"Binakako saio librea da bertsolaritzaren gailurra"


1990ko irailaren 30an
Xabier Amurizari elkarrizketa.

XABIER AMURITZA
"Binakako saio librea da bertsolaritzaren gailurra"
Lehendik ere pentsatuta zeukan eten bat egitea, etapa berri bati ekiteko. Alaba jaiotzearekin batera berriz hasi denetik gai-jartzailedun saioei uko egin eta libreko saioak egitera mugatu du bere jarduna. Oso gustora ageri da aurtengo udako esperientziarekin. Gustora eta bideak urratzeko gogoz. Solasaldi luzea izan dugu, afari, trikitixa demostrazio eta guzti, Andikonako etxe baketsuan.
ARGIA. Urte t'erdi isilik. Kontaiguzu nola joan zaizun.
X. AMURIZA. Ondo. Alde batera zaila izan da, ez da broma, eta aurrerantzerako ere, badakizu, gogorra. Egon beharra. Beste alde batetik, bertsolaritzari begira oso ondo etorri zait. Beste etapa batera pasatzeko etena egiteko balio izan dit, bestela ez bait nuen erraza izango erabakita neukan eten hori egitea.
Apur bat gogaituta ere banengoen, gauza berari bueltaka. Nik ikusi nahi nuen moduan nire burua ez nuen ikusten bertsotan, eta beste modu batera enfokatu nahi nuen, beste etapa berri bat hasi. Hortik aparte, neke objetiboa ere bai. Bertsolaritzako ibilera nahiko gogorra da, urte mordo batean ibiliz gero eta norbere buruari exijentzia piska batekin soinean kezka apur bat badaramazu, gogorra da.
ARGIA. Zertan dago gogortusun hori?
AMURIZA. Asko kantatzea tokatu ezkero, ez dagoela asko eta ondo egiterik. Eta niri eskas ibiltzea ez zait gustatzen. Agortu egiten da, bolada luzeetan makina txiki baten moduan aurkitzen zara baina rodamentuak ez dabiltzala ondo konturatzen zara.
Gero jendearteko nekea dago. Nahiz eta enroilatzen jakin, jendeartea ez zait gehiegi gustatzen. Jendeartea oso monotonoa da, oso betikoa, oso kargantea. Egun bat eta bi ondo dago, baina urtetan... Jendea jendea da eta beti pertsona berak balira aldatuko litzateke hartuemana, baina nola beti desberdina den, beti jende bezala erantzuten du. Hartuemana ez da pertsonala, jendeartean zabiltza, burrundararekin. Beti gauza berdinak esaten. Eta kargantea da. Beti armoni edo eufori giroan ibili behar duzu. Gainera inguruko jende asko edanda egoten da apur bat, eta hori gogorra egiten zait luzera.
A. Ze diagnostiko egiten diozu une honetako bertsolaritzari?
X. A. Nik uste dut bertsolaritza estankatuta dagoela. Honekin ez dut esan nahi bertsolaritza gaizki dagoenik, eh? Bertsolaritza ondo dago, baina bere direkzioa, mugimendua, uste dut estankatuta dagoela. Jendeak ez dakiela nora joan behar duen. Bertsolariek berek ez dakite, eta geuk ez badakigu, bertsolari ez direnek ezin digute esan.
Nik uste kezka badagoela, ez dela bakarrik ondo, ibiltzea eta saio asko egitea, nora goazen galdezka ari gara, eta egiten den bertsolaritza moldeaz kezka badago. Ez naiz joaten horrelako jaialdietara baina somatzen dut batzuk ez dabiltzala oso gustora, zenbait jokuan harrapatuta bezala dagoela.
A. Ze akats ikusten dituzu egoera horretan?
X. A. Piramidearen irudia erabiliko dut. Beste jardun guztietan bezala bertsolaritzak gailur bat behar du eta gero goitik behera zabalduko da oinarriraino. Dena ez da gailurra, dena ezin da berdindu, bertsolari maila guztiak ere ez.
Gailurra libreko bertsolaritza da, gai-jartzailerik gabeko bertsolaritza zuzena. Besteak ondo daude, baina gailurra falta bada, etxeak ez dauka itxurarik. Eta une honetan gailurrik ez dago. Edo horrelako desenfoke bat dago, espektakularitatearen bila bertsolari askorekin gaiak jarrita egindako saioak dira nagusi, hori kuadrila bat eraman eta espektakulo modura montatzea da baina bertsotan egitea ez da hori. Gailurra, bertsotan egiteko modalitate printzipala, izan da eta izango da, librea, eta batez ere biren artean egiten dena. Hori da bertsolaritzaren dialektika.
Uste dut azken aldian entzuleen buruetatik brujularen orratza aldatu dugula. Bertsolaritzak libretik joan behar du, eta neuk behintzat hortik egin nahi dut. Bertsotan egiteko momenturik haundiena, ederrena, zein da? Bik librean saio inprobisatu eder bat egiten dutenean. Hori da ziklismoan tourra jokatzea bezala, edozein ziklistarentzat gailurra.
A. Beste egoera honetara zergatik iritsi gara?
X. A. Inprobisatu beharrak autodefentsara garamatza beti, eta autodetentsak inertziara jotzen du. Bestela ere nahiko problema baditu bertsolariak eta segurantza minimo batzuen bila joan da, bakoitzak gehiegi arrriskatu gabe garantia batzu lortzeko. Libretik babes bila joan gara, gaitzagoa delako. Lehen, gerra aurretik eta ostean, argiago zegoen bertsolari bati zer eskatzen zitzaion, baina orain ez dago hain argi, publikoa askoz heterogeneoagoa da. Eta ez da hain samurra horri erantzutea.
A..Gaiak jarrita ere ez.
x. A. Gaiekin ere zaila, hori. Horregatik egiten da horrelako artifizio bat, bati eta besteari gusto emateko gaiak tartekatuz. Hori pupurri bat da baino barruko hari hori, hilazio hori falta du. Hilazio horretan ideala izango litzateke denak harrapatzea inprobisazioaren hidez. Zerbait denetara iristen bada haina batusun batean, hori da lorpena. Gehiago eskatzen da eta hori afrontatzeko batetik gai izan behar du eta bestetik ausartu egin behar da. Asko bildurtu egiten dira. Lortzen denean, horrek ematen duen satisfaziorik ez du ezerk ematen.
A. Maila eta planoen nahasketa dagoela esan ohi duzu...
X. A. Plano asko daude bertsolaritzan. Gailurra binakako librea dela garbi eduki behar dugu, hor jarri interes nagusia eta direkzioa. Ez du esan nahi hori bakarrik egin behar denik. Gero, zenbat dira horretarako gauza? Hor ere plano asko daude, batzuk beren probintzian, edo eskualdean, edo giroan... Binakako gailur horretan, Euskal Herri osoan, trankil, nonahi konfiantzaz eta garantiaz egiteko modukoak ez dira asko. Ezin dira asko izan. Hau ez da artalde bat, ehun ardik ez daukate norabiderik. Makinaria honetan denak ez gara pieza berdinak, batzuk gorago eta beste batzu beherago gaude. Elkartasun faltsuak kalte egiten dio bertsolaritzari, gregorismotik irten beharra dago. Asuntoa bertsotan egitea da, ez kofradia bat izatea.
A. Bertsolari asko dago, saio asko ere bai.
X. A. Bai, eskari asko dago eta hori poztekoa da. Baina euskal gizartean indarrean dagoela eta ez gaitezela egon hau jauja delakoan. Hau eraman egin behar da, eh? Beharbada beti ez da horrela izango, bertsozaletasun kritikoagoa ere etor daiteke.
A. Saioetan ez al da gehiegi jotzen arlotekerira eta teatrora errekurtso bezala?
X. A. Azken bi urtetan saio mota horretan ibili ez banaiz ere, lehen ere somatu izan dut bai arlotekeria edo nabarmenkeriarako joera. Puntu bateraino normala da. Baina jendeak arlotekeriaz gozatzea ez da seinale ona. Hori xaxatzerik ez zait interesatzen. Beste gauza batzuen barruan apur bat hortik egitea, ondo, arrisku bat da, baina puntu batean ni lotsatu egiten naiz.
Eta ni ibili ez naizen azken urtean ez dut uste asko aldatu denik, uste dut gehitu egin dela asunto hori. Beharbada norabide ezak bultzatu du apur bat. Gero, diote jendeak hori eskatzen duela. Baina jendeak zer eskatzen duen bakarrik ez da, hik zer eskaini nahi diok jendeari? Hori da kontua.
A. Bertsolariak espedientea betetzera doaz plazara?
X. A. Bai, baina zer egingo duzu ba besterik gai-jartzailedun koadrilako saioetan? Nik ere hori egiten nuen. Igual kantatzen dituzu hamar bertso bakarrik, lehenengo biak trabes etorri, konpontzeko aukerarik ez, gutxi kantatzen duzu, zatika, agintzen zaizun papera... Gehienera papera bete, batzutan hori ere ez. Betetzea ez da hain zaila. Librean askoz gehiago nekatzen naiz. Lan zailagoa da. Eta ezingo nituzke saio asko egin egun gutxitan, egiten diren bezala. Libreak nekatu egiten nau baina satisfazioa ematen du, besteak nekatu ez baina frustratu.
A. Librean egiteko aurretik informazioa jasotzeak ze garrantzi dauka?
X. A. Librekoa ez da bide berria. Publiko konkretu batentzat kantatu behar duzu, eta bere testuingurua ezagutzen eta hurbiletik kantatzeko datuak jasotzen arduratu behar duzu. Apur bat kazetari lana egin behar da aurretik, gauza batzu jaso, gero hoiekin gauzak sortu. Sortzen baduzu entzuleak jarraituko dizu.
A. Orain esaten ari zaren hori dena, aurtengo udan praktitan jarri duzu. Ze zentsazio daukazu?
X. A. Oso zentsazio ona. Horretan helburua bete-betea daukat. Berrogei saio egin baditut, erdietan euforiko etorri naiz etxera. Eta besteetan pozik, akats batzu gogoan hartuta, baina eskasenean ere konforme.
A. Nire esperientzia ere berdintsua da librekoetan.
X. A. Garantia piska batekin joan ezkero, irten egiten dute. Eta hori ez da kasualitatea, eh? Ni oso gustora nago. Honek ez du esan nahi beti berdin egin behar denik. Librean dinamika bat dago eta horri jarraituta, desiatzen nago gauza berriak probatzeko, doinuak, hasteko formak, neurriak... Nik hor aurrera jotzea nahi nuke. Hor posibilitate asko dago baina horretarako besteekin ere kontatu egin behar duzu. Baina ez dakit gure gremioan arriskatzeko gogo asko dagoen. Ni neu esperientzia honekin oso gustora nago.
A. Azken aldian kroplak bertso saioetan sartzen ari dira. Nola ikusten duzu?
X. A. Koplagintza beste genero bat da, nahiz eta bertsolaritzaren oso kide izan, eta bere diferentetasunean tratatzea merezi luke. Koplak jotako musikaren laguntza behar du, erritmo bizikoa da eta bertsoak duen alde diskursiborik ez du. Kopla egitea ez da bertso erdi egitea. Ez da arrazoiak desarroilatzeko, balak botatzeko da eta heste mentalitate batekin egin behar da. Errepikapena ere oso inportantea da. Koplatan horrelako genero berezia mamitu da eta mereziko luke bere espiritu horretan eustea, hertsolaritzara trasladatu arazi barik. Trasladatuta bertsolaritza ez da aberastuko eta bestea hondatu. Koplak jotako musika, erritmoa eta errepikapena behar du, eta bertsolaritzak ez luke irentsi behar.
Jon Sarasua
Somatzen dut bertsolari batzuk ez dabiltzala gustora, jokuan harrapatuta bezala dauedela.
Lehen argiago zegoen bertsolariari zer eskatzen zitzaion, baina orain publikoa askoz heterogeneoagoa da.
Kopla egitea ez da arrazoiak desarroilatzea, balak botatzeko da.
33-37

Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Bertsolaria\AMURIZA1
Pertsonaiaz\AMURIZA1
Egileez\SARASUA2\Kultura


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak, jakina, turismoari estuki lotuak: Hard Rock aisialdi... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude