Bautista Oliden: "Arraunaren Munduan Dirua Sartu Denean Guztia UstelduDa"


1987ko irailaren 06an
Bautista Oliden Orioko arraunlari ohia
Bautista Oliden: "Arraunaren Munduan Dirua Sartu Denean Guztia Usteldu Da"
Traineruen denboraldia azken txanpan dagoenean Oriok eta Euskal Herriak eman duen arraunlari bikainenetako batengana jo dugu. Bautistak garai batetako kontuak berritu eta arraun esparruak josan dituen aldaketak azpimarratu dizkigu. Itsas gizan guztiak bezalaxe erreparoz mintzatzen hasi bazaigu, ez omen da hitz handiko gizana aitortu digunez, berotuz joan den neurrian arraunlarien komeria latzak azaldu ditu inolako estutasanik gabe. Kantauriko itsasoaren antzera arraunaren munduan ez dira ur guztiak bare.
GALDERA: Noiz hasi zinen arraunlari kontutan, nola hasten zen jendea Orio aldean?
ERANTZUNA: Ni hamabi, hamairu urteretin hasi nintzen, pentsa ni 40.eko kintoa naiz eta badakizu, hemen anguletan izaten ginen denok, bata arraunean, bestea beste eraren batetan eta ondokoaren inbiriaz edo, horretantxe hasi ginen. Lanbideak dira horiek. Orion gehienok honela hasi ginen, lehen txipiroiak, angulak zirela-ta, beti arraunean aritzen ginen, orain berriz, motorrean joaten da jendea.
GALDERA: Orduan ez zen entrenamendu handirik egingo, ezta?
ERANTZUNA: Ze entrenatu!! Orduan egunero eta edozein momentutan itsasora joan behar eta, beti arraunekin aritzen ginen. Lehengo arreanlariak arrantzale ginen.
GALDERA: Baina arrantzale izanik, konpetiziotan murgildu zineten.
ERANTZUNA: Bai, gu 1939. urtean hasi ginen, Donostia eta Bilbora joanez, eta gerran egindako iztarreto zauri batek odola zeriola arraun egin nuen. Hango bi banderak ekarri genituen etxera.
GALDERA: Nola osatzen zen taldea, fitxajerik ez zen izango.
ERANTZUNA: Junta bat egiten zen eta hantxe joaten ziren mutilengana. Taldea aukeratzeko, bertako zaharrenak edo, piskat ibilita «hauek dituk onentxoenak».
GALDERA: Eta diru kontuak?
ERANTZUNA: Dirua? Zera: garai hartan, Orión, egunero txuleta bat jaten zen baina galtzen bagenuen geure patriketatik, irabaziz gero...
GALDERA: Nolakoak ziren zuek erabiltzen zenituzten traineruak?
ERANTZUNA: Egurrezkoak baina haundiak eta zatarrak. Karga handikoak ziren eta plantilak ere txarrak oraingokoen alde. Gizon handientzat eginak ziren. Guk hemen ikusi genuen lehendabiziko trainerua Lorontzo deitzen genion batek egin zuen Orion. Beste bat ere kanpotik ekarri zuten baina hura txarra, mantsoa alegia.
GALDERA: Eta trainerua erosteko dirua nondik ateratzen zen?
ERANTZUNA: Kofradia aritzen zen horretan zertxobait.
GALDERA: Arraunlarien artean beti elkarren arteko lehia edo pikeak ospetsuak ditugu.
ERANTZUNA: Pike piska bat ez badago zaila da arraun egitea. Oriokoak gurekin zuten pikea, gu Ortzaika auzokoak gara eta orduan batzu biltzen ginen, jende indartsuak, gaur egungoak baino hobeagoak, sanoagoak. Orain gauetan ez dira garaiz erretiratzen. Preparatu, preparatzen dira baina hala ere, goiz erretiratu behar da. Arraunlariek eta apustulariek ez dute bestenak heldu behar, ez dute besteetaz ezer jakin behar, zita jokatu eta bale. "Hark hau esan du, beste honek hau" horrelaxe aritzen dira edo-ta aritzen gara eta ez...
GALDERA: Arraunlari ona izateko zer behar da, zer behar egin behar da?
ERANTZUNA: Indar piska bat, dexente, mutil sanoa izatea eta mila gauza. Akzioa izatea batez ere. Gero jende eta hemen arteko pikea izan behar du, orain ere, sanjuandar eta sanpedrotarren arteko pikea ikusgarria da, Imuok beren arteko pikea behar izan dute, hauek itotzeraino arituko dira besteari irabazteko. Hori behar da, bestela xoxua "azkena ailegatzea niri ez zait inporta" eta tipo horretakoek ez dute balio.
GALDERA: Pikea soilik ez da bada izango? Zertxobait entrenatu beharko zenuten?
ERANTZUNA: Orduko mutilak denak ziren entrenatuak, guri ez zitzaigun iruditzen baina goizen hasi hara joan, hona etorri, egun osoan sortaka bizkarrean, jende zukutua ginen. Bakoitzaren lana zen entrenamentua.
Gero, piska bat zuzendu, ohitu. Hamabost egun eginda makina bat aldiz aritu gara; Pedreñatoen kontra lehendabizikoz joan ginenean bederatzi entrenamendurekin joan ginen eta baita bandera ekarri ere. Oso gogorra izaten zen, pentsa: lehen arraunak hezeak zeudela-edo, karga handikoak ziren eta apur bat orekatzeko kilo bana beran jartzen genien, zenbat karga-eta eramaten ziren alperrik!! Oraingo arraunak berriz, enkolatuak, arin-arinak. Herremienta haiekin botako balira gaurko traineruak ikusiko nituen nik estropadak...
GALDERA: Eta janari kontutan nola zeundeten, elikadura berezirik irensten al zenuten?
ERANTZUNA: Garai hartan ahal zena jaten genuen. Hala ere, jan ona jaten genuen, hemen erreka aldamenean «marea baja» egiten duenean, legarra deitzen diogu guk, almeja ederrak jaten genituen, hamaiketan makina bat bider joan eta kazuelkada almeja ederra jeten genuen arrozarekin. Gerra denboran, bi edo hiru urtean haiekin izorratu ginen, gehienak uste dut nik. Dirua zuenak salbatuko zen baina...
GALDERA: Nor izaten zen patroi, nola egiten zen aukeraketa?
ERANTZUNA: Zahar horietako bat izaten zen beti patroi. Arrantzan ibiltzen zen arrantzale zahar xamarren bat, gu gazte ginela Domingo Mitxelena genuen, maisu baino gehiago serioa zen. Guk ez genion ezer esaten, han ez zuen inork ere hitz bat egiten "horra joango guituk, hara egingo diagu buelta", Sarasuak eta berak bi hitz edo egiten zituzten eta martxa.
Ez orain bezala, irratia baino okerrago traineruan joanda. Orain ez lukete egingo.
GALDERA: Horrek zer esan nahi du, disziplina handia zegoela?
ERANTZUNA: Disziplina baino gehiago, errespetua. Bai, errespetua. Trainerua ixila izaten zen; orain "sala de fiestas" baino okerragoak dira traineruak. Gaur egun disziplina gehiago dago baina errespetu gutxiago.
GALDERA: Zein zen patroiaren lana, zein funtzio betetzen zuen?
ERANTZUNA: Patroiak gauza asko. Mutilak ondo jarri beren tokitan, nondik egiten duen hobeto, indarrak piska bat berdindu. Zaila ez da izaten, jakinez gero gauza zailik ez da izaten.
GALDERA: Zer gertatzen da bada, gaur egungo arraunlariak bigunagoak al dira ala zer?
ERANTZUNA: Gaur egun arraunlari gogorrak badaude baina ez denak. Guk orduan zortziretan ordua jarri eta denak muellean zortziretarako han ginen eta muellera joan eta itsatso handia bazen ostera denak etxera etorri, kanpai txiki bat jotzen zuten kofradiatik eta hura entzun eta segituan, denak erne egoten bait ginen, biltzen ginen. Itsasoan egiterik ez bazen errioan egiten genuen arraun.
GALDERA: Itsaso handiz egin al duzue arraun?
ERANTZUNA: Puf... bai galantak ere. Handiena Donostian jokatu genuen bat izango zen; nik urteak gogoratzeko txarra naiz baina Orio hondora joan zela gogoratzen naiz urte hartan; 1935. urtean zela uste dut. Garai hartan ez zen ez palkarik, ez ezer. Sanpedrotarrak, haiek bai, aurreko jendea kendu eta atzekoak jarri, egin zituzten preparatiboak, haiek jornada egin zuten.
GALDERA: Beldurra pasatzen al da itsaso handia dagoenean?
ERANTZUNA: Bai, haize handiz dagoenean, argi. Oraingo enbarkazioak hainbesteko itsasoa baldin bada...
GALDERA: Entzun, entzuna da arraunlarien ipurdiko mina ezta? Eramaten al zenituzten egungo esponjak edo.
ERANTZUNA: Nik ez nuen ipurdiko minik izan. Esponjak orduan? Bai, zera. Esponjak? Ipurdia hobeto pegatzeagatik eskua ur gazitan busti eta ipurdian igurtzi. Indarra egiteko behar da ipurdia aurrean, ertz-ertzean jarri, atzean jartzen baldin bazara... ez da ezer. Ez da indarrik egiten. Orain guanteekin ere arituko dira.
GALDERA: Latza izan behar du ipurdia haragi bizian izatea.
ERANTZUNA: Orduan batzuk izugarri sufritzen zuten. Jesus!! Izugarri. Eseri egin behar zen han, berotuz gero ez zen ezer nabaritzen baina berotu arte... Komeria latzak.
GALDERA: Hori sendatzeko botikarik edo erremedioren bat izango zen.
ERANTZUNA: Oilo gantzarekin eta. Azkenean guk, nik gutxitan, ura eta olioa nahastu eta masa egiten zenean, harekin igurtzitzen genuen eta aurrera. Eskuekin ere problemak izaten ziren, askok txikitzen zituzten eskuak. Arraun egiterakoan eskua hona, eskua hara, hau ez bada piska batetan zabaltzen gehiegi berotzen da eta orduan babak ateratzen dira, haizeak eskuak freskatzen baditu ez dago arazorik.
GALDERA: Estropadetan zer da garrantzitsuena, irteera, ziaboga, azken txanpa...
ERANTZUNA: Azkar alde egitea. Guztia da inportante baina ni sekula ez naiz joan ziabogan estropada irabazteko bideart, indarrak oso berdinduak badaude zertxobait ateratzen da. Ziaboga hartzeko teknika inportantea da, guk bagenuen «Trabuko» izeneko patroia eta hark beti ziaboga "jaten" zuen eta hori ez gertatzeko beste ziaboga txiki bat jartzen nion erreferantzia ona har zezan eta honela primeran hartzen zuen, bestela ziaboga «irensten» zuen.
GALDERA: Zer ibili zinen orduan, patroi irakasten?
ERANTZUNA:Ni barrenen baina... gu Madrilen Españiko kanpeoiak atera ginenean, hiru entrenemendu zeramatzan gure hiloba horrek, Klaudio Etxeberria patroiak, eta bederatzi ziaboga egin behar ziren, Erretiroan izan zen, hari esaten nion nik, «etor hadi honela eta honela, ailegatu baino hiru paladaren bat lehen has hadi» baina atzera begiratu eta ikusten nuen eta agindua eman behar; bestela hark nola eman bederatazi buelta?
GALDERA: Euskal Herritik kanpo zeintzu ibiltzen ziren fuerte?
ERANTZUNA: Pedreñak zuen indarra eta, batez ere, dirua. Orain ere, hemen dirua da nagusi. Dirua dagoen lekuan traineru ona egongo da, «fitxa libre» jartzen badute... Haiek ongi preparatzen ziren, gu haien kontra bederatzi entrenamendurekin eta hala ere, irabazi. Gu beti azkenengo momentuan ibiltzen ginen.
GALDERA: Eta apustuak nolatan ziren?
ERANTZUNA: Han apustuak ba omen ziren baina apustu gehienak Donostia aldean izango ziren.
GALDERA: Eta mafiarik edo «moldatutako estropadarik» ez al zen izaten?
ERANTZUNA: Hori zaila da jakitea. Galtzen denean beti dago tongo. Fama beti egon da, beti entzuna izan da, fama galanta hartu izan dugu baina...
GALDERA: Nola liteke talde batek hiru urtetan guztia irabaztea eta gero pott egitea?
ERANTZUNA: Preparazioak asko esan nahi du eta gainera beti ez dira mutilak tokatzen. Garai batetan bertako jendeaz hornitzen zen trainerua eta kanpotikako jendeak ezin zuen parte hartu. Guri, behin, Getariko protestei kasu eginez, Aiako lagun bat kendu ziguten Oriokoa ez zelako.
Talde ona izateko dirua behar da. Zumaian dirua asko izan da orain arte, San Pedrok ere, dirua mugituko du.
GALDERA: Halere, arraunlariak kexu dira diru gutxi irabazten dutela.
ERANTZUNA: Bai, arraunlaritan gehiena kobratzen duenak, hale ere, gutxi. Denak irabazita ere gehienera 200.000 pezeta irabaziko dituzu, hor pasatzen diren sufrimenduak diru horrekin ez dira ordaintzen. Orain zerbait baina lehengo dirua zer? San Isidrotan Madrila joan behar eta automobilez joateko geure dirua jarri behar izan genuen. Dirua sartu denean guztia usteldu da.
GALDERA: Nola ikusten duzu San Pedro eta San Juanen arteko lehia?
ERANTZUNA: Horiek gautan goiz erretiratuko dira bai. Beren buruak zainduko dituzte, San Pedrokoak zorrotz dira, aspaldi ikusi nuen, lehendabizikoz, arraunak sapaitik zintzilik egokitzen ez hondatzeko; errespetu handikoak dira hauek, San Juanekoak gutxixeago direla esango nuke.
GALDERA: Eta Orioren beherakada, nolaz eman da? Hain izen handiko taldea non dago?
ER]INTZUNA: Hiru onenak Zumaiara joanak dira, orain beste bi olinpiadan edo daude, nik dakidanez, zazpi onenetakoak joanak dira. Zergatik? Dirua ematen dietelako. Kanpora joan diren guzti horiek gaur Orion izango balira, Orio izango litzateke kanpeoi, beste inor ez.
GALDERA: Eta arraun federazioa hortxe dago, zer egiten du, onik bai?
ERANTZUNA: Horiek beren alde, hemen jartzen den guztiak bere alde egiten du, lagundu egin behar dela esaten dute, esan bai baina zer laguntzen du? Asuntoa larri dago. Nik estropadak, ikusten ditudanean, telebistatik ikusten ditut.
Nik uste dut jendea zaletasuna galtzen ari dela.
GALDERA: Zenbat urterekin arraun egin zenuen azkenekoz estropada batetan?
ERANTZUNA: Berrogeitabost urte nituela Donostiako, Bilboko eta Bermeoko banderak irabazi genituen.
GALDERA: Nork irabaziko du Kontxako estropadetan?
ERANTZUNA: Pasaitarrek ala zumaiarrek. Itsaso handia badago pasaitarrak baina itsaso leunaz Zumaiak, baina argi sanjuandarrekin. Diferentziak txikiak dira, helere.
N. ARRASTOA
27-31

GaiezKirolaArraunaArraunlaria
PertsonaiazOLIDEN2
EgileezARRASTOA1Kirola

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude