Hasier Etxeberria kazetariari elkarrizketa
Hasier Etxeberria: «Arantzarik gabeko larrosarik ez dagoela da programaren funtsa»
Eskamak kentzeari utzi eta albistegietako lan taldean sartu zen duela denboraldi luze bat elgoibartar hau. Ordutik, kulturarekin zerikusia izan dezakeen saio batean ikusteko lehen aukera «Ez dago larrosarik» izenburupean eskaini digu. Lorezain lanera nola moldatzen den ikusteak harrituko ditu gehienak.
ARGIA. Eskamak kentzeari utzi ondoren, informatiboetan denboraldi luzea egin duzu ezkutaturik. Eskamatua horrekin?
H.E. Nire lana egindakoa naiz hor ere. Kultur agenda bat egon naiz egiten astero. Baina egia da nire gustuko alorra ez dela albistegietakoa. Esperientzia bezala, hala ere, interesgarria suertatu da. Oso, gainera. Gertatzen da aukera eskaini zaidan une beretik proposamena onartu eta martxan jarri naizela.
A. Zergatik ez dago larrosarik?
H.E. Atzean mundu bat erakusten duten izenburuak bilatzea gustatzen zaitelako. «Beti eskamak kentzen» emakume kanta bat da, eta segitu egiten zuen, euskotarrei buruz. Hori zen programaren asmoa, gure alde guztiak erakustea. «Ez dago larrosarik»ekin berdin. Oso izen sugerentea da. Inor ez dela perfektoa adierazten du, abestiaren hitzak burura ekartzeaz gain.
A. Larrosa faltan, zer loreren bila orduan?
H.E. Nartzisoak politak dira. Baina loreak asko gustatzen zaizkit; mota askotakoak. Ez da larrosa falta. Arantzarik gabeko larrosarik ez dagoela da.
A. Lore asko botako al dizkiezu gonbidatuei?
H.E. Ez. Neuk ditudan galdera esentzialak egin nahiko nituzke. Eta nire galderak kaleko edozeinenak dira. Patsadaz eta soseguz denoi interesatzen zaizkigun betiko gaiez hitz egitea da asmoa. Ni neu kezkatzen nauenaz. Eta nola ez dakidan, galdetu egingo dut; konfiantza emanez gonbidatuari.
A. Loreena jokoa baino zerbait serioagoa da finean?
H.E. Noski. Azalean geratu beharrean tertulia giroa berreskuratu eta sakontzea da helburua.
A. ETB-1ean uda honetan izango den kultur saio bakarrenetakoa izango da zurea. Arantza zaharren bat kenduko duzu?
H.E. Ez da arantza ateratzea. Ez dut kultur programatzat hartzen, partaide gehienak kultur mundukoak izan arren. Elkarrizketa programa legez hartzen dut. Kultur programa bat egiteko desioak hor darrai, baina ez dago nire esku.
AMAGOIA IBAN
63