«Txapelketa bat irabazteko atxikia egingo nuke, noski»


1993ko apirilaren 04an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ruben Beloki pilotariari elkarrizketa
«Txapelketa bat irabazteko atxikia egingo nuke, noski»
RUBEN BELOKI
Bigarren Mailako Txapelketaren finalean iskanbila bortitzen zurrunbiloan murgilduta egon zen burlatar gazte hau. Profesional legez jokatu behar duen lehen Banakako Txapelketa hastear dagoela ere iskanbila gogorra piztu du Asegarcerekin kontratua sinatzeko hartu duen erabakiak. Guzti hau alboratu eta txapelketan zentratu nahi duela dio. Lan horretan diharduela aurkitu dugu bere jaioterrian, Burlatan.
ARGIA. Pilotari nafarrak dira egungo pilota txapelketetako jaun eta jabe. Desberdinak al dira Nafarroako pilotariak? Hala balitz, zein litzateke desberdintasun hori?
RUBEN BELOKI. Ez dut uste desberdinak garenik nafarrak izateagatik. Arrazoia, nire ustez, asko garela da. Gipuzkoan, adibidez, pilotari asko daude, baina Nafarroan askoz ere gehiago. Kopurutik kalitatea ere ateratzen da. Hala ere, pilotari asko gauden arren, ez pentsa figura asko daudenik. Garai batean bai sortu zirela izar gehiago: Bergara, Bengoetxea... Horiek artista hutsak ziren. Oraingo jokalariak, ordea, defentsa lanetan gehiago aritzen dira.
A. Jenero berezi horretako azkena Retegi eta bere adinekoak direla esango zenuke?
R.B. Dudarik gabe. Retegi, Bergara eta Bengoetxea dira mota horretako azken jokalariak. Gazteen artean asko gustatzen zaidan jokalaria Mikel Unanue da. Bera ere estilo berekoa da, eta berarekin oso gustura aritzen naiz.
A. Zer nolako harrera eskaini dizute pilotari beteranoek?
R.B. Ez dut inongo arazorik izan. Lehendik ere ezagutzen nituen. Mundu berezi samarra da. Pilotari handien artean bakoitzak bere izaera du eta batetik bestera ezberdintasun handiak topatzen dituzu, baina jendearekin oso ongi moldatzen dira.
Diotenez lehen okerrago zen, askoz ere zailagoa, profesional munduan sartzen ziren gazteek beldurrez ibili behar baitzuten.
A. Gizarteko arlo guztietan ustelkeriaren gaia pil-pilean dago. Pilotan ere antzekorik gertatzen al da?
R.B. Apustuak eta dirua tartean dauden unetik ziur zerbait egonen dela. Beti egon da mamu beltz hori. Hala ere, lehen orain baino askoz gehiago zela pentsatzen dut. Bakar batzuen esku zegoen negozio guztia. Orain jende berri asko sartu gara eta zerbait garbitu delakoan nago. Orain ustelkeria gutxi dago.
A. Jende berria sartu dela aipatu duzu. Patxi Eugi eta zu bezalako gazteen sarrerak zaletasuna berritu duela uste al duzu?
R.B. Noski. Guk nahi izan ala ez. Frontoiak betetzen hasi dira eta mutiko gazteek eredutzat ikusten gaituzte. Pilota eskolak orain gaztetxo askorekin dabiltza.
A. Zer nolako harremana daukazu Patxi Eugirekin, pertsona eta jokalari arloak desberdinduta?
R.B. Pertsona aspaldidanik ezagutzen dut eta oso lagunak gara biok. Jokalari mailan, ordea, ezberdinak gara. Bera, nahiz eta aurrelaria izan, ez da niri dagokidan jokalari mota. Nik aurrelari erasotzailea behar dut eta Patxi ez da horietakoa. Horregatik nik banekien binakakoan ez genuela aukera askorik. Baina tira... oso gazteak gara. Dena den, oso lasai geratu gara egindako lanarekin.
A. Orain burua banakakoan jarrita.
R.B. Jakina. Binakakoa jokatu arren, pilotari guztiok banakakoan dugu burua, dudarik gabe. Txapelketa honek eragin eta arreta askoz handiagoa izanen du.
A. Norainoko aukerarekin ikusten duzu zeure burua txapelketa horretan?
R.B. Egia esan, ikastera noa gehienbat. Eskailera sistema erabiltzen da eta ni behealdetik abiatzen naiz aurten, normala denez. Hala ere, partidu bat edo beste irabazteko aukerarekin ikusten dut nire burua, baina arerio gogorrak ditut hasieratik. Printzipioz oso lasai irtengo dut. Ni beti izan naiz banakako jokalariagoa binakakoa baino.
A. Nola ikusten du Ruben Belokik enpresen arteko liskarra?
R.B. Enpresen arteko konpetentziak ere zerbait ona ekarri du. Orain pilotari batek eskaintza gehiago ditu eta hobe ordaintzen diote, aipaturiko konpetentzia hori dela medio. Baina aurkako ondorioak ere baditu, interes gerra bat egon baitaiteke publizitatearekin eta abar; Bigarren Mailako Txapelketaren finalean gertatu zen antzera. Partidu oso garrantzitsua zen niretzat eta oso erreta amaitu nuen. Hainbeste istiluk ez dio ezer onik ekarri pilotari.
A. Hala ere, Banakako Txapelketa hasterako bi aste eskas besterik falta ez zirenean, Asegarcerekin kontratua sinatu zenuen, horrek ekar zezakeena jakin arren.
R.B. Asegarcek pilotaren etorkizuna beste era batera planteatzen du. Pilotariari Gizarte Segurantza eskaintzen dio, fitxa bat, dirusaria partidu bakoitzeko... Tratua ere askoz hobea da. Talde bezala bizi da enpresa. Kirolari profesional bezala ikusten gaituzte, eta hori ez da ohizko enpresetan ematen. Betiko enpresak horregatik dira hain beldur. Orain arte dirua barra barra irabazi dute pilotarien kontura, pilotariei etekinik ateratzeko aukerarik ere eman gabe.
Asegarcek diru asko sartu du, etekinak ateratzeko, noski, baina pilotariaren interesak ahaztu gabe. Hori pilotarien arteko giroan ere antzematen da. Asegarcekoak askoz ere lasaiago ibiltzen dira. Ez dute inolako errezelo arrarorik enpresarekin.
Guzti honegatik sinatu dut enpresa honekin, beldur izan arren. Asko kostatu zitzaidan erabaki hori hartzea. Banekien istiluak sortuko zirela, baita kritikak jasoko nituela ere; baina esan behar da gehienek zorionak eman dizkidatela. Gustura nago hartu dudan erabakiarekin.
A. Profesional alorreko batzordeak Asegarceri arrazoia eman dio txapelketa aurreko bilkuran. Nola baloratzen duzu hori?
R.B. Logikoa iruditzen zait. Orain parekatuagoak daude Asegarce eta beste enpresetako jokalari kopuruak, eta horren arabera negoziatu behar dituzte partiduak. Duen garrantzia onartu zaiola uste dut, ez gehiago ez gutxiago.
A. Banakako Txapelketa lortzea ez da Bartzelonako Joko Olinpikoetan domina bat irabaztea. Zer esanahi du bakoitzak zuretzat?
R.B. Zalantzarik ez desberdinak direla. Bartzelonako domina sinbolikoa izan zen, eta atzera begiratzean, oso polita den oroitzapen bezala gogoratzen da. Baina pilotari bati izena ematen diona eskuz banakako txapela da. Galarzak, adibidez, ez du sekula binakako txapelketa irabazi, baino banakakoa bai, eta horrek eman dio ospea. Hori da ikusleen buruan geratzen dena.
A. Apustuek eta oihuek baldintzatzen al zaituzte jolastean? Hau da, ba al du eraginik zugan jendeak dirua zure alde edo kontra jokatu duela jakiteak?
R.B. Badira lekuak _Eibar eta Bergara, adibidez_ non jendea pilota partiduak ikustera baino dirua jokatzera joaten den. Toki horietan asko baldintzatzen dute jokalaria. Baina ezin zara presioak jaten utzi, bestela erotzeko modukoa izango bailitzateke. Zeurea egitera jo behar duzu eta txistuak eta oihuak kanpoan utzi.
A. Beloki Burlatarentzat Indurain Atarrabiarentzat bezala al da? Nola begiratzen dizute orain herrian?
R.B. Hemen asko estimatzen naute, baina ez dut uste Indurain Atarrabian ikusten duten bezala ikusten nautenik. Jendeak berdin begiratzen dit, nolakoa naizen badaki eta. Agian ezagutzen ez nindutenek errezelo pixka batekin begiratzen didate. Baina ni ez naiz aldatu.
A. Pilota Europara saldu al daiteke Estatu Batuetara saldu zen antzera?
R.B. Baietz uste dut. Baina agian asko aldatu beharko litzateke. Gaur egungo medioekin ezin da partidu bat ongi eskaini. Bartzelonako Olinpiadetan, adibidez, frontoiak berdeak ziren eta pilotak zuriak. Horrela, pilota askoz ere hobeto bereizten zen. Gainera, telebista kamerek oso angelu bitxietatik hartzen zuten jokoa. Txapa azpian, adibidez, kamera zegoen eta bertatik irudi ikusgarriak lortzen ziren. Jendeari erakargarria gerta dakiokeenaren alde nago.
A. Zein lirateke aipatu dituzun berrikuntza horiek?
R.B. Txapelketa garrantzitsu gehiago antolatu, tenisaren antzera, janzkera aldatu, partiduak telebistaz eskaintzeko era desberdinen bat aurkitu... ETBk hala egin zuen, baina enpresak ohiturari oso lotuta daude eta horri eusten diote gauzak dauden moduan uzteko.
A. Zer zor dio egungo pilotak ETBri?
R.B. Asko. Partiduak telebistaz igortzearen ondorioz pilotarako zaletasuna asko zabaldu da. Pilota jende askoren artean hedatzea lortu da eta kirol hau frontoi eremu itxitik ateratzea ere bai. «ETB kantxa» saioak iaz audientzia handienetarikoa izan zuen, eta jendeak oso gustura hartu zuen.
A. Zorionekoa zarela uste al duzu?
R.B. Oso. Nik izan dudan zortea ez du edonork ukan. Une onean nago. Ongi jolasten ari naiz eta dirua ordaintzen didate gustatzen zaidana egiteagatik.
A. Egia al da Labrit pilotalekua zure bigarren etxea dela?
R.B. Oso gustura jokatzen dut bertan. Egunero han entrenatzen naiz eta neurria oso hartua diot. Gainera jendea oso ongi portatzen da gurekin eta asko maite gaitu.
A. Nor gustatuko litzaizuke laguntzaile bezala bizitzan?
R.B. Ni neu. Nire laguntzailea izatera heltzea gustatuko litzaidake baina badakit oso zaila dela. Dena den, beti da ona norbait alboan izatea aholku emateko. Pilotan, adibidez, mundu guztiak ematen dizkizu aholkuak ezer jakin gabe. Putre asko dago inguruan.
A. Egingo al zenuke atxiki bat txapelketa bat irabazi ahal izateko?
R.B. Izugarrizko atxikia egingo nuke. Baita bi ere, beharrezkoa balitz.
A. Retegi-Galarza gaur, Eugi-Beloki bihar?
R.B. Bide horretatik doa baina ez dut uste gutako inork izango duenik Julianek edukitako izaera sendoa. Gainera, Retegik lortu dituen txapelak ez ditugu lortuko ezta bion artean ere. Onena izan da.
A. Aurtengo txapelketarako irabazlea?
R.B. Ez da erantzun erraza. Oso irekia ikusten dut. Galarza eta Retegi, noski; baina Arretxe ere ez nuke ahaztuko. Aukerarekin ikusten dut.
Iñigo Herce
34-38

GaiezKirolaPilotaPilotariak
PertsonaiazBELOKI5
EgileezHERCE1Kirola

Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude