POLITIKA KONBENTZIONALAK FRUITURIK EZ DU EMATEN HEMEN


1985eko maiatzaren 17an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Jose Luis Elkororekin Bergaran
POLITIKA KONBENTZIONALAK FRUITURIK EZ DU EMATEN HEMEN
Bergarara jo dugu Jose Luis Elkororen bila, Gipuzkoan mundu aparte eta berezia osatzen duen Deba arroara. Gipuzkoako Ilustrazioak bere seminarioarekin ospe bat eman bazion, gerra aurreko borroka politikoak ere fama erantsi zion Bergarari, eta postfrankismoan alkate mogimenduarekin batera haren izena egunkarietara (eta baita Madrilgo negoziaketetara ere) hedatu zuen alkate ohia zain dugu bere etxean. Herri Batasunaren mahai nazionaleko partaide, "Egin" egunkariaren administrazio0 kontseilukoa, tailer baten nagusi. Horietatik edozein izan daiteke bere begizuloen kausa. «Gaizki egin diat lo bart». Arazoak buruan bezala tripetan daramazkienari begietan nabari ohi zaio.
ARGIA.–Elkoro izena entzun eta «Bergarako alkatea» bururatzen zaigula esateak topiko usaina badu. Baina ez dauka beste bueltarik, alkateen mogimendu hartan egin zinen ezagun. Makina bat ur eraman du handik gaurdoino errekak.
Jose Luis Elkoro.–Garai hark analizatzea merezi du, orduko espektatiba haiekin une historiko bat izan bait zen, errepikatzea kostako den une bat. 1975-76-77 urte haietan esperantza haundi bat bizi genuen, Euskal Herri bezala zerbait haundi lortuko genuenaren itxaropena.
Une hartako ezaugarri nabarmenetako bat ene ustez indar abertzaleen arteko batasuna zen, korronte ideologiko ezberdinen gainetik Herriaren batasuna zegoen, Herri bat egiteko helburuaren inguruan biltzen zena. Gainerako aspekto guztiak gainditzen zituen horrek. Ongi aprobetxatu ez diren momentu oso interesgarrietara iritsi zen, galdu egin ziren eta zaila da berriro errepikatzea. Horren erantzuna etsipen haundi bat izan da, une hartan erdietsi zitekeela ikusten zen hartara iritsi ez zelako.
Horren erantzunkizun nagusia Eusko Alderdi Jeltzaleak izan du. Berak moztu zuen mogimendu hura, zegoen indar guztia berak errentabilizatzen ez zuela uste zuelako. Ez bait zen berea bakarrik mogimendu osoa, eta moztu egin zuen, bere helburuak beste gizarte eredu batetik bideratu nahi zituelako.
A. - 1977an, hauteskundeetan parte hartu ala ezaren inguruan hainbeste eztabaida izan zen hartan, hilabete larriak bizi izan ziren.
J.L.E.–Une inportante bat, bai. Indar abertzale guztiak mahai batean biltzera iritsi ginen, eta zitatzen dizkizut banan bana: hiru erakunde armatu ziren orduan, ETA Militarra, ETA PM eta Bereziak, gero zegoen EIA, EKA, ESEI, ANV, EHAS, Alkateen taldea, herri mogimenduaren ordezkari egiten zuena. Fronte bat lortu nahi zen mahai harekin, helburu zehatz batekin: zetorren aro berrira presoak kalera aterata eta errefuxiatuak etxera ekarrita pasa behar genuela. Baldintza bezala jarri genuen hori 1977ko hauteskundeetan parte hartzekotan.
Herri mogimendu abertzalearen ordezkari izango zen mahai baten hasiera izan nahi zuen horrek, eta egia bihurtzeko itxurak ere izan zituen, baina azken orduan puskatu egin zen PNVri interesatzen ez zitzaiolako. Hauteskunde haiek eskaintzen zuten aukeraren aurrean apostu haundiegia zela eritzi zion eta atzera egin zuen. Ondo gogoan dut nola Telesforo Monzon zenak jelkideei aparte deitu zien eta haustura gertatu ez zedin azken intento hura egin zuen. Baina alferrik zen: agindua betetzera zetozen ordezkariak.
Aukera haundi bat galdu zen orduan. Aurrera egin izan bazen helburu oso haundiak eskuratu ahal izateko oinarriak jarriko bait ziren. Gaur egun ikusten ditugun aginte mailak baino askoz garrantzizkoagoak zalantzarik gabe.
A.–Geroztik holako une garrantzizkorik ezagutu al duzu, aldaketa nabarmenen bat posible ikusten zen momenturik?
J.L.E.–Beste momentu bat ere izan zen, 1978an. Berriro ere lortu genuen abertzale guztiak biltzea, Madrilek agintzen zuena alde batera utzirik udal hauteskunde batzuk egiteko. Lehenagoko udalek segitzen bait zuten, eta ados egon ginen gure hauteskundeak egiteko. Baina akordio hori ere PNV zela medio hautsi zen, konforme egon ondoren atzera egin zuelako. Berriro galdu zen bizi-bizirik zegoen herri mogimendua abertzaleek gidatzeko aukera. Madrilgo gobernua ahul ikusten zen, indar gogorra nabari zen eta Madrilgo gobernuak ez zuen lortzen hori geratzerik.
Beste aukera hau ere pikutara zergatik joan zen? Logikoa da pentsatzea gure arteko elkarrizketatik aparte batzuek beste konbertsazioetan ariko zirela. Egia da. Baina gure apostua ere oso kontutan hartzen zen, PNVko jendeak bere balioa ematen zion.
A.–Interesgarria izaten da noizik behin orduko aldizkariei begiradotxo bat ematea. Trantsizio garaia deitzen denaren hasieran PNV beste alderdi abertzale bat gehiago dela dirudi.
J.L.E.–Urte haietan ikusten zen indarra berak bakarrik ezin zuela errentabilizatu ikusi zuenean, lehen esan dizudan legez, ez zuen herri mogimendu abertzalearen aldeko apostua egin, bere aldekoa egin zuen. Baina herri mogimendua sendotu eta gero ikusi den bezala eboluzionatu eta finkatuko zenik ez zuen kontsideratu PNVk, mesprexatu egin zuela esango nuke.
Orduan guk, egia esan, ez genuen PNVren indarra ikusten, Euskal Herriaren indarra ikusten genuen, horiek ere tartean zirela. Indar hori bazen, baina PNVri interesatzen zitzaiolako hautsi zen. Neutralizatu beharra zeukan dinamika hori.
Horrekin kontatu ordez, beren ustez Madrilen indarra zuen alderdi batekin tratua egitea nahiago izan zuen, Euskal Herriarentzako aginteak handik etorri beharko zuela eritziz. PSOErekin egin zuen "Pacto Autonomico" deitu zen hura, gainerako indar abertzaleei mesprexu eginez. Geroztik argi eta garbi geratu da pakto hura frakaso bat izan zela: Preautonomikorako Nafarroari uko egina zioten, hori hasteko.
Eta berriz bide beretik abiatu dira, PSOErekin tratu batean enbarkatuz.
A.–Oraingo tratua, beharbada gainera udaletara ere hedatuko dena, alderdiaren krisi sakon batekin batera egokitu da.
J.L.E.–PNVk ez du lortu bere projektua eskuratzerik. Badakizu zein den PNVren gizarte eredua: sozialdemokraziak edo demokristauek agintzen duten Mendebaldeko Europaren estilokoa. Euskal Herriak bere barruan bizi izan dituen tentsioek ez dute egoera hori sendotzen utzi.
Madriletiko transferentziak beren goia jotzera doazenean, krisiaren erdian, berriro PSOErekin akordio batera iritsi beharrean aurkitu da, sozialistei ere Estatu mailan duten arazo pilaren aurrean estabilitatea bilatuz PNVkoekin tratua egitea komeni zitzaien une batean. Orain, PNV barruko tirabiren sustraian zer dagoen galdetzen badidazu, pertsonalismoen arazoa dela esango dizut, hori nahiko frogatua geratu dela uste dut.
A.–Ukatu ezin dena da PNV egin dela nagusi gutxienik Hegoaldeko lautatik hiru probintziatan. Eta Ezker Abertzaleak behar bada ez du erdietsi duela urte batzuk askok esperoko zuten indarra.
J.L.E.–Ezker Abertzalea mogimendu oso baloratua da eta bere bilakabidea positiboa da, horretaz ez da dudarik. Orain duguna baino indar haundiagoa izateko esperantzatan ginela? Nik esango nuke orduan Euskal Herriak bere helburuak eskuratzeko ikusten ziren posibilitateak gaur baino optimistago ikusten zirela.
Gauza bat esango dizut dena dela: PNVk garai batean ez zuen baloratu ongi ezker abertzaleak hartuko zuen indarra, espero ez zituzten indar batzuk sendotu direlako ez bait dira bete beren kalkuloak. Klandestinitatetik bakarrik ezagutzen zen ezker abertzalea fenomeno aski berria da, eta denborarekin hartu duen indarra aldez aurretik kalkulatu balu agian PNVren erabakiak ez ziren hartu dituen berak izango.
A.–Hala ere ez dirudi zuen egoera asko samurtu denik.
J.L.E.–Gaur egun borroka gogorrago ikusten dela esan daiteke. PNV Estatu konbentzional batera ari da jokatzen, eta Estatu hori interes ideologiko eta ekonomiko zabalagoei lotua dago, gobernu espainolaren gainetik dauden interesei, maila internazionalean homologatzeko gizarte eredu bat inposatuz. Baina oso garbi ikusi behar da joko horretan Euskadi suntsitu egiten dela, diluitu.
Marko horretan edozein tratuk, orain legealdirako egin dutenak edo baita Gernika-Moncloako Estatutoak berak ere, beren balio guztia galtzen dute Europako Ekonomi Elkartean sartzea bezalako erabakiekin. Estatutoaren osagai ekonomiko guztiak kolokan geratzen dira berriro EEEn sartzerakoan, eta berriz eztabaidatu behar dira. PNVk indar bat bazeukan Estatutoa eztabaidatu zenean, baina orain Europako marko berrian, edo baita IVA zerga ezarri denean, erabaki berri horiek dena aldatzen dute.
Ekonomiaz mintzatzen natzaizu, PNVk Madrilekin eduki dituen eztabaidetan funtsezkoa izan delako, beti aldarrikatu bait du autonomia biable izan zedin ekonomiak hemengo eskuek kontrolaturik egon behar zuela. Estatutora iristeko ekonomi ahalmenenen sailean eskatzen zirenak apaldu behar izan baziren, orain areago doa atzerakako dinamika hori.
A.–Joan den astean Xabier Olaberrirekin mintzo ginen diru arazo horiez, baina badirudi Euskal Herrian bertan mundu diferentetan bizi garela. Batzuekin hitzegin eta Parlamentuan eztabaida garrantzizkoak izaten dira, erabaki sendeak, eta zuek aldiz ia ezta aipatu ere ez duzue egiten egiten.
J.L.E.–Gasteizko Parlamentuak oso joko ahula dauka. Horko legerik inportanteena presupostuena dela pentsa ezazu. Ez dauka lejislatzeko ahalmenik, eta Parlamentu batek hori ez badauka erreala baino itxurazkoa dela esan nahi du.
Euskadiko Ezkerrako pertsonai bat aipatu duzu, eta partiduek parlamentu horretan duten jokoa aztertzen baduzu oinarrizko arazoak kanpoan geratzen direla konturatuko zara. Zenbat eztabaida sakon ikusten da, Herri baten gobernurako beharrezko diren zenbat diskusio garrantzizko? Horregatik erakunde horietatik aparte segitzen dugu aginterik ez dutelako, gu han egoteak ez bait du zentzu haundirik.
A.–Instituzioetan parte ez hartzeko zuen erabakia ez da gaurkoa, eta pentsatzekoa da epe laburrera bederen ez duzuela berplanteatuko. Baina HBk bere praktika politikoa aurrera ateratzeko zirrikitua mantendu beharko du. Ez al zara isolamenduaren beldur?
J.L.E.–Neurri batean hemengo borroka politikoa geuk markatzen dugu sendotzen ari den herri mogimendu batekin. Gure aukera beraz mogimendu hori sendotzearen bidetik doa. Herriak zituen itxaropenak bete ez badira, herri mogimenduaren indartzeak zuzpertzen ditu berriro espektatibak, indar inportante bat garela eta autogobernu kota minimo batzuek, gure Herriak barru-barruan daramatzan erreibindikazioak, lortzeko:
Ez da beste alternatibarik ikusten. Politika konbentzionalak fruiturik ez duela ematen begien bistakoa da, eta borroka politika bat da Herri honen irtenbide bakarra, HBk daraman borroka herrikoia.
A.–Norbaitek esango lizuke zuek aurrera ari bazarete «besteak» ere aurrera ari direla. Hor dugu sinbolo dotorea: bere 75. urtehurrena ospatzeko "EI Correo Español-El Pueblo Vasco" egunkariak plazaratu zuen azala.
J.L.E.–Egia da bai duela urte batzuk egitera ausartuko ez zirenak orain lasaiago egiten dituztela. Ez bait da errez ulertzekoa Euskal Herrian gehien saltzen den egunkariak bere diamantezko ezteietan denoi gogora eraztea, baita argazkietan ere, beren kontsigna zein den: katolikotasuna eta monarkia. Errelitatea hola da.
"Egin"en irakurlea korronte baten militante sentitzen da, eta «Deia»rena ere bai. Baina «Diario Vasco» eta "Correo Español" irakurtzen dutenek neutraltasun itxura bat dute. Konpromisoan jarri nahi ez dutela, edo beren pentsakeran inor fijatu gabe pasatzea nahi dutenek, egunkari horiei aurpegia garbitzen diete. Neutraltasun itxura ematen duten arren argi eta garbia bait da espainolismoarekiko egunkari horiek duten militantzia. Baina beste irudi bat eskaintzen dute, eta horien fenomenoa zinez kontutan hartzekoa da, Herri honek bizi duen errealitatean bait dago.
A.–Isolamendua aipatzen nizun lehen, eta hurrengo galdera ere bide beretik doa. Alegia, azken urte tterdian daramazuen egurrarekin, GALen erasoa, Santi Brouarden hilketa, ETAren eta HBren aurka alde guztietatik ikusten den eraso ia unanimea, ea ez duzun sentitzen dena pikutara deanaren beldurrik?
J.L.E.–Nik dudan irudipena, eta oso barrutik ari naiz bizitzen prozeso guztia, zera da: herri mogimendua goraka doala, aurrerapena nabaria dela. Nekez hondoratu ahal izango da mogimendu hau. Euskal Herrian sortu den «klase» berri honek badu nahiko sustrai deusezte ahaleginei eusteko. Dudarik gabe, hemengo borroka edo aginte edo indar hau eliminatzeko hartzen dituzten neurriek frenatu egiten dute gure bilakabidea, baina indarrak aurrera darrai. Eta une batez inguruan estutuz dauzkagun hesiak lehertuko ditugu.
Iñaki ZUBIONDO

Herri magimendua sendotzen ikusten du Jose Luis Elkorok
11-14


GaiezGizarteaHerri mugimBesteak
GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakUdalak
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazELKORO1
EgileezUBIONDO1Politika

Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude