X. Monasterio: "Eskari handiaren ondorioz kalitateak behera egin du haur literaturan"


1988ko azaroaren 06an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Xabier Monasteriori elkarrizketa.

Didaktismoa, abertzaletasuna eta kristautasuna izan omen dira euskal haur literaturaren ardatz nagusiak
X. Monasterio: "Eskari handiaren ondorioz kalitateak behera egin du haur literaturan"
Euskal Herriko haur literaturaren azterketa sakona burutu berri dute Xabier Monasterio eta Sebe Callejak "Literatura infantil vasca" liburuan. Liburuaren gaiari helduz ekin diogu Xabier Monasteriorekin buruturiko elkarrizketari.
Haur literaturaren mundua hurbiletik ezagutzen dute Sebe Calleja eta Xabier Monasteriok, ipuingile gisa batak eta itzultzaile bezala besteak. Oraingoan, euskal haur literaturaren azterketa historikoarekin hasita gaur egungo egoeraren azterketa orokorra burutu dute bien artean. Dena den, "La literatura infantil vasca" hau orain prestatzen ari diren beste lan baten sarrera omen da, euskaraz egingo duten lan sakonago batena alegia.
"Beneteko lana edo lan osoa euskeraz aterako dugu. Orain egin duguna halako sarrera bat izan da. Atal berberak izango ditu baina beste tomo batez osatua. Tomo horretan ikutuko ditugu herri ipuingintza, ikastolarako liburuak, argitaletxeak eta haur literatura, euskal liburu itzuliak...".
Azken atala egungo idazleen gainekoa den arren, azterketa historikoa da lan mardul honen osagai nagusiena, euskal haur literaturak bere hastapenetatik gaurdaino egin duen bidea azaltzen dutelarik.
"Europako haur literaturaren kronologia historikoa egin dugu liburu hasieran. Galizia eta Katalunyako kasuak ere ikutu ditugu gure herrirekin zerikusi handia eduki dezaketelakoan. Bigarren atalean Euskal Herriko haur literaturaren historiaren azterketan sartzen gara bete betean. Aurreko mendeetako saio batzuren ondoren, Sabino Arana eta Azkuerekin muga bat ikusi dugu, horien denboratik hasten baita benetako haur literatura. Gero Lopez de Mendizabal dator, ondoren gerra garaira heltzen gara, hor aipatzen ditugu Eusko Ikastolen Batzak ateratako liburuak, lan didaktikoak gehienak. Gerra ostean hutsune ikaragarri bat dago, ez da ezertxo ere argitaratzen eta egiten diren saio bakarrak kanpoan egiten dira... Hurrengo muga ikastolen sorrera izan daiteke, 60. hamarkada inguruan. Hor beste era bateko liburuak sortzen dira, erabat didaktikoak direnak. Aldi honek 60tik 75 ingururarte irauten du. Eta gero azken urteotako historia aztertzen dugu, hori ere azpisail batzutan banatuz".
A.–Has gaitezen haur literaturan lantzen diren gaiez hitzegiten. Funtsezkoa da arlo honetan mundu erreferentziala zein den ezagutzea, iturri herrikoiak ala textuetakoak diren.... Zein joera nagusitzen da euskal haur literaturan?
X.M.–Ipuina herri jakituriaren azken ispilua da. Ipuina ez da kontakizun soila ipuin batean hainbat gauza isladatzen da, herri baten kultura, bizipena... Hori ahoz aho transmititzen da eta denboraren poderioz galdu egiten da, eta azken gordetzailea umea da. Orduan, haur literatura herri ipuinetatik abiatzen da, baina ez hemen bakarrik. Hori edonon gertatzen dena da. Ez da ahaztu behar haur literatura betidanik izan dela didaktikoa, oraintsu arte ez zen bilatzen edertasuna baliagarritasuna baizik. Zeozer irakasteko tresna zen kontaera. Gero, herri ipuinak transformazio bat jasan behar izan du. Alde batetik, ahotik paperera igaro da. Paperean dagoenean bere freskura hori, bapatekotasun hori galdu egiten du eta apur bat apaindu egiten da.
A.–Itzulpenetan mundu erreferentzial hori kanpotik dator beti...
X.M.–Gaur egun ikusten da ez dela inolako politikarik egon, itzulpenak, haur literaturaren barnean, frankotiradoreen lana izan dira, beno, nik halako liburua honetarako ona delako itzuli egingo dut, bestelako liburua, bestetarako ona delako itzuli egingo dut... Beti izan dira itzulpen interesatuak, orain arte. 60tik hona egoera aldatu egin da, baina ordurarte itzulpen nahiko interesatuak ziren, interes onak e, abertzaletasuna, elkartasuna, anaitasuna, fedea... beti helburu didaktiko bati begira.
A.– Didaktismorako joera horrek behera egin al du?
X.M.–Behera egin du edo apur bat disimulatu egin da, orain kontakizunaren edertasunari begiratzen zaio, eta bide batez, didaktikotasun bat lortzen bada, ongietorria didaktikotasuna. Baina ez da hipotekatzen liburu guztia hizkuntzagatik edo esanahiagatik, beste osagai batzuk ere sartzen dira. Nolabait esateko, oraintxe bihurtu da literatura haur literatura, literaturak dakartzan konponente guztiekin.
A.– Haur literaturaren eskaria nahiko handia izateak ba al du eraginik edukietan eta kalitatean?
X.M.–Bai, eskari handiaren ondorioz kalitateak behera egin du. Eta eskariaren eraginez, idazle nagusi asko arrimatu egin da haur literaturara, etekina egon daitekeelakoan. Baina hori ez da hemen bakarrik gertatzen, hori toki guztietan gertatzen da. Hori da atera dugun ondorioetako bat, euskal literatura ez dela uharte bat, badituela erlazioak alboko herriekin, alboko kulturekin. Negozio bat dagoela? Bai, ikusten baduzu Durangoko Azoka edo Maiatzeko azoka egiten denean, bada, nobedadeen zerrendari begiratuta konturatzen zara produziorik handiena hor dagoela. Eta horrek badu eraginik kalitatean. Beno, gauza politak ere egin dira euskal literaturan, niretzat badaude liburu ederrak, kalitate handikoak, beste edozein hizkuntzatara itzul daitezkeenak. Eta orain hasiak dira iada liburu batzuk itzultzen eta bide hori aprobetxatu egin behar da; kanpokoa etxeratzeaz gain etxekoa kanporatu behar da.
A.–Eskari horri erantzuten zaio?
X.M.– Badakizu, Euskal Herrian halaxe egiten dugu dena: halako beharrak ditugu, bada, horra joan behar dugu. Baina gero beste esparru batzuk hutsik geratzen dira. Nobelagintzan edo poesigintzan gertatzen dena oso idazle gutxi dagoela eta abar. Denborapasako liburuetan nahiko beteta dago, baina didaktika arloan bete gabe. Jendea ez da saiatu gehiegi arlo horretan.
A.– Zer nagusitu izan da eta zer nagusitzen da euskal haur literaturaren gaietan, errealitatea ala fantasia?
X.M.–Azken boladan fantasia bultzatzeko erabateko joera egon da, oraingo argitaletxeen partetik, Elkar, Erein eta halakoak... Lehenago lurreko gauzak, umeen ikuspuntutik baina gehiago ikutzen ziren. Biak nahasten ziren, eta orain ez hainbeste. Nire urtetan errealitatea izkutatu nahi hori tendentziosoa da, nahita eginda dago. Nire ustez umeari ere errealitatearen nozio batzuk eman behar zaizkio, fantasia hutsa sortzea Disneylandia bat sortzea da, eta Disneylandia polita da ikusteko, baina errealitatearekin topo egiten denean egundoko zartakoa hartzen du. Fantasia bultzatu behar da, baina fantasiarekin batera errealitatearen nozio batzuk ematen bazaizkio, hainbat hobeto. Beno, hau nire eritzi pertsonala da, beharbada Sebe Calleja ez litzateke honekin ados egongo.
A.– Irudiak garrantzi handia du haur literaturan. Nahiko lantzen al da arlo hori hemengo haur literaturan?
X.M.– Haur literaturari aurkitzen diogun akats bat da hau. Irudiak pisu handia dauka liburuaren barnean, eta areago ume batentzat bada, eta hori ez da behar bezain hainbat landu, ez da batere zaindu. Hau batetik diru premiagatik ematen da, baina bestetik hemen letrari lehentasun osoa ematen zaiolako.
A.–Zein litzateke zuen lanaren ondorio nagusiena?
X.M.–Azken ondorioa zera litzateke, euskal haur literaturak hiru ardatz izan dituela, didaktikotasuna, abertzaletasuna eta kristautasuna. Baina hau gero eta gutxiago ematen da, apur bat disimuloan egiten da. Etengabeko faktoreak dira hiru ardatz hauek euskal haur literaturaren historian.
A.–Eta aportaziorik bereziena?
X.M.–Lan apala da benetan, ordu askotako lana eta datu biltze ikaragarria. Aportazioa da abiapuntu bat dela eta nahiko datu badagoela ideia bat hartzeko euskal haur literaturari buruz. Orainarte ez zen halako azterketa sakon eta berezirik egin.
K. IZPILLA
50-51


GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
PertsonaiazMONASTERIO1
EgileezIZPILLA1Kultura

Azkenak
Eguneraketa berriak daude