«Enpresa berri bat sortzeko urtebete ibili behar da hemen paperak egiten»


1996ko otsailaren 25an
Jose Maria Ruiz Urtxegi, Adegi Gipuzkoako idazkariari elkarrizketa
«Enpresa berri bat sortzeko urtebete ibili behar da hemen paperak egiten»
Jose Maria Ruiz Urtxegi, Adegi Gipuzkoako enpresari elkartearen idazkaria
Adegiko idazkari nagusiaren iritziz, enpresa berriak sortzeko erraztasunak eskaintzea, enpresa txiki-ertainak bultzatzea eta lanbide berriak bilatzea, horiek lirateke gaur egun langabeziari aurre egiteko bideak.
Eusko Jaurlaritzaren Industria Planak lagunduko al dio EAEko ekonomiaren suspertzeari?
Mirakulurik ezin liteke egin ekonomia alorrean, baina egokia iruditzen zait oro har plana. Nolanahi ere, apustu sendoagoa nahi genuke enpresari elkarteok, eta industria suspertzeko, bereziki, diru kopuru handiagoak. Industria Sailaren politika Europako gainerako herrialdeetan burutzen ari denaren antzekoa da oso. Bereizgarria zera genuke, intentsitatea. Bestetik, ekonomia globalizatuan gabiltzanez, Alemania, Japonia, EEBBekin... aritu behar izaten dugu lehian. Ez atzerriko merkatuetan soilik, etxean, hemen ere bai. Bertara etortzen baitzaizkigu beren produktuak saltzera.
Konpetentzia globalizatu egin zaigu beraz, eta aipatu ditudan potentziez gain beste batzuekin ere (Polonia, Txekia...) lehiatu beharrean gara egun. Konpetibitate horren eraginez sortu da `deslokalizazioaren' fenomenoa, eta Alemanian, adibidez, lan-kostuek bultzatuta, zenbait enpresak beste herrialde batzuetara jo dute.
Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian ere nabari al da deslokalizazio prozesurik?
Hori baino gehiago beste hau da gertatzen ari dena: «Bezeroa non, geu ere hara». Bezeroa dagoen ingurunean beren jarduera komertziala, industriala ere zenbaitzuetan, areagotzen ari dira hainbat industria eta talde. Esan dezadan badugula oztopo berezirik horretarako: diruaren prezioa, interes tipoak alegia. Europako interes tipo garestienak ditugunez, askoz ere errazagoa zaie, esate batera, estatubatuarrei hemen enpresa bat jartzea guri hara eramatea baino.
Industria alorreko enpresak al dira nagusi oraindik ere Adegin?
Denetarik daukagu: industria, merkataritza, zerbitzuak... Egia da geroz eta gehiago zerbitzu alorra ari dela gorantz, baina ezin liteke egin, halamoduz, industriatik zerbitzuetarako trasbaserik. Industria kementsua behar dugu gero zerbitzuak sor daitezen, beti ere aurrekoari uztartuak: informatika, aholkularitza, ingeniaritza... Industria sendorik gabe nekez izango dugu zerbitzu sektore sendorik. Sarritan inbidiaz aipatu ohi dugu horrelako edo halako herrialdetan sekulako hazkundea izan duela zerbitzu alorrak. Baina gogoan izan behar da horietan ere industria dutela oinarria. Industria kementsurik gabe zerbitzuek ez dute edukirik.
Eustaten txosten batek dioenez, soldata bidezko errentak gutxitu egin dira EAEn azken urteotan. Hau da, langileen irabaziak murriztu egin dira.
Datu horiek egiazkoak dira, oro har, baina ez enpresak banan-banan aztertuta. Soldatak igo ere egin dira, zenbait lantegitan doitze planak egin behar izan dituzten arren, merkatuari egokitu ahal izateko. Eta doiketa planak guztiz zehatzak balira, are handiagoa izango litzateke langabetuen kopurua. Gertatzen da ordea ezinezkoa dela doiketa erabat zehatzak egitea: eskari honetarako 50 langile behar dira, beste hartarako 65... Enpresa askotan gutxi gorabeherako doitze horren baitan daudenez, soldatak ere ezin dituzte igo nahi edo behar adina.
Burdinaren aroa, burdingintzaren nagusigoa amaitua al da euskal industrian?
Bai, zeren eta balio erantsi handiagoko produktuak behar ditugu. Hori erraza da esaten, eta zaila egiten. Lan kostuak Euskal Herrian, gogora dezagun, ez dira merkeenetakoak, ezta gutxiagorik ere. Goreneko mailetan gabiltza. Honenbestez, burdinazko gurpil bati zuloak egitea produktiboa ez dela jabetzean, beste lurralde batzuetara eramaten dira zeregin horiek. Eta ezin dira lan kostuak % 50 jaitsi, gauden testuinguruan baikaude. Beraz, zenbait produkzio bazterrera utzi beharko ditugu, baina beste batzuei ekinez.
Lehiakortasuna al da ekonomia aurrera bultzatzeko modu bakarra?
Dudarik gabe. Geu ez bagara lehiakorrak, beste batzuek hartuko digute txanda. Horrek ez du bueltarik. Ikuzgailuak frantsesek edo alemanek baino garestiagoak egiten baditugu, gureak ez dira salduko, eta eurenak bai. Adibide bat: Suitzako zenbait hegazkin konpainia Indian ari dira egiten fakturazio eta kontabilitate lanak. Batere arazorik gabe gainera. Satelite bidez bidaltzen dituzte Madrasera fakturak eta gainerakoak, eta hortxe egiten dizkiete kontuak, txartelak, gestioak. Esan beharrik ez Indiako soldatak oso ttikiak direla Suitzakoen aldean.
Ekonomia sailburu bazina zeintzuk neurri hartuko zenituzke ondorengo alor hauetan? Hasteko, interes tipoak.
Jaitsi. Nola eta zenbat eztabaidatu beharko litzateke, baino jaitsi dudarik gabe.
Euskal Banku Publikoa?
Bereizi egin beharko lirateke gai honetan eskaera politikoa eta ekonomikoa. Baina ekonomikoari atxikiz soilik, Euskal Banku Publikoa sortzea positiboa izango litzatekeela uste dut.
Langabezia?
Jasanezina, eskandaluzkoa da daukagun tasa. Kezkagarriena zera iruditzen zait, hala ere: gure herriak bere historia osoan izan duen belaunaldi prestatuena dagoela lanezean. Zer konponbide bururatzen zaidan? Alemanian sindikatuek eta enpresariek adostu berria dutena agian. Langabeziatasa % 10ekoa dute Alemanian, geurearen erdia ere ez, baina kezkatuta dabiltza. Eta sindikatu-enpresariek lortutako hitzarmen modukoan bi gai azpimarratzen dira: enplegua eta konpetibitatea.
Eta hiru bide jorratuko dituzte. Bata, enpresa berriak sortzeko erraztasunak ematea. Hemen enpresa bat sortu nahi duenak urtebete pasa behar izaten du paperak egiten, leihatila batetik bestera etengabeko joan-etorrian. Burokraziak izutu egiten ditu enpresari berriak. EEBBetan, aldiz, goiz batean egin ditzakezu paper guztiak. Bigarrenik, PYME edo enpresa ttiki eta ertainak bultzatzea. Horiexek dira, bai Alemanian bai Euskal Herrian, enplegu gehiena sortzen dutenak, eta horiei eskaini behar zaie arreta berezia. Eta hirugarrenik, lan mota berriak suspertzea. Adibidez, geroz eta ugariagoa den jende heldua ongi atenditzeko erakunde eta enpresak sortzea.
XABIER ARANBURU
19-20,21


GaiezEkonomiaIndustriaBesteak
PertsonaiazRUIZ4
EgileezARANBURU6Ekonomia

Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude