«Jose Ramonek Joxe Lontxok baino malezia handiagoa du»


1993ko ekainaren 13an
Jose Ramon Soroiz aktoreari elkarrizketa
«Jose Ramonek Joxe Lontxok baino malezia handiagoa du»
JOSE RAMON SOROIZ
Donostiako Alde Zaharrean aspaldidanik ezaguna zen aurpegia, euskaldun guztion lagun bihurtu da Joxe Lontxo izenez astelehenero telebistan agertzen zaigun Jose Ramon Soroiz. Antzerkian urte anitz eman ondoren, orduerdiko saio batek eman dio arrakasta. Bat-batean harrapatu du ospeak, baina horretara ohitzeko, gauza guztietara bezala, nahikoa da denbora pixka bat ematea.
ARGIA. Nor da Joxe Lontxo eta nor Jose Ramon Soroiz?
J. RAMON SOROIZ. Joxe Lontxo «Bi eta Bat»eko pertsonaia bat da. Mutil ona da. Zintzoa, inuxente xamarra, maleziarik gabea. Onegia mundu honetarako. Gauzak etortzen zaizkion eran egin eta botatzen ditu. Uste dut positiboa dela, gertatuak gertatu, beti aurrera begiratzen baitu. Konplejo asko ere baditu Joxe Lontxok, eta uste dut horregatik egin dela oso ezaguna, ikusle asko bere egoera eta beldur berdinen aurrean sentitzen direlako beren eguneroko bizitzan.
Jose Ramon Legorretako semea da. Normala, arrunta da. Bere arazo eta istorioekin, aurrera ateratzeko asmoarekin. Joxe Lontxok baino malezia handiagoa du, baina ez izugarri.
A. Jende askok telebistan sortutako aktorea zarela uste du, baina aspaldidanik ari zinen zu antzerki munduan.
J.R.S. Hori da hemengo aktoreei gertatzen ari zaiguna. Garbi dago, hemen antzerkian oso ona izanda ere ez zara oso ezaguna egiten. Telebistan agertzea nahikoa da, nahiz eta erdipurdiko programa bat izan, kalean jada jendeak ezagutzeko. Hamazazpi urte izango dira antzerki munduan hasi nintzenetik.
A. Antzertirekin utzi zenuen Liceoa.
J.R.S. Lehen promozioa atera zenean «Gure herria» obra muntatu zuten, eta zuzendariaren ezaguna nintzenez, niri eskaini zidaten papertxo bat, aktore bat falta zutela eta. Hor izan zen profesionaltzeko erabakia hartu nuenekoa. Duela zazpi urte.
Obra hori utzi eta Bederen-1 taldearekin aritu nintzen, Ttanttakarekin ere bai. Gero «Ama begira zazu» atera zen. Elena Irureta eta Kontxu Odriozolak gidoi bat egin zuten eta Mikel Garmendia eta biok aukeratu gintuzten bi pertsonaia maskulinoak egiteko. Fenomeno bat izan zen. Antzokiak bete egiten ziren. Horren ondorioz, Eneko Olasagastik eta Carlos Zabalak, «Bi eta Bat» sortzean, guretzat idatzi zuten gidoia.
A. Hala ere, lehendik ere telebistan lana egina zinen.
J.R.S. «Don Don Kikilikon» eta «Bai Horixe!»n egin nuen lan. Aipatuko nuke azken saio honetan, Juan Miguel Gutierrezen zuzendaritzapean, euskal aktore askok telebista kamera aurrean nola aritzeko oinarrizko ereduak ikasi ditugula. Uste dut HABEkoek atal berriak egin beharko lituzketela, hizkuntza maila altuagokoak, jendeak ikasten jarraitzeko.
A. «Ama begira zazu»ko harrijasotzailearengandik edota Joxe Lontxogandik zaude gertuago?
J.R.S. Hemengo pertsonaia bat da harrijasotzailea. Hemengo harrokeria punttu fantasiosoa du. Hemen guztiok gara astakirten xamarrak. Gustukoa nuen pertsonaia hori. Aktore bezala ere oso luzitua zen.
Joxe Lontxo ere hemengo pertsonaia da. Ni non nagoen? Ni naiz horiek egin dituena. Jose Ramonek ez du Joxe Lontxok bezala pentsatzen edo ez du harrijasotzaileak duen harrokeria punttu hori, baina pertsona fisikoa neu naiz.
A. «Ama begira zazu» eta «Bi eta Bat»i, zure lanik arrakastatsuenei, umore errazaren formula erabiltzea leporatu diete.
J.R.S. «Ama begira zazu»ko esketxak topikoak dira, eta garai bateko antzerkia egin genuen, baina hasiera batean obra hori herri txikietako antzokietara eramateko pentsatu genuen. Gero Donostiako Antzoki Zaharrean bukatu genuen, baina hori ez genuen pentsatu. Nahi genuena egin genuen eta punto! Badakigu hori ez dela neurria, hortik aurrera joan behar garela, baina horrekin lortu da, inongo anbiziorik gabe, jendea antzerkira jaistea.
Umore erraza? Geure buruaz barre egin behar dugu, eta horretarako istorio sinpleak dira egokienak. «Bi eta Bat» erraza? Telesail iparramerikarrek ere antzeko umorea erabiltzen dute. Errazena izan ala ez arrakasta du, eta uste dut askotan gehiegi konplikatzen dugula antzerkia. Obra zailak egin nahi izaten ditugu, eta gero konturatzen zara ez duela merezi, badaudela gauzak esateko, baina ez dugu gidoirik, ez dirurik.
A. ETBn aurpegi berak ikusten dira beti. Zer gertatzen da horrekin?
J.R.S. Joan den astean Aktoreen Batasuneko jaialdian 33 esketx zeuden, eta hauetako bi besterik ez ziren euskaraz egin. Aktoreak, egon, bazeuden, baina gero gauzak horrela antolatzen dira. Casting bat egiterakoan ere, zuzendari gehienak erdaldunak direlako, erdaraz egiten dira. Euskaldunzaharrak 25 besterik ez gara. Beste 25 bat euskaldunberriak dira, baina horiei belarrian min egiten dutela esaten zaie, euskara jatorra ez dutela egiten eta. Lana egiten da, baina arrazoi hau dela eta gero jendeak esaten du euskara ez dela zaintzen.
Telebistan berdin. Aurpegi berriak behar direla... Baina ez daude. Eskatzen diren baldintzak, euskaldunzaharra izatea, aktoreak izatea... 25ek baino ez ditugu betetzen. Horrela, beste sailen bat egiten bada ere, ez dago aktore berririk. Ezinezkoa da, edo aktoreak ez direnengana joko da. Eta ez dakit zein izango litzatekeen irtenbidea. Hala ere, errespetu pixka bat exigituko nuke urteetan profesional gisa aritu garenontzat. Apustu bat egin dugu lan hori aukeratzean eta gurekin kontatu behar da.
A. Zergatik ez zaizu gustatzen arrakasta?
J.R.S. Mundu guztiari gustatzen zaio jendeak kalean zu ezagutzea. Baina batzuetan itolarria ere ematen du. Prentsarekin badut punttu bat ez naizela fidatzen. Nire segurtasun falta izan daiteke, edo beste zerbait, baina beti izan naiz nahiko zorte beltzekoa prentsarekin. Mikel Garmendiak esaten zidan: «Irakurri al duk egunkaria? Hartzak eta begira zer jartzen duen». Jose Ramon Sordiz, edo Ramon Soria, edo Joxe Maritaz hitz egiten zuten beti. Inoiz ez zuten asmatzen nire izenarekin.
Bat-batean denek deitzen didate. Askotan ez dut telefonoa hartu ere egiten. Badakit jendeak jakin nahi duela zer pentsatzen duen Joxe Lontxok gauza askotaz, baina ez dut gustukoa. Beti nago kezkatua zer esan dudan eta zer esan behar nuenaz. Beldur asko ditut. Ez dut disfrutatzen.
A. Ez al dizu beldurrik ematen bat-bateko arrakastak?
J.R.S. Telebista oso arriskutsua da. Batean ikaragarri ona zara. Hurrengoan pixka bat pattal bazaude, jendea segituan ahazten da zutaz.
A. Hala ere, zure mundua antzerkia izan da orain arte. Zer maila du euskal antzerkiak?
J.R.S. Uste dut inori inbidiarik ez izateko moduko maila dugula. Arazoa euskara maila da. Baina uste dut hori beti izango dela arazo.
Behar dugun gauza bakarra lana da, eta gure proiektuak aurrera ateratzeko erraztasunak. Orain proiektuak goitik behera datoz, eta aktoreen ekimenetan ez da konfiantzarik. Agintariei eskatuko nieke konfiantza gehixeago izatea aktoreengan, eta esertzea beraiekin gutxienez ideiak ezagutzeko.
A. Instituzioek zer paper betetzen dute horretan?
J.R.S. Gehiegirik ez. Orain Gipuzkoako Diputazioak badu proiektu bat Orain eta Ttanttaka taldeekin. Dirua bildu eta obratxo bat egingo da. Aktore asko pasatu gara casting horretatik. Irailean egingo da. Gero esaten da hori ez dela bidea, hortik ez dugula joan behar... Ez dakit. Lanpostu bat da, eta lanpostu bat den bitartean hartu egin behar da eta aurrera. Proiektua hor dago, eta gero ikusiko dugu zer azterren ateratzen dugun jendearen erantzuna ikusita. Kultur politikarik gabe gabiltza.
Kultura Sailak ere egin duen gauza bakarra txatalak jartzea izan da. Dirua ematen du, baina taldeei ez zaie irtenbiderik ematen. Zirkuiturik ez dago emanaldiak egiteko. Jaialdiena da aukera bakarra. Aktoreen Batasunean bada kezka hori, aurrera begirako irtenbideak aurkitzeko...
A. Iparraldea sartzen al da aurrikuspen horietan?
J.R.S. Hori da betiko eztabaida. Han amateur mailan aritzen dira. Nik neuk ez daukat inolako loturarik hango taldeekin. Badaude taldeak, baina beste mundu bat da. Beste maila batean gaude azpiegitura aldetik. Hasi beharko dugu maila horiek bateratzen.
A. Zinemara pasatuko al zinateke?
J.R.S. Egingo nuke gustura, eta ibilia naiz, baina oraindik ez nago aukeratzeko moduan. Eskainiko balidate, baietz esango nuke. Dena den, hemengo zuzendariak berriak dira, eta ez dakite beren ideiak nola gauzatu. Hala ere, Eneko eta Mikel filme bat egiteko asmotan dira, Kubara joanak. Hor papertxo bat badudala uste dut, eta beraiekin oso gustura lan egiten dut. Telebistan, aldiz, aukeratuko nuke. Adibidez, ez nuke saio berri bat hasiko jendeak Joxe Lontxo ahaztu arte.
A. Komedia bakarrik jorratzeko aukera izateak ez al dizu beldurrik ematen?
J.R.S. Uste dut komediarako gaitasuna badudala, baina nahiago nuke beti tonto papera ez egitea. Hala ere, hori aukeren arabera da, eta orain arte aukera gehienak komediarakoak dira.
Amagoia Iban
34-38

GaiezKulturaAntzerkiaAktoreak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAktoreak
PertsonaiazSOROIZ1
EgileezIBAN1Kultura

Azkenak
EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude