"PSOEtik EErako Trasbasea Nabarmena Da Ibar Ezkerrean"


1987ko maiatzaren 24an
Teo Uriarte, EEren Bilborako Hautagaia
"PSOEtik Eerako Trasbasea Nabarmena Da Ibar Ezkerrean"
Aspaldiko partez gure herri eta hiri askotako alkategoak noren eskutan geldituko diren zintzilik dauden hauteskundeotan, Eduardo Uriarte aurkezten du Euskadiko Ezkerrak, Roblesen hutsunea bete dezan. Ez da atzo goizean politikagintzan sartua, eta Burgosko auzia bezala Gasteizko Parlamentua ondo ezagutzen ditu.
ARGIA.– Bilbon EE hirugarren indarra izango dela esanez hasi zarete...
Teo Uriarte.–Ez da hainbeste. Herri Batasunak ez dauzka guk baino 3.000 boto gehiago eta badirudi botoaren joera hurbiltzekoa dela. Hauteskunde autonomikoetan, Gasteizen, Herri Batasunaren aurretik jarri ginen diferentzia berarekin. EAri dagokionez atzetik daukagu 6.000 bototara. Gure asmo eta nahia da hirugarren indarra izatea, baina azkenean hautatzen dutenek erabakiko dute.
A.–Azken hauteskundeetan igotzeko joera garbia erakutsi du Euskadiko Ezkerraren botoak.
T.U.–Aurreko hauteskunde munizipaletan 14.000 boto geneuzkan Bilbon eta gaur egun 23.600 dauzkagu. Hazkunde garrantzitsua izan da. % 11,54 azken hauteskundeen arauera.
PSOE Bozkatzetik EEra
A.–Hazkunde hori PSOEtik EEra izandako boto aldaketak esplikatzen du.
T.U.–Bai. Horrek ez du esan nahi beste trasbaserik ez denik, baina minimoak. Batez ere PSOEren boto urbanoa izan zen gure aldera etorri zena. Bilbon, Deustuan eta San Inazion bigarren indarra ginen eta gara %14arekin; Otxarkoagan nabarmendu zen gehienbat: 1979. urtean 27 boto izan zituen han EEk eta gaur egun 1.600 dauzka. Errekaldeberrin ere igo egin da. Auzo horietan nabarmena da PSOEtik EErako trasbasea. Aldiz PSOE mantendu egiten bada, edota pittin bat jaitsi, eskuinaren botoaren eraginez da. PNVn gertatzen den bezala. Ezkerraldean Bilbon baino nabarmenagoa da eskuinaren trasbasea PSOEra.
A.–Lehendakaria hautatzeko orduan egon ziren hitzarmenak-eta errepikatuko al dira oraingoan?
T.U.–Gobernu paktoak asko mugatzen ditu posibilitateak. Hitzarmena egin zutenek, PSOEk eta PNVk, bai eritzi publikoan eta bai eta alderdi horien hautesleen artean ere daukan oihartzun txarra dela medio, ez dute haizatzen une hauetan. Baina bueno, inorentzat ez da sekretu bat hitzarmen horrek pisu handia izango duela udal gobernuak antolatzeko orduan.
Nik uste dut hautesleei ez zaiela hori ezkutatu behar, erakutsi baizik. Kontutan hartu diputazioetan, Bizkaikoan esaterako, seguruenik kontrol-gaitasun handiena izango duen indarra izango garela. Udaletxeei dagokienez PSOEren botoa ez da kontrol boto bat izango PNVrekiko, hau nagusi denean udaletxeetan. Eragina du gobernu paktoak eta nabarmenduko da.
Hauteskundeoteko Kontrarioak
A.–Udal mailako hauteskundeetan, garai batean behintzat, garrantzia ematen zitzaion aurkezten zen «pertsona»ri. Bilbon, zein iruditren zaizu kontrariorik "onena"?
T.U.–Gizatasun handiko gizona aurkezten du PSOEk Bilbon, Lopez Merino. Gaur, kasualitatea, aldizkari bat irakurtzean ohartu naiz bere aita eta nirea oso lagunak izan zirela. Bere aitak «Lyon d'Or» izeneko kafea zeukan. Bilboko dibertsio zentrurik laikoena. Nire aitarekin Bilbora egindako lehendabiziko bidaian toki horretara eraman ninduen.
Errepublika garaian bere papera jokatu zuen kafe horrek. Kafe burges bat zen, bai, baina laikoa zen eta korronte ezberdinak zeuzkan barruan. Bueno Merino kategoriko kontrarioa da. Hor; bai, nostaljia ñoño batetara makurtu du igoal bere mezua, eta honek hesi bat sor dezaioke gaztedia eta beronen arazoekiko... Baina pertsona bezela gizatasun eta prestijio handikoa da.
Gorordok telebista egiten jarraitzen du. Iparramerikan moduan egin du kanpaina, zerbait esaten duen bakoitzean hanka sartuaz. Alhondigaz hitzegin zuenean berehala erantzun zioten PNVtik. Poliziaz aritu zenean Polizia Munizipalaren Euskadiko Elkarte Profesionaletik erantzun zioten... Ez zekien ez gai batetaz ez besteaz. Ez dut uste Gorordo kontrario bat denik, baina alkate izango ote den beldur naiz, ze Bilboko presupostuak dauden bezada ezin da ibili ETBn bezala.
A.–Besteak...?
T.U.–Posibilitate mugatuak dauzkate. Mario Fernandez zerbitzu publikoen pribatizazioarekin hasi zen eta hankak gelditu dizkiote.
Orokorrean begiratuta zera ematen du, Bilbon aurkezten diren hautagaiek enpresa batean sartzera doazen "yuppie" irudi bat ematen ari direla eta Bilboko Udalean lan egin duten pertsonek esaten dietela ezetz, hanka sartzen ari direla eta beste modu batean jokatu behar dutela.
A.–Bilbon sartuta, zein dira zure ustez Bilbok aurkezten dituen arazorik larrienak?
T.U.–Bilbok arazo guztiak dauzka. Dena da arazo Bilbon. Transizio demokratikotik ateratzerakoan, Bilboko lehen udal demokratikoan sartzerakoan, planteatzen ziren arazo guztiak berberak dira gaur egun. Bilbo hiritarrentzat errekuperatzea, erdi-gunea periferiarekin armonizatuz eta hiri bakar eta oso bat eginez.
Ibaia errekuperatzearen arazoa. Bilboko Plan Orokorraren arazoa, ez bait da egin. Alde Zaharra errekuperatzearen arazoa... Arazoak hortxe diraute. Eta aitortu behar da gauzatxo batzuk egin direla, eta diru asko gastatu dela. Egin diren gauzatxoak hiriaren ikuspegi orokor bat gabe egin dira. Emerjentziazko egiaren aurrean egin dira gauzak... Baina luzera begirako plan batean inbertitu despilfarroak gabe... hori ez da egin.
A.–Beraz, dauden prebisioekin berdintsu jarraituko du horrek.
T.U.–Bai, noski. Nik uste dut Gorordok gastatu egingo duela dirua. Baina gastatuko du orain arte bezala. Gorordok gainera erraztu egingo ditu negozio mota horiek. Berea den klase sozial horren bizimodu horren arauera: Bilbora iritsi, lan egin, bufetea itxi eta alde Bilbotik. Ideolojia horrek bizirik dirau: Bilbo ez da Bilbon dastatzen, Las Arenas edo Plentzian baizik. Ahal duenak alde egiten du Bilbotik gozatzeko, eta ezin duenak Bilbo pairatzen du.
Izandako desanexioez gain 380.000 biztanle dauzka oraindik Bilbok, eta Bilbon bizi den jendeak, auzoetan bizi den jendeak, ezin du beraneatu ere egin. Abuztuan ezin dira ezta Bilbotik atera ere egin.
Hurrengo partea, nola konpon daitekeen zertxobait? Bueno, kontutan hartu behar da Bilbo erdigune bat eta auzoak direla. Auzoei bizi-ondasun pittin bat eskaini behar zaie, eta beste hainbat zentroari, auzoek han topo egin dezaten.
Europarako Hautagaiak
A.–Bilbo alde batera utziaz eta Europara begira, kanpainaurre honetan indartsu ari da apostuan EE.
T.U.–Guk bagenituen harremanak betidanik zenbait partidurekin. Esquerda Galegarekin batez ere, baina bai eta ere Mallorca eta Menorcako alderdi soziatistekin, Unitat del Poble Valencia, eta Marc Palmesen taldearekin Entesa de Esquerra de Catalunya... Esquerra Republicanarekin ere bagenituen harremanak, tirabiratsuak baina harremanak. Bagenekien bazituela eskaintzak eta adostasun handiagokoak zituela besteren ideario politiko batzuekin gurearekin baino. Edo CIUren eskaintza edo EAren eskaintza. EArekin geratu dira azkenean. Bakoitza bere tokian. Hobe eta lehen bezain adiskide.
Arazoak izan ditugu Izquierda Unidarekin. Horrelako zenbait kolektiboren presentzia udal hauteskundeetarako lista aurkeztu eta gero agertu behar izan ditugu, ze pertsona hauek, hitzarmenaren protokoloan ondo zaindu bazuten ere ez konprometitzea Europako Parlamenturako hauteskundeekin IU-k ez die askatasunik eman horrelakorik egiteko, Izquierda de los Pueblos candidatura bultzatzeko edota parte hartzeko.
Gero zenbait kolektibo sortu da, Santanderko erradikalak, Madrilen bertan Sevillan, Cordoban, Granadan... total azpiegitura minimo bat sortu dugu estatuko 38 probintziatan. Ez genuen horrelakorik espero. Baleares, Menorca, Galizia, Catalunya eta Euskal Herriarekin baino ez genuen kontatzen. Eta orain Europako Parlamentuan bi parlamentari sartzeko posibilitatearen atzetik goaz.
A.– Madrilen nahiko atsegina izango da Euskadiko Ezkerra...
T.U.–Bai. Begira. Lehengoan Madrilgo plaza txiki batean hauteskunde ekintza bat egitera gindoazen, nahiko akonplejatuta, eta hara non hangoek Plaza Mayor erdian jarri gintuzten mitina egiten. Bai, badaude espektatibak. Slogana ere hortik doa: "Siempre nos has querido votar. ¡­Ahora puedes!".
Egia da Madrilen eta beste zenbait nukleo urbanotan, gure alternatiba urbanoa bait da bereziki, harrera giro ona dagoela.
Izquierda Unida, HB...
A.–Beraz, arazorik izan du Euskadiko Ezkerrak Izquierda Unidarekin?
T.U.– Hauteskundeetako kontrarioak izatea eta beharbada biok interesaturik gaudeneko eremu politiko batetarantz joatea. Beraiek ikuspegi «unitaristago» batetik, eta gu ikuspegi konfederal, ezkerreko eta nazionalista batetik gehiago.
Baina noski, PSOEri ezkerretik egindako bi alternatiba projektu ziren eta ez dira bat etorri. Gu ez gaude prest lll. Internazionaleko intentonak errepikatzeko estatu espainolean. Uste dugu ezkerra berritu behar den zerbaitetik pasatzen dela, eta ez prezeski PCEtik. Izquierda Unidak, PCE nagusi daukan neurrian, ez du errespetorik estatuko nazionalitate ezberdinen aurrean.
A.–Herri Batasunak estatu mailan eman dezakeenari buruzko espektatiba frango dago baita ere.
T.U.–Nik uste dut asko emango duela. Konbentzituta nago. Gainera pentsatu beharra dago, trantsizio urte hauek kenduta, Espainia izan dela historikoki Europa guzian tradizio anarkistarik handiena izan duena. Arbuio jarrerak gainera askotan eman dira Espainian: karlismoan, langile mugimenduan, anarkismoaren kontsolidazioan... Herri Batasunak erretxazoaren boto hori izan dezake. Boto garrantzitsu bat.
A.–Estatu mailan Europako Parlamenturako aurkezten diren listen artean Euskal Herriko politiko asko aurkezten da eta badirudi pisu berezi bat hartzen dutela estatuan.
T.U.–Aurkeztu bai, aurkezten dira... baina ze pisu daukaten ez dakit... Ez dakit nik. PSOEkoek beti esaten zuten Espainian politika mugitzen zutenak zirela katalandarrak, politikari arrazionalitatea ematen ziotenak izaki, andaluzak eta euskaldunak, horiek zirela benetan mugi erazten zutenak espainiako estatua. Bai, baina ez dakit noraino.
Behintzat PSOEren alternatiba bezala, Rocaren frakasoaren ondoren, Garaikoetxearen alternatiba agertzen da, Txema Monteroren alternatiba eta Mario Onaindiaren alternatiba
Estatu Mailako Botoak
A.–Hauteskunde hauetan gerta daiteke Udal Hauteskundeetarako alderdi bati ematea botoa eta Europako Parlamenturako beste bati. Badago prebisiorik?
T.U.–Gerta daiteke fenomeno hori. Gerta daiteke jende batek PSOE botatzea munizipaletan, eta nazionalitateak aurkezten ez diren eremuetan Izquierda de los Pueblos botatzea Europako Parlamentura. Izan daiteke PSOEren barruan jende askok daukalako kritikarako gogoa eta alternatibarik ez dagoelako jende askorentzat. Ez erretxazo modura, baizik eta zerbait aldatzen joateko Europan ematen diren alternatibekin bat eginaz.
Nik uste dut nazionalitate konturik ez dagoen tokitan trasbase gehiago egongo dela Europarako hauteskundeetan PSOEtik EEra Izquierda Unidatik Izquierda de los Pueblos-era baino.
A.–Hauteskundeen marean sartuta gaude dagoeneko, baina azkenean, hauteskunde hauek pasa, eta pentsa daiteke mapa politikoa ez dela askorik aldatuko.
T.U.–Aldatu ez da igual askorik aldatuko, baina atentzio toke pare bat izango da. Uste dut atentzio toke bat izango dela Herri Batasunak estatu mailan aterako duena. Eta analizatu egin beharko da lasai-lasai. Beste bat izango da Euskadiko Ezkerrari etorriko zaizkion posibilitateak PSOE egozkortu egin delako barruti bakarraren kontuan. Horiek izango dira pentsatzeko emango duten bi konturik garrantzitsuenak.
Gero bestea da estatu mailan emaitza majo samarra ateraz gero haiei ere eskaini beharko zaiela zertxobait. Beraiekin ibili beharra egongo da eta estatu mailan mugitu. Ze behin hautatuak izan ondoren ez gara gure komunitateko edo gure probintziako ordezkariak, estatu guziko ordezkariak baino.
A.–Gaia aldatuz berriro. Burgosko Prozesuan egon zinen. Ordutik hona ze bilakaera ikusten duzu?
T.U.–Oso zaila da ikustea nola bizi ginen gu prozesatzerakoan. 68ko maiatza zen. Gaurko gaztedia desesperaturik baldin badago, orduko gaztedia ere desesperaturik zegoen. "Movimiento"ak eta Elizak kopatzen zuten guztia. Errepresioa zen nagusi. Txistua jotzeko gobernadore zibilaren baimena behar zenuen. Ni ere horrela sentsibilizatu nintzen politikoki: bazkalondo batean txistua atera genuen eta goardia zibilek detenitu egin gintuzten permisorik ez geneukalako. Baina konparatzeko esaten dizutenean gaur egungoa eta ordukoa...
Krisian egon eta ez dut sekula hainbeste kotxe lujozkorik ikusi baina, beste maila batzutan, kultura arloan, asoziazio arloan... diferentziak uste dut nahiko handiak direla. Baina gauza txar bat dago. Fazismoaren 40 urteen ondotik partiditis izurri bat etorri da. Estatu mailan egiten den guztia politizaturik gelditzen da, edozer egin eta den-dena politizaturik. Gizarte zibilari protagonismo muga oso estuak uzten zaizkio. Urriak benetan.
Iñaki ZUBIONDO

Gizarte zibilari muga estuegiak ipintzen diskiote partiduek, Teo Uriarteren eritziz.
Burgosko auzian epaitu zuten Teo Uriarte eta "Askatasunaren Ibilaldia"ren barruan azaldu zen gure kaleetan berriro.
Hauteskunde hauen ondoren Estatuko botoemaileei ere kaso egin beharko zaiela uste du Teok.
13-16

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakUdalak
GaiezPolitikaEuskal HerrBozketakHauteskunUdal
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEE
PertsonaiazURIARTE3
EgileezUBIONDO1Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude