Iñaki Perurena: "Jendeak Seguru Bezala Jotzen Dik 300koa; Hori Txarra Da"


1987ko urtarrilaren 25an
Iñaki Perurena harrijasotzaileari elkarrizketa
Iñaki Perurena: "Jendeak Seguru Bezala Jotzen Dik 300koa; Hori Txarra Da"
Jende guztiak segurutzat jotzen du hilaren azken egunean, Iñaki Perurenak, 126 kiloko leitzarrak 300 kiloko harria jasoko duela. Urtetan eta marketan irabaziteko konfiantza eskuratu du Iñakik kirolzaleengandik. «Gaur lehenengo aldiz intentoa egin nahi diat 300 kilorekin», esan zigun gimnasioan bertan elkarrizketan hasi baino lehen, eta saio hori egitearren lehn bai leben bukatzeko eskatu zigun. Liburua argitaratzear daukala ere iragarri zigun, hainbat eta hainbat kontu interesgarrirekin batera. Tarte izugarriaren erdian, Leitzarako errepideak moztuta zeudela, helmugaraino iristea lortu genuen. Ondokoak frogatzen du ez zela alperrik izan.
GALDERA: Jendea beti harritu bezala egin duk hik hainbeste kilotako harriak jaso izan ditualako. Aurtengoak, berriz, esanahi berezi bat badik jendearentzat, 300 kilo izateak esan nahi diat. Hiretzat ere ba al dik esanahi berezirik?
ERANTZUNA: Dudarik gabe. Hirura pasa egiten duk eta. Ni harri altxatzen hasi nintzenetik agudo 200 kilo bat jaso nian. Lehenbiziko aldiz txapelketa batean agertu ninduan 17 urterekin eta 195 kilokoa jaso nian. Handik zortzi egunera aproba egin eta 200 kilokoa jaso nian etxean. Gaur hogeitamar urte zeuzkat eta hamahiru urteotan 200... 200 eta... 200 eta piko baina beti 200. Orduan, 200dik 300a pasatzea beti muga haundia duk. Muga hori haustea niretzat pozgarria duk.
GALDERA: Nola ikusten duk hire burua urtarrilaren 31rako, egun haundi horretarako?
ERANTZUNA: Orain ondo negok, preparatzen etengabe eta neure burua ondo ikusten diat, baina ondo ikusita ere zaila duk. Gorputza ondo egonda ere, gauza zaila duk. Nik uste diat posibilidadeak badaudela jasotzeko, 295koa Iruñean lehengoan lau aldiz jaso nian, nahiko ondo, baina 300ko harriaren postura oraindik ondo bilatu gabe negok, eta hor hori eta beste gauza asko zegok. Hori guztia ikusi beharko da.
GALDERA: Edozeinek esango likek bost kiloko diferentzia ez dela hainbesterainokoa.
ERANTZUNA: Norma horrekin behin ere ez duk bukatzen, ezta? Beti bost kilo gehiago, beti bost kilo gehiago, eta lege horrekin mugarik ez hukek behin ere ezertan egongo. Eta ez, hor bost kilo asko dituk. Lehengo esaera baduk ba, astoa sardin zahar batek bota zuela lurrera... horixe ba, sardin bat aski duk azken momentuan lurrera botatzeko.
GALDERA: Ez al daukak seguridade osoa Sei Orduetan 300koa jasoko duala?
ERANTZUNA: Hori galdetu beharrik ez zegok. Oso gauza zaila duk hau, eta gauza guztiak ondo ateratzen bazaizkik jasotzen duk, orain arte jaso diat baina justujustu ibiltzen haiz. Hemendik Donostiara joatea oso erreza duk, baina elurra egiten badu gaizki ibiltzen haiz, eta horrela nahi den guztia konplikatu litekek. Harria jasotzeko behar duk gorputza tenple onean, nerbiorik ez izan, ondo irten, gauza guztiak ondo irten eta harria jaso egiten duk, baina denak ondo irten behar ditek. Puntu-puntuan gauza guztiak.
GALDERA: Jende gehienak, aldiz, egina bezala emango dik seguru aski...
ERANTZUNA: Hori duk txarra, hori duk txarra. Jendeak jotzen dik seguru bezala. Eta jendeak esaten dik nik 300 kilokoa askotan jaso izan dudala etxean, eta ez dudala oraindik jaso esanez gero, ez ditek sinistatzen. Askotan amorrua ematen dik. Hik bihar ARGIAn jartzen baldin baduk entrebista honetan lñaki Perurenak 300 kiloko harririk ez dik jaso eta gainera ez zeukak etxean, jendeak esango dik kontua dela eta neronek esan diadala jartzeko. Hori, seguru. Askotan nazka ematen dik.
GiALDERA: Non zegok hire muga, noiz geldituko haiz harria jaso ezinik?
ERANTZUNA: Hori askok galdetzen zidatek, baina ezin erantzun. Orain dela urte asko aitona batek esan zidaan: «hire muga non den ez duk jakingo, pasa eta ondoren arte». Esate baterako, nik gaur ezin badut egin atzo egiten nuena, muga hor izango duk, baina bitartean ez zekiat. Behintzat oraingoz gora ari nauk eta ez zekiat muga non izango den. Laister behar dik, zeren bestela ez duk posible. Urte mordoa nebilek markak igotzen, eta bueno... hala esan litekek. Hogeitamar urte edukita, eta gorputza ondo zainduz gero, zer esango diat, hogeitamabost urte arte nik uste diat agoantatu litekeela, baina egia esan ez zekiat. Besterik ez bada, nibel berdintsuan mantentzeko, nahiz eta marka gehiagorik ez egin, nibel berdintsu batean nik uste diat egon nintekeela.
GALDERA: Nola izaten duk kilo gehiena ja sotzearen zera hori, non egoten duk gakoa?
ERANTZUNA: Elementu asko zeudek hor, kilo asko jasotzen dizkik indarra daukanak, ondo preparatua dagoenak, eta teknika ona manejatzen duenak. Halterista batek bezala, harrijasotzaile batek, nik uste, horiek dituela elementu oinarrizkoak: indarra, teknika eta ondo preparatzea.
GALDERA: Preparazio aldetik eta, nola ibiltzen haiz?
ERANTZUNA: Orain arte lanean ibili nauk, egia esateko. Harategian lanean, zekorrak hil, zekorrak mataderora eramatea, haragia preparatzea... orain arte horretan bakar-bakarrik. Orain denbora piska bat hartzen ari nauk, kirolariak denbora behar dik preparatzeko eta. Kirolariak egun osoa lanik gabe horretarako behar dik, preparatzeko... Honek ez dik dirurik ematen horretatik bakarrik bizitzeko. Diru piska bat ematen dik, nik markak egin dizkiat eta horrek diru piska bat eman zidak, baina horretatik bakarrik bizitzeko ez. Bestelako lanik egin behar denez, denbora gutxi izaten diat preparatzeko.
GALDERA: Gainerakoan, hire preparazioa nolakoa izaten duk?
ERANTZUNA: Hortxe zegok gimnasioa, eta nik horretarako planteamendu bat egina zeukat. Esate baterako lehenbiziko egunean belaunak eta iztarrak indartzeko pesekin aritzen nauk, bigarren egunean flesibilitatea landuko diat, gimnasioan gorputza bihurtzen eta hirugarrenean gerria eta bularrak prestatu. Laugarren egunean, berriz, harriekin. Hortik aurrera, zikloa berritu egiten diat, lau egunean behin harriak jasoz, edo gerria, edo izterrak edo gimnasia. Norma honekin ari nauk oraintxe preparatzen. Orain arte esperimentatzen ibili nauk, norma batekin eta bestearekin. Gizon batek muskulo batekin entrenamentua egiten duenean, nekatu eta gero errekuperatu egin behar du, eta behar bezela errekuperatzeko hiru bat egun behar dizkik.
Urtean zehar bestela ere exibiziotan ibiltzen nauk, eta entrenatzeko askotan aski izaten duk exibiziotan harri jasotzen ibiltzea, ia egunero izaten diagu eta. Nik urtea bi tenporadatan puskatzen diat, udakoa eta negukoa. Udako tenporada bezala exibizioak izaten dituk, eta neguko tenporada bezala markak egin eta entrenamendutan eta hola.
GALDERA: Aurtengoan, adibidez, zenbat exibizio izan dituk?
ERANTZUNA: Asko, asko, benetan asko. Udan adibidez egunero, eta larunbat-igande bi edo hiru. Sei hilabetetan asteburuko egunik batere libratu gabe ibili naiz. Orain neguan, adibidez, batere exibiziorik egin gabe nabil. Festak ere udan izaten dituk, eta gu festekin batera gabiltzek.
GALDERA: Exibizioena ere bukatuko al zaik inoiz?
ERANTZUNA: Hau normala duk bukatzea, ze jendeak jende berria ikusi nahi dik, ni urte askoan nebilek eta berriak ikustea normala izango duk, baina oraindik piska batean behintzat segituko dudala uste diat.
GALDERA: Hire hasieretara joaz, nola hasi hintzen harrijasotze kontu hauetan?
ERANTZUNA: Gogoa nuelako eta gustatzen zitzaidalako. Nafarroan hemen ez huen horretarako afiziorik. Zaletasunik ez huen harrirako. Hala eta ere, ni mutil kozkorretatik gustatu egiten zitzaidan. Ez zekiat zergatik, beharbada ez inon ikusia nuelako. Askotan pentsatu izan diat garrantzi gehiena izan zuena nire aitona izan zela, harekin hizketan asko aritzen ninduan, baserri kontuak esaten, eta hortik zaletasun piska bat sortuko zitzaidan. Baina bestela, inondik ikusi gabe ere indarrak frogatzeko edo harriak jasotzeko gogoa izan nian mutil kozkorretatik.
GALDERA: Zenbat urterekin hasi hintzen, bada, indarrak neurtzen?
ERAN1ZUNA: Izan ere, harririk ez nian, eta mutil kozkorretan aurreneko aproba etxean egin nian, edo mendian edo kalean harri kozkor bat bilatuz gero hura jaso, eta horrelakoetan... Hamalau urteak arte ez nian harririk. Hamalau urtean, hemengo mutil bat Oriora arrantzale joan huen, handik harri bat ekarri zian, eta harekin hasi ninduan harri jasotzen. Harri hura oraindik hemen zeukat.
Etxean, ez ziaten nahi izaten. Ez ziaten ezagutzen eta astakeria bat zela pentsaten ziaten, izorratuko nintzela, badakik. Hala eta ere, segi eta segi egin nian. Gustatzen zaitzaidaan, eta abilidadea banian. Hasieran apostuak izaten hituen, hasierak herri kirol guztietan bezala.
GALDERA: Apostuetaz hitzegin dezakegu orain, hik ez bait dituk batere maite, ezta?
ERANTZUNA: Apostuena orain atera behar dudan liburuan esplikatzen diat poliki. Hik igoal ez duk apostu mundu hori ongi ezagutzen, edo azaletik ezagutzen duk. Orduan apostuena zer izaten den hiri esplikatzea luzea duk, kontu luzeak dituk horiek. Euskaldunak beharbada odolean zeramak jokua eta apostua, baina nik garbi ikusi nian nik kirola egin nahiago nuela, apostua baino. Orduan, nik kirola egitea lortu arte, apostua egin beharra derrigorrezko bezala izan nian, bide bat bezala. Bestela, apostuetan alde txarrak gehiago izaten dituk onak baino. Apostuetan dirua zegok bidezko, interes asko sortzen dituk, diruarekin asko zikintzen duk eta kirolik ezin duk egin. Kultura falta piska bat ere garai haietako jendearen aldetik, tongoak, eta engainoak, eta gauza zikin asko.
GALDERA: Gaur egun horrek horrela segitzen al dik?
ERANTZUNA: Gaur aldatu duk piska bat hori, ezta? Zorionez aldatu duk, baina apostua beti apostua duk. Dena dela, piska bat aldatu duk, esate batera gaurko apostua lehengotik garbixeagoa duk. Lehenago hamar apostu egiten baziren, gaur bat egiten duk. Hori piska bat ezagutzen duenarentzat, gainera, derrigorrezkoa duk aldatzea. Bizitza aldatu egin duk, eta gure kirolak dituk eguneroko lana kirol bihurtua. Eguneroko lana aldatu egin duk, eta kirola gaur ez duk eguneroko lana, egurra ebakitzeko motozerra behar dik, kargak altxatzeko makinak egiten dik, bizitza al datu duk eta gure kirolak benetako kirolak dituk.
GALDERA: Garai batean ibili hintzen Txapelketetan. Gaur egun ez. Zergatik?
ERANTZUNA: Nire bidea harri haundiekin markak egitea duk. Harri haundi horiek beste inork ez dizkik altxatzen. Harri haundi horiekin txapelketarik ez zegok, denak dituk harri txikiagoekin, eta nik «Deia» kronika batzutan bota nian beste formula berri bat beharko zela txapelketetan halterofilikoa bezala, ideia bota nian baina horrean gelditu duk, inork ez dik pausurik eman. Gauzak egin litezkek, baina egin gabe zeudek. Nik txapelketa askotan hartu diat parte, gaztetan, nire bide hau garbitu arte. Harri haundi hauekin ibiltzen ninduan, gero beste txikiekin, eta batean irabazten nuena bestetan galtzen nian, gorputzean kiloak direla, etabar... Gaur ez, gaur bazekiat zein den nire bidea, eta bide horretan txapelketak kaltegarri dituk, harri txikiekin egiten dituk eta harri horiek entrenamendu diferentea eskatzen dizkik.
GALDERA: Zeintzu dituk hiretzat harrijasotzaile mitikoak?
ERANTZUNA: Niretzat mitikoa Urtain huen. Gero Endañeta ere bai, baina Urtain huen jaun eta errege. Gero harrijasotzea utzi eta beste kiroletan hasi huen, bozeoan eta, eta gero galdu huen. Baina nire jainkoa harrijasotzailetan Urtain huen. Baina harrijasotzen hasi nintzenean, kalendariotan besterik ez nian Urtain ezagutzen, banekian harri haundiak jasotzen zitnela baina besterik ez. Berarekin hitzegin ere sekula ez. Nik Urtainekin duela lau urte arte ez nian hitzik egin, eta orduan ere bost minutuz.
GALDERA: Herri kirolak ba al dik etorkizunik?
ERANTZUNA: Zergatik ez zeukak etorkizunik? Ez badu dirurik etorkizunik ere ez dik izango. Nik gauza bat galdetzen diat? Futbolik ez balitz telebistan azalduko, eta kinielarik ez balitz egingo, futbolak zer etorkizun izango likek? Erdira bihurtuko litzateke segituan.
Euskal Herrian herri kirola orain arte folklore bezala egon duk, gureak dituk eutsi beharra zegok, baina kiroleko kontzientzia gehiegirik gabe. Hori aldatzeko lana denen artean egin beharrekoa duk. Periodista batek, edo telebistak, edo guztiok bakoitza bere inguruan... Nondik aldatu? Aposturik ez dela egin behar, eta kirola egin behar dela esaten denean, hor bide bat markatua zegok. Gero medioak behar dizkik... Kirolean diruak agintzen dik, eta horrek erabakitzen dik bidea.
Josu LANDA
27-31

GaiezKirolaHerri kirolHarri-jasotHarrijasotz
PertsonaiazPERURENA2
EgileezLANDA2Kirola

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude