«Euskal musika eromen bat da, eta agian hor eroenak kantariok gara»


1993ko otsailaren 28an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Anje Duhalderi elkarrizketa
«Euskal musika eromen bat da, eta agian hor eroenak kantariok gara»
ANJE DUHALDE
Ezaguna da Euskal Herri osoan. Hogei urte eman ditu bere lana ezagutarazten. Baina kantari soil bat baino askoz ere gehiago da Anje Duhalde. Euskal musika mundua astindu zuten talde esanguratsuenetako batean parte hartu zuen, eta bakarlari gisa eman ditu bere azken urteak. Rocklari zaharrak ez direla inoiz hiltzen dio kantu batek. Honek ez du gogo gehiegirik behintzat oraindik.
ARGIA. Hogei urte bete dituzu musika munduan murgildurik. Hori dela eta disko bat grabatu behar duzu zuzenean. Baina beste zerbaitegatik ere grabatuko da disko hau.
ANJE DUHALDE. 20 urte hauenak niretzat ez du garrantzirik. Iaz, Baionako ikastolako guraso batzuekin hitz egiten, guraso horietako bat duela hogei urte Baionan eman nuen nire lehen emanaldiaz gogoratu zen. Hori hari bezala hartuz, adierazi nahi genuen plan bat behar dela Baionako antzokia lortzeko. Antzoki hori askotan itxia dago euskal kantariontzat.
A. El Fuego taldearekin hasi zinen jotzen lehen aldiz.
A.D. 60ko hamarkadan izan zen. Garai hartan oso dinamizatzailea izan zen hemen Iparraldean. Hasiak ginen hemen Elvis Presley eta Eddie Cochran entzuten. Gero Beatles, The Kinks, Rolling Stones... Hori zen nik garai hartan nahiko nukeen kultura eta ezinezkoa nuena. Ezin genituen diskoak erosi, eta ni hasia nintzen bateria jotzen. 16-17 urte nituen, eta Santestebenek proposatu zidan beraiekin jotzea dantzaldietan. Oso urte emankorrak izan ziren. Ia dena euskaraz egiten genuen, eta esan daiteke hori egin zuen lehen taldea izan zela. 70eko hamarkada hastear zegoen.
A. Hala ere Errobigatik ezagutzen zaituzte.
A.D. Oso ongi bereizten ditut dantzaldi mundu hori eta kontzertuetakoa. Bakoitzak bere balioa eta funtzioa ditu.
A. Astakeria al litzateke Errobi lehen euskal rock taldea dela esatea?
A.D. Ez, errealitatean hala delako. Uste dut bazirela beste talde batzuk bide hori urratzen zutena, baina ezagunak ez zirenak. Gure atzetik laster hasi ziren beste batzuk. Koxka, adibidez.
A. Michel Ducau izan zenuen taldekide urte horietan. Zertan da garai hartako harremana?
A.D. Berarekin bakarrik hasi nintzen, baina laster talde bat osatu genuen. Hori ere beste eskola bat izan zen. Beti genbiltzan beste zerbaiten bila. Horrek beste estilo bat sortzera bultzatu gintuen. Kantatzeko, musika egiteko era desberdina erabiltzen hasi ginen, eta agian hori da gure arrakastaren arrazoia. Ordura arte ez zegoen hori egin eta ezaguna zen beste talderik.
Uste dut talde bat mantentzea oso zaila dela. Talde batek bizitza bat dauka, ikusleei eskaintzen ez zaiona, ezkutua. Bizitza horretan batzuetan garrantzi handia ez duten gauzek gero eta garrantzi handiagoa hartzen dute. Azkenean, ideologia mailan, kontraesan asko zeuden gure artean. Hala ere, zerbait bete genuen. Gure zirkuluari buelta bat eman genion eta hor geratu zen.
A. Itzultzen saiatu zineten ordea.
A.D. 1985ean izan zen. Baina badakizu, hautsa bihurtu dena ezin da berriro gorpuztu. Saiaketa hori hasieratik zegoen frustratua. Zerbait behar da gauza onak egiteko, eta ez genuen sentitzen. Hala ere, gure diskorik onenetarikoa dela uste dut.
Berak bere bidea jarraitzen du. Gaur hemen, bihar han... Hori bere ikusmoldea da. Ni nire airera nabil eta ez dut uste ezer egin daitekeenik. Agian bil gaitezke, baina afaltzeko soilik.
A. Garai horietan Jaime Yarritu izeneko gizon bat agertu zen zure bizitzan. Xoxoa disketxean egiten zuen lan eta zuek berarekin atera zenituzten zuen talde diskoak. Zer gertatu zen disketxe horrekin?
A.D. Esan behar da disketxe hori hasiera batean kooperatiba bat zela. Yarritu hor zebilen. Hastapen batean nahikeria zintzoa zuen. Jaialdietako baldintzak hobetzeko sortu zen. Gero enpresa bat bihurtu zen, eta disko onak atera ditu.
Ez dakit zer gertatu zen. Gu artista batzuk ginen, besterik gabe. Asko lagundu ziguten zuzeneko diskoa atera genuenean. Baina porrot ekonomikoa zela eta desagertu egin zen.
Yarritu aipatu duzu. Tipo xelebre horrek gauza asko egin ditu ekonomikoki. Batzuk onak eta asko txarrak. Komunikabideetan ere azaldu da bere izena auzitan jarria, eta uste dut Espainian bizi dela. Hor konpon.
A. Elkarlan asko egin dituzu zure bakarlari urteotan. Amurizarekin eginikoa da ezagunena.
A.D. Harrituta geratu nintzen Amurizak nik bere bertso paperak musikatzea pentsatu zuenean. Beldurra ere eman zidan, baina oso ongi atera zen eta oso gustora nago.
Beste alde batetik, eskema asko apurtzea lortu nuen. Hemen kantariek beren txarteltxoa dute. Honek estilo hau, horrek bestea. Eta niri asko gustatzen zait despistatzea. Neure burua, batez ere.
A. Garai kritikoa izan zen zuretzat Errobiren desagerpenaren ondorengoa.
A.D. Oso gogorra izan zen niretzat hori onartzea. Bost urteko lana ezin da erraz ahaztu. Psikoterapeutikoa zen disko bat egin nuen. Egia esan gaur egun orduko gauza batzuekin ados nago. Psikoanalisi garaia ongi atera zitzaidan.
A. Akelarreko garaiak nola gogoratzen dituzu?
A.D. Oso urte onak izan ziren. Jendearekin oso harreman sakonak izan nituen, eta Euskal Herri osoa ezagutu nuen.
A. Urte horietan zehar belaunaldi aldaketa bat gauzatu zen.
A.D. Belaunaldiak aldatu diren ber, gizakiak ere bai. Gertatzen dena da jende gehiena ez dela konturatzen. Niri ere pasatu zait hori. Garai batzuk oso gogorrak izan dira niretzat. Kostatu zait nire izena aurrera eramatea. Jendea era batekoa zen Errobirekin aritzen nintzenean, eta rock radical izenekoa agertu zenean gu hor geunden. Beraiek mugimendu sozial bat ziren.
Ni hor tartean nabil. Askotan ez dakit hor zer egiten dudan ere. Jende horrekin. Ikusleak ikusten ditut eta nire seme-alabak izan zitezkeela bururatzen zait. Horrek bere alde onak eta txarrak ditu, baina gehienetan oso pozgarria izaten da.
Gainera etorri zaidan zerbait da. Nik probokatu ez dudana. Aurretik pentsatu ez dudana. Jende bat badago gertakariak aldez aurretik ikusteko ahalmenarekin, baina ni ez naiz horietako bat. Jendeak gauza bat espero badu, beste bat eskaintzea gustatzen zait.
A. Betidanik izan duzu askoz ere arrakasta handiagoa Hego Euskal Herrian Iparraldean baino. Hori zuk eragin duzulako izan da edo bestelako arrazoiren batengatik?
A.D. Gauzak hara edo hona zuzenduak ez ditut egiten. Nik kantu batzuk egiten ditut. Gertatzen dena da pertsonalki konpromezu batzuk hartu ditudala _amnistiaren aldeko mugimenduarekin eta AEKrekin, adibidez_. Gainera, errealitate bat da Hegoaldea dela hemen jende gehien duena. Saiatzen naiz muga hori ez ezartzen, eta ez da erraza, baina hori kontrolaezinezko gauza bat da.
Zergatik dudan arrakasta gehiago han hemen baino? Ez dakit erantzuten. Hala ere hemen nahiko onartua naiz. Han jaialdi gehiago egitearen arrazoia azpiegiturakoa besterik ez da. Han askoz ere aukera gehiago daude.
A. Ez ote da Iparraldeko musikagintza pixka bat Errobiren garaietan ezagutu zen arrakastan geratu?
A.D. Egia da une hauetan sorkuntza mailan musika Hegoaldetik datorrela. Horren arrazoia ez dut ezagutzen. Hemen taldeak badaude. Baina dinamika gehiago izan da beti Hegoaldean, baita Errobiren garaietan ere.
Egia da hemengo taldeek izugarri arazo dituztela Hegoaldeko merkatuan sartzeko. Kalitatea ere izango dute hemengoek. Ez dut ulertzen zergatik ez dagoen azpiegiturarik hemengo taldeak ezagutu daitezen.
Hala ere hori belaunaldi kontua da. Agian hemendik gutxira hemen sortuko da dinamika, Hegoalderantz. Gainera, Hego zein Ipar Eusakl Herrian, disko oso onak egiten dira, baina oso kantaldi gutxi ematen dira. Badirudi hautaketa bat egin dela eta hor geratzen garela batzuk, 80etako eromen horren ondoren. Oso gutxi geratzen gara eta gainera badirudi taldeen joera banatzearena dela. Euskal musika eromenean dabil, eta agian gu gara, eromen horretan barne, eroenak.
A. Orain hain modan dagoen fusio musikarekin egindako lehen saiaketetako bat zuen «Ametsaren bidean» izan zen. Garai hartan xelebrekeria izan zen.
A.D. Uste dut saiaketa guztiak onak direla. Beste gauza bat da zer ondorio izaten dituzten. Errealitate bihurtu behar dira. Uste dut Tapia eta Leturia eta Kepa Junkeraren saiaketak horregatik direla hain garrantzitsuak. Trikitiak behar zuen astindu bat, bertsolaritzak bezala. Azken honetan sortua da dagoeneko astindua. Azkenean dena pop musika da. Nahasketaz sortzen baita. Nik beti egin izan dut pop musika. Rocka bere baitan dago.
A. Rock radical vasco aipatu duzu lehen. 1987an kritika gogorrak zuzendu zenituen mugimendu hori osatzen zuten hainbat talderen aurka. Kritika horrek ba al du arrazoirik oraindik?
A.D. Agian nire kritikek beren ondorioa izan zuten. Euskara ikasi eta erabiltzen hasi baitziren. Kortaturi zuzendu nizkion batez ere nire kritikak. Egia da Kortatu fenomeno bat izan dela, Euskal Herri eta Europa mailan. Ez da kontraesan bat garai hartan kritika egin eta orain harreman onetan egotea beraiekin.
Baina zer da euskal musika euskararik ez badago? Beti esan izan dut hori. Nire kritika euskaraz ez egitearen aurka zegoen zuzendua, ez zegoen arrazoi pertsonalengatik bultzatua.
Beste gauza bat da musika gustatu ala ez. Talde ideologikoa dela? Eta zer? Protesta kantarien garaia ez da bukatu. Herri hau nola dagoen ikusita horrek ez du logikarik. Ni ere saiatzen naiz hori egiten.
A. Izan ere, betidanik izan duzu kantari politikoa izatearen txarteltxoa.
A.D. Jende askok uste du kantariak ezin gaitezkeela politikoak izan. Nire ustez politika gure ingurumena da. Gure bizitzaren zati bat. Eta ez da batere demagogia egiteagatik. Errealitate bat da, behar bat. Ezin ditut begiak ireki gauza batzuetarako eta beste batzuetarako itxi.
A. Bertso irakaslea ere izan zara.
A.D. Euskara bultzatzen duten ekimenek beti nire onarpena dute. Beti izan dudalako gustoko mundu hori. Hemen zerbait egin behar delako. Eta ni hemen nintzela Xanti Iparragirrek bere lana utzi egin behar izan zuen eta nik hartu nuen. Ez daukagu medio askorik. Hemen ekimen asko sasi-kultura bat bezala ulertzen dira, eta guk hori, sasi-kultura hori, bultzatu egin behar dugu. Bertsolaritza hor sartzen da baita.
A. Azken aldian kazetari lanetan aritzen zara Gure Irratian.
A.D. Oso gustora nago. Nire burua ez dut hortik kanpo ikusten. Beti euskararen aldeko lanean sartzen dudalako. Zutik atxiki behar dugun zerbait da, eta horretan nabil.
Amagoia Iban
30-34

GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakDUHALDE1
PertsonaiazDUHALDE1
EgileezIBAN1Kultura

Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude