Xabier Kintana albiste izan dugu egunotan, "Iruña", kafetegiak antolaturiko Nobela-Sariketan garaile gertatu delako. Ezin ahantz dezakegu ha


1984ko maiatzaren 06an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Xabier Kintana, "Iruña" kafetegiko Nobela Sariaren garaileari elkarrizketa
Xabier Kintana «Itzulpena, bigarren mailako ekintza literariotzat hartzen da»
Xabier Kintana albiste izan dugu egunotan, "Iruña", kafetegiak antolaturiko Nobela-Sariketan garaile gertatu delako. Ezin ahantz dezakegu hala ere astebete lehenago Eusko Jaurlaritzak emandako beka batez jabetu zenik. Prentsan egin zaizkion galderek, nobela saria izan dute kontutan eta literaturaz, sormen literaturaz, izan dira gehienbat. Oraingoan haatik, eta beka hura itzulpen lanetan aritzeko eman bait zioten, itzulpenaz mintzatuko gara berarekin. Egia esan, elkarrizketa hau egin genionean «Iruña» saria eman gabe zegoen, egun berean arratsean eman zen, eta bukatzerakoan hauxe esan zigun: «Agian bihar beste bat egin beharko didazue». Eta horrela izan zen.
ARGIA.–Ze garrantzi du itzulpenak gaur Euskal Herrian?
XABIER KINTANA.– Itzulpena, Mendebaleko parte honetan bederen, bigarren mailako ekintza literariotzat hartzen da. Jendeak uste du inportantea kreazio-lana dela, eta gero itzulpenak, halako esklabu profesionaldu batzuen bigarren mailako zeregina izaten direla. Baina eritzi hori, leku askotan ez da aintzat hartzen: esate baterako, Sovietar Batasunean, jadanik joan den mendetik, beharbada Errusiako kultura Europako Mendebaldeko kulturatatik urrunduta egon delako, bertako idazleek pentsatu izan dute itzulpen-lana eta kreazio-lana batera eraman daitezkeela eta batera eraman behar direla.
Nik gogoan dut momentu honetan Boris Pasternak-ek izugarrizko itzulpen lanak egin zituela, bere lan originalekin batera eta bata bezain bestea inportanteak kontsideratzen zituela.
Hemen, erdal idazleak ba du erraztasun bat–hainbeste milioitik hitzegiten du erdaraz–eta orduan, hainbeste milioien artean, beti egoten da pertsona ugari lan hori egiteko. Baina Euskal Herrian zoritxarrez, gaztelaniazko literatura euskaraz itzultzen saiatzea, astakeria hutsa da. Nahi baldin baduzu sinbolismorako, nolabait itxura egiteko, «El Quijote» euskaraz izatea ere, ez legoke gaizki. Baina, jakina, iparraldekoak alde batera, euskaldun gehienok, gaztelania euskara bezain ongi ulertzen dugunok, eta gainera sasoi hartako erdarak dituen eragozpenak kontutan hartuta, nire ustez, denbora diletantea da horretan aritzea.
Aldiz, beste hizkuntzetako literatur lan ezagunenak, has gaitezen Grezia eta Erromako klasikoetatik, gero Italiako Errenazimenduko Petrarca, Dante... Europako literatura inglesa, aleman, frantsesa... euskaratzeak, nire ustez horrek emango liguke oinegitura bibliografiko oso inportantea, orain falta duguna.
Katalanak, Berriz Ere Eredu
Beste adibide bat ipiniko dizuet: «La Gran Enciclopedia Catalana»k ba du, katalan klasikoekin batera, munduko klasiko guztiak katalanez itzulitako bilduma bat. Honen zergatia, luzarora begira egindako lana litzateke. Orain herriak ez du horren premia, baina bihar izango du, eta nik uste dut lan batzu egin behar direla, ez behar direnean, baizik eta behar direnerako.
Momentu honetan, itzulpenak egitekotan, halako lana egin beharko litzateke; baina, jakina, hori da luzarora begira osatu beharko genukeen mosaiko bat, erdaraz osatuta dagoena eta euskaraz apurka-apurka egin beharko genukeena. Nik uste dut lan polita litzatekeela erdaraz oraindik ez dauden gauzak euskaraz lehenbiziko aldiz itzultzea. Eta honetaz doa nik eskuartean dudan projektua.
Argitaletxe Pribatuak Lagundu Ala Nazional Bakarra Sortu?
A.–Aipatu dugun Kataluniako adibideari jarraituz, Generalitateak subentzio bereziak ematen dizkie literatura Unibertsaletik itzulpenak egiten dituzten Argitaletxeei. Egokia iruditzen zaizu bide hau Euskal Herrirako, ala hobe litzateke Argitaletxe Nazional baten bideari jarraitu eta Euskal Gobernuaren menpean, itzulpena bultzatzea?
X.K.–Bide bat edo beste berdin zait, nik efektibitatea nahi nuke eta ez dakit zeinek emango lukeen erresultaturik hoberena. Azken batean, Editorial pribatuek hartzen dituzten laguntzekin, pertsona batzu liberatzeko ahalmena baldin badaukate, eta pertsona horien bitartez egiten baldin bada ondo. Bestela hori ezina baldin bada, eta probetxugarriagoa balitz Editora Nazional batek egitea... Orain, aldiz, Euskal Gobernuak bere kabuz zerbait egitea... ez dakit. Agian, oinarriz posible litzateke, baina ateratzen duen Boletina kontutan hartuta, beldur naiz halako Argitaletxe batetan zer lukeen pentsatuz.
A.–Zuk zeuk egin dituzun itzulpenak (Kafkaren «Itxura aldaketa», Marx-Engelsen «Manifestu Komunista») kontutan izanda, ze arazo planteiatzen ditu euskarak, hitz laua edota hitz neurtua itzultzeko orduan?
X.K.–Kafkaren «Itxura aldaketa» nik gaztelaniatik itzuli nuen. eta «Manifestu Komunista» nahiz eta aleman-textua aldamenez izan eta hitzez-hitz errebisatu. Planteiatzen diren arazoak, hiztegia finkatzeari dagozkio batez re. Kafkaren kasuan, erabiltzen duen hizkuntza ez da aberatsegia, eta nahiz eta alemanezko textua begiratzeko ere izan, ez nuen aurkitu problema gehiegirik; ba dakizue gainera, Kafkaren alemana idaztankera nahiko konkretua dela.
«Manifestu Komunista»koa berriz, oso hizkuntza teknikoa da, hor ez dago problemarik, nahiz eta aitortu egin behar Marx eta Engelsen prosa oso atsegina dela, eta grazia handikoa, eta ahalegindu nintzen ahalik eta fidelkien ematen. Baina betiere, birsortze lana da euskaraz itzulpena, hiztegiek ez bait dute gauza asko ekartzen.
Georgiera, Euskara Baino Aberatsago
A.–Ze itzulpen ari zara egiten?
X.K.–Beti pentsatu dut euskaldunok zoritxarrez mundu zabalean ezagunegiak garela, beharbada gutxien komeni zaigun arazo batetan; etxe barruan dugun terrorismoa, batzuk modu batera eta beste batzuk beste modu batera ulertzen dugu. Baina azken batean, etxeko kontua da. Baina, kanpora begira ia mundu guztiak modu batez ulertzen du: gurea ez den prentsak adierazten duen moduan. Orduan, kanpora begira, euskaldun= terrorista ekuazioa guztiz famatua da. Beraz, euskaldunok, daukagun kultura ere ezaguterazi beharko genukeela kanpora begira.
Duela zenbait urte hau egin nuen: euskal poesiaren antologia bat egiteko materiala bildu nuen, fotokopiatu eta kanpoan ditudan lagunen artean banatu. Agertu zen lan bat nederlanderaz, euskal poesiaren antoIogia alegia; momentu honetan Italian, Cesare Pavese-ren loba batek italieraz egiten dihardu; eta Finlandian ere aritu dira halako lanaz. Georgian ere poza handiz hartu zuten lan berbera, Natela Sturua eta Salome Gabuniak. Hauek, duela bi urte, Euskal Herriko Unibertsitateak gonbidaturik, Udako Nazioarteko Euskal Ikastaroan egon ziren, eta euskaraz poliki ikasi dute. Azkeneko gutunean esan didaten bezala, hile honetarako berez lana guztiz amaituta egongo da. Hau da, nik emandako materiala hitzez-hitz georgierara itzulita izango dute. Georgian, itzulpen lana astiro eta kontu handiz egiten den gauza da.
Aresti Hil Zenetik, Batasunaren Arazoan Motel, Geldi Eta Atzerapausuka Euskaltzaindia
A.–Itzulpenetik eta euskararen egoera orokorrera jo eta Euskaltzaindiaren gaia ikutu behar dugu. Gaur, euskararen motorra ala erremulke astuna da Euskaltzaindia?
X.K.–Begira, sarritan aipatzen dudan esaera bat da hauxe: gauzak behar direnerako egin behar dira, eta ez behar direnean. Eta Euskara Batuaren arazoan, nik uste dut batez ere Gabriel Aresti eta sasoi hartan gaztelaniaz «cagaprisas» deitzen diren horiei esker, behar genuenerako sortu genuela Euskara Batua, eta ez behar genuenean.
Gaur, Euskara Batua beharrezko da, eta PNVk berak gogoz kontra bada ere, onartu behar izan du beharrezko delako, ez gogokoa duelako agian. Guk «Jakin» inguruko taldeak (Txillardegi, Aresti, Krutwig...), behar hori planteiatu genuenean, urte askotara.begira espejismo bat zen. Krutwigek ikusi zuen lehenbiziz momentua helduko zenerako prest eduki behar genuela Euskara Batua, garai hartan premia elite batek bakarrik sentitzen bazuen ere. Eta korrontearen kontra ibiliz, lortu zen eredu bat.
Euskaltzaindiak, egia esan, aspaldiko urteotan eta batez ere Bergaran egin zen Kongresuaz gero, etengabeko trabak jartzen ditu. Aresti hil zenetik, Batasunaren arazoan, motel, geldi eta atzerapausuka ibili dira. Zenbait pertsonaren izen-deiturak eman daitezke, horretan saiatu direnak. Eta alderdi batzuren trabak ere aipa daitezke.
A.–Ze ondorio du zure ustez jarrera horrek?
X.K.–Gauza larria da, zeren eta Euskaltzaindia konturatzen ez bada ere, Batasuna ez da jadanik bere arazoa, Nazio osoarena baizik. Gaur, teknika mailan eta zientzi mailan, eta Unibertsitatean bereziki, Batasunean aurrerapausuak emateko beharra sentitzen da, eta Euskaltzaindiak bere kontu hartu nahi ez dituen erabakiak, bihar-etzi Unibertsitateko irakasleek hartuko dituzte, Euskaltzaindiaren gogokoak izan zein izan ez.
Azkenaldian, oso erabaki interesgarria hartu du Euskaltzaindiak nazioarteko hitzei buruz, baina pausu hori oso atzeraturik gelditu da; hori praktikan aspaldian zerabilen, bai UZEIk, bai Mikel Zalbidek, bai unibertsital mailako textu-liburuek, UEUk etab. Arazo hanetan, motelegia ikusten dut Euskaltzaindia.
A.– Eta unibertsitate mailan nola ikusten duzu euskararen egoera?
X.K.–Alor honetan, dugun helbururik inportanteena Hizkuntzaren Estátutua aurrera ateratzea dateke. Goio Monreal errektore izan den denboran aurrerapausuak ere eman izan dira. Baina guzti hori finkatu egin behar da, legeztatuz, egindakoa errektore berri batek bertan behera utz ez dezan.
Karmelo LANDA. Antton AZKARGORTA

Salame Gatunia, euskal poesia georgierara itzultzen.
Natela Sturua georgiar euskalduna
25-27

GaiezKulturaLiteraturaSariakCafe Iruña
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakKINTANA1
PertsonaiazKINTANA1
EgileezLANDA3Kultura
EgileezAZKARGORTA1Kultura

Azkenak
2025-08-27 | Patxi Azparren
Askapen prozesu heterokroniko, poliedriko eta “kuantikoa”

Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!

Prozesu heterokronikoa

Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]


Kilate askoko abesbatza

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Eskola-itzuleran 400-500 euro artean gastatuko dute Hego Euskal Herriko etxeek, inkesten arabera

Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]


Muruzabal eta Zarrakaztelu suteengatik hondamendi eremu izendatu ditu Espainiako Gobernuak

Izendapenak ahalbidetuko du kalte ordainak ordaintzeko prozesuak hastea. Bi suteetan 500 hektarea baino gehiago erre dira.


Frantziako Estatuak “arriskuan” jarriko du EKE, dirulaguntzak 30.000 euro murriztuta

Iaz jasotakoarekin alderatuta, %15eko murrizketa jasango luke Euskal Kultur Erakundeak. Prentsa ohar batean, erakundeak adierazi du erabaki horrek "ondorio latzak" izango lituzkeela: esaterako, hainbat postu arriskuan egongo liratekeela eta kideei emandako dirulaguntza... [+]


Talde ekologistak:
“Auditoretza ekonomiko bat nahikoa izan da inbertitzaileak Muga meatze proiektuan atzera egiteko”

Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntzak diote txinatar inbertitzaileek atzera egiteak agerian utzi dituela Zangozako meatzearen "funtsik gabeko arrazoiak". Nafarroako Gobernuari eskatu diote "interes publikoari erantzuten ez dion proiektu defendaezina... [+]


Urruñako sukalde zentrala prest da herriko haur eta adinekoei tokiko elikadura prestatzeko

Herriko Etxeak elikadura burujabetzaren aldeko urrats handia egingo du 380 metro koadroko azpiegitura berriarekin. Sukaldeak haur eta adinekoentzako janari osasungarria eskainiko du, tokiko produktuekin eta tokiko laborantza indartuko du.


Mapamundiak Afrikaren benetako tamaina islatu dezala aldarrikatu du kontinenteak

“Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.


Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Oposizioari aurrea hartuz, Bayrou konfiantza mozio batera aurkeztuko da irailaren 8an

"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


BEC ondoko ‘minipisuak’: 1.000 euro hilean eta 24 metro koadro, iruzurrean oinarrituta eta legearen gainetik

639 'minipisu' ari dira eraikitzen Barakaldon, BEC erakustazokaren aldamenean. Udal ordenantzak aginduta, hotel erabilera eman behar zaio espazio horri, baina "alokairu malgua" dela dio Be Casa-k. Egun batzuetako alokairuetatik hasi eta "hilabete batzuetarako... [+]


Festetako egitarauaren argazkia matxista dela salatu du Cascanteko emakumeen elkarteak

Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.


Eguneraketa berriak daude