basea multimedia osatzea. Izan ere, oraindik ordenadore zentralak zatikatuta du informazioa: erregistro ezberdinak dituzte testu, irudiak zein soinuak. Guztiak elkartzea da helburua.

Atzean kapital handirik ez, eta teknologia berriek jende gutxiagorekin lan egiteko aukera ematen diela dio Joserra Aizpurua Fundazioko kideak: «Konbentzituta gaude hori dela bidea, gure inguruan jende gutxi mantentzea baina kanpoan jende eta bitarteko asko izatea».
Multimedia ezezik multiflexiblea ere nahi dute datu basea. Informazioa mailakatuta izan arren, erregistro batean aldaketak egingo balira automatikoki gainerakoetan ere isla daitezen.

Orain arteko datu basetik atera diren produktuen bila, «Gazte Entziklopedia», «El Huyar Hiztegi Entziklopedikoa», «Euskal Hiztegi Entziklopedikoa» eta «Entzikloklik» berria daude. Etorkizunerako Euskal Herriko Entziklopedia egin nahi du Fundazioak. Baina produktu guztiek bakarra dute mira: «`Eusena' da azken helburua: Euskal Entziklopedia Nagusia. `Britanica' handi bat, `Larousse'n modukoa. Informazio guztia datu base bakarrean biltzea da helburua».

`Eusena' 2001. urterako

AMETSA besterik ez da hori, ordea, oraingoz: «2000. urterako esaten badizut, gezurra esango nizuke; teknikoki nola egin ere ez dakigulako. Informatika fakultatean ere ez dakite. `Eusena' egiten hasten garenerako, 2001. urterako, baldintza guztiak betetzen ez dituen base bat ez badugu ere, gehienak beteko dituena izango dugu sikiera».

Datu baserako testu informazioa El Huyarrek landu du batez ere. Informazio grafikoan, lehen, lagunen edo hainbat enpresen bidez lortutakoa zuten. Orain eurek kontrolatu nahi dute prozesua: «40000 argazki erosi ditugu: argazki digitalizatuak CD-ROMetan, mundukoak, animalienak... Euskal Herriko informazio grafikorako lankide bat dugu; pertsonaietako asko ARGIAtik hartutakoak dira», dio Aizpuruak.

Lan handiak ematen ditu Euskal Herriko Entziklopegia osatzeak. Ez dago aurrekaririk; «Auñamendi esaterako zaharkitua gelditu da eta udaletxe eta artxiboetara jo beharra daukagu; Ahalegina jende aditua bilatzea izango da».

Euskal kultura, herriaren nortasuna eta izatea guztiak helburu ditu Klaudio Harluxet Fundazioak. Transmisio historikoa egitea dago oinarrian eta entziklopediagintza aukeratu dute horretarako. «Herri bizia izan garela, mugitu garela sentitu behar dugu. Nola? ARGIAn, `Euskaldunon Egunkarian', entziklopedian... Baina gero eta gehiago irakurtzen da ordenadorean ere. Nortasuna transmititu nahi dugulako erabiltzen dugu multimedia, ez modan dagoelako».

Izan ere eremu horretan erdaldunekin berdinetik berdinera egoteko aukera dutela ikusi dute. «Prentsarekin alderatuz, hemen diferentzia ez da hainbestekoa. Edozeinek jar dezake orria Interneten. Euskal Interneta sortzeko gai bagara, hor irabaz dezakegu».

Ahalmenari traba diruak jartzen dio. Fundazio pribatua da Harluxet. Patronatoa deitzen den aginte organoaren bidez hartzen dituzte erabakiak: Jose Mari Sors da lehendakaria, Paulo Muñoa lehendakariordea eta Andoni Sagarna idazkaria.

Kideak gehitu egin dira bi urteotan, 28 bat dira orain. Horien artean, Xabier Saizar Bankoa eta UZEIko presidentea; Joan Zelaia CEGASAko presidentea; Joakin Berasategi (Sendoa); Angel Toña «Cilismo a Fondo»ko zuzendaria edota Iparraldeko Garapen-Kontseiluko lehendakari den Ramuntxo Kanblong aipagarriak.

Hauen laguntza ez dator pezetetan, ordea, izenetik baizik. Dirulaguntzei dagokionez, iaz 15 milioi pezeta (600.000 libera inguru) jaso zituen Fundazioak Kultura Sailetik eta 3 milioi Industriatik proiektu zenbaiterako. «Baina gu enpresa oso berezia gara, ez dugu industriaren katalogaziorik oraindik. Gogoeta orokor bat egingo nuke: Administrazioaren laguntza behar dugu, baina loturak eten egin nahi ditugu».

Izan ere, euskal industrariak bihurtu beharko lukete Herri honen kulturaren sponsor Fundazioaren iritziz. «Iniziatiba pribatuarekin askoz ere tratu arinagoa lortuko genuke. Aitortu nahi nuke gure Fundazioak hasieran izandako akats bat: Administraziora jo eta ahaztu egin ginen `Euskaldunon Egunkaria', ARGIArekin... Hor hondoratu egin ginen, «LUR»ekin. Orain Administraziora jo nahi dugu baina base sozial bat hartuta, begira gu guztiok gara esateko moduan».

 

MAITE ARTOLA


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude