"Gurrutxagak Hondatu Ditu Oreretan Egindako Aurrerapenak"


1986ko ekainaren 01an
Xabin Olaizola, Errenteriako Alkate Ohia
"Gurrutxagak Hondatu Ditu Oreretan Egindako Aurrerapenak"
Bere gaztetasunean prestijio bat lortu zuen bere herrian Xabin Olaizolak. Lau urtez Errenteriako alkate izana, Herri Batasunako partaide, bere agintealdiaz gogor mintzatu da Jose Maria Gurrutxaga, senadoregai sozialista. PSOEgatik izan ez balitz Errenteria hondamendira zihoala, horra sozialista gizpukoarren kanpaina honetako leit-motiv entzunenetako bat. Berarekin udalkide izan zituen HBko beste hiru lagunekin hartu gaitu etxean Xabin Olaizolak.
ARGIA.– Gurrutxaga alkateak dioenez, zuek zorrez josia eta bankarrotan utzi zenuten Orereta-Errenteriako udala.
Xabin Olaizola.–PSOEk bere kanpainan sarritan erabiltzen duen argudioa da, eta hori bere inkapazatitatearen fruitua da: ezin bait ditu orduko udalaren erresultatuak hobetu, ez bakarrik inbertsio eta gastu mailan baizik eta ezta gestio eta errepresentatibitate mailan ere.
A.–Baina zuek zorrak utzi omen dituzue. Eta Gipuzkoako Diputazioan ere horretaz mintzatu ziren orain urte batzuk.
A.–Bueno, guri ere aurreko gestorak 28 milioitako zorra utzi zigun, eta hori estaltzeko presupostu berezi bat egin behar izan genuen. Pentsa ezazu garai hartan udalaren presupostu arrunta 150 milioitakoa zela.
Baina prolema ez da zorra, hori esplikatzen oso erreza bait da. Prolema da Oreretako udalean Ezker Abertzalea nagusi izan den garai baten irudi katastrofista eman nahi dela. Nagusitasun hori formala bakarrik zen: HBk 6 kontzejal bakarrik zituen, PSOEk haina. Beste bost PNVkoak ziren, bi EEkoak, eta PC eta ESEIko bana. Minorian geunden; HBk ezin zuen, bada, nahi zuena egin Oreretan.
A.– Gaur egunetik ikusita, nola aztertzen dituzue udalean egindako lau urteak?
A.– Oso egoera larrian aurkitu genuen Orereta 1979an. Herri erabat hondatua zen. Ia 50.000 biztanlerekin, erdia kanpotarrak, hamabi auzo ditu, espekulazioaren erdian sortutako auzoak. Frankismoaren babesean eraikiak, zerbitzu mininorik ez zuten: ez urik, ez jardinik, ez bide itxurazkorik, ez ezer.
Ordurako lan handi bat ari ziren egiten Hirigintza koordinakundetik, eta azterketa eta dokumentazio pila bat zegoen, kaos urbanistikoa konpondu beharraz zegoen kontzientziazioarekin batera. Udaletik arazoei sustraitik heltzeko azpiegitura bat bazegoen, beraz.
Mundu guztiak zeukan argi udaletako presupostuak oso txikiak zirela. Udalak kapitalismoaren barruko erakundeak dira, eta gure erabakia izan zen batetik horietan ahalik eta kontraesanik gehien sortzea, eta bestetik langileen zerbitzurako ahalik eta gestiorik onena egitea.
Hasteko, pertsonal egiturarik ez zen, eta hortik zerbitzu enpresa bat antolatu zen. Eta barne egituratzearekin batera, Oreretak bizi zuen kaosari aurre nola egin erabakitzeko bidean jarri ginen: lehen plenoan ipini ziren horretarako klabe politikoak.
A.–Ze nolako klabe politikoak?
A.– Udal politikan auzo elkarteek nolako partizipazio maila eduki behar zuten, hori zen arazoa. Eta lau puntu planteiatu ziren, gero plenoan onartu zirenak: auzo elkarteek ordezkaritza politikoa izanen zutela udalean antolatuko ziren batzorde guztietan; bigarrenik, udalak partizipazioa garantizatuko zuela –batzordeak arratsaldez egitea, erreztasunak...–; hiru, plenoetan oso kontutan hartuko zirela horko erabakiak; eta azkenik, udalean ordezkaritza zuen edozein partiduk, minoritarioena izanda ere, batzorde guztietan izango zuela ordezkaritza eskubidea.
Hori da Oreretako udaleko eredu herrikoia. Alkatearen kalitate botoa ere adierazi genuen ez zela erabiliko, printzipioz behintzat, ez baldin baziren Herri Batasunan oinarrizko gauzak kontsideratzen zirenak auzitan.
A.–Ez dago deskribapen horretan ados Gurratxaga. Haren hitzetatik, badirudi Errenterian zuek udalean nagusi zineten garaian bakarrik egiten zirela komando armatuak eta zorrak.
A.– Begira, Orereta zen desastrearen aurrean–eta sisteman oso gustora bizi den jendeak esana zuen ordurako "Renteria es un ejemplo de lo que nunca se debería hacer"–ikusi genuen asko mugitu beharra geneukala, populazioaren bizimaila minimo batzuetaraino jasotzeko: Diputazioa, orduan sortzen ari zen Eusko Jaurlaritza, Madrilgo ministraritzak...
Baina beste bide bat ere bazen, garai hartan primizia bat zena: "Vía de ejecución subsidiaria" deritzana. Beraun, Galtzaraborda, Pontika eta holako auzoetan egindako astakerien erantzunkizuna zuten promotoreei kendu zitzaien dirua, plan partzialetan zeuden ekipamendu minimoak egin gabe utzi zituztelako. Milioi asko atera zitzaizkien promotoreei, eta ekipamendu minimoak bete ondoren orduan bai udala prest zegoen auzoak bere gain hartzeko. Alabergaren kasuan 120 milioi eskuratu ziren.
Beste kontzejal ohi bat.
–Iruditzen zait arazoa zati batean bakarrik desarroilatu dela. Oreretako herriak zerga pila bat ordointzen du, eta horiek berriz eskuratu behar dira nolabait. Ni solidario bait naiz beste herriekin, baina ez zerga horiek guardia civiletan bueltatu diezazkidaten.
Beraz, gardi eduki behar duzu etsaia zein den, zare eskutatik zer lapurtzen dizun, eta gero bankuak engainatzeko trebetasuna izan. Udala zorretan badago bankuak engainatzeko gauza izan delako bait da. Zuk bankuari kendu diezaiokezun babarra kredituak dira, gero bueltatu behar dituzunak, eta horiek lortzen ere zure trebetasuna erakutsi behar duzu. Dirua badago, gertatzen dena da eraman egiten digutela, eta zuk ahal duzun bezala lortu behar duzula. Hori da ideiak argi dituen udalgizon baten berezitasuna, Ezker Abertzaleko batena alegia.
A.–Baina gauzak alderantziz ere planteiatu daitezke: lau urtetan gauza pila bat egin, herriaren aurrean primeran geratu eta ondorengoa izorra dadila.
A.–Begira, presupostua gastu arruntek eta pertsonalak jaten zituzten. Inbertsioetara jo beharra zegoen, beraz. Gainera bere zerga eskema aldatzeko posibilitaterik ez dute udalek, autonomia munizipalaz asko hitzegin den arren. Muga horien aurrean, urtero inbertsio planak eginaz joan ginen.
Baina argi eta garbi esan dezagun: inbertsio planak, asko eztabaidatu ondoren, unanimitatez bozkatu zirela, beti eta guztiek. Gure eritziak aurrera ateratzen baziren, minorian egon arren. gure lan ahalmenagatik zen. Zer gertatzen da azkenean? Lau urteren buruan 1.100 milioi pezetatako inbertsio publikoak izan direla: parkeak, jardinak, eskolak eta beste egin ziren. Hortik aparte, orduan jestionatu genuen espezialitate-anbulatorioa, laster zabaltzekotan dena, bi urtetako paralizazioaren ondoren martxan dagoen polikiroldegia. Guzti horren buruan, Oreretako herritarren bizimaila igo ahal izan da.
Horretarako kreditutan sartu behar izan dugu, noski, baina bizitzako alor guztietan pasatzen da hori. Zuk gaur eskueran eduki nahi duzun ondasun bat juxtu, gaurtik aurrera edukitzeagatik, ondorengo urteetan ordainduz joan beharko duzu.
A.–Kreditu handiegitan sartu eta atzekoak ordaindu ezin dituenean, bankarrota iristen da. Hortik lihoake zuek egindako hondamendia.
A.– Gezur hutsa da hori. Udalek %25 baterainoko zorretan sartzeko ahalmena dute, eta guk sekula ez genuen gainditu %18a. Auditoria egin zen eta 83ko martxoan Oreretako udalak %14,38tan zeukan bere zama finantziaria ipinia. Datuak hor daude, eta aipatu auditoriak argitu zuen biztanleko urtean 17.397 pezeta gastatzen zela, Estatu Espainol mailan gastu hori 18.182 pezetataraino iristen zen bitartean.
Baina Gurrutxagak egozten diguna urratirago doa: pentsa liteke gure lanaren ondorioz Oreretako biztanleek ondorio kaltegarriak nozitu dituztela. Eta hori ere ez da egia. Zergetan biztanleko hemen ordaintzen zena 4.835 pezeta zen, Estatuko media 10.216 zen bitartean.
PSOEk Oreretakoaren kontura sartu nahi duen gezurrik handiena, hala ere, zera da: egin ziren inbertsio eta plan guzti horiek guztien botoekin egin zirela ezkutatzen du. Gu, sei kontzejal bakarrik izaki, inguruan Hirigintza Koordinakundea, HBren inguruan mugitzen zen jende guztia eta abar beti atzean genituelako, kapaz ginen beste 21 kontzejalen artean gure dinamika nagusi erazteko. Kaleko mugimendua zegoen atzean, noski.
A.– Gurrutxagak zuen agintealdia epaitu du. Eman iezaguzue orain zuen eritzia berak hiru urteotan egin duenaz.
A.– Hasteko, guk prestatutako presupostuak onartu zituen.
A.–Ez da hori berak esaten duena.
A.–Nahi diren agiri guztiak daude hori frogatzeko. 83ko martxoan 837 milioitako presupostua onartu zen, inbertsiotarako 110 milioi erabakiz, eta 211 milioitako kreditu habilitazio bat. Talde guztiek onartu zuten presupostua, inoren erreklamazio bakar bat gabe. Eta udal berriak, Gurrutxagaren firmarekin, ontzat eman zuen presupostua. Nondik ateratzen da guk Orereta hondamendira generamala?
Hor afera beste bat da: hemen botere herrikoi bat zegoen. Esaten badizut poliziaren komandanteak deitzen zigula, nola edo hala manifestazioen inguruan-eta gurekin tratu batera iritsi nahian... Gero Bilbon teniente koronel izan zen Paulino famatuak horretaz zerbait esango luke.
A.–Baina urteak pasa dira geroztik, eta Errenteriak itxura ezberdina eskaintzen du Nola epaitzen duzue Gurrutxagaren lana?
A.–Gurrutxagak oso gutxi egin du, ezer ez esateagatik. Aurretik martxan jarritako gauzak paralizatuta eduki ditu, polikiroldegia adibidez: 83rako azpiegitura prest zegoen, eta bi urtez geldirik eduki du. Zergatik? Gauzak aurrera ateratzeko jende deziditurik ez dutelako. Udaleko gestio mailan ere paralizazio bat ekarri du. Auzoetako ekipamenduak ere oso urriak izan dira urteotan.
Baina behar bada inportanteena zera da: jendearen partizipazio guztia moztu du. Eta ez gara gu hori diotenak: oraintsu plazaratua dute egunkarietan hori bera salatuz gutun bat Oreretako 13 auzo elkartek. Eta aurreko korporazioaren funtzionaketara bihurtzea eskatu diote udalari.
Hori bai, beste guztiak kritikatu eta lau guardaespaldasekin udala hartu. Poliziaren okupazioa izugarria da, eta administrazioa ere harrapatzen du, polizia egun osoan gainean dagoelako, bijilatzen. Horrekin lortu duena da parte hartzeko posibilitea urrutiratzea. Gaur egun udaletxean sartzea Haziendako delegazioan sartzea bezala da.
Beste aldaketa bat: zergak handitzea eta lehen udalarenak ziren zerbitzuak pribatizatu, euskaltegiarekin egin duena. Hitz bitan, euskaltegitik hasi eta herriaren partizipaziotik paseaz bandera espainoleraino, egindako aurrerapen guztiak ezabatu dituzte PSOEkoek. Guk poliziak alde egitea lortu eta hauek polizia udaletxean sartu.
A.– Zerbait egingo zuen onik, edo aurrerapenen bat ekarriko zuen.
A.–Gipuzkoan ia egiturarik ez zeukan PSOEk Oreretako udala plataforma bezala hartu du. Eta horretarako asko baliatu dira etorkinez, abertzaletasuna beren kontra balihoa bezala. Gu beti integrazioaren alde ahalegindu gara, baina PSOEtik borroka horren alde saiatu dira, euskararekin bezala gauza guztiekin.
Langabeziarekin ere asko jokatu dute. Udalaren inguruan nolanahi ere beti lanpostu asko mugitzen dira, eta abertzale usaina duen jende asko baztertu da. Hori eta lanpostuak UGTn afiliatzearen truke banatzea eskualde honetan duela urte batzuetatik honuntza ezaguna bazen, galde ezazu orain horretaz kalean, kontatuko dizute.
Iñaki ZUBIONDO
Xabin Olaizolaren uztez, Gipuzkoan ia egiturarik ez zeukan PSOEk Oreretako udala plataforma bezala hartu du.
"1983ko martxoan talde guztiek erabaki zuten presupostua, eta udal berriak, Gurrutxagaren firmarekin, ontzat eman zuen".
PSOEk udaleko gestio mailan paralizazioa ekarri duela dio Xabin Olaizolak, eta urteotan auzoetako ekipamenduak oso urriak izan direla.
17-19

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakUdalak
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazOLAIZOLA3
EgileezUBIONDO1Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude