"Protokoloak, gure herriaren uztartzea ekarri ordez, haserrea areagotudu"


1995eko azaroaren 12an
Miguel Sanz UPNko lehendakariari elkarrizketa
"Protokoloak, gure herriaren uztartzea ekarri ordez, haserrea areagotudu"
Miguel Sanz, Union del Pueblo Navarroko lehendakariordea
Sortzez Korellakoa, Iruñean bizi da. Zortzi urtez Korellako alkate, alkate zela parlamentari, Gobernuko lehendakariorde, UPNko exekutibako kide... 43 urte baino ez, baina bizipen eta kargu franko politikagintzan.
«Diario de Navarra»ko komiki batean UPNko ordezkariak `susmo txarren' batek jota ikusi genituen Otanok eta Ardanzak sinatutako protokoloarekin. Hala al da?
Susmo txarrik ez, erne nago. Beste autonomi elkarteekiko lankidetza edo kooperazioaren defentsagatik, aurka egiten diogu lankidetza hori itunen eremuaz gaindi EAErekin organo berezi batean instrumentalizatzeari, hala-nola nortasun galera ekar dezaketen beste tresna juridiko batzuei. Lankidetza puntualki landu behar da bi komunitateen interes orokorrei eragiten dieten gaietan.
Zer esan nahi duzu nortasun galera diozunean?
Gauza bat da gerturatzea eta beste bat identifikatzea. Gure industria politika, hezkuntza politika, osasun politika... EAEkoarekin identifikatuz gero, azkenean nortasun galera dakar, eta baita bi komunitateetako autonomi estatutuetan finkatutako konpetentzien galera ere. Eta ez dit balio protokoloan gehitu duten esalditxoak: «Legearen barruan». Hori haserrealdiak ekidin eta guztia Konstituzioaren eta autonomia estatutuen baitan egin dela esateko da.
Hitzarmenaz zein uste duzu dela nafarren iritzia?
Herritarren artean arazorik nagusiena langabezia da: Nafarroak Autonomien Estatuko langabezia indize urriena duen autonomi elkarte bezala jarraitzea, eta Nafarroan langabezia desagertarazteko lan egitea. Beste gai horrek ez du lehentasunik, baina politikoki oso sentibera da nafarren artean. Nafarrok beti haizatu dugu gure nortasuna eta pluraltasuna, eta nortasun galeraren arriskua sumatzen denean herritarra haserretu egiten da. Protokolo honek gure herriaren uztartzea ekarri eta haserrea ezereztu beharrean, areagotu egiten du.
EAErekiko harremanak Aragoi eta Errioxarekikoekin alderatzen dituzue. Alderagarriak dira?
Ez ditugu alderatzen. Dioguna da, zergatik EAErekin nortasun iraunkorra duen batzordea sortu, eta ezer esan ez Aragoi edota Errioxako komunitateekin antzerako batzordeak sortzeko aukeraz? Nortasun iraunkorra duen edozein harremanen aurka gaude, EAE edo Aragoi edo Errioxarekin egin. Baina EAErekin soilik egiteak, Nafarroak Aragoi eta Errioxako komunitateekiko konparaziozko iraina sortzen du. Lankidetza eta kooperaziorako itunak bermatzearen aldekoak gara.
Zein formulatan finkatu behar dira Nafarroa eta EAEren arteko harremanak?
Azken lau urteotan finkatutako testuinguru berean. Otano jaunak berak esan zuen Urralbururen keinuen jarreraren, zeina EAEri bizkarra ematea zen, eta Alliren keinuen jarreraren erdian kokatzeko asmoa zuela. Gure ustetan, jarrera hori bikain islatu zen UPNren lau urteko gobernu-jardunean: Nafarroa, Euskadi eta Akitaniaren arteko mugaz gaindiko kooperaziorako lankidetza protokoloa sinatu zen, Ertzaintza eta Foru Polizia arteko formazio mailako lankidetza itunak sinatu ziren...
Nola ikusten dira euskara eta euskaltasuna Erriberatik, demagun Korellatik?
Gai hori, egunez egun, gero eta gehiago desdramatizatzen ari da Erriberan, euskara gero eta gehiago ulertzen da kultur elementu gisa, euskararen normalkuntzarako prozesua garatzea beharrezkoa dela ulertzen da... Apurka euskal kulturaren gaia Foru Komunitatearen zerbait propio bezala barneratzen ari da, zeinak herri bezala identifikatzeko balio digun, gure herriak duen nortasun plurala areago bermatuz.
Nabarmena da «Merindad de Ultrapuertos» edo Nafarroa Beherearen eta nafarren arteko harremanen areagotzea. Harreman horiek egituratu egin behar al dira?
Zergatik ez ditugu harremanak izango seigarren merinaldearekin? Bertako biztanleak eta nafarrok elkar identifikatzen gaituzten ideosinkrasia egon badago. Baina nortasun parekotasun horrek ez du esan nahi mezu eta planteamendu demagogikoak egiten hasi behar dugunik, egungo batasun konstituzionala hautsi eta batasun erregioz gainetikoak bultzatuz. Errealitate europarraren testuinguruan kokatu behar dugu.
Nola epaitzen duzu Otanoren lana Nafarroako presidente gisa?
Gobernura iritsi eta 100 egunera ez dute ezertxo ere egin: ez dute industria proiektu berririk egin eta ez dira gai izan industria politikaren arazoak kopontzeko, ez dute hirigintza mailan, lurraldearen ordenakuntza politikan edo udal administrazio politikan erabakirik hartu, ez dute 1996 eta 2000. urte bitarteko inbertsio urteanitzeko plangintza berririk egin... Guk onartu genituen inbertsioak inbertsoreak beraiek zalantzan jartzen ari dira, gobernu hau gutxiengo indarrekin pairuan dagoela ikusten baitute.
Nafarroako Gobernua EAren nahien pean dagoela esan duzu. Zertan oinarritzen zara hori baieztatzeko?
Matematiketan baino ez. Hain ideologia ezberdinez osatutako gobernua izanik, eta Gobernua CDNko lau kidek, PSNko beste lauk eta EAko bakar batek osatzen badute, nork desorekatzen du balantza botoen artean aurkakotasuna badago?
Hirukoa dela eta UPN botere exekutibotik at geratu ondoren, Nafarroan PP berriro eratuko ote den zurrumurrua zabaldu da. Gertatuko da?
Nire erreferentzien, hartuemanen eta Jose Mari Aznarrekin dudan kontaktu zuzenaren arabera ezezkoa emango nuke. Horiek burunahasien haizeak dira.
Nafarroan 2000. urtean egongo al da UPNrentzat tokirik, ala PPren sail nafarra izango da?
PPk oso argi dauka UPN Nafarroan ondo uztartutako alderdia dela. UPN ez da alderdi fueristaren oinordekoa, ezta liberalena ere, ezta karlistena ere... UPN hori baino zerbait gehiago da. UPN proiektu politiko baten inguruan, herri bezala Nafarroa ezberdin izate horren inguruan, foruaren inguruan azken finean, nafar sentimendua bere baitan jasotzen jakin duen alderdia da.
Egiteagatik edo ez-egiteagatik, GAL nafarrari buruzko ikerketek zipriztinduko al dute bertako politikaririk?
Estatu mailan boterearen edo Barne Ministerioko arduradun nagusien inguruan zebilen politikariren batek edo bestek urduri samar egon behar du, GAL gaiarekin eta ustelkeriarekin. Egun Nafarroako Gobernuko presidente eta PSNren idazkari nagusia dena, GALekin zerikusia duten gertaerak izan zirenean nafar sozialisten idazkariordea edo eta nafar sozialisten parlamentari taldearen bozeramailea zen, batzorde eragileko kide izateaz gain. Une jakin batean izan dituzun hartueman zehatzek erantzukizun penala izan dezakezula esan nahi ez duten arren, esan nahi dute esan nahi dutenez erantzukizun politikoak dituzula, proiektu politiko bat osatzen lagundu baituzu.
Urralbururen erantzukizunak, beraz, Javier Otanoganaino iristen dira...
Urralburu jaunak 1991n eta 1992an CIES konpainiari inkesta batzuk eskatu zizkion eta inkesta horiek Promociones Roteñas-eko jabeak pagatu zituen, non Urralbururen, Aragonen, Jorge Esparzaren eta Roldanen txalet batzuk agertu diren. Otano ez al zihoan PSN elektoralki inkesta horietaz nolabait baliatu zen zerrendan? Edo agian Otano jaunak eta PSNko zerrendan zihoazenek ez al zekiten inkesta haiek PSNk ordaindu zituela? PSNko finantziazioari buruzko erantzukizun politikoak PSNko idazkari nagusia denarenganaino iristen dira.
Mikel Zabalzaren heriotzari buruzko datu berriak eman dira argitara. Giza eskubideen gaian erakunde nafarrek herritarrak behar bezala defenditu zituzten?
Baietz uste dut. Gertatzen da orain ezagutu ditugun gertaerak orduan ezezagunak genituela, eta horren aurrean isilik egon ginela. Oposiziotik oso zaila da jakitea Barne Ministerioko arduradunek beren egitekoak betetzerakoan zuzenak ez diren praktiketan jardun duten ala ez.
Allik Amaiurko gudaren urteurrena nafar abertzaleekin batera ospatu zuen. Zein litzateke zure elkargune-puntua nafar abertzaleekin?
Bere historia, tradizio eta bere zerga-autonomiarengatik beti esan izan dut Nafarroa nazionalitate historikoa dela, beren buruari txarteltxo hori jartzen dioten beste autonomi elkarte batzuk adina edo gehiago. Hori esateagatik, nafar nazionalismoa sustatzen ari nintzela aurpegiratu zidaten, nazionalismoa separatismo kontzeptuarekin lotuz. Baina batzuetan separatismoak ez du zerikusirik nazionalismoarekin. Nafarroak bere autogobernuan eta autonomian sakondu behar duela esan nahi nuen, nazionalitate historiko den aldetik, Espainiako Autonomien Estatuaren barruan.
JAUREGI,Mikel/ ZUBIRIA, Pello
8,9-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakUPN
PertsonaiazSANZ5
EgileezJAUREGI5Politika
EgileezUBIRIA2Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude