BILBOKO METROA ZENTIMETROKA AZTERTUTA


1985eko ekainaren 02an
Jose Luis Burgosekin Bilboko metroaren proiektuaz
BILBOKO METROA ZENTIMETROKA AZTERTUTA
Berriro dugu kalean Bilboko Metropolitanoaren arazoa. Ness Lakuko Monstruaren antzera, ziklikoki agertu eta desagertu egiten den arazoa. Oraingoan, obrak 1986an hasiko direla, eta arazo guztiak konpondu dituztela diote. Dena den, Bilbo lurpetik zeharkatu, erreka azpitik pasatu, eta goitiko pasabideak egitea, ez da makala izango. Informazio gehiago jasotzeko asmoz, projektu honen buru izan den Jose Luis Burgosengana abiatu gara .
Aintzinean Gran Bilbao Erakundea zena, gaur egun Diputazioaren agintepean dagoen Bulego Teknikoa bihurtu da. Arrazoia oso erraza da: Gobernu Zentralak transfereniziak Garraio eta Obra Publikoen arlo guztiak transferitu zizkion, Gran Bilbao erakundea izan ezik, Madriletik bertatik kontrolatu ahal izateko. Gran Bilbao osatzen zuten udal guztiek, 19 denetara. PNVren eraginpean gehienak, Gran Bilbao desegitea erabaki zuten eta honela, Jaurlaritzak hartu zituen transferentziak.
Bulego tekniko hau da oraingo projektua burutu duena, beste injeniaritza entrepresa batzuren laguntzaz. Bakarrik entrepresa hauek 40 milioi kobratu dute, Gran Bilbaok berak gastatutakoa kontutan hartu gabe.
«Hauxe dugu hirugarren proiektua. Lehenengoa orain urte batzu, hamar urte inguru, SENERek egin zuen, baina beharren kostoa ez zen atera zitekeen errebintabilitate sozialetara egokitzen. Gainera teknitoki oso arazo handiak planteatzen zituen; geltoki bat, esaterako, 67 metrotara lurpean gelditzen zen. Projektua publikoki azaldu zen, eta egindako proposamen eta aldaketa guztiez berriro berregin zen. Berrikuntza guztiak sartu ondoren, hain desberdin gelditu zen ezen berri bat bigarren projektua suertatu bait zen, INOT entrepresek eratua.
Orain aukezten den hirugarren projektu honetan, SENEPen estudioaren zenbait puntu eta datu hartu dira».
Arazo tekniko itzelak
Bilboko metroaz mintzatzen den bakoitzean, zenbait arazo tekniko planteatzen dira, eta banan banan galdetu dizkiogu. Hona hemen Jose Luis Burgosen erantzunak:
ARGIA.–Bilboko lurpetik zenbait erreka pasatzen dira, eta gaur egun inork ez daki ziurtasunez nondik joaten diren. Elgera errekaren kurtsoa, esaterako, zenbait aldiz aldatua izan da, etxebizitza altuak eta lurpeko solairu ugariak eraiki direnean. Nola da posible metrorako planoa egitea datu hauek ezagutu gabe?
JOSE LUIS BURGOS.–Momentu honetan ba dakigu, ia zehazki, nondik pasatzen diren errekok, eta Elgera famatuaren kasua ia ia kontrolatuta dago. Gutxi gorabehera ba dakigu nondik doan. Dena den, posiblea da ustekabean topatzea, eta orduan arazoari ekingo genioke.
A.–Bilbo Handiko orografia oso desiguala da. Gainera auzo populoso batzutara heltzeko, handiak handiak daude, Santutxun, adibidez, 40.000 pertsona bizi dira. Nola konpondu duzue metroa zazpi kaletatik Santutxuraino igotzea?
J.L.B.–Fisikak eta medio teknikoek posibilitatzen duten desnibel handiena jarri dugu, eta gainera geltokia oso behean egongo da, 40 metrotara. Hori da projektatu dugun sakonena. Normalean kaletik hurbilen jartzen ahalegindu gara, 20 metrotatik behera, normalean, ez dugu geltokirik projektatu.
A.–Zuen projektuan, ibai eskumaldeko instalazioak aprobetxatuko direla azaltzen da. Baino oraingo trenbideak herri eta auzo handiak zeharkatzen eta bitan banatzen ditu: Erandio, Lamiako, Areeta-Erromo eta Algorta esaterako. Bost minututan bi tren alde bakoitzetik pasatzen bada, herri hauetan oraingo arazoak areagotu egingo dira, ez duzue uste?
J.L.B.–Oraingo trazatua aprobetxatu egingo da, baina puntu horietan beheko-pasoak egingo dira, eta gero berriro lurgainetik joango da trena. Algortarako beste projektu berri bat dago, oraingo arazoak konponduko lituzkeena.
A.–Erromon lurpetik badoa, Gobela erreka azpitik pasatuko litzateke?
J.L.B.–Gobela errekaren kurtsoa kanalizatzeko projektua dago, eta oraingo lekutik oso ur-etorri gutxi edukiko luke. Beraz, sifoi baten bidez konpon daiteke arazoa.
A.–Oraingo projektu honetan bi linea kalkulatzen dira, eta horietariko batek erreka zeharkatu behar du. Nola konpontzen duzue urazpiko tunela egitea?
J.L.B.–Kasu bakoitzerako irtenbide desberdina pentsatu dugu. Batzutan haitzak zulatu behar ditugu, eta beste batzutan, tunel aurre-fabrikatuak eratu, lur bigunetan sartzeko. Honelako bat egingo da errekarako, gero dragatu, eta bertan jarri, baina ez oso sakon, eta marearen gorabeherak errespetatuz.
A.–Non gordeko lirateke trenak? Non egongo dira kotxeak gordetzeko tokiak?
J.L.B.–Linea baten arnaieran, Basauri eta Etxebarri artean.
Garraio sistema integralaren bila
Aurreko projektuei ikusten zitzaien arazo larrienetariko bat, garraio sistema osoarekiko lotura eza izaten zen. Ez zen nahiko metroa egitea. Horrez gain, Bizkaiko beste garraio sistemekin ere akoplatu behar zen. Arazo honetaz galdetu genion projektu honen buruari.
«Eskeman ikus daitekeenez, Bizkaiko beste garraioekiko lotura kalkulatu dugu. Zenbait puntutan RENFE, FEVE eta ETTBBrekin konesioak egongo dira, eta San Inazion bertan, autobusak lurpera sartuko dira, metroko geltokiraino bertaraino. Guk eduki dugun asmoa zera izan da, Bilboko metroa Bizkaiko garraioen bizkarrezurra bihurtzea».
Honaino projektu buruek esandakoa. Guk arazoak eta kontraesanak ikusten ditugu. Bilboko garraioa indartzen den bitartean, probintziako beste zenbait medio murriztu edo desagertarazi egiten dira. Mungiko trena desagertu zen. Lezamako geltokia itxi egin da, eta Sondika aldeak, Enkarterriak eta Mungialdeak ez dute komunikazio sistema onik.
Dena den, metroaren garrantzia ukaezina da. 1.000.000 pertsona afekta dezake, Bizkaiko hiru laurdenak, baina Bizkai osoa ez da Bilbo, munstro horrek probintzia osoa baldintzatzen, itotzen eta absorbitu nahi duen arren.
Inork ez du osorik ordaindu nahi
Obra osoaren kostoa 40.000 milioitan zifratzen da. Ez da gutxi. Problema da nork ordainduko duen. Eusko Jaurlaritzak Estatuak erdia ordaindu behar duela dio. Beste erdia Diputazioak eta afektatutako udaletxeek ordainduko lukete. Estatuak, ordea ez du ezer jakin nahi, konpetentziak transferiturik daudelako.
Bitartean, gauza bakarra gelditzen da argi, eta zera da, zuzenago edo zeharkago, metroa erabiliko duenak, hau da, guk guztiok ordainduko dugula zorioneko metroa.
Horregatik, eta «inpaktu estudio zehatzik egin ez delako, publikoki azalduko da projektu osoa, hamobost egunez, auzoek, kolektiboek, kaleko jendeak eritzia eman dezan, sujerentziak igorri eta oztopoak jarri».
Inkesta publiko horren ondoren, Gobernuak ekingo lioke obrak hasteari, «baina beti dago dena bertan behera gelditzeko arriskua. Aldaketa politiko, gobernu berria edo eta administrazio arazoa dagoen bakoitzean, dena geldirik geratzen da. Projektu handiegia bait da inestabilitate barik gobernu batek bere gain har dezan».
Injeniaritza talde batzuk, aipatutakoak baino oztopo handiagoak ikusten dituzte. Kaleko gizon-emakumeak eszeptikoak dira. Kantak dioenez «eta hau hola bazan, sar dadila kalabazan, eta irten dadila herioko plazan...».
Baina Derion ere plaza egin dute.
Laura MINTEGI
28-29


GaiezEkonomiaerbitzuakGarraioakMetroa
PertsonaiazBURGOS1
EgileezMINTEGI1Ekonomia

Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude