"Sugearen zuhurtzia behar dugu".

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Koldo Izagirreren azken liburua. "Ez dut erraza Konpai".
"Sugearen zuhurtzia behar dugu".
Koldo Izagirre
Kulturaren esparru gehienetan abilezia erakutsi duen arren, batipat literaturaz galde egin diogu, «Ez duk erraza, konpai» liburua aitzakiatzat hartuta. Kuba izan da abiapuntua; balizko herri honen minei buruzko iritzia, berriz, beste elkarrizketa baterako gosea piztu diguna.
Zenbat aldiz eta noiz egon zara Kuban?
Aita izpiritualaren galdera ematen du horrek! Kuba zapaldu baino lehen ere, asko ibilia naiz Kuban. Goitik behera ezagutzen nuen Empedrado kalea, Ovispo kalea, Iraultzaren plaza edo Malekoia... Kuba leku mitikoa izan da niretzat. Alde batetik, Che Guevara eta Fidelengatik; blokeo, anti-inperialismo eta nazioartekotasunagatik. Bestalde, literaturzaleak, goiz edo berandu, Kubako literaturarekin egingo du topo...
Hori gutxi balitz, Espainiaren menpe egondako herria dugu. Euskaldunontzat, beraz, erreferentzia puntua izan da beti Kuba. Hala, erromantizismo batetik ikusi izan dut.
Interesgarria da, beti ere, mitoak bertatik bertara ezagutzea. Hain zuzen, idealizatutako hori desmitifikatzeko. Bertatik ezagutzeko aukera izan dudanez geroztik, esan nezake Kubak niretzat mito izaten jarraitzen duela. Alegia, ez daukat idealizatua baina lehen baino ederragoa iruditzen zait. Ez da, noski, nik pentsatzen nuena. Konplikatuagoa da, bai sozialki eta bai kulturalki. Nik uste baino askoz ere interesgarriagoa da, bitxiagoa, bariatuagoa.
Aipatutako konplikazio horrek eraman al zaitu liburua idaztera?
Bai eta ez. Lehendik neukan dokumentazioarekin eta bertan jasotako esperientziarekin halako nahasketa egin nuen, eta konturatu gabe idazten hasi nintzen. Hasiera batean idazteko asmorik ez banuen ere, azken aldiz joan nintzenean banuen burutazio hori.
Nolanahi ere, natural xamar ibiltzen saiatu naiz. Liburu bat egin beharreko presa horrek ez du askotan laguntzen, ikuspuntua desitxuratzen baitu batzuetan.
Nik Kuba bi garai interesgarritan ezagutu dut. Alde batetik, egoera bereziaren minenean. Blokeoa zela eta, herriak gosea pasatzen zuenean. Eta oraintsu ere ezagutu dut, azoka popularrak zabaldu direnean, salerosketa zertxobait liberalizatu denean. Bai batean eta bai bestean kubatarrak oso tinko ikusi ditut beren idealekin, duintasun nazional horretan. Korrupzioarekiko eta boterearekiko kritiko izanez, baina tinko.
Kubatarrek alaitasunik ez omen dute galtzen.
Batzuek diote indiorik ez dutelako dela, arazo etnikorik ez dutelako. Seguru asko hala izango da. Ez dakit. Baina gosean ere, Kubak ez du bere alaitasuna galdu. Ez baitzen herri frustratua. Eta hori interesgarria da. Gu, esate baterako, frustrazio politikoek ttipitu, mugatu egin gaituzte. Hauteskunde ororen aurrean gure etorkizuna jokoan jartzen dela pentsatzen dugu, eta hori ez da horrela.
«Maité» filmean ikusitakoaren arabera, euskaldunak ere gailegoak gara kubatarrentzat.
Kubatarrek oso ondo dakite Euskal Herria non dagoen, zer den eta zertan ari garen. Kontuan hartu Kubak Panamatik eramanak dituela deportatu mordoska. Eta Felipe Gonzalezen iritziaren kontra, ez daude presondegian. Libre bizi dira. Horrek ere laguntzen du kubatarren eta euskaldunen arteko harremanean.
Oro har, euskaldunak beti nabarmentzen du Espainiarekiko diferentzia Euskal Herritik irteten denean. Ez du inolaz ere nahi espainiar gisa kontsidera dezaten. Herrian bertan epelak direnak ere, kanpoan oso harro azaltzen dira. Harrotasun hori Kuban biderkatu egiten da. Harrigarria da Kuban zenbat euskaldun eta zenbat abertzale dagoen...
Kuban, espainiarra ote zaren galdetzen zaizularik ezetz erantzutean, berehala «ah, orduan euskalduna zara» esaten dizute.
Liburuan fikzioa eta errealitatearen arteko tartea zenbaterainokoa da, indiskrezioa ez bada?
Duela pare bat urte, Susan argitaratu duen beste idazle bat, Tahar Ben Jelloum, Palermoko egunkari batek eskatuta Siziliari buruzko erreportaia batzuk egitera abiatu zen. 4.000 km egin ondoren, kronika fikzionatuak idatzi zituen. Nire ustez, hark Siziliari buruz emandako ikuspegia oso interesgarria da. Kronika fikzionatu horietariko batzuk, hain zuzen, Leonardo Sciaciak egindakoak baino sakonagoak dira.
Errealitatea guk ikusten duguna baino askoz ere anitzagoa denez, zuk ikusten duzun errealitate motz horri fikzioa erantsi behar diozu, zerbaitetan sakonduko baduzu.
Nik fikzionatu dudana errealitatea biribilago erakutsi ahal izateko egin dut. Morboari buruz, kontuan hartu behar da egia-gezurra bereizketa ez dela onargarria. «Ez duk erraza, konpai»ri buruz, esan dezakegu liburu horretan dagoen «ni»a, idazlearen «ni»a, fikziozkoa dela. Baina «ni» horrek esaten duen guztia erreala da.
Kubatarrek merezi al dute Kuba?
Dudarik ez. Herri bat baldin badago bere herria merezi duena, hori Kuba da, zalantzarik gabe. Bere herria askatzeaz gain besteak askatzen ere lan egin du. Kubak asko eman dio munduari. Berak eman ahal zuena baino gehiago askotan: Angolan, Mozanbiken, Viet-Nam-en, Etiopian, Saharan osasun mailan... Sandinistekin zer esanik ez. Azukre lantegi bat osorik instalatu zieten. Ikaragarri eman du. Eta Kuba herri pobrea da. Herri horrek merezi du gure solidaritatea.
Eta Fidelek? Merezi al du Kuba?
Fidel lider bat izan da, eta da. Historiak ez du Fidel kondenatu, ezta kondenatuko ere. Heroi eta mito izateko eskubidea du. Benetan askatu baitzuen herria. Ez da ohizko buruzagi bat. Iraultza aurrera eraman du eta gainera agintzeko karga hartu, iraultzaile batentzat izugarrizko erronka eta kontraesana.
Ordezkorik izango al du Fidelek?
Badu. Baina desberdina izango da. Ordezkoak sekula ez du izango Fidelek herriarekin duen erlazio magiko hori. Fidel beti izango da compañero buruzagia, komandantea. Herriak sekulako identifikazioa dauka berarekin. Hori ez da emango beste inorekin.
Blokeoaren erresumak zer erakutsi dizu zuri?
Independentzia oso gogorra dela. Egia dela independentziarekin azarik ere ez dagoela. Kubatarrek nahiago dute azarekin eta independentziarekin, noski. Baina jakin izan dute bertan irauten azarik gabe ere. Presoen gose greba batean bezala bizi izan dira. Errespeto guztia zor zaie.
Egunero autodeterminatzen delakoa, egia da neurri batean. Gu gauden egoeran ez, baina haiek dauden moduan bai. Dauden baldintzetan egunero ari dira autodeterminatzen, hortxe baitute Miamiko eskaparatea.
Erresumaz ari garela, 5 urte pasatu dira «Balizko erroten erresuma» plazaratu zela. Geroztik ez duzu besterik argitaratu. Liburu hark hustu egin al zuen Koldo? Hura superatzeko beldurrak zaude, akaso?
Hura atera baino lehen hamar urte egon nintzen poesia libururik atera gabe. Beraz, beste hamar itxaronda ere, irakurleak eskertuko du, seguru asko. Nolanahi ere, uste dut datorren urtean nire poesia liburu bat plazaratuko dela.
Titulua esango al diguzu?
«Maitasunak ez du amore ematen».
Flash-back egin dezagun. Bi gaztek, alegia, Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak, «Panpina Ustela» izeneko aldizkaria atera zuten orain 20 urte. Zer izan zen hura, denbora horren perspektiban?
«Panpina Ustela» Jainkoa akabatzeko konplot txikia izan zen. Jainkoa, kasu hartan, Aresti zen. Hobeto esan, Aresti hila zegoen, ez zegoen akabatu beharrik. Postarestismoarekin edo poesia sozialarekin hautsi nahi izan zen, giro literarioki motz harekin. Ez zen erreakzio inkonstzientea izan. Gauzak oso ondo pentsatu eta gero kaleratu zen orduko manifestu hura. Garbi genuen ez genuela horrelakorik nahi, beste zerbait behar zela. Arestirekin ibilitako batzuk ere berehala hurbildu zitzaizkigun, Saizarbitoria eta Ibon Sarasola, esate baterako. Oso gure linearen aldekoak ziren. Haiek ere garbi ikusi zuten sentsibilitate berri bat, gazteago bat bazetorrela. Literaturaren esparru autonomo bat aldarrikatu genuen eta hori inportantea zen. Errealitatearekin eten gabe, noski, gu ere inguruarekiko pertsona konprometituak baikinen.
Denbora pasatuta, gauzak bere onera etortzen dira berriz. Arestiren garrantzia ikaragarria izan zen, eta denborak gehiago nabarmendu du.
Dena dela, gaur egun eta Euskal Herrian, zaila da belaunaldi batek aurrekoa guztiz ukatzea. Gure hizkuntza normalizatuta ez dagoenez, nahi ez bada ere, bada beti aitorpen sentimental bat aurreko belaunaldiarekiko.
Literaturaren kalitateaz zer esan liteke?
Kalitate literarioa eta espresio ahalmena bi gauza dira. Adibidez, Iparragirrek espresio ahalmen ikaragarria zuen. Literarioki ondo edo gaizki, herri baten nahia ederki espresatu zuen eta hori ukaezina da. Arestik ere bazuen arte hori. Poesian esate baterako, eta prosan ere bai, botere espresiboa galdu egin da asko, kalitate literarioa ikaragarri hobetu bada ere. Gauza perfekto ezdeusak gero eta gehiago ikusten ditut. Alegia, kafea egiteko balio ez duten kafe-makinak. Balizko errotak poesia eman behar du, bestela ez litzateke balizkoa izango. Balizkoa izan behar du, baina errota ere bai. Zeozer espresatu behar du.
Zerk pizten dio metxa Koldori?
Metxari berari esaten diote bere lagunek, adarra joz... Baina hemen ez gara hasiko tabernetako komentarioak egiten... Autoaipamen bat onartzen badidazu, ezin ninteke sasi guztien gainetik bizi. Nire inguruak ziztada handiak ematen dizkit, mundu guztiari bezala. Oso triste biziko nintzateke ziztadarik gabe, `bolizko' dorre batean. Ez naiz militante suhar horietakoa. Eszeptikoa naiz, ezkorra ez esatearren. Baina aukera dudanean nire ahaleginak egiten ditut munduko injustizien kontra.
«Liliput debekatuak» idatzi zenuen orain bi urte ARGIAko urtekarian. Hauteskundeen atarian ginen orduan. Oraintsu ere hauteskundeak izan berri ditugularik, eta pixka bat harekin lotuz, hura «Liliput debekatua» baldin bazen, oraingoa debekatuagoa al da?
Horrek berdin segitzen du, aspaldidanik baitator. Lehen ere aipatu dizut: frustrazioek ez gaitzatela eraman ezkortasunera. Orain ez gaude lehen baino «ago». Aspaldian gaude «agotuak».
Ni nafarren moduan sentitzen naiz. Izugarrizko frustrazioan eta ezin izate batean bizi behar dugu. Nafarrak baskongadoekiko sentitzen duen huraxe sentitzen du euskaldunak euskal herritar erdaldunekiko... Eta batzuk nafarrak eta euskaldunak gara aldi berean!
Hauteskundeen istilu honetan ezer gelditu al da off-ean?
Euskaldunen artean bada beti off-ean dagoen gauza bat. Euskalduna planteatzen ausartzen ez dena, hondamendi baten beldur-edo. Alegia, bi komunitateena. Bide horretatik goazela iruditzen zait.
Bi komunitateen arazoa Euskal Herriaren mina dela demagun. Gure herriak minbizirik ba al du? Alegia, sendatu ezin den gaitzik?
Orain gauden egoera honetan, lehen aipaturiko min hori sendaezina da.
Badago hainbat kolektibo pertsekutatu, estatuak pertsekutatu izan duena. Pertsekuzioak eta errepresioak zenbait tokitan tenple handiko belaunaldiak emateko balio izan du. 15 urte pasatuta presondegitik ateratako asko eta asko tenple handiko pertsonak dira. Gartzelak ondu egin ditu, tenplea eman die. Pertsona handiak dira, irekiak, zentzudunak. Errepresioa jasan ez dutenak baino gehiago. Hain zuzen, borrokan tenple bat hartu dutelako. Beldur naiz tenple hori galduko ote den. Ez naiz gaztetxoez ari. Oro har ari naiz, mugimendu osoaz. Planteamendu politiko nazional bat aurrera ezin eramanagatik eta frustrazioaren ondorio, tenplea galdu eta biktimismo eta gorrotoa sortuko ez ote diren beldur naiz. Sugearen zuhurtzia behar dugula uste dut.
«Liliput debekatuak» artikuluak gizatasunarekiko daukazun kezka ere erakutsi zigun. Horrenbeste ari al da gizatasuna galtzen?
Maila guztietan. Efikazia politikoaren izenean, aurrekontuak koadratu behar direlako... edozein aldetatik. Inposaketa ikaragarria daukagu.
ETArena, gaitz baten sintoma --sintoma esan dut, eta ez gaitza bera-- den bezala, Ertzaintzarena ere beste gaitz baten sintoma da, inposaketarena. Ertzaintza dena ez da berez, beste zeozeren adierazpena da. Berdin jokatuko luke Jarrairik edo Yrik ez balego.
Politika honek erabat desumanizatuko gaitu, beraz.
Politika honek bai. Eredu jesuitikoak daude indarrean.
Eta politika hau aldatzeko aukerarik ikusten al duzu?
Aro bortitz batek heldu beharko luke. Tabula rasa egingo lukeen zera bat.
Kanpotar bat etorriko balitzaizu Euskal Herria zer den galdezka, zer azalpen emango zenioke? Nola azalduko zenioke Euskal Herria?
Kubatarrek hala esaten dute: «Sí, ustedes son como nosotros, pero con cien años de retraso». Nik halaxe erantzungo nuke. Hemendik kanpo ezagunak baldin bagara ETArengatik gara, bere on-gaitz guztiekin.
UBEDA, Garbiñe
29-33

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakIZAGIRRE1
PertsonaiazIZAGIRRE1
EgileezUBEDA1Kultura

Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude