«ETBn audientziak agintzen du, baina ez zen horretarako sortu»


1994ko otsailaren 13an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Iñaki Beobideri elkarrizketa
«ETBn audientziak agintzen du, baina ez zen horretarako sortu»
IÑAKI BEOBIDE
Zumaiar hau Donostiara gaztetan etorrita lotu zitzaion kulturgintzari: antzerkia, diskogintza, liburugintza, telebista... Euskal kulturaren esparru gehienak jorratu ditu denbora honetan. Autodidakta bere lan anitzetan, euskal kultura zegoen egoeratik ateratzen laguntzeko jardun du urte luzetan. Gaur egun ETBko ekoizle, oso kritikoa da telebista ereduarekin, baina iritzi gehienak beretzat gordetzea nahiago du.
ARGIA. Nola sortu zen Jarrai antzerki taldea urte latz haietan?
IÑAKI BEOBIDE. 1958 aldera izan zen. Herrietatik Donostiara bilduriko hainbat gaztek genuen euskaraz zerbait egiteko kezka, eta bide errazena antzerkigintza izan zen. Donostiarrak ez ziren batere mugitzen. Antzerkia errezitatzen hasi ginen, taula gainean baino lehen. Zentsurarekin topo egin genuen, zerbait adierazi nahi izaten genuen. Baina itzulpenetan oinarritzen ginen batipat: Ionesco, T. Williams, Ibsen, O'Neill, Durrenmat... Ausardia handia zen, ez baitzegoen horiek prestatzerik. P. Lartzabal, Aresti, Monzon, Ugalde... eta beste euskaldun batzuenak ere eman genituen.
A. Nola erantzuten zuen jendeak?
I.B. Jendea antzerkira etortzen zen, zein talde zen edo zein lan zen jakin gabe. Aretoan bete egiten ziren. Gaur egun behintzat horri begiratzen zaio. Taldean Juan Antonio Arozena, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Gurmendi, Xabier Lete eta beste hainbat ginen.
A. Profesionaltasunera iritsi zineten?
I.B. Ezta pentsatu ere. Guretzat antzerkia aitzakia zen euskaraz gauzak egiten hasteko. Hasieran ez zen arte moduan hartua. Gainera, ez zegoen inor antzerki ikasketak egin zituenik. Gaur egun lehenik ikasketak egiten dira eta gero taula gainera igo. Kanpoko esperientziak bildu egin genituen. Bartzelonatik ere aktore famatuak ekarri eta ikastaroa antolatu genuen Zaldibarren. Federazio baten antzekoa osatu genuen Hego Euskal Herriko 34 taldek eta Ipar Euskal Herriko 12k.
A. Gaur egun antzerki giroa zeharo aldatu da. Gainera, krisian murgildurik dago. Zein iritzi duzu egoera honetaz?
I.B. Herri txiki honetan zenbat jende bizi daiteke profesionalki antzerkitik? Beharrezkoa zen eskola bat sortzea, Antzerti, baina jende gehiegi egin da aktore. Telebistak batzuk bereganatu ditu, baina hogei baino gehiago ez. Bikoizketa, zinema... bide gutxi dituzte. Bestalde, muntaia handiagoak egiten ari dira eta ez dute edozein tokitara joan nahi, ez pilotalekuak, ez plazak... Gainera, gero eta leku prestatu gutxiago dago. Eta ez da kontuan hartzen zein den ikusleek nahi duten antzerki-mota.
A. Erakunde publikoek badute ardurarik antzerki-sare baten antolaketan?
I.B. Frakaso sonatuak izan dira, «Pinpin» adibidez, eta ikusteko dago «Kakatua berdea»ren emaitza. Nire ustez Diputazioak ehun milioi pezeta ematea gehiegikeria da. Obra handiak antolatzen badira, zail da Victoria Eugeniatik ateratzea.
Beste jendea kafe-teatro egiten hasi da, lan errazekin eta kalean egin daitezkeenak. Ikuslearengana hurbildu behar da. Herrietako talde eta talde munstroen artean diferentzia handiak sortzen ari dira. Goi mailako talde bat izan behar da, espezializatu eta beste herrietako taldetxoen formazioarekin konprometitu beharko lukete.
A. Zer gertatzen da Ipar Euskal Herrian?
I.B. Hemengoa baino folklorikoagoa da eta ez da bilakatu, trufa egiteko teatro erraza baino ez da. Jendea, berriz, joan egiten da nahiz eta lana ikusia izan. Alde honetan ez bezala, hangoa ez da profesionala.
A. Garai hartako kultur egoera egungoarekin konparatzerik badago?
I.B. Euskal kulturgintzako hainbat arlo jorratzen hasiak dira: artea, kantagintza berria, arkitektura, dantza... Mugimendu garrantzitsua da, borrokabide zen guretzat. Guk ere sentitzen dugu 68ko Maiatza gure inguruan. Borrokatzeko beharra nabari zen. Etsai bat zegoen eta bazegoen zeren alde borrokatu.
Gaur egun borrokatzea ez da hain erraza. Ez dago nori aurre egin. Orduan ez zegoen profesionaltasunik, orain ordea denak profesionalak dira, baliabideak daude. Normala da bilakaera, eta espezializazio handia eman da, lehen ez zegoena. Gazte izanik ausardia genuen denetatik egiteko, batere ez jakin arren. Kalitatez hobetu da, baina indibidualkeria edo taldekerian erortzen ari gara, nor bere aldetik jardunez. Kezka gutxiago sumatzen dut, gose eza; orduan behar gehiago zeuden eta honezkero dena antolatuta dago. Kulturgintza babestuegi dago. Lehen metroak korritzen hasi ginen arlo guztietan eta erraz antzera zen.
A. Espetxea jasan ondoren, diskogintzan sartu zinen.
I.B. Herri Gogoa abiatu egin zen musika herrikoia bildu eta kaleratzeko eta euskal kantariei ere euren kantuak argitaratzeko. Euskal aberastasun bat bildu eta kaleratu genuen eta dena agortu egin zen. Kaleko jendeak babestu zuen proiektu hau. Eta hemendik argitalpen mundura jauzia.
A. Hainbeste lanetan ibili eta hainbeste kultur arlo jorratu eta gero, nola definituko zenuke zeure jarduna?
I.B. Egin, betetzear zeuden esparruak jorratu, bultzatu, lagundu, bideak jarri. Orain ez daude zulo horiek, baina lehen dena egiteko zegoenez, edozein lanetarako prest egoten ginen.
A. Diskagintzatik telebistara eman zenuen jauzia.
I.B. Nahitaez jorratu beharreko eremua zen telebista. Hasieran telebista piratak egitea pentsatzen genuen. 1980an jadanik hasiak ginen ETB izango zena zehazten. Labaienek deitu zidan aholkulari gisa. Talde bat prestatzen hasi beharra zegoela sumatu genuen. Lehen lana eskola bat antolatzea izan zen, ez baitzegoen profesionalik.
A. Telebista eredu bat eraman da aurrera hamabi urte hauetan. Ekoizle izanik, zein iritzi duzu ETBren kalitateaz?
I.B. Teknikoki eta profesional mailan aurrerapen handia egin dela uste dut, eta sekulako baliabideak ditu. Azken batean, audientziari makurtu beharrak agintzen du telebista guztien nondik norakoan. ETBn audientziak agintzen du, baina ez zen horretarako sortu. ETB diru publikoarekin zertarako sortu zen gadetzen dut, beraz. Audientziarik ez badago euskara ez dela normalizatuko esango didate, futbola ere horretarako ona dela, baina agian futbola egunero emateko ez zen ETB sortuko, nahiz eta bere inguruko publizitateak dirua ekartzen duen. Ikusle aldetik kultur programek ez dutela arrakastarik esaten dute; eta ihes egiten laguntzen duten programak hobesten omen dituelako, katea pribatuen programazio kaskarrari jarraitzen zaizkie.
A. Zein joerak dituzte hemengo ikusleek?
I.B. Antena-3n, Madrilen, hemen inon baino zaletasun handiagoa dagoela mahainguruak eta informazio saioak jarraitzeko esan zidaten, badirudi sakonerako joera handia dagoela. Hala ere, dibertsio hutserako telebista-eredua bultzatzen ari dira, konpetentzia egin ahal izateko. Horretarako diru publikoa erabili?
A. ETBn zer motako programak bultzatuko zenituzke?
I.B. Kultur programek, «Balinda» kasu, badute jarraitzailerik, ez dira audientzi kopuru handiak, baina beti izaten da ikusle leialik. Telebista publikoa izanik izango luke funtziorik, gizartean dauden hutsuneak asetzen: kultur programak, elkarrizketak, mahainguruak... Eta ETB-2 beharrezkoa ikusten dut, lan-eremu zabala duela euskalduntzerako, Euskal Herriko herri erdaldunetako jendea euskal mundura hurbilarazteko, herria bera integratzeko... eta hortik ETB-1era hurbiltzea euskaldundu ahal izateko.
A. Barne-ekoizpenari dagokionez, hainbat enpresarekin egiten dira subkontratak programa berriak egiteko. ETBk ez luke barne-ekoizpena burutzeko ahalmenik izan behar?
I.B. Telebistaren arriskua da handitzen joan eta azkenean bere burua jatea. Dena barnetik eginik, erredakzioak badu gaitasunik urtean hainbat programa egiteko, baina hurrengo urtean zer? Ikuspegi eta ideia berriak behar dira. Kanpoan ibiliz, ideiak jasotzen dituzu eta aukeratu egiten duzu. Ideia falta nabarmena dago azken urteetan.
Gainera, telebista zenbat eta handiago izan, orduan eta errazago jango du Administrazioak. Hori da arriskua, eta telebista publiko guztietan gertatzen da. Ideiak eta programak batetik, bigarrenik ekoizpena eta hirugarrenik baliabide teknikoak dira telebista osatzen duten zutabeak, eta orain arte beti gertatu izan da Administrazioak _laugarren zutabea_ beste hirurak jan egin dituela, jabetu egiten dela. Diruak agintzen du. Pribatuek seguruenik askatasun handiagoa izango dute.
A. Telebista kate mailako aniztasunaren aldekoa zara, beraz
I.B. Dudarik gabe, telebista pribatuei esker, publikoa ez da munstro bat bilakatzen, eta programaketa aldetik, eskaintza ezberdina izan behar dute. Garbi dago publikoek beti ere baliabide handiagoak dituztela.
A. Hamalau urte hauetan zer eman dizu telebistak?
I.B. Oraindik asko dago egiteko, baina lasaitasun bat izatea lortu dut, euskal esparruan ahalik eta gehien sakontzen eta bultzatzen ahalegindu naizelako.
A. Badirudi amateur mailan edota profesionalean, harrotu dituzun arlo guztietan ekoizle lana burutu duzula besteen gainetik.
I.B. Hala da, hasieratik antzerki lanak aukeratu, itzuli, prestatu, makinaz pasatu eta abar egiten ibiltzen nintzenetik horixe izan da neure lana, euskal kulturaren arlo ezberdinetan zeuden hainbat gabezia asetzeko baliabideak jartzea. Arazo handiena da, nire ustez, ezjakintasunagatik bidean topaturiko hainbat hesi eta ate itxi nola iragan ez asmatzea.
Ritxi Lizartza
34-38

GaiezKomunikabidTelebistaETBBesteak
GaiezKulturaKulturgintz
PertsonaiazBEOBIDE1
EgileezLIZARTZA2Komunikabid

Azkenak
Dozenaka mila lagun Tel Aviveko kaleetan “gerra amaitu eta bahituak askatzeko”, eta Netanyahuk “Hamas indartzea” leporatu die

Gaza Hiria osorik okupatzeko onartu berri duten planaz kezkatuta, milaka israeldarrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari exijitu die Hamasekin akordio batera iristeko "gerra amaitu" eta zerrendan dituzten bahituak aske uzteko. Herrialdeko lehen... [+]


Hainbat pertsona atxilotu dituzte eraso sexistak leporatuta Bilboko Aste Nagusiko lehenengo bi egunetan

Bilboko Aste Nagusian hainbat pertsona atxilotu ditu Poliziak eraso sexistak leporatuta. Egoera horren aurrean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du Polizia "eraginkorra" dela eta Bilbon "inoiz baino polizia gehiago dagoela".


2025-08-18 | Dabid Martinez
Metaren eta adimen artifizialaren kolonialismo digitala

Drop Site News hedabideak (botere-abusuak mundu mailan agerian jartzeagatik ezaguna) argitaratutako ikerketak interneten bilakaeran kezka sortu beharko lukeen joera baten adierazle den albistea argitaratu du. Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den Meta multinazionalak [+]


2025-08-18 | Sustatu
ZelaiHandi, euskarazko testuen korpus handi eta (ia) libre bat

Orain NLP hizkuntza teknologietako euskal enpresak euskarazko testuen korpus handi bat jarri du sarean, Hizkuntza Eredu Handien (LLM) eta Adimen Artifizialeko ekimenen biltegi nagusia den Hugginf Face baliabidean. ZelaiHandi du izena.


Denon lepotik barre egin dute beste behin ere Donostiako Piratek

Eta, honekin bai, honekin amaitu da Donostiako Aste Nagusia! Piratei aste bete motz geratzen zaiela eta, egun bat gehitzen diote Aste Nagusiari. Aurten hogeigarren urtez jarraian egin dute Irrikitaldia. 


Sozialismorako Mugimenduak Bolivian agintzeari utziko dio 20 urteren ostean, eskuinari lekua utzita

Igandean eginiko presidentetzarako hauteskundeetan berretsi da ezkerreko koalizioaren porrota eta eskuinaren gorakada: PDC Alderdi Kristau Demokratikoko Rodrigo Paz Pereira senatariak eta Jorge Quiroga presidente ohiak (2001-2002) lehiatuko dute presidentetza... [+]


2025-08-18 | Behe Banda
Autosalaketa

Komisaldegian paper batzuk eman dizkidate. Izerdi tanta bakarra dakit bekokian behera bularreraino, piztu aire girotua, mesedez. Parrandan ondoegi pasatzearen asuntoak, hurrengo goizean galdutakoak salatu beharra. Inozo aurpegidun munipa batek hurrengo asterako zita eman ahal... [+]


Urkulluk gogorarazi du Txikik eta Otaegik errespetua merezi dutela biktima aitortuak direlako

Iñigo Urkullu lehendakari ohiak adierazi du Txiki eta Otaegi Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktimak direla, eta hala "errespetua" merezi dutela. Haien biktima izaera ezin dela zalantzan jarri azpimarratu du.


2025-08-18 | Leire Artola Arin
Salpress berri agentzia
El Salvadorko gerrillaren arma ezkutua

Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]


11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Eguneraketa berriak daude