«Legebiltzarrean Euskeraren Legea aldatzea aritmetika kontua da»


1992ko azaroaren 22an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
J.M. RODRIGUEZ OTXOA
«Legebiltzarrean Euskeraren Legea aldatzea aritmetika kontua da»
Nafarroako Gobernuko Hizkuntz Politikarako zuzendari nagusiak, Jose Maria Rodriguez Otxoak, lehen urtea bete du bere karguan. Besteak beste, Estebe Petrizanek utzi zuenez geroztik emandako urratsez eta egun Euskararen Legea aldatzeari buruz sortu diren espektatiben inguruan mintzatu gara berarekin.
ARGIA. Bizitza osoa eman duzu ikasi nahiz irakasten.
J.M. RODRIGUEZ OTXOA. Zortzi urte eman nituen Iruñeko apezgaitegian, 1947tik aurrera. Salamancako Unibertsitatean teologia ikasketak egin eta Erromara joan nintzen. Ondoren, Jerusalemera jo nuen ikasketa biblikoetan sakontzeko. Doktoretza Salamancan egin eta handik berriro Erromara Itun Zaharrari buruzko tesia egiteko.
A. Horretan datza horrenbeste hizkuntza menderatu izana?
J.M.R.0. Hizkuntzen ezagupena beti funtzionala izan da, ikasketak burutzeko grekera, hebraiera, arameoa, arabiera, latina... Gero alemana, ingelesa –nire emazteak nazionalitate estatubatuarra dauka–, frantsesa, italiera...
Iruñean hasi nintzen irakasle, Itun Zaharra eta hebraiera emanez. Donostian, Gasteizen... gero berriro oposaketen bidez Iruñeko institutuetan latin irakasle.
A. Zer dela eta hasi zinen euskara ikasten?
J.M.R.O. Betidanik izan dut euskararekiko nolabaiteko zorrik, neure burua euskalizaletzat jotzen nuelako, baina 50 urte bete arte ez nintzen horretan ahalegindu. Nire ustez, euskaraz mintzatzen ez den edozein nafarrek gabezia nabaria du bere baitan. Bere sustapena Nafarroan betidanik interesatu egin zait.
A. Nola hurbildu zinen politikagintzara?
J.M.R.O. Ez dut inoiz jarrera politikorik erakutsi. Neure irakasle lanera mugatzen nintzen. Baina kargu hau eskaini zidaten eta hartu egin nuen.
A. Zein izan da Hizkuntz Polititarako Zuzendaritza Nagusiak, zure ardurapean, bete berria den lehen urtean eginiko lana?
J.M.R.O. Bere ardura euskararen normalizazioa da, Euskararen Legearen arabera arautua. Dudarik gabe, Petrizanen garaia gogorrena izan zen, proiektuak orduan eman baitzituen lehen urratsak. Guri errazagoa izan zaigu. Berak martxan jarri zituen hainbat programarekin jarraitzen dugu.
Baina bide berriak ere ezarri ditugu: Foru Administrazioa euskalduntzeko euskaltegia zabaldu dugu; urtero 1.000 ikasle inguru pasatzen dira. Gobernu foralak dituen departamentu bakoitzari egokitutako plangintza antolatu dugu, administrazio mailan euskarazko zerbitzuak izateko eta zerbitzu hauek euskaraz nahiz erdaraz aukeratzen dituen edozein herritarrek behar duen atentzioa jaso dezan. Osasunbidearekin hasi gara eta, dagoeneko, Gizarte Ongizatearekin ari gara lanean. Herri mailako administrazioan lanean ari diren funtzionarien euskalduntzeari ere ekin diogu. Ekintza kultural ugari...
A. Baina egiten ari zareten lan hau Euskararen Legeak ezarritako hiru eskualde linguistikoen -euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna– mugak errespetatzen ditu, edota Nafarroa osora hedatzen da?
J.M.R.O. Legea errespetatzen dugu, beraz, eskualde euskaldunean funtzionariak euskaldunak izatea lortu nahi dugu, eta lanpostu deialdiak horren arabera egin. Bestalde, Iruñea hiriburu administratiboa denez gero. hiru eskualdeetak biztanleak etortzen dira hori dela eta, gure administrazio zerbitzuak euskaraz ere izatea bilatzen dugu.
A. Beraz, zein eskubide dituzte beren herrian eskualde ez-euskalduneko euskaldunek?
J.M.R.O. Guk legea bete besterik ez dugu egiten. Lizartar batek–eskualde mistokoa–herri administrazio euskalduna topatzea da helburua; tafallar batek, ordea, ez du horretarako aukerarik eta, legea aldatzen ez den bitartean, gure helburuetatik kanpo gelditzen da.
Irakaskuntza mailan, eremu ez euskalduneko 5 ikastolak–Irunberri, Tuteara, Sartaguda, Lodosa eta Biana– 50 milioi pezeta jaso dituzte eta beste bik, Tafalla eta Zangotza, Nafarroako sare publikoaren eskubide osoak dituzte. Bestalde, aipagarria da Biana bezalako herri batean ikasle erdiak baino gehiagok D eredua aukeratu dutela.
A. Zein da zure ikuspegia Euskararen Legeari buruz?
J.M.R.O. Legebiltzarrak, EAren proposamen baten arabera, batzarde bat osatu zuen legearen aldaketaren komenigarritasuna aztertzeko. Alderdi bakoitzak bere ikuspegia eman du. Allik esan berri duen bezala, ni ere ez naiz jarriko legea aldatzearen aurka. Alderdien esku dago aldatzea.
A. Baina HPZNk ez al du bete aholkularitza lanik?
J M.R.O. Gure ardura da, noski, eta arlo teknikoko hainbat txosten egin ditugu. Datuei dagozkien txostenak kaleratu dira, baina HPZN ren ikuspegia (eraginak, balorazioak, soluzioak... ) azaltzen duten txostenak konfidentzialak dira.
A. UPN Nafárroako Gobernura iritsi zenetik, euskararen gainean PSNren garaian egiten ez ziren adierazpenak egin dituzue Allik eta euskeraren hedapenean ardura duzuen agintariek. Zein mailatan egon gaitezke itxaropentsu horren aurrean?
J.M.R.O. Hainbat urrats ematen hasi gara, adibidez, sindikatuekin sinatutako akordio baten bidez, langileek eta alderdi nahiz sindikatuetako ordezkariek euskara ikasteko aukera izatea, azpiegiturak ezartzea. Baina urrats kualitatiboa, neure ustez, euskal eremuan funtzionariei euskararen ezagupena exigitzea izan da. Gainera, 1989ko legearen arabera, eremu mistoan ezagupen horrek lanpostu banaketa erabaki ahal izango du. Hau oso garrantzizkoa da, baina orain arte bazterturik utzi dute. Eta guzti horretarako AEK eta lKArekin hitzarmenak prestatu ditugu.
A. Zer eragin du sindikatuekin izenpetutako akordioak?
J.M.R.O. Euskal eremuan hizkuntzaren ezagupena derrigorrezkoa duten administrazio lanpostuak zehaztea, eremu mistoan gauza bera eta, azkenik, Iruñeko Administrazioan gai diren pertsonei beren lana euskaraz betetzeko funtziorik aurkitzea. Gure ikerketaren ondorioa da euskaldun ez dena lanpostu horietara joaterik ez izatea. Beraz, orain arte adibidez Lesakara joan den sendagile ez euskaldun batek, birziklatzeko aukera izan behar du. Eta hemendik aurrera plaza hori euskaldun batek bakarrik bete ahal izango du.
A. Lau urte bete dira Euskalerria Irratia legez kanpo lanean ari denetik, emititzen hasteko lizentziak banatu zirenetik. Ez al da ikusten euskarazko irratiren baten beharrik? Ezin al da lizentzien banaketa egungo beharretara egokitu?
J.M.R.O. Zalantzarik gabe. Honezkero makina bat bilera egina naiz Mikel Bujandarekin eta badakit oraindik auzitan daudela. Ez dakite nola bukatuko den baina ezkor dira. Euskararen Legea ez dago honen aurka: lizentzien banaketari dagokion arazo administratiboa da. Neure ustez Iruñerrian egun euskarazko emisorarik izatea oso positiboa izan daiteke eta dirulaguntza eman diegu. Baita beste herri-emisora batzuei ere: Aezkoa, Elizondo, Sakana eta Lekunberrikoa.
A. Zein motatako harremanak daude EAEko Hizkuntz Politikarako Idazkaritza Nagusia eta Nafarroakoaren artean?
J.M.R.O. Joriak dira: bilerak, proiektu komunak (Nafarroa osorako bide seinaleak elebidun izatea, euskal toponimia aztertzea...) antolatzea eta abar. Hitzarmen bat egin nahi genuke, Iparraldearekin ere bai, lan bera egiten dugulako; Akitania, Nafarroa eta EAEren artean Euskararen Sustapenerako Protokoloa dagoelako. EAEn, Administrazioaren euskalduntzerako Herri Arduralaritza Euskal Erakundearen lana ezagutzen dugu, eta bertako partaide batt izango dugu hemen irakasle. Azkenik, EAEko eta Nafarroako datu soziolinguistiko bateratuak kaleratuko ditugu.
A. Euskal Autonomi Elkartean, HIPIN eta EKBren artean bilerak egin dira, herri mugimenduen eskatizun kulturalak eta Eusto Jaurlaritzaren ahaleginak bateratzeko. Nafarroan, Oinarriak kolektiboak ere Gobernuarekin kontaktuak izatea eskatu du. Zertan dira egun harreman horiek?
J.M.R.O.Maiatzean jardunaldi arrakastatsuak antolatu zituzten. Dirulaguntzaz lagundu genien. Hizkuntz politikari buruzko mahaingurua antolatzeko ere laguntza eman genien... Oso baliotsuak izan dira harremanak, baina ez dugu beste proiekturik jaso. Hala ere, edozein egitasmo bideratzearren laguntzeko prest gaude. Herri talde eta erakunde publikoen artean enfrentamentuak ekidin eta, era berean, ahalegin horiek bateratu egin nahi ditugu.
A. Gai nagusietako bat euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea da. Honi buruz, J.M. Satrustegik esan zuenez, Estatu osoan Nafarroa da kasu bakarra, bi hizkuntza izan eta ofiziala bakarra duena.
J.M.R.O. Iritzi guztiak errespetatzen ditut. Eremu euskaldunean bada ofiziala. Bestalde, Europako Kartak baztertu egiten du ofizialtasunaren arazoa. Nire ustez, ez da batere eragingarria ofiziala izatea. Irlandan, adibidez, gaelikoa hizkuntza ofizialtzat hartua izan da, baina hala ere ia desagertu egin da. Konponbidea ez dago legeetan, herriaren erantzunean baizik. Horren arabera normalduko da.
A. Baina legeriak erakunde politikoen ekimena baldintzatzen du, eta horrela, ofizialtasuna Nafarroa osora hedatuta, egungo euskal eremutik kanto dauden ikastola, euskaltegi eta abarrek berebiziko laguntza izango lukete.
J.M.R.O. Baina egungo legeriaren arabera egiten dugu geure lana, horretara mugatu behar izaten dugu.
A. Beraz, Euskararen Legea da gakoa. Alderdi abertzaleek legea murritza dela adierazi eta aldatzearen aldekoak agertu dira. Zuk legea alda daitekeela uste duzu ?
J.M.R.O. Nire iritziak ez du gehiegi axola. PSNk bestelako proposamena agertu du, baina, hala ere, PSNk eta EAk agertutako jarrerak moderatuak dira, minimoetan oinarrituak. Kontsentsua lortzea –zenbat eta zabalagoa orduan eta hobe Nafarroarentzat– oso garrantzitsua da, ahal den neurrian beste garai bateko minak, amorruak eta zauri zaharrak saihestu. Legebiltzarrean aldatu eta lurralde osoa gutxienez mistoa izateko, Euskararen Legea aldatzea aritmetika kontua da. Bestalde, orain errazagoa izango da kontsentsurik izatea, euskara zatikatzeko oinarria izan beharrean, bateratzeko izan dadin.
A. Nola laburbilduko zenuke, beraz, zure lana?
J. M. R. O. Nire ilusioa nafar ororen onerako lanean aritzea da eta, gizartearen beraren bilakaeraren arabera euskararen garapena sendotzea.

NORTASUN AGIRIA
Urantzian jaio zen, 1935eko maiatzaren 20an
Ikasketak zirela eta, hizkuntza klasiko ugari ikasi zituen
Urte askotan apaiza izana da
Emazte jamaikarrarekin hitz egiteko ingelesa ikasi zuen
Iruñeko institutu askotan irakasle aritua
Duintasun intelektualagatik 1985ean euskera ikasten hasi zen
Irakasle garaiko lasaitasuna faltan sentitzen du

Ritxi Lizartza
22-26


GaiezHizkuntzaEuskaraNormalkuntzHizkuntz poNafarroa
PertsonaiazRODRIGUEZ2
EgileezLIZARTZA2Hizkuntza

Azkenak
Gazara martxak bere helburua mantentzen du Egiptoko Gobernuaren errepresioaren gainetik

Egiptoko Poliziak militante ugari atxilotu ditu ostiralean, eta hainbat zauritu eragin, protesta oztopatzeko saiakeratan. Nazioarteko martxaren antolatzaileek adierazi dute aurrera jarraituko dutela, eta datozen orduetan erabakiko dituzte hurrengo pauso zehatzak.


Euskadi nazioa da

2025eko Aberri Egunean, Imanol Pradales lehendakari jaunak “Euskadi Nazioa da” eta “hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin, ez izan zalantzarik”, ozenki esan zituen.

Euskalduna naizen aldetik,... [+]


Sader-Profersaren Zorrotzako lantegien jarduera etetea eskatu dute auzokideek osasuna kaltetzen duelako

Auzo elkarteak, herri mugimenduak eta ekologistak batu ziren asteazkeneko kontzentrazioan. Lantegien jardueraren amaiera itxaroten ari dira duela hamar urte.
 


Landaguneen despopulazioa
Perotx oinetxea birgaitu, Nafarroako Urraul Goiti biziberritzeko

Nafarroako landa gune asko daude despopulazio arrisku larrian eta horietako bat da Urraul Goiti Pirinioaurreko bailara. Hango Adoain herrian biztanle bakarra bizi da iraunkorki eta 93 urte ditu. Han da ere Perotx oinetxe zaharra eta berau birgaitzeko herri ekimena abiarazi dute.


Tunisiatik Gazara abiaturiko ‘Al Soumoud’ auto-karabana geldiarazi dute Libiako Sirte hirian

Asteartean pasa zuten Tunisia eta Libiaren arteko muga, ondotik Egiptora sartu eta bertatik Gazara heltzeko asmoz. Berez, Libiako autoritateen babesa jasota du ekimenak, eta jarrera horri segika bidea berriz irekitzea galdetu diete poliziei antolatzaileek.


Israelen erasoaren aurrean, Iranek mendekua iragarri du eta 100 bat dronerekin erantzun du

Israelek Iranen aurka orain arte egindako aire eraso gogorrena egin du ostiral goizaldean, Leon operazioa-rekin. Erasoan, Israelgo Armadako 200 bat gerra hegazkinek hartu dute parte eta kalte handiak eragin dituzte Iraneko nuklear programa garatzeko eta misil balistikoak... [+]


Bilboko San Frantziskon ertzainek egindako eraso bat ikertzen ari da Segurtasun Saila

Erasoa Bilboko kale horretako ile apaindegi batean egin zuten maiatzean. Erasoa grabatua izan zen eta auzokideek salatu zuten.


Agus Gorbea, Gazako martxatik deportatua
“Martxak ezin badu aurrera egin, beste alternatiba batzuk jarriko dituzte martxan; zerbait egingo dute ziur”

Gazarako Martxara bidean, Kairoko aireportuan atxilotu zituzten euskal herritarren artean dago Agus Gorbea, eta momentuz deportatu duten bakarra izan da. Euskal Herrira bidean dagoela erantzun ditu ARGIAren galderak.


2025-06-13 | Irutxuloko Hitza
Palestinaren aldeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian

Palestinako herria pairatzen ari den genozidioa salatzeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian asteburu honetan, larunbatean eta igandean. Garibai kaleko 19. zenbakian egingo dute elkartasun ekintza.


Israel gosea arma gisa erabiltzen ari dela salatu du Nazio Batuen Batzar Orokorrak

Espainiako Estatuak eta Palestinak bultzatuta, 146 herrialdek alde bozkatu dute, 12k kontra eta 19 abstenitu dira. Ebazpenak Gazako sarraskia eta Israelen hedapena Zisjordanian salatu ditu eta nazioarteko ebazpen judizialak betetzea eskatu.


Zer egin Lemoizko zentral nuklearragaz?

1984an, Lemoizko zentral nuklearrak bere ateak betirako itxi zituen, konpondu gabeko urteetako gatazka eta zauriak atzean utzita; zentralaren azpiegitura ia berdin mantendu da, eta gertatutakoa, isilpean iraun du. Orain, tokikoek hainbat proiektu proposatu dituzte Basorda kalako... [+]


Eguneraketa berriak daude