ANDONI EGAÑA
«Bertsolariok gehienetan papel batean gaude, eta gainera behartu egiten gaituzte»
Zarauztik Donostiara autobusean kristaletik begira bere buruarekin bertsotan ikasia da. Andoni Egaña zarauztarra. Lehenego plaza 19 urterekin egin, han irabazi, eta orduan lortutako konfiantzaz heldu zion bertsogintzari. Kasik hamar urte beranduago ezintesteko erreferentzia bilakatu delarik. Bestalde, literaturarekin egin du topo, bere «Sokratikoek ere badute ama» ipuin liburua dela medio. Gasteizen hartu gintuen arratsalde osoa aurretik genuela.
Azkenaldian sekulako mogida egon da bertsolaritzaren inguruan. Atxagak bereak bota zituen Ordizian, Amurizak ere hainbat kezka azaldu du orain dela gutxi. Zer ari da gertatzen?
Bertsolaritzaren garrantzi soziala gero eta handiagoa dela, fenomenoarena, ez bertsolariak kantatzen duenarena. Lehen bertsolariak esaten zuena kasik lege zen, orain gutxiago dakigu bataz bestekoak baino, beraz guk esaten duguna ez da ez lege ez kristo! Inportantzi soziala irabazi du ordea. Telebistan bere tokia du egun, irratietan zer esanik ez, egunkarietan –txapelketa iristen denean batez ere–orri osoak eskaintzen zaizkio, eta orduan, garrantzi soziala hartzen duten fenomenoek autokritika eta kritika mugimendua sorizen dute aldi berean. Horri erantzunez uste dut dela.
Zerk eragin du indar soziala hori hartzeko? Txapelketek akaso?
Alde batetik bai, baina denetatik ez. Bertsolaritza gauza polita da oso zentzu ludiko batean eta jendea konturatzen da horretaz, bertsolariak eramanez horrela saioetara. Guzti hau espiral bat da, telebistan irteten gara bertso saioak daudelako, eta saioak daude hain zuzen telebistan sarritan ateratzen garelako.
Bertsolaritzak, beraz, erantzun egin beharko dio indar sozial horri. Honek zer arrisku suposa dezake?
Bat behintzat bertsolaritza beraren egiturari dagokiona. Bertsoa errimatuz eta neurri batean sartuz osatu behar da, ez du matizaziorik onartzen ezta «nik hau esan dut baina bestelako hau erantsi nahi nion» eta antzekorik uzten. Mundua gero eta pluralagoa da, eta arriskua pluralago den jende horri errimatuz, kantatuz eta neurtuz ezin erantzun ahal izatea da.
Errima kontuan, Bernardo Atxagak bertsolariak, norabiderik gabe, beneteko publikorik gabe, poesiara jo nahi duela adierazi zuen Ordizian bertsolari gazteek ospatutako jalaldian.
Bertsolaritza poesiara hurbiltzen ari al da hala?
Ez dut uste egia denik. Erreferenizi kulturalak aldatu egin dira noski, gure erreferentziak garai batekoak baino zabalagoak dira, "kultoagoak" gara, eta hori poesiarekin nahasteko joera nabarmendu da aspaldian, baina keba! Oso gauza diferenteak dira. Bertsolaritza bapateko jarduna da gehienetan, eta ondorioz, esanahi ulergarriak azaldu behar ditugu, gauza asimilatu eta onartuak. Mugak itxuraz argi ez badaude ere, begibistakoa da diferentzia.
Zentzu honetan, azken txapelketako joera puntu eta silaba askoko bertsoak osatzea izan da. Neuri honek bertsolaritzak berez duen txispa horren galera eragin al dezake.
Honetan, arte mota guztietan bezala, bi aspekto daude: eboluzio kolektiboa batetik, eta indibiduala bestetik. Estrainekoak gertatzen dira, baino lehen garapen inibidualak izaten dira. Bertsolari bakoitzak bere esparrua ezagutu behar du, noraino iritsi nahi duen eta gauza poetiko horiek zer neurriraino nahasteko asmoa duen. Horrezaz aparte, bi arteak endredatzen ditugula esaten duenak fabore handia egiten dio bertsolaritzari baina farre poesiari. Orain nahi gabe menperatzen ditugu metaforak, metafora sortzera propio abiatu ez arren, eta garai batean apika, esaldi kastizo eta jator gehiago botatzen zituzten.
Nolanahi ere den, zer funtzio bete behar du bada bertsolaritzak?
Funtzio ludikoa. Guk geure burua lantzen dugu gero produktua eskaini ahal izateko, eta beno, entzule bat izaten dugu aurrez aurre. Bertsolaritzaren komunikazio maila oso estua da, bertso on bat botatzen duzu, eta segidan, txalo zaparrada izugarria daukazu gainean. Liburu on bat idazten baduzu, ordea, norbaitek aitortuko dizu akaso gustatu egin zaiola lana, baina oso diferentea da. Bertsolaria bere sentimenduak eta txisteak bertsoen bidez azaltzen dituena da, eta baita bere ironia ere nahi izanez gero. Bakoitza prototipo bati heltzen saiatzen gara eta horixe da pausorik zailena gure eginkizunean. Txapelketa baten finalera iristea baino zailagoa da gero herriz herri rol horrekin identifikatua izatea. Hobe da publikoak ezagutzen duen ezaugarria izatea gero norberak horri erantzuteko.
Nolakoa gertatzen da kasu hauetan bertsolaria eta publikoaren arteko konplizitatea?
Badago, bai, bertsolariaren eta publikoaren arteko konplizitate bat, baina hau oso arte sorgina da. Boladetan ikuslegoarekin konektatzen duzu, ez dakit seguru zergatik, eta beste batzutan ez duzu harremanik erdiesten. Entzulego berak eragin handia izan du bertsoaren bilakaeran eta neronek nabaritu dut eboluzio hori neure buruarengan. Lehen askozaz estilistagoa nintzen, gehiago erabiltzen nuen, esate baterako, Lasarteren errimakera. Gero, alabaina, txokorra hartu ondoren publikoak beste zerbait nahi duela konturatzen zara, eta hori dela medio aldatu egiten duzu zeure estiloa.
Ona al da publikoak bertsolaria helamoduz baldintzatzea?
Ez, ez da ona, baina harremana hain zuzena denez, ez du ezertarako balio bertso "on" bat osatzeak ez badu erantzunik. Poesia on batek erantzunik ez izan arren balio du, baina bertso on batek erantzun inmediatorik ez badu... Bertso entzulegoaren gustoak ere aldatu egin dira. Norbait oso zalea ez bada, esaten dena gehiago inporta zaio esateko era baino, ez baita kapaz matiz interesante batzu ulertzeko, eta zenbat eta zabalagoa izan publikoa, orduan eta gutxiago bereizten du hori. Bestalde, ezin da pretenditu, mila entzule badituzu guzti horiek matiz interesante batzu harrapatzea, eta horiei lanak destajora egin behar diezu, nahi baduzu narratzago baino errazago.
Xabier Amurizak egin kritiketatik zer jaso behar da kontuan orduan?
Berak esaten duen dena, hasteko, kontuan hartzekoa da. Urratu du bide oso garrantzitsua, bai bertsokeran eta bai bertso teorian. Bertsokeran, esateko erak, erritmoen bariedade morfologikoa... Bertso teorian ere bide inportantea ireki du. Nik hogei urtekin irakurri ez banu «salatuz gero edozein izan zitekeela bertsolari», igoal betiko uste eta topikoetan erori eta pentsatuko nuen neri Jainkoak ez zidala dohai hau eman eta geratu egingo nintzake. Orain dioenari buruz, aldiz, gai librean nahi lukeela ihardun, ez dut hainbeste diferentzia ikusten gai gabe edo gaiekin ihardun. Azken batean, berak egiten duena ez da gai librean kantatzea, gai jartzailerik gabe baizik. Librean ez da inor sekula aritzen baldin eta batere gogorik gabe igotzen ez bada tabladu batera edo biharamunarekin.
Ez al dira falta akaso aurrerapenak gai aldetik?
Bai, hasiak gaude piska bat. Horretarako bertsolariak indibidualki prestatu behar dira gai horiei irtenbide berriak emateko etab. Oso erraza da neska zahar eta mutil zatar kontuan grazioso izaten, klitxe pila bat eginak daude eta egiten duzuna almazenatik hartu eta botatzea baino ez da. Askoz ere zailagoa da homosexual kontuan graziosoa izaten, ez dago klitxerik, ez dakizu nondik jo, ez dakizu oso garbi zerorrek zer pentsatzen duzun, tradiziorik ez dago. Azken finean bertsolariak duen abilidadea da almazenetik gauzarik egokienak eta momentuan egokien datozenak hartzea. Gure problema handiena, ostera, tabladuetan eta kotxean presaka bizi garela izatea da, eta gainera gu ez gara profesionalak, patxada behar duzu pilatutako hori betetzeko eta ez dugu.
Bestalde, saioa mordoa antolatzen da azken partean eta gehientsuenetan bertsolari berak zarete parte hartzen duzutenak, galak ere antzekoak edo berdintsuak gertatzen direlarik. Guzti honek ez al dezake txirotu ere bertso iharduna? Nondik aurkitu konponbiderik?
Teorian denek onartuko dute badirela hogeitamar bertsolari on edozein tokitan gure funtzioa egin dezaketenak eta gainera gogo gehiagoz, eta orijinalago, baina gero egitaraua osatzeko ordua iristen denean denek berdinetara jotzen dute. Elkartean badago projektu bat gauza hauek banatzekoa, baina hori interbenzionismo handia izango litzateke. Gogorra gertatzen da bertsolaritzan puntan dabilenarentzat, baina askoz ere gogorragoa da puntan ez dabilenarentzat. Urtean hamar saio eginez gero, sei oso onak izago zirela badakizu, berrogei erdipurdikoak, hogei txarrak eta beste hogei oso txarrak. Baina urtean hamabi saio besterik egiten dituenak?
Beste alde batetik, literatura munduan ere aritu zara. Arrakastaz gainera "Sokratikotek ere badute ama" ipuin bildumarekin. Zer egin nahi zenuen liburu honekin?
Damututa nago, igoal hogeitasei urtekin azkarregi izan zela pentsatzen baitut, orain hori eta ez beste zerbait idatziaz damutzen naiz. Mikrofono aurrekoak barkazioa duen bezala, bapatean delako, idaztea jada aukera bat da, eta terreno irristakorragoa da. Liburua idatzi nuenean oso aspertua nengoen kontatzeko erak historia gainditzen ez zuen gauzak irakurtzen eta pentsatu nuen ahalik eta naturalen historia batzuk izkiriatzea. Orain, berriz, liburu bat idazteko patxada hartuko banu beste erako zerbait idatziko nuke.
Bertsolaritza ala literatura?
Idaztean zeu zara, eta liburua kalera irteten den arte zeu zara. Bertsolaritzan papel doble bat badago beti: bat Egaña bertsolaria da eta bestea Andoni Egaña da, eta igoal ez dauka hainbeste zer ikusirik. Egaña bertsolaria beragatik publikoak egin duen irudi horri erantzuten saiatzen den tipoa da eta Andoni Egaña beste bat. Bertsolariok gehienetan papel batean gaude, eta gainera behartu egiten gaituzte. Tablatu batera igo eta beste bat zara. Akaso bertsolaria bera da gutxien tokatzen zaiona funtzio hori definitzea. Nahikoa arazo badugu pertsona gisa geure burua kokatzen hasteko gero bertsotan aritzerakoan beste nonbait kokatu behar izateko. Ni ez nau kezkatzen horrek.
Azkenik, eta liburuaren lehen ipuineko fisonomistaren ildoan, kazetari bezala aritu zara hainbat pertsonaren traza txukuntzen. Zer moduz sentitu zara kazetarien papera jokatzen? Beharrezko ikusten al duzu euskarazko egunkari bat kaleratzea?
Oso esperientzia polita izan da, baina kazetaria nolabait ordutegiaren esklabu da. Bestalde, euskarazko egunkaria ateratzeko tenorea iritsi dela uste dut, ezen, azken finean, ez baita ezer galtzen. Hori bai, egunkaria da gauza bat oso kuttuna. Ohituta gaude gosaritara joaten garenean 17. orrian eskelak izango ditugula eta 44.ean kirolak daudela, eta jendeari egunkariaren ohitura aldatzea asko kostako zaio. Nere kasuan seguru nago bigarrena izango dela, beste batzuen kasuan lehengoa izango da, eta beste batzuek ez dute erosiko.
Gaur egun ez dut ikusten problema estrukturalik egunkaria egiteko, kazetariak badaude, euskara normalizatu antzera badago, errotatiba eta horiek ez dira eragozpen, piska bat arista handienak txato jarri eta aurrera, nahiko azkar gainera. Egunkaria Sortzen-ekoek pentsatu badute posible dela, eta estudioak eginak badauzkate, aurrera, pentsatu gabe gaizki irteten bada atzera pausoa izanen dela. Ausardia eduki behar da kasu hauetan.
A.GOSTIN J.J.PETRIKORENA
27-30