"Gorroto gehiago sor dezaketen atal berriak saihestu behar ditugu"


1996ko irailaren 29an

Uneotan, zein ezberdintasun ikusten dituzu Arabako mapa politikoaren eta EAEko beste bi probintzietakoen artean?

Euskadi hiru komunitate naturalek osatzen duten komunitatea da. Naturala diot bi arrazoirengatik: batetik, paisaia bera eta herritarrak oso ezberdinak direlako, eta bestetik, bakoitzak bere erakunde propioak dituelako: foru-erakundeak. Jendearen izaera ere ezberdina da, eta baita bizimodua ere. Ez gara bizkaitarrak edota gipuzkoarrak bezain kantabriarrak. Arabarra isilagoa da, eta hitz egiten duenean zuhurtzia handiz egiten du.

Horrezaz gain, Arabako ekonomiak oso parametro ezberdinak ditu Bizkaikoarekin edo Gipuzkoakoarekin alderatuta: bai diru-iturriengatik eta baita krisi-garaietako egoerarengatik ere. Arabarrok hobeto moldatu gara krisietara, langabezia tasa txikiagoa dugu eta, aldaketetara hobeto egokitzen garenez, Arabako ekonomia lehenago nabarmentzen da. Zergatik? Enpresak txikiagoak direlako, teknologia berriak martxan jartzea errazagoa izan delako eta komunikazio-eremu dotorean kokaturik gaudelako.

Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra... Gasteizen egotea onuragarria edo kaltegarria da?

Abantailak dakartza hemen izateak. Arabarron izaeraz kutsatzen da hona datorrena. Gasteizera datozenean herri kaskar eta hotzaren irudia ekarri ohi dute, eta arabarron izaeraren beldur izaten dira. Hiri zoragarriarekin egiten dute topo, ordea. Gure eskaintza ezin da Donostiakoarekin alderatu, baina Bilbori itzal egiten diogu.

Zein behar nagusi ikusten dizkiozu Arabari?

Euskadi osoko arazo berak dauzkagu, nagusiki bi: langabezia eta indarkeria. Arazo zehatzei helduz, ez gara berezko eredu ekonomikoa topatzeko gai izan. Oraindik arabar enpresa txikiaren ereduaren bila gabiltza. Delorsen liburu zuriaren ildoei jarraiki, zera gustatuko litzaidake: Arabak Delorsek deskribatzen duen errejio-eredu horrek bezala funtzionatzea, non, azpiegituretarako laguntza handiekin, enpresa txiki eta ertainak gai diren ekonomia bultzatzeko, diru-sarrera berriak sortzeko eta, batik bat, beste enpresa batzuk erakartzeko.
Bestalde, arduraturik nago Arabako unibertsitate-kanpusarekin. Batetik, hainbat gaztek kanpoko kanpusetara jo behar izaten dute, eta bestetik, ez dugu lortu kanpusak arabarron bizitzan eraginik izatea. Badago hirugarren arazo bat ere: ez dugu lortu Araba Gasteiz baino zerbait gehiago izatea.

Euskararen gaiari helduz, UA ez da isilik geratu EAEko hiru probintzien izenak aldatu eta soilik euskaraz izendatzeko EAJk egindako proposamenaren aurrean. Horrenbesterako al da?

Ohituraz egiten den moduaren aurka joatea errespetu falta da. Legeek ezin dute ohituraren aurka joan, besteak beste, ohitura eskubide-iturri delako. Araba beti Alava izan da eta ez Araba. Ez dut ezer elebitasunaren aurka, elebitasunak bi aukera eskaintzen baititu eta bakoitzak askatasun osoz nahi duena aukeratzen baitu. Baina ez zait ondo iruditzen arrazoi politikoengatik nire herriari izena aldatzea. Kasu honetan, EAJk herritarren iritzia jaso behar zuen, eta horren arabera, modu batera edo bestera jokatu. Eta bestela, legeak dioena eskatu, hots, elebitasuna.

Beraz, askok pentsa zezaketen modura, kontua ez da euskararen aurka besterik gabe egitea.

Katalana eta galiziera hitz egiten ditut. Ez naiz Felipe II.aren inperioko gaztelaniar haietako bat; topa dezakezun pertsonarik antizentralistena naiz. Ez dut euskaraz hitz egiten, eta 49 urterekin ez dut nire burua euskara ikasteko indarrez ikusten.

Euskara gizateriaren ondarea da eta inork ezin du ondare baten aurka joan. Hizkuntz politikaren aurkako jarrera mantentzen dugu, bi arrazoirengatik. Batetik, ez delako askatasunean oinarritzen. Dagokion erakundeak erabilera sozialaren eta ofizialaren arteko gerturatzea lortzen ez duen artean, kontuz ibili beharra dago eskakizunekin. Ez badut euskara ikasi nahi, askatasunaren aurka jardungo zenuke euskara ikastera behartzen banauzu. Bigarren arrazoia zera da: kostoaren eta eraginkortasunaren arteko erlazioa. Hainbat baliabide erabili dira euskara bultzatzeko, baina emaitzak ez dira batere onak izan. Gainera, hizkuntz politikan zentralismoa nabari daiteke, homogeneizaziora joz.

UAren botoemailearen profila egingo zeniguke?

UA sortu zenean, foralismoaren mezuak nahi adinako arrakasta izango ote zuen edo ez zalantza genuen. Kultur maila baxuko jendeak foru-eskubideak inork baino hobeto ezagutzen ditu, bizi egiten baititu. Espainian autonomiari buruzko eztabaidak irauten zuen artean, Araban autonomiaren sentimendua oso argi zegoen, eta bertokoek autonomia horretan bizi nahi zuten. EAEko autonomiarekin, baina, ez daude gustura, galtzen atera baitira. Eremu horretatik jasotzen ditu UAk botoemaile gehienak: kanpotik etorritako zein bertako arabarrak, ezaugarri propioak dituztenak, dagozkien eskubideak errespetatu ez zaizkielako EAEko administrazioarekin gustura ez daudenak.
UArena ere nazionalismoa da beraz.

Zergatik ez? Nazionalista izatea komunitate baten eskubideak eta autogobernurako eskubidea aldarrikatzea baldin bada, inor baino nazionalistagoa naiz.

Euskal Herriak autodeterminazio eskubidea lortu eta berau beste subiranotasun maila batean gauzatuko balu, Arabak EAEtik autodeterminatzeko eskubidea aldarrikatuko lukeela entzun izan dizuegu UAkoei. Planteamendua, bederen, gogorra da.

Askatasunean sinesten dut, eta modu librean hautatzeko eskubidean. Ez nago herri eta komunitateen autodeterminazio eskubidearen aurka, are gutxiago Berlingo harresia erori zenetik. Eskubidea bideratzerakoan sortzen zaizkit zalantzak. Araba komunitate naturala da, eta hala izanik, arabarrei zer nahi duten galdetu behar zaie. EAEren irizpideak aldatu eta euskal herritarrei Espainiako Estatuan gustura dauden, zer nahi duten... galdetzen bazaie, arabarren ahotsa ere entzun beharko litzateke. Arabak nortasun propioa du, beraz, komunitate bezala eskubidea dugu Estatuan parte hartu nahi dugun edo ez, EAEn jarraitu nahi dugun edo ez, edota Nafarroaren antzera foru komunitate gisara funtzionatu nahi dugun edo ez erabakitzeko.

Herriaren eta komunitatearen arteko ezberdintasuna azaldu nahi dut. Herri galiziarra eta kataluniarra hor dira. Galizian jaio eta bizi izan nintzelako, herri galiziarreko kidea naiz; Katalunian hezi eta ama bertokoa dudalako, herri kataluniarreko kidea naiz. Baina ez naiz komunitate kataluniarreko edo galiziarreko kide, ez bainaiz bertan bizi. Ekarri adibide hori Euskal Herrira. Bertan bizi garenez, komunitate honetako herritarrak gara, eta beroni dagozkion eskubideak dauzkagu.

Arabarentzako UAren proiektu politikoa Nafarroaren eredu bera da, beraz.

Komunitatearen kasuan bai. Euskaditik kanpo edo barruan izan daiteke, foru komunitatea Euskadiren barruan ere izan baikaitezke. EAEn guztiok berdintasunean gaude, eta txikia izan arren, besteek errespetatu egin behar naute. Elkarlanerako prest egongo ginateke, baina gure nahiak errespetatuz. Patata eta erremolatxa landuko dituen industrigunea osatu nahi badugu, utz diezagutela egiten.

Denborak ematen duen ikuspegitik, orain hiru hilabete ETAk luzatutako astetebeteko ekintza armatuen etenaldia eta ondorengo erantzunak nola baloratzen dituzu?

Astebete horretan historiara pasatuko diren gauzak gertatu ziren. Ajuria Eneko Mahaiaren proposamena aztertuz, ETAk nahikoa sentsibilitate ez zuela agertu esango nuke. Su-etenak iraun izan balu, negoziazioa hasi eta gai asko konponduko zirelakoan nago. Aukera hura galtzeak, ordea, hurrengo su-etenaren aurrean nola jokatu erakutsi digu.

ETAk hurrengo su-etena noiz luzatuko zain geratu behar al da?

Su-etena dagoenean sumatzen du herriak zerbait mugitzen ari dela. Baina alderdiok mugitzen jarraitu behar dugu, herritarren, presoen eta dena delakoen eskubideak defendituz. Finean, guztia baita posible.

Zein da Ajuria Eneko Mahaiaren osasuna abuztuko bilera gatazkatsuaren ondoren?

Une txarrak lehen bait lehen ahaztu behar dira. Abuztuan Ajuria Eneko Mahaia bildu zenean, oporrak hondatzea baino ez zuen lortu. Ekainaren 25eko bilera erreferentziatzat hartuz gero, Mahaiak osasun ona izango du, eta Mahaiarekin batera baita Espainiako Gobernuak, hemengoak eta euskal gizarteak berak ere; txarra, ostera, abuztuaren 10ekoa hartuz gero.

Epe motz edo ertainera, zein izan daitezke etorkizuneko klabeak?

Bizitza politikoan mina eta konfiantza eza eragiten duten faktoreak leundu behar dira. Esaterako, presoen gaia. Presoek eskubide zibilak galtzen dituzte kartzela-zigorra jasotzen duten une berean, baina ez dute giza-duintasuna zertan galdurik. Presoak etxetik gertu egoteko eskubidea du. Espetxe-politika askozaz errazagoa izanen litzateke berau Eusko Jaurlaritzak kudeatuko balu.

Haserraldi edo gorroto gehiago sortzen duten atal berriak saihestu behar ditugu. Hori gauzatzen den neurrian, nahiz eta publikoki bi aldeetatik su-etena aldarrikatu ez, amaierako eszenatokia diseinatu ahal izateko beharrezkoa den elkarrizketarako bidea erraztuko da. Beti ere prozesua guztiz demokratikoa baldin bada.

Baikorra al zara?

Beharko, bestela ez nintzateke nagoen tokian egongo. Gainera, gatazka egoera honek ezin du askozaz gehiago iraun, oso jende gutxik baitu interesik gatazkak jarrai dezan. Jendeak besteengana gerturatu eta elkarlanean jarduteko borondatea dauka, bata eta bestearen jarrerak ez baitira hain ezberdinak. Hori argi ikusi genuen Elkarri-ren bake-konferentzian. Agian politikari adoretsuagoak eta ausartagoak behar ditugu Euskadin, zenbait mugimendu eginez eskandalua eragiteko moduko politikariak.

Irudika ezazu Araba 2010. urtean.

Eskualdeen garapen handiagoko Araba nahi nuke _hiriburuarekin ezberdintasun gutxiago izanez_, per capita errenta handiagokoa, ongi definitutako kultur profila, langabeziarik gabeko Araba, aldamenekoen elkartasuna izango lukeena, foru gobernu indartsukoa, behartsurik eta zokoraturik gabekoa, politika sozial aurrerakoia jarraituko lukeena, indarkeriarik gabekoa, edonork edozer aldarrikatzeko modua izango lukeena...

Egin gauza bera UArekin.

UA Arabako partidua izatea espero dut, bertako foru eskubideak defenditzen jarraituko duen alderdi aurrerakoia. Bizimodu publikoaren berrikuntza aurkitu nahian arituko litzatekeena, alderdi independentea, eta ahal bada, erakundeetan parte hartuko lukeena.

Erakundeetan ez bagaude, gure ahotsak behar adinako indarra izatea nahi nuke. Alderdibatek gizartearen eta erakundeen arteko bitartekoa izan behar du. Hori galduz gero, helburu maltzurreko enpresa bilakatzen da.

Gainera, gure mezua oso zabaldua dago gizartean. Batzuk alde izango dira, eta beste batzuk aurka; baina kontua da denek ezagutzen dutela, eta horrek ziurtatu egiten du UAren etorkizuna.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude