"Euforiak pasata, euskalgintzan une kritiko batera iristen ari gara"


1995eko abenduaren 10an
Kike Amonarriz, ETBko aurkezleari egindako elkarrizketa
"Euforiak pasata, euskalgintzan une kritiko batera iristen ari gara"
Kike Amonarriz
Txiste kontatzailea, telebistako gizona ala Siadeco etxeko soziolinguistika aditua da Kike? Telebistara iritsi aurretik zen famatua, eta ARGIA sariak jaso aurretik begiratzen zion jendeak edozein herritako plazan. Babarrunak ez bezala, Tolosak berea baitu umorea.
Kike «Txiskola»n ikusita Tolosako inauterietan ikusten dugu, bere numeroren bat egiten...
Inauterietan ezagutu nauen jende askok esan dit nire aurkezpen estiloa oso karnabaleroa dela. Eta hala da. Kamera parean jarri aurretik, publiko aurrean nola mugitu eta jendearen algara nola lortu jakiteko, asko lagundu didate Tolosako inauterietan egindako numeroek. Tolosako kale nagusian sortua naiz, txikitako nire oroimenetako bat da txarangen hotsa inauterietan, danborrada, sukaldariz jantzita ateratzea...
Umore ingelesa aipatzen da. Ba al dago Tolosako umore bat?
Seguru aski bai. Beste inon inauteriarik ez zenean Tolosan egiten ziren, eta horrek abantaila eman digu. Umoregintza-eskola bihurtzen da. Nik hamazazpi urtetatik beti izan dut inauterietan egun bat niretzako, bakarkako numero bat eginez, beti jendearekin sartuz.
Tolosako inauterietan badago jende bat oso-oso ona. Burura datozkit Garikanotarrak, urtero numero musikal politak landu dituztenak, adibidez. Tolosara mugatu dira, eta kanpora atera balira batek daki noraino iritsiko ziren. Tolosan bada umorearekiko eta musikarekiko zentzu berezi bat, urtean zehar hainbat alditan azaleratzen dena.
Hiru-lau urterekin Enrike mutiko txistosoa zen?
Beti izan naiz txistoso samar. Nire lehenengo mila pezetak pailazoarena egiten irabazi nituen. Nafarroako Abaigarren udalekua bazen eta harantza joaten nintzen. Inon euskaltzaletu banaiz han izan da: hamalau urterekin euskararik apenas hitz egiten zen Tolosan, eta han deskubritu genuen bazela euskal mundu bat.
Abaigarren bi hernaniar egokitu ziren, Etxeberria eta Esnaola, pailazo hirukote bat zeukatenak: «Oto, Toto eta Pototo». Oto falta zitzaien eta pailazoarena egitea eskaini zidaten. Aranoko festetan berriro deitu zidaten, eta han irabazi nituen nire lehenbiziko 1.000 pezetak.
Eta txisteen munduan sartu zen Kike...
Txiste kontuekin ARGIAn hasi nintzen. Euskal filologia ikasten, koadrila nahiko saltseroa osatu ginen eta «Susa» aldizkaria sortu genuen. Eta talde horri Zeruko Argiak lau orri bere gain hartzea eskaini zion, «Titiriteroak» izenez. Umore ingelesaren antzeko zerbaitekin hasi nintzen: herrien «timologia», liburu zerrenda xelebreak... Astebetez materialik gabe geldituta, txisteak sartu nituen, eta sekulako oihartzuna ekarri zidaten. Gero 1982an ARGIAk aro berri bati ekin zionean, txiste orri bat egiten nuen: askok esan didate etxe askotan orri hartatik irekitzen zela astekaria, eta zenbait harpidedun irekitzen ere hala hasi zela.
Txiste afariak datoz handik laster.
Tolosaldea berreuskalduntzeko taldean nenbilen eta jendea nola erakarri asmatzen ibiltzen ginen. Iparraldean «Irri Gauak» egiten zirela entzuna neukan eta lehenengo afarian, 82-83an, kontalari Andoni Egaña, Joxe Ramon Galarraga, Jexux Peñagarikano, Amasako beste bat eta bostok aritu ginen. Gero beste herrietara zabaldu zen. Eta hiruzpalau urteren buruan lehenengo txiste kasetak argitaratu genituen ARGIA eta IZrekin.
«Txiskola»rainoko bidea konta iezaguzu.
Kasualitate eta erabaki kamikazeen kate bat izan da. Kasetak atera ondoren, Gabon Zaharretako programa pare batean azaldu ginen ETBn, «Hitz eta Pitz» programan ere bai... Eta halako batean «Funtzioa» egiten zuen lan taldeak dei egin zidan ea animatuko nintzen gidoigintzan parte hartzera.
Hurrengo udan Aitzpea Goenaga eta Elene Iruretak deitu zidaten komedia bat egiteko, «Hau da A.U.». Aktore lana sekula egin gabea nintzen eta ehundoko beldurra ematen zidan baina jauzi egin nuen, eta ez zait damutu. Telebista eta gidoigintza zer ziren Piter Ansorenarekin ikasi nuen, eta aktoretza mailan Eneko Olasagasti, Aitzpea eta Elenerekin izugarri ikasi dut. Gero «Beni ta Marini»rena etorri zen. «Balinda»k, berriz, adar artistikoa eta soziolinguistikarena lotzeko aukera eman zidan. Komunikazio teknikak ikasi genituen, Ansorena den maisu on eta zorrotzarekin.
Nor da Piter Ansorena Kikerentzat?
Ansorena da prozesu honetan guztian izan dudan eta dudan maisua. Berarengandik ikasi dut telebista zer den, telebistan nola egin behar den lan eta zer den telebista bidezko komunikazioa. Honetan Euskal Herrian daukagun pertsonarik aurreratuenetakoa da, eta ni bere ikasle kaxkar bat.
Txiste kontatzailea kanpoan uso etxean otso ote?
Umoregileek badakigu ergelkeriak egiten, baina ez gara ergelak. Okerragoa da askori gertatzen zaiona: seriotan ari delakoan ergelkeriatan ibiltzea. Nire burua umoretsutzat baldin badaukat ere, oso pertsona normala naiz; alegia, ez nabilela egun santu guztian mundu guztiari txisteak kontatzen.
Ni agnostikoa naiz, gai eta gauza gehienekiko. Asko erlatibizatzen ditut gauza guztiak eta dotrinak eta dogmak (erlijiosoak, kulturalak, politikoak nahiz eguneroko bizitzari dagozkionak) ez ditut batere gustuko. Alde horretatik, umoreak bizitzaren aurreko jarrera bat eskaintzen dit: jarrera kritikoa, erlatibizatzailea eta baikorra bezain eszeptikoa.
Euskal Herrian erraza al da erlatibizatze hori?
Hemen problema handiak daude, baina non ez dago gatazkarik? Beti egon dira eta beti egongo dira, ez gaitezen engaina. Baina egoera gatazkatsuaren aurrean jarrera ezberdinak har ditzakezu. Jarrera tremendista, ezkorra... Bizitzarekiko ikuspegi baikorra lantzen saiatu naiz beti, umorea bai nirekiko eta bai besteekiko landuz. Ez dago gauza esker hobeagokorik jendeari barre eginaraztea baino.
Mundu hau fabrikazio-akatsez beteta dago eta gainera kaduzitate-epe laburra dauka. Umorez hartzen ez baduzu, akabo! Batentzat txiste dena, bestearentzat irain gerta daiteke. Umoreak gure ahuleziak eta konplexuak gainditzeko balio ohi du. Nire ustez, pertsona umoretsua, askeagoa, toleranteagoa, kritikoagoa izan ohi da. Umorerik gabeko pertsonak askoz ere intoleranteagoak, autoritarioagoak eta dogmatikoagoak izan ohi dira. Ez dakit zeinek esaten zuen bezala, umorerik gabeko pertsona amortiguadorerik gabeko kotxea bezalakoa da; harri txikerrenek ere astindu egiten dute.
Txiste onaren eta txarraren arteko ezberdintasuna aurkitu al duzu?
Txisteetarako teknika batzuk daude, eta txisteak horien arabera on edo txar bezala epaitu daitezke. Txistearen inguruan asko idatzi da, frantsesez eta ingelesez batez ere, gazteleraz ezer gutxi. Teknikak badaude: errepikapenarena da erabilienetako bat, elipsiarena, bukaeraren sorpresa maila, kontrasteak... Umorea eta komikotasuna ere berezi behar dira. Antton Olariagak ondo esplikatzen du hori.
Baina txistearen gakoa entzuleengan dago: aurrean nor daukazun jakin behar duzu, zein egoeratan dagoen eta zein umore mota landu daitekeen berarekin. Une batean barre-algara sortu duen txisteak hurrengoan ostikada eragin dezake.
Herri bateko egoera soziolinguistikoa azaltzera joaten zarenean, seriotan hartzen zaituzte?
Komunikazio teknikak oso inportanteak dira horretarako ere. Jendearengana mezuak era tremendista batean eraman ditzakezu, edo era gozoago eta baikorragoan. Hau askoz positiboagoa da jendearen indarrak martxan jartzeko. Umorea bitarteko bat da, eta arma bezala ere erabil liteke. Gauza bat da jendearekin egiten den umorea eta bestea jendearen kontura egiten dena. Umore arrazista hor dago, umore faxista, umore eskuindarra. Baina kritikoa ere bai.
Hori esaten dugula, galdetu beharko da zergatik ez diren sortzen txisteak euskal politikariez eta espainolez, aldiz, bai. Kezkagarria da hori ere. Hitz batez, mezua serio plantea daiteke baina umore ukitu batekin, eta hori hitzaldi batean eskertzen du jendeak. Gauzak gozo errazago sartzen dira kolpeka baino.
Tolosan gazteek ez zenuten euskaraz asko hitz egingo...
Euskararen arazoei buruz erdaraz hitz egiten genuen lagunartean. Gero, Tolosan kultur asteak-eta baziren, eta hamasei urterekin alfabetatzen hasi nintzen. Hamazazpirekin Gau Eskolan irakasle hasi nintzen, eta laster herriko ekitaldi askotan euskarazko aurkezpenak egiten ere bai.
Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkartea sortu zen 1976an, nire ustez aitzindaria izan dena. Eskualde horretako lehenbiziko azterketa soziolinguistikoa burutu zen, eta talde horretako koordinatzaile izatea proposatu zidaten, egun erdiko lanez, aldi berean euskal filologia egiten nuela. Gaur Donostiako Udalean euskararen zerbitzuburu den Inaxio Agirre zen talde haren arima, Iñaki Larrañagaren aholkularitza genuen edozertarako, eta Lluis Aracillekin ere kontaktuan sartu ginen.
Tolosako euskara zerbitzua antolatzeko non inspiratu zineten?
Hemengo erreferentziarik ez zen, eta urratsak Katalunian zeuzkaten emanak. Han Generalitateak bazuen hizkuntz zerbitzua, eta udal askok ere bai. Hemen itzultzaileak baziren herri batzuetan, baina beste zerbait osoagoa zegoen egin beharra. Eta Tolosan sortu zen euskara zerbitzua osatzeko posibilitatea. Denborak erakutsi digu kanpotik gauza batzuk ekar zitezkeela baina guk geure ereduak antolatu behar ditugula. Hasieran kopiatutako gauza batzuk zuzendu behar izan dira, eta gaur guk baditugu besteri erakusteko gauzak.
Euskara zerbitzuburu sei urte bete ondoren Iñaki Larrañagak Siadecon sartzeko aukera eskaini zidan. Interesgarria iruditu zitzaidan, enpresa pribatu batek izan dezakeen autonomiatik bideratu ahal izatea hizkuntz plangintzako ikerketa eta proposamenak. Iñakirekin lana egitea pribilegioa izan da niretzat.
Teoria mailan nondik jaten du gaur euskal soziolinguistikak?
Azken urteotan izen bat baldin badago euskal soziolinguistikan, hori Sanchez Carrión «Txepetx» da. Bera da gaurko euskalgintzaren erreferentzia bertako bakarra. Administrazioak kanpoko eredu batzuk ere erabiltzen ditu, baina bertan soziolinguistika teorikoa landu duen bakarra, eta euskalgintza eduki berriz zirikatu duena Txepetx da. Lehen Aracillek hizkuntz galeraren mekanismoak aztertu zituen bezala, Txepetxek aportatu duena etorkizunerako metodologia izan da. Ekarpen fundamentala da berea.
Saminez hartu nuen hemendik Menorcara alde egin behar zueneko berria. Euskal Herriak Txepetx bezalako pertsona bat galtzea benetan tamalgarria da, eta ez da ulertzekoa berak eginiko moduko ekarpena egin ondoren, hainbat instantziaren aldetik jaso duen «isiltasunezko» tratua jaso izana. Gure egoera «ez sanoaren» zantzu bat gehiago.
Nor da Iñaki Larrañaga?
Euskal soziolinguistikaren aita-pontekoa da. Bera izan zen lehen azterketak ekarri zituena, hitza bera ere euskaraz lehenbiziko aldiz berak formulatu zuen. Lan isil handia egin du, eta gero hori eginda etorri zaio askori. Urteetan Iñakik egindako lan oinarrizkoak ez du merezi adinako errekonozimendurik izan.
Amonarriz soziolinguistaren iritziz, nolakoa da gaur euskararen egoera?
Euskararen ordezkapen prozesua oso aurreratua egon da, ia mirariz lortu dugu euskara eta Euskal Herria bizirik egotea. 1960ari begiratuta, egoera katastrofiko batetik abiatu gara. Geroztik, aurrera egin dugu, eta egiten ari gara. Hala ere, oraindik arriskuak hor daude, denok sumatzen ditugu.
Garai euforikoago bat egon da, eta orain ohartzen gara euskalgintza periferian dagoela, erabakiguneetatik nahiko urrun. Eta momentu kritiko batera iristen ari gara.
Deskriba ezazu une kritiko hori.
1975-85ean egon zen indar aldi hartako emaitzak jasotzen ari gara, baina fase baten amaierara iritsi gara. Hizkuntzaren transmisio galera galgatu da, Iparraldean izan ezik. Azken urte hauetan maila guztietan egin dugu aurrera. Demografikoki, gero eta euskaldun gehiago gara; geografikoki euskara Euskal Herriko lurralde osora ari da hedatzen, aurtengo Tuterako Nafarroa Oinez lekuko; eta funtzionalki euskarak inoiz jorratu ez zituen esparruak betetzen ditu gaur egun.
Euskaldunon multzora haur eta gazte asko ari dira sartzen, baina oraindik ez dugu bermatu hurrengo belaunaldi osoa euskalduna izatea. Euskararen aldeko giza mugimendua ahulduta egon da urte batzuetan, presio soziala _zentzu zabal eta positiboan hartuta_ oso apaldua egon da, eta orain une kritiko batean gaude. Edo euskararen aldeko mekanismo guztiak indarberritzen dira edo orain arteko lana impasse batean gelditu eta lortutakoa galtzen hasteko arriskuan gaude. Urrats berriak emateko indarra falta dugu, ditugun indarrak ez ditugu ongi optimizatuak.
Belaunaldi gorabehera bat ere ez al dago horretan?
Gure belaunaldia euskalgintzan sartu zenean, dena libre aurkitu genuen. Aldizkarigintzan, literaturan, itzulpengintzan, administrazioan, telebistarik ez zegoen... Orduan mugitu ginen guztiok aurkitu dugu lekua batean edo bestean. Belaunaldi berria gurea baino askoz euskaldunagoa da, baina lanerako posibilitate askoz zailagoak dauzka, alor guztietan, lekuak guk hartuta dauzkagulako.
Ez da ahaztu behar bestalde, gaur egun euskararen `funtzionari' _irakasle, teknikari, eta abar_ diren pertsonen batez besteko adina 35 bat urte ingurukoa dela. Normalizazio-prozesuari bultzada politiko nabarmena eskaintzen ez bazaio, pertsona eta egitura horiek `funtzionarizatu' eta `etsitzeko' arriskuan gaude.
Zer egin behar dugu derrigor eta azkar?
Plangintza orokor eta epekatua burutu behar da, gaur hizkuntz normalizazioan ari diren agenteen funtzioa, egitura eta lan esparruak berkokatu behar ditugu. EAE, Nafarroa eta Iparraldearen arteko harremanak sakondu behar dira, eta politika ahalik eta bateratuenak ipini martxan. Iparraldea oso kontuan eduki behar dugu denok, Euskal Telebistak, argitaletxeek... ekimen guztiek. Iparraldean egoera oso larria da eta ikuspegi nazional batetik denok lagundu behar dugu.
Plangintzari dagokionez, oso era anarkikoan burutu dira gauza asko, eta tirabira askorekin mugitzen gara. Edo ditugun ahalmenak berrindartu eta optimizatzen ditugu, edo gure artean indarra galtzen segiko dugu. Baliabideak, denbora eta indarra alferrik galtzen eta kanpotik datozkigun eraso berriei aurre egin ezinik.
Helburuak ere berdefinitu behar dira. Esperientziak erakusten baitizkigu aldatu beharreko atalak, berreuskalduntze alorrean esate baterako. Eta denborak erakutsi digu ahalbideak ere mugatuak ditugula.
Zeri diozu une honetan beldurrik handiena?
Beldurrik handiena inertziak eta sakabanaketak ematen didate. Urrats berriak eman behar dira eta hausnarketa sakona egin. Orain arte bezala ezin dugu jarraitu. Dikotomizazio politiko eta sozial handi batean bizi gara, eta ondorioz gure indar asko neutralizaturik daude. Hori ari da baliatzen zenbait sektore hizkuntzaren normalizazioaren kontrako posizioak sendotzeko.
Kezkatzen nauen beste gauza, Estatu espainiar mailan hizkuntz normalizazioaren kontra antolatzen ari den erasoa da. Gu ez gaitu hainbeste ukitu, seguru aski hain indartsuak ez garelako. Katalanaren kontra indar horrekin eraso egin badute, argi ibili beharra daukagu. Indarberritzean datza gakoa eta itxaropena euskal gizartearen jarreran daukat jarria. Beti egon da euskararen alde, eta horrek ematen dit itxaropena. Behar bada falta dena da buruzagiek adorea izatea.
ARRUTI, Iñaki/ZUBIRIA, Pello
22-26


GaiezKulturaKulturgintz
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazAMONARRIZ1
EgileezUBIRIA2Kultura
EgileezARRUTI2Kultura

Azkenak
Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


2024-05-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.


Eguneraketa berriak daude