«Agur eta kitto, gure arteko bakea posiblea ez dela baldin badiogu»


1994ko otsailaren 20an
Joxe Ramon Treviño apaizari elkarrizketa espetxetik atera ondoren
«Agur eta kitto, gure arteko bakea posiblea ez dela baldin badiogu»
JOXE RAMON TREVIÑO
JOXE RAMON TREVIÑO
Duela urtebete eta zortzi hilabete atxilotu zuten, komunikabideek sona handiz jakinarazi zigutela. Egun asko igaro dira ordutik, baita egoera aldatu ere «apaiz terrorista» deitu zioten gizon honentzat. Hirugarren graduan dago egun Irungo artzapeza. Beste hamar hilabete igaro beharko ditu horrela. Gertaera guzti hauen eraginez, eta beste hainbat gauzaz mintzatzeko, aspaldidanik gordetzen zuen isiltasuna hautsi du.
ARGIA. Eibarren bizi izan zen Joxerrak apaiz egitea erabaki zueneko giro soziala asko aldatu al da?
JOXE RAMON TREVIÑO. Ez dago zalantzarik azken 25 urteetan egoera asko aldatu dela. Nire gaztaroko urte haiek itxaropenez eta ilusioz beteriko urteak ziren. Etorkizunaren aurrean jarrera baikorra eta itxaropentsua zen nagusi. Utopiaren eta idealismoaren bultzada handi bat gertatu zen une hartan. Frankismoak bere azken urteak bizi zituen eta Elizan ere udaberri bat bizi zen. Nolabaiteko sormen eta dinamismo jator bat ezagutu genituen. Kontzientzia sozial sakon eta biziago batez bizi ginen.
Gaur egun, halako atsekabe, etsipen eta eszeptizismo batean sarturik gaude. Lanik ezaren ondorio tristeak, egoera politikoa konpondu ezinean, gure arteko zatiketak eta sakabanaketak, gogorkeriak... Niretzat bi gauza hauek dira tristeenak: ilusiorik eza eta elkartasun eza herri arazoei aurre egiteko.
A. Euskaltzale munduan, zenbait apaizek lan handia egin eta egiten dute. Talde horretan kokatuko al zenuke zure burua?
J.R.T. Euskaltzale izatea norberaren herria, kultura eta hizkuntza maitatzea baldin bada, dudarik gabe euskaltzale sentitzen naiz. Baina esan behar dut kultur lanean ez naizela bereziki sartuta egon. Beti jarraitu izan dut arretaz kultur mugimendua, baina ez zait iruditzen aparteko ekarpenik egin dudanik.
A. Urrestilla izan zen zure kargu egon zen lehen parrokia. Gazteekin lan handia egin zenuela diote bertakoek. Pako Aristi idazleak duela hilabete batzuk idatzi zuen artikulu batean zioen asko lagundu zeniola bere garaian. Zer dela eta gazteekiko atxikimendu hori?
J.R.T. Orduan apaiz egin berria nintzen. Hori dela eta, gotzainak bailarako gazteen pastoraltzaren arduradun izendatu ninduen. Orduan jarri zen martxan sendotzaren prestakuntzaren mugimendu hura. Institutuan ere ordu asko sartzen nituen erlijio irakasle bezala. Beraz, egunero gazteen artean nenbilen. Errazago da nonbait apaiz gazte batentzat gazteekin bateratzea.
Urte haietan hasi zen gazteen eta Elizaren arteko etendura gauzatzen. Giroa oso politizatua zegoen. Nire zerbitzu apala eskaintzen saiatu nintzen orduan. Gazteen mundua eta beren kezkak ulertzen. Ez dut sekula onartu belaunaldien arteko deskalifikazioa . Kennedyk esandakoarekin bat nator: gure gazteek gauza asko dituzte, baina askotan bizitzeko arrazoiak, bizitzaren zentzua, ezin dituzte aurkitu. Horri erantzuten saiatu izan naiz beti.
A. Gero, Irunera heldu zinen. Zure lanak jaso zuen barrutiko gainontzeko apaizen aprezioa, artzapez izendatzean. Hierarkian gehiegi sinesten ez duen pertsona dirudizu, eta kargu bat jaso zenuen. Nola bizi izan du urrats hori Treviño apaizak?
J.R.T. Jende askok gaizki ulertzen du artzapez izatea zer den. Badirudi nik jarri dudala modan deitura hori. Zerbait argitzeko, esan behar da artzapez bat, batez ere, bailarako pastoral bizitzaren bultzatzaile eta koordinatzaile dela. Ez da, beraz, elizbarrutiko gobernu kargu handi bat, askotan esan ohi den bezala. Askoz xumeagoa da.
Nire bizitzan, kargurik inportanteena parrokia honetako erretore izatea da. Dena den, hemengo apaiz eta elizgeek aukeratu banaute artzapezaren zerbitzua egiteko, nigan konfiantza daukatelako izango da. Atxilotu nindutenean ere, handik egun gutxira, berriro izendatu ninduten lan horretarako. Une haietan, niretzat, elkartasunaren eta konfiantzaren ezaugarri eder bat izan zen.
A. Herriaren begirunea ere lortu duzu, zure atxiloketa eta gero jaso ziren erantzunen arabera. Zertan datza zure lana azken urte hauetan?
J.R.T. Zer esango dizut? Ni, beste apaiz askoren antzera, nire lana pozik eta gogotsu bizitzen saiatu naiz, aparteko gauzarik egin gabe. Nire apaiz izaera zerbitzu bat bezala ikusi izan dut beti, nire kristau izaera bizitzeko biderik onena bezala. Auzo-parrokiak beti nahiago izan ditut besteak baino eta, hori bai, denon artean saiatu izan gara parrokia ireki bat egiten, denon laguntzarekin eta denontzat. Hor dago lehentasun bat guretzat. Mundu horretan, drogamenpekoenean adibidez, murgilduak egotea izan daiteke parrokia osoari nolabait egindako erasoaren arrazoia. Horregatik ez zait inoiz falta izan beraien konfiantza eta elkartasuna. Gauzak beren neurritik atera direlako hasieratik, pentsa ezineko arazoa bihurtuz.
A. Gizona eta apaiza izaten jakin duen pertsona zarela diote. Zaila ala erraza da oreka hori mantentzea?
J.R.T. Ez dut dikotomiarik egingo gizona eta apaizaren artean. Niretzat, pertsona izateko erarik onena, kristau on bat izatea da, hau da, Jesusi jarraitzea. Eta une batean, kristau izateko bide jator bat apaiza izatea zela sentitu nuen.
A. Zerk du lehentasuna zure lanean, gizonak _lan sozialak, nolabait esateko_ ala apaizak?
J.R.T. Ildo beretik jarraituz, herriak bizi dituen gora-beheretatik kanpo geratzen den apaiz izatea zer den ez dut ulertzen. Egia da aukeraketa egin dudala eta apaiz eginkizunak betetzen duela nire bizitza, baina ez dut bereizketarik egiten erlijioa eta bizitzaren artean. Batak, bestea gabe, muina galtzen du. Apaiza ez da sakratuaren gizona. Kristau elkartea ez da ghetto bat eta apaizak, edozein kristauk bezala, ezin du jainkoaz hitz egin gaurko gizakiaz hitz egin gabe.
A. Elizaren eraketa eta lehentasunei buruzko kritikak egin izan dituzu, baina beti bertako partaide legez. Horregatik, bide ez erradikala aukeratu duzula mintzatu izan dira. Beste batzuek, bitartean, aurkakoa esaten dute. Zer erantzungo zenieke batzuei eta besteei?
J.R.T. Eliza bihotzez maite dut. Nire familia da, herria eta mundu osoa bezala. Eliza, ordea, ez da Aita Santua, gotzaina edo apaizak bakarrik, askotan ulertu izan den bezala. Nire baitan kontraesanak, akatsak eta bekatuak ikusten ditudan bezala, nire Elizan ere alderdi ilunak ikusten ditut. Baina alderdi horiek ez dute itsusten erabat irudia. Argitasunak askoz ere ugariagoak dira. Horregatik, Elizaren akatsak ikusten ditudanean, maite dudalako, mindu egiten naiz.
A. Jendearekin lanean ibiltzera ohitua, nola bizi izan dituzu espetxeko egunak?
J.R.T. Leku gogorra da espetxea. Barnetik gaizki dagoenari, min handia ematen dio, ez dio ezertan laguntzen. Nik, zorionez, laguntza handia izan dut. Espetxeko lur gogor horretan, sustraiak bota behar dituzu, eta nire baitan ez da ezer mikatzik sartu. Konkretuki, klaseak ematen, jendearekin solasean egoten, irakurtzen, eskutitzak idazten eta otoitz egiten igaro ditut egunak. Oro har, elkartasun handia jaso dut eta asko ikasi dut.
A. Egindako okerrez damutzea kristautasunaren oinarrietako bat da. Zure egungo egoeran, damuak ba al du lekurik?
J.R.T. Bekatariak gara eta egunero damutu behar dugu... Beraz, egunero barkamen eske ari gara. Damutzea eta barkatzea ez da zerbait ona eta beharrezkoa kristauontzat bakarrik. Nire iritziz, gizaki ororentzat da mesedegarri barkamena eskatzea, ematea edo hartzea bezala. Bestela, elkar irentsiz ibiliko gara, etorkizunik, esperantzarik eta maitasunik gabe.
Baina dena ongi egiten ez dugun bezala, dena ere ez dugu gaizki egiten. Horregatik, hemen garrantzizkoena zera da: bihotzez garbi jokatzea, kontzientziz jokatzea... Eta nik, kristau bezala, nire kontzientzia gidatu behar dut ebanjelioaren esanetara. Eta horrela jokatu dudanean, ez dut inongo beldurrik eta damurik behar, nahiz eta beste batzuei horrela iruditu.
A. Euskal Herriko eragile sozial desberdinek, herri honek aspaldidanik bizi duen gatazkari irtenbidea eman behar zaiola diote etengabe. Ikusten al duzu irtenbide posiblerik?
J.R.T. Dudarik gabe. Agur eta kitto, gure arteko bakea eta konponbidea posibleak ez direla esaten baldin badugu. Gure arazoak ez dira konpon ezinak. Bakea posiblea eta beharrezkoa da. Norberak benetan sinetsi behar du hori. Eta norberak bere buruari galdetu behar dio ea zerbait egiteko prest dagoen. Lehenik, borondate ona behar da. Bihotza baketu behar dugu lehenik eta behin, lagun hurkoa anaia bezala ikusi eta sentitu behar dugu. Gogorkeriak alde batera utzi eta elkarrizketak bultzatu behar ditugu.
Bakoitza bestearen egia onartzeko prest egon behar dugu. Geure lekutik pixka bat mugitzeko prest denok. Herriaren onurari begiratu behar zaio, norberaren interesak alde batera utziz, giza eskubideak oinarritzat harturik eginez bidea. Ez da erraza izango, baina posible da, eta nik uste dut urrats batzuk, apalak badira ere, ematen ari direla ildo horretatik. Gure elizbarrutiak Arantzazuko Pake Agirian agertzen du argi asko hau dena. Bakea posible da, eta borondate onez lortuko dugu denon artean.
A. Arazo sozialak ere gero eta nabarmenagoak dira. Apaiz bezala, eliza katolikoak ematen al die irtenbiderik arazo hauei?
J.R.T. Gure mundua zakartuta eta zatituta bizi da. Niretzat, akatsik handiena gure baitan dago, gure indibidualkerian. Norberekoikeria eta agintekeria daude injustizia guztien oinarrian. Tristea da, baina behartsuak, langabetuak, azkenak eta ahulenak, gero eta baztertuago eta bakarrago gelditzen ari dira. Eliza katolikoari denoi gertatzen zaiguna gertatzen zaio: maitasunaren ausardiaren faltan aurkitzen dela batzuetan...
Kosta egiten zaigu txiro izatea, aginterik ez izatea... Ez dugu nahi izaten konpromezurik hartzea. Eliza askotan beldurrez dago, bere zilborrari begira. Baina, berriro diot, hori denok egiten dugu. Hala ere, maitasunezko testigantza ederra ematen ari diren kristau jator anitz ikusten ditut. Gauean bizi gara, baina badira izarrak... Askorentzat gaua luzeegia den arren, badator egunsentia.
Amagoia Iban
34-38

GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakAtxiloketakAtxiloketak
GaiezGizarteaErlijioaEliza katolApaizak
PertsonaiazTREVIÑO1
EgileezIBAN1Politika

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude