Inaxio Agirre, Donostiako udaleko euskara zerbitzuko arduradunari elkarrizketa
INAXIO AGIRRE
"PSOEren eraginez he1du gara plan honetara"
Donostiako udaleko euskara zerbitzuko arduraduna dugu Inaxio Agirre, herri mugimenduen baitan Euskal Herria euskalduntzeko lanetan iharduna azken urteotan. Euskararen egoeraz orohar, eta dekretuaz zehazki mintzatu gara berekin.
Argia–Administrazio orori zuzendutako dekretua dugu teorian, baina Estatukoak diren administrazioetan zer gerta daiteke?
Inaxio Agirre–Teorikoki esaten da hiru probintzi hauetan kokaturik dauden Estatuko administrazioek ere jarraituko dutela dekretu honetan xedatzen dena, baina errealitateak orainarte erakutsi duena bestelakoa izan da, hori horrela izango ez dela pentsatzeko motiboak soberan daude.
A.–Dekretuari atxikituz, erabilera ezean ezaguera maila aipatzen da behin eta berriz. Zer diozu horretaz?
I.A.–Neretzat hauxe da lege hau deskalifikatzen duen puntua, euskeraren erabileraren normalkuntza, bermatzeaz... hitzegiten da, baina badakigu ezagupena erabilera gerta dadin ezinbestekoa izanik ere, aski ez dela. Honelako dekretu batean erabilpena ez adoskotzea, euskararen erabilera normaltzeko behar diren minimoen azpitik egotea dela uste dut. Azken finean ez da euskararen normalkuntzak behar duen kontsentsua lortu honekin, PSOErekiko kontsentsua baizik. PSOEren eraginez heldu gara plan honetara.
A.– Administrazioak bultzatzen duen ikuspegi baikorraren bidetik eratutako dekretua genuke?
I.A.–Bai hala da. Gainera baikortasun hori azken finean triunfalismo suizida bat ez ote ari den bihurtzen pentsatu beharra dago. 10 urte pasa ondoren, egiten diren aldaketa eta urrats guztiak benetako euskararen erabilpenaren normalkuntza galerazteko eta oztopatzeko egiten direla pentsatu beharra dago.
A.–Berriro ere dekretura bueltatuz, muga garbia azaltzen du, elebitasuna alegia, ez al du horrez euskararen benetazko normalkuntza galerazten?
I.A.– Legetasunaren inposamenaren ondorioa ikusten da hor. Bazegoen euskararen arauzkotzeko legearen puntu bat, 8.3 puntua, normalkuntzari lehiatil txiki bat irekitzen ziona baina aipaturiko legetasunaren inposaketak ez zuen onartzen. Honenbestez, normalkuntzaren legea baino, elebitasunaren legea genuke. Behingoz argi utzi behar den tranpa bat dago hor: euskararen erabilpenaren normalkuntza lortzeko euskara hutsezko funtzionamendua garantizatu behar da zonalde elebakar horietan. gero apurka apurka elebakartasun hori zabalduz.
A.–Legetasun honek, ordea, ukatu egiten du printzipioz elebakartasun hori.
I.A.–Legetasun honek ez ditu babesten adibidez euskara hutsez funtzionatzea erabaki duten herriak. Horietan ere aski da pertsona bakar batek gazteleraren erabilera eskatzea, gaztelera garantizatu behar izateko komunikazio orotan.
A.–Horrek borondate politiko eza azaltzen al du?
I.A.–Garbi dago, garai batean Joseba Arregik botatzen zuen bezala, nolako borroka ideologikoa garatzen zuten administraziotik elebakartasunaren aurka, esanez Euskal Herrian euskaraz baino hobeagoa dela Euskal Herrian euskaraz eta gazteleraz dakien herri bat.
A.–Dekretuaren baitan, zenbaitzuren baldintza bete behar eza azpimarratzen da, ez al da hau beste oztopo bat?
I.A. - 45 urtetik gorakoak kanpoan geratzen dira. politikariek euskara menderatzen ez baldin badute ez da ezer esaten, dekretoan xedatzen direnak betetzen ez baldin badira ez da ezer esaten... Gauza bat da flexibilitatez jokatzea, baina ihesbideak egiteko posibilitate asko ikusten dira, azken finean hutsaren parekoa izateko borondate politikoa ez dagoen tokietan.
18