"Unibertsitatea, langabezian amaituko duten lizentziatuen fabrika da"


1989ko maiatzaren 07an
Iñaki Antiguedaderi elkarrizketa.

"Unibertsitatea, langabezian amaituko duten lizentziatuen fabrika da"
Gai ugari eta desberdinak jorratu ditugu Iñaki Antiguedadekin burutu dugun solasaldian. Antartidan ikusi eta ikasi duenaz, uholdeen fenomenoaz eta uren ikerketaz aritu zaigu, hidrogeologoaren ikuspegitik. Unibertsitatea eta bere arazoen gainean ere ihardun dugu, E.H.U.ko irakaslea bait da bera. Eta nola ez; astero Egin-en Prontxio ezizenez sinatzen duen zutabe bereziari buruz ere egin dizkiogu galdera batzuk. Ehun mila pezetatako fiantza ordaindu ondoren behin behineko askatasunean dagoela aitortu digu, Prontxiok bere idatzi batean erregea iraindu zuela eta. Zazpi urteko gartzela eskatzen du fiskalak 33 urteko bilbotar honentzat. Antartidatik abiatuko gara...
GALDERA: Antartidako lurraldeak ezagutu dituzu aurten. Ze inpresio ekarri duzu handik?
ERANTZUNA: Antartidari adjetiboak jartzekotan, leku zuria, hurruna, hotza, isila dela esango nuke, beno, praktikan ez da hain isila kristoren zarata bait dago han, bai pinguinoena eta bai glaziarrak apurtzean sortzen den zalapartarena. Kuriosoki Juan Carlos I izeneko basean egon ginen, sei astetan.
GALDERA: Zertara joan zineten eta zer ekarri duzue?
ERANTZUNA: Unibertsitate batzuren artean egindako proiektu zientifiko batean joan nintzen, beste 11 lagunekin, baina nire arloan bi besterik ez gara izan, Madrilgo bat –nafarra berez– eta neu. Gure helburua glaziarren gaineko ikerketa zen, baina gero, proiektuaren barruan baziren atal batzuk. Bata paleoklimak aztertzea zen, hau da, muestrak hartuta analisi isotopikoak eta egitea, azken hamar edo hogei mila urtetako atmosferaren konposaketaren bilakera nolakoa izan den igertzeko. Beste atala gaur eguneko dinamika aztertzea zen: glaziareak etengabe ari dira ura botatzen eta guk uraren ateratze hori konparatzeko zenbat elur jausten den kontrolatu nahi izan dugu. Zenbat ur ateratzen den eta holako masa balantze bat egin glaziareak gero eta handiagoak ala txikiagoak diren jakiteko. Proiektu honetan hiru urtetako lana planteiatu dugu, eta aurtengoa kontaktu antzeko zerbait izan da.
GALDERA: Berriro joango zarete orduan...
ERANTZUNA: Beno, ni teorian joan beharko nintzateke beste hiru urtetan, beno, beste hiru uda australetan. Gertatzen dena da orain Prontxioren kontu hau dela eta, bada, epaiketa izango den momentuan, Madrilen, eremu zabalago batean ezagutuko dela hau. Azken batez gobernua da hango roilo guztia ordaintzen duena, eta lepoan daukadan zama horrekin norbaitek esan dezake 'ez zaigu interesatzen Juan Carlos I izena duen base batera Juan Carlos I iraintzen dagoen tipo bat joatea'. Ustez, ni joatekoa naiz, baina errealitatean, ez dago nire esku.
GALDERA: Uholdeak artertzen dituen espezialista talde batean zaude hidrogeologo gisa. Uholde ugari eta gogorrak jasan izan ditugu Euskal Herrian: ba al dago modurik horiek aurrikusteko edota bere ondorioak nolabait lehuntzeko?
ERANTZUNA: Uholdeak Euskal Herrian beti izan dira, eta izango ere, nahiz eta egun batean negoziazioak aurrera atera, uholdeak egongo dira. Nahiz eta egun batean gizarte guztiz ekologikoa lortu, uholdeak egongo dira. Uholdeak onartu behar ditugu gauza natural bezala, eta Euskal Herrian uholdeak asko bultzatzen dituzten faktore geografikoak dauzkagu. Orain, honekin ez dut defendatzen gaur egungo eskema, zeren eta, lehen ere uholdeak zirela esan badut ere, horrek ez du esan nahi gaur eguneko kalteak kalte naturalak direnik. Egia da gure erliebea oso zorrotza dela, baina egia da baita ere gizakiak hor hanka eta eskua sartu duela, modu txar eta irrazionalean sartu ere: landaretza kendu dute, errekak hestutu egin dira, behintzat Bizkaia eta Gipuzkoan... Lehen uholdeekin baserriak busti baino ez baziren egiten, gaur egun hondatu egiten dira, uholdeak ekartzen duena, gaurko momentuan, ez bait da ura bakarrik, suspensioz materiale solidoa –'karga'– ekartzen bait du, eta urak ez dira gardenak, marroiak baizik, uharreak... Ur uharre hauek sedimentu piloa garraiatzen dute, eta zenbat eta sedimentu gehiago garraiatu ura orduan eta dentsoagoa da, eta zenbat eta dentsoago izan orduan eta gaitasun handiagoa dauka zama handiagoa garraiatzeko. Eta ur batek ezin eraman dezakeen karga bat, gaur egun, ur hutsa ez denez, eraman egiten du, enborrak, harriak, frigorifikoak... Orain ez dago hau kontrolatzerik, eta uholde batek dena hankaz gora botatzen du.
GALDERA: Nerbioi eta Ibaizabalko urei buruzko tesia egin zenuen. Kutsadura ere ikutzen al zenuen zeure lanean?
ERANTZUNA: Tesia lurpeko urez izan zen, ez kutsadurari buruz, baina kutsadurari aurre egiteko uren dinamika ezagutu behar da. Behin onartuta kutsadura dagoela, kutsaduraren aurkako plan bat egin nahi baduzu, beharrezkoa da dinamika naturala zein den ondo ezagutzea: klima, landaretza, urak... Hori da neure lan politikoa ikertzaile moduan: inguru fisikoaren dinamika ikertzea gero horrek ondorio sozialak euki ditzan, ez zientzia zientziagatik. Unibertsitatean, berriz, zientzia asko egiten da baina hodeietakoa, epe laburreko eraginik gabekoa. Gure lanak badauka halako eragina; ni saiatzen naiz gauza bat ikertzen dugunean horren ondorio praktikoak, sozialak zabaltzen.
GALDERA: Unibertsitatea ez al dago arazo sozialetatik isolatua?
ERANTZUNA: Bai, guztiz isolatuta dago. Unibertsitateak oso efektibitate gutxi dauka. Langabezian amaituko duten lizentziatuen fabrika bat da hau. Beste leku batzuetan intelektualen gune bat eta aldaketa sozial erradikalen sorlekua da unibertsitatea, hemen ordea, zerbait izatekotan, ipurdia da gizartean, ez burua. Oso zientifikoa baina ipurdia. Prontxiok behin baino gehiagotan Euskal herriko Unibertsitatea esan beharrean Euskal Herriko Antrobertsitea esaten du, hau benetako antroa bait da.
GALDERA: Hidrogeologo izanik astero zutabe periodistikoa egiten duzu Egin-en, Prontxio izengoitiz. Nolatan zeure gisako zientzilaria kazetari lanetan?
ERANTZUNA: Anaitasuna aldizkarian hasi nintzen orain urte batzuk, Jose Ramon Etxebarriak bultzatuta: itzulpenak, elkarrizketak... neure gustoko gaiak neure gustoko eran idazten hasi nintzen. Anaitasunak porrot egin zuen, eta Argian sartu ziren gehienak, baina Egin-eko Egunon ere agertu zen eta J.R.Etxeberria eta biok sartu ginen hor, 82an, eta harrez gero zutabe hori betetzen dut.
GALDERA: Idazkera nahiko berezia da zurea...
ERANTZUNA: Jende askok esan dit nahiko arraro idazten dudala, estilo anarkoa dudala... Nik ez dut idazten irakurleari begira, neure buruari begira baizik. Hasten naiz Kolonbian ez dakit zer gertatu dela eta amaitzen dut beste kontinenteko puntan beste roilo batean. Printzipioz uste dut gizartean, planetan mailan, dena lotuta dagoela, eta dena holako sare politiko baten barruan dagoela. Horregatik gustokoa dut gauza guztiak nahastea. Azken baten neure buruko korapilo guztiak paperean askatzea da egiten dudana.
GALDERA: Erregea iraindu omen duzula eta arazoak ekarri dizkizu orain zutabe honetan idatzitakoak...
ERANTZUNA: Egia esan erregeari buruzkoa ez da arazoak ekarri dizkidan lehenengo artikulua. Aurretik bazegoen beste bat Amedoren gainean egindakoa, 'Amedo askatu'. Amedo eta Marcoren tximinioa nahasten nituen, eta polizia izendatzeko 'txakurra' hitza erabiltzen nuen, tontoenak ere badaki zer den hori. Eta erdarazko itzulpena egin zutenean 'perro' jarri zuten, nahiko gogorra agertu zitzaion hori hemengo fiskalari. 'Txakurra' esaten denean erdarara itzultzean ez dela 'perro' deklaratu nuen, 'txakurra' baizik. 'Se ha detectado un zulo' esaten dute, eta niretzat 'txakurra' berdin da. Neure mezua ez zegoen jarrita erdarazko itzulpenean, beraz, ez dut onartzen hori. Asunto hau dela eta ez naute berriro deitu eta suposatzen dut han nonbait hautsak hartuta egongo direla paper haiek.
Erregearen kontu honetan, nik esan nion Baltasar Garzon juezari ez nituela itzulpenak onartzen, 'nik euskaraz idatzi dut, eta eskatzen dut, hor irainik balego, euskaldunek epaitzea ni eta ez erdaldunek, erdaraz, euskaraz idatzitako gauza baten itzulpenagatik'. Azken batez, lehengoan Jose Ramon Etxeberriak Eginen esaten zuen moduan, iraina izango litzateke euskaldunon kontra, ze azken batean euskaldun bat erdaldunek erdaraz epaitzen dute euskaraz idatzitako gauza baten itzulpen bategatik. Kontutan hartu behar da zelan idazten dudan, gehienbat neure mezua ez dagoela hitzetan beraietan, baizik eta hitzen arteko hutsunetan, eta klaro, hutsune honek erdarara ez dira itzultzen.
GALDERA: Azken finean zer leporatzen dizute? Zerk iraindu zuen erregea?
ERANTZUNA: Odolurdina zela aipatu nuen, eta nolabaiteko hitzen jokua egiten nuen... odolurdina eta odolgorria, odolosteak odolgorriakin egiten direla, eta zer egin odolurdinekin... Eurek gero ateratzen dute–eta alde horretatik literato oso azkarrak dira–nik esan dudala erregea txerria dela. Baltasar Garzónek esan zidanean 'en este testo hay palabras injuriosas contra el rey, contra la monarquía y por todo lo que la monarquía significa', esan nion, 'beno, ni horretan ez naiz sartzen, artikulu horretan zerbait injurioso edo balego, egin behar duzuna da deklaratzera itzultzailea deitu, berak esan bait du hau, nik ez dut hau idatzi'. Antza ez du deitu. Gero, idatziaren azkenean esaten nuen odolurdineko jende hori ez dela naturala, naturak ez dituela sortzen odol urdineko gizabanakoak. Horiek ez dira planeta honetakoak, eta planeta honetatoak ez badira, azkenean agertzen zen, 'suntsitu daitezela dinosauriooak suntsitu ziren modu arin berean'. Dinosaurirena ere nahiko gogorra da eurentzat... egia esan, ez zuten grazia handirik topatu artikulu horretan. Konkretuan leporatzen didatena da 'injurias al Jefe del Estado y a la monarquía que representa ez dakit ze roilo democrático'. Zazpi urteko gartzela da fiskalak eskatzen duen zigorra. Pasa den Irailetik hasita behin behineko askatasunean nago, 100 mila pezetatako fiantza bat ordaindu behar izan nuen.
GALDERA: Hidrogeologo, idazle..: eta bertsolari ere bai?
ERANTZUNA: Orain iada ez. Lehen Santutxuko taldean aritu izan nintzen, oso ondo pasatzen nuen. Ibili izan nintzen plaza batzutan, baina azkenean utzi egin nuen mundu hura. Asko ikasi nuen bertsolaritza mundu horretan, gero Prontxiorengan eragina izan du: hitz jokuak eta... Orain noizean behin egiten dut, baina komunean, bakarrik nagoenean. Prontxiorena ere gehienetan komunean idazten dut, normalean presaka eta mila roilotan nabil eta orduan komunera noanean nolabaiteko lasaitasuna aurkitzen dut eta orduan... bueno, ez dut kolumna osoa idazteko adina denbora pasatzen komunean, baina ia beti hor hasten ditut. Neure lanik gustokoenak komunean erditu ditudala uste dut.
I.MURUA
38-41


GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaEHUIrakasleakBesteak
PertsonaiazANTIGUEDAD1
EgileezMURUA2Gizartea

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude