Joseba Bidaurrazaga: Naturismoa da medikuntza tradizionalaren alternatiba


1988ko urtarrilaren 31n
Joseba Bidaurrazaga Naturistarekin elkarrizketan.
Bere aitu zenaren ('Artxandako aztia') urratsei jarraiki, begiko iris-aren diagnostikoa darabilen osagile naturista dugu Joseba Bidourrazaga. Gaisotasun kronikoetan epe luzeko barauak egitea gomendatzeaz gain, barazkizaletasunaren aldarrikapena baltzatzen du.Bezero nagusi gisa azken erremedioa bilatzen duten gaisoak izanik, ospe handia lortua du azaleko gaisotasunak osatzen. Gizan zorrotza bera, medikuntzan ikuspegi Hipokrafikoaren baltzatzaile, bere osatze-metodoetan guztiz sinesten duelarik, usain eta xarma tradizionala duen Bilboko kontsultan abegikor hartu gaitu.
Joseba Bidaurrazaga: Naturismoa da medikuntza tradizionalaren alternatiba
GALDERA: Zertan datza medikuntzaren ikuspegi naturista?.
ERANTZUNA: Ikuspegi naturista betidanik eman den eta emango den ikuspegia dugu. Medikuntza honetan gure senda-indarra da guk osatzeko erabiltzen dugun funtsezko elementua. Naturismoan gaisotasun bat gainditzeko daukagun premia garrantzitsuenetariko bat borondate indar handia edukitzean datza, hau da, gaisotasunaren aurrean jarrera baikor bat izatea. Gorputzak, berez, bere kabuz badu orekatzeko ahalmen propio bat.
Guk, naturistok, gorputzaren senda-indarrari laguntzen diogu bere lana ongi bete dezan. Osagileok ez dugu ezer osatzen. Gorputza orekatzean datza gure betebeharra, honela osasuna lortu dezagun. Kanpotik lagunduz jokatzen dugu, hauxe da hain zuzen ere ikuspegi naturista. Horretarako sendabelarrak izango ditugu euskarri... honelako filosofia bat bultzátzen saiatuko gara.
GALDERA: Zein da zuk erabiltzen duzun metodoa gaisotasuna detektatzeko?. Eta aurkitu duzunean, zeintzuk dira gehien erabiltzen dituzun metodoak horri aurka egiteko?.
ERANTZUNA: Nire aitak egiten zuen bezalaxe, begiko irisaren diagnostikoa erabiltzen dut. Nire aitak diagnostiko mota honen lehenbiziko liburua argitaratu zuen. Diagnostiko honen bidez, gorputzak eduki ditzazken gaisotasun desberdinak begietan aurre ikusi ditzazket. Horretaz gain, eta osagile gisa ere, historiale klinikoa eta beharrezko diren gorputzaren azterketa guziak egitera behartuta nago.
Iris-aren azterketak bizitasuna badagoen, senda-indarra badagoen eta beste zenbait argibide azaltzen dizkigu. Iris-aren diagnostikoa Hipokratesen filosofiaren barnean kokatzen da. Begia kutsaturik baldin badago, gorputza kutsaturik dagoelaren seinale dugu; eta alderantziz, gorputza garbia egonez gero begiak ere garbiak azalduko zaizkigu. Gure begiak herentzia jenetiko plastifikatu bat besterik ez direla esan daiteke. Jaiotza unetik modu berezi batetan azaltzen den berezitasuna da.
Nire metodoak aplikatzerakoan, lehenbizi gaisoari jatorki ze gaisotasun duen jakinarazten diogu eta bide batez, arazoaren gure ikuspegia azaldu. Gaisoak bere lana egin behar duela onartu behar du. Guk nola jokatu behar duen esaten diogu. Guzti hau, tratamendu sikologiko baten barnean sartu genezake.
Bigarren pauso bezala, janariaren tratamendua izango litzateke. Pertsona batzuk gorputza sendatzeko janariarekin nahiko dela uste dute. Askotan ere, janari guziak ezabatzea beharrezkoa izaten da, honen ordez barauak ezarriz. Gehienetan barau hauek bai urarekin, bai limoiaz edota laranjaz nahasirik egiten dira.
Hirugarrenez, terapia fisikoa erabiltzen dugu: saunak, lurrunak, plasmak, masaiak, eguzkia, bainu bero eta hotzak eta gure eskuetan danden metodo fisiko guziak.
Hiru osagai hauek bere garrantzia badute ere, gaisoaren inguruan mugitzen diren pertsonak ere itzelezko pisua dute osaketa prozesu honetan. Pertsona hauek, gehienetan gure alde egonik, gaisoaren inguruan baikortasun eta itxaropen asko jarriaz, hau osa dadin laguntzen dute. Normalki, gaisoak eta bere inguruan daudenak guk ezarritako tratamendua onartzen badute, emaitzak guztiz onak izaten dira. Naturismoaren filosofia bereganatzen badute, beraien eguneroko bizimodua ere aldatzen da. Gaisotasunari beldurra galtzen diote.
GALDERA: Normalean jendeak hainbeste denbora edo urtetan osagile tradizionaletan ibili ondoren ondorio onuragarririk ez topatzean, zuengana jotzen dute azken erremedio bezala. Ez al da horrela?
ERANTZUNA: Osagile tradizionalek ez dakite medikuntzaren ikuspegi naturista zer den. Hona etortzen diren gaisoak ez dakite ezer. Azken erremedioa hemen aurkituko dutelakoan datoz. Jendeak, osasuna makina bat sasi-azti eta kuranderoetara joaz bilatu nahi izaten dute.
Guretzat hiru dira betebeharreko lanak. Lehenik, gaisoaren senda-indarra berrindartzea, bigarrenik medikamendu gogorren bidez gorputzari kalterik ez egin eta azkenik, gorputzari garbitzen lagundu. Guretzat osatzearen sinonimoa gorputzaren garbitasuna izango litzateke. Sendabelarrak garbitasun hori egiten dute. Izerdia bota, txisa eragin, mukiak bota edota kaka egin araztea. Hona etortzen diren erremedio gabeko gaisoetatik asko osatzen badira ere, beste askok horrelako tratamenduak jarraitu behar dituztela ikusterakoan ikaratu egiten dira.
GALDERA: Jendea oso tratamendu luze eta gogorrak jartzen dituzuelaren kexu da. Ez daude horrelako tratamendu luze bat jarraitzeko prest.
ERANTZUNA: Lehenik, tratamenduaren berezitasuna aztertu beharko litzateke. Hara... Hipokrates-ek zioenez hiru baldintza dira beharrezko gaiso bat osatzeko. Lehenengo gaisoaren senda-indarra gogorra bada, gaisoa sendatu egingo da. Bigarrenez, osagilearen esanak betetzea eta azkanik, gaisotasunaren benetazko izaeraz jabetzea. Gure lana, nolabait esateko... gaisoaren mentalizazioan sustraitu daiteke. Guk mentalizatu ondoren, beraiek bere kabuz dira gaisotasunari aurre egin behar diotenak. Guzti hau lortzeko metodurik onenetariko bat naturistengana joaz topa daiteke.
Laburtuz, bi motatako gaisoen aurrean mugitzen gara naturistok. Batetik bere arazoa ulertzen dutenak eta bestetik osasuna erostera datozenak. Bigarren motatako hauek leloak dira, ez dakite osasuna norberak osatzeko egin behar duen lan pertsonala dela.
Tratamenduaren iraupenari dagokionez, esan beharra dago... denbora, medikuntza naturista honetan lagungarri bilakatzen dela. Gaur egun, txerto zein produktu kimikoz eginiko farmakoak asko erabiltzen dira gaisotasunaren iraupena laburragoa izan dadin. Naturistontzat, hauek, gorputzean beste sutantzia pozointsu bat ezartzea besterik ez dute lortzen.
GALDERA: Orokorki jendeak ez du medikuntza mota honetan asko sinesten. Zure ustez, nahiz eta jendea gaizkiesaka ibili, efektibotasunik aurkitzen diozu?
ERANTZUNA: Beste edozein medikuntza mota baino efektiboagoa dela deritzot. Baina badago hemen gauza bitxi bat... inor ez da osatzen ez badu merezi. Agian honek filosofia hutsa dela emango du, baina askotan gaisoa datorrenean bere aldetik ezer ez duela jarriko nabaritzen zaio; handik urte batzutara berriz, azken erremedioaren bila hona itzuliko da. Beraz, oso garrantzitsua da gaisoa osatzeko hartzen duen jarrera. Baikortasuna beharrezko premisa da.
Beste gaiso mordo bat ere kuriositatea asetzeko bakarrik etortzen da... ea diagnostiko ederra egiten diodan... batez ere aurretik izandako diagnostiko desberdinekin konparaketak egiteko. Sarritan ere, zenbait jendek ni azti bat izango banintz bezala hartzen naute, sexualitate eta ezkontza-arazoetaz itaunduz adibidez.
Osagile tradizional askok, iris-aren diagnostikoa kontu bat besterik ez dela uste du. Nahiz eta sistema hau zientifikoki guztiz frogaturik ez egon, enpirikoki oso baliogarria da nondik-nora gabiltzan jakin ahal izateko. Metodo honen baliogarritasun agiri bat hauze izango litzateke: kerreradun jendeak ere, beste hainbat osagileetatik igaro ondoren gugana jotzen dutela, alegia; azken finean, gutaz fidatzen dira.
GALDERA: Gaur egun, beste garai batetan baino bejeta gehiago dande. Hau zergatik da? Zure ustez zer da, moda ala bizitzaren filosofia bat?
ERANTZUNA: Natura medicatris da gure hitza. Hontan oinarritzen gara. Gero eta barazkizale edobejeta kopuru gehiago dago. Osagile guziok ikasi dugu bide naturista honetatik abiatuz gero osatze posibilitate gehiago ditugula. Naturismoa ez da moda bat, kultura baizik. Bizitzaren filosofia bat azken finean. Filosofia honetan gorputzaren barneko garbitasunak itzelezko pisua du. Gure gorputza garbia mantentzen badugu, gure seme-alabak eta ilobak garbiagoak izango dira. Barazkizale izatea komeni zaigu, bai ona delako, bai kantitatez ase gintezkelako eta gorputzari kalterik egiten ez diolako.Barazkizale izateak helburu bakar bat du: gure gorputza ez kutsatzea.
Gaisotasun gehienak azken finean, gure gorputza garbitzera behartzen gaituen zerbait dira. Hau ez da egun bateko lana, urteetan zehar egin beharreko lana baizik. Gure gorputzak berez, soberan duena kanpora botatzen du. Adibide bat jarriz... sukarra, gure gorputzaren baitan ditugun sustantzi toxikoak erretzeko atera behar zaigun izerdia da.
GALDERA: Orain dela gutxi Euskal kontsumoaren aldizkari batek medikuntza tradizionalaren alternatibez ikerketa bat burutu du. Ikerketa horren ondorioetariko bat iruzurra dagoela izan da. Naturismoan iruzurrik ba ote dago?
ERANTZUNA: Sasi osagile asko daude naturismoaren inguruan. Hauek, ezjakintasunean, edozein motatako sendabelarrak gomendatzen dituzte. Gaisoak, onera egin beharrean berdin jarraitzen dute; orduan... iruzurraren mamua azaltzen da. Horrexegatik datorkigu sinesgarritasun handirik ez edukitzea. Iruzur asko daude, eta pentsa ezazu... gure filosofia onartzen badugu medikuntza tradizionalaren aurka goaz, farmakoaren aurka. Ez dugu ahantzi behar farmakoen industria ekonomikoki munduan dagoen bigarren industria dela. Guk sendabelarretan oinarriturik dauden bidezko terapiak bultzatzen ditugu, baina honek ez du esan nahi farmazietan aurki daitezken farmakoak sendabelarrez eginak ez daudenik. Adibide bat jarriko dizuet: Farmazian digitalina topa dezakezue. Sustantzi hau landare batetik aterata dago, euskarazko kuku-fraka alegia. Orduan, kuku-fraka landarea hartzen baduzue, digitalina hartuko duzue. Edonolako sendabelarrak eta argaitze dietak gomendatzen dituzten guziak iruzurra besterik ez dute egiten. Muntai guzi hau negozio hutsa da. Sasi osagileek honelako terapiak burutuz bezero eta dirua errezki lortzen badute, besteak ere, azkar abestu nahiean, gisa horretako terapiak bultzatuko dituzte. Azken finean, honelako jarrerakin naturista askok sinesgarritasun eza edukitzea lortzen dute.
Gehienetan, osagileen artean bakartasuna da nagusi. Ez gara elkartzen gure jakintasun eta zalantzak eztabaidatzeko. Osagileon artean batasuna funtsezko premisa da. Osagile guziok ditugu ikuspegi beretsuak, baina gure berezitasunak ere baditugu. Horrexegatik ez gaude batuta eta indar gutxi daukagu.
GALDERA: Zeintzu dira naturismoaren bidez osa daitezken gaisotasunak. Minbizia, leuzemia, HIESa eta gisa honetakoak osatzea posible da?
ERANTZUNA: Ez, ez, ez... osa daitezken gaisotasunak bakarrik osatzen ditugu. Gehienbat azalaren arazoak dituztenak datoz: ekzema, soriasis, akne... azaleko alergiak azken finean. Baita ere, sabeleko arazoak, eztarriko infekzio kronikoak, arazo reumatiko, artritiko eta azkenik arazo neurotikoak dituztenei ere laguntza ematen diegu. Hala ta guztiz ere, azken aldian badatorkigu talde bitxi batetako bezeroak: Argaltze prozesuak eskatzen dizkigutenak, alegia.
Minbizi, leuzemia eta HIESaren motatako gaisotasunak gaisotasun suntsitzaileak dira. Adibidez... leuzemia duen batek ez du horren aurka egiteko bizi-indarrik eta beraz, honen faltaz, hilzorian aurkituko da. Baina honek ez du esan nahi naturismoarekin adostezinak direnik.
GALDERA: Zer da beharrezkoa osagile naturista izateko? Titalazio bereziren bat edo...
ERANTZUNA: Lehenengo osagile izatea noski. Osagile moduan jakin egin behar da anatomia, fisiologia, patologia eta abar luze bat zer den. Gu ez gaude beste osagile tradizionalen aurka. Naturistok gure filosofi eta ikuspegi berezia egiten dugu. Oso beharrezkoa ikusten dugu beste osatze metodoen filosofia guziak ezagutzea, honela gure metodoak aplikatu ahal izateko.
Naturista izateko ez dago ikastaro berezirik egin behar. Estatu mailan naturista gehienak elkartzen gaituen erakunde bat badaukagu; gainera ni horko fundatzailetariko bat naiz.
GALDERA: Nola definituko zenuke zuk burutzen duzun gizartearekiko betebeharra?
ERANTZUNA: Mundu guzia dago osagileen menpe. Bizitzaren medikalizazio bat ematen da; eta... pentsa ezazu... nik abertzale moduan hartzen dut osagile izatea: Hau politika hutsa da. Herriaren osasuna lehenengo legea da. Janari, edari, droga... ren menpean baldin bagaude, orduan, osagileen menpean egongo gara eta beraz, ez gara aske izango. Honi bizitzaren medikalizazioa deitzen diogu. Guziok, egunero gure osasunaz arduratu behar gara medikalizazio honen menpe ez erortzeko. Osasuna galtzen badugu, inkontzienteki herriaren aurkako atentatu bat egiten ari gara. Beraz, osasunaren obligazioa herriaren eskuetan utzi behar dugu.
Osagileen betebeharra gaisoei zein arazo duten azaltzea besterik ez da. Gu bitarteko batzu besterik ez gara... eta beno, zein da herriaren areriorik handiena?... batetik herriaren ezjakintasuna eta bestetik janari, edari zein beste ohituren dependentzia zuzena. Hala ere, egun, osasunak daraman borrokan guztiz baikor azaltzen naiz.
JESUX ARTETXE JABIER MARKOS
35-39

GaiezGizarteaOsasunaSendabideak
PertsonaiazBIDAURRAZA1
EgileezARTETXE2Gizartea
EgileezMARKOS1Gizartea

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude