Herri Harresia ez, baina alfonbra gorria ere ez

  • Urtzi Martinez eta Jon Telletxea ez ezik, beste bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Deustuko Askegunean. Herri Harresia ez zela izango hamaika aldiz errepikatu zuten deitzaileek –Grebalariak Aske plataformak–, baina poliziaren lana errazteko ere ez zeuden Deustun bildutakoak. Goiz osoa iraun zuen elkartasunezko ekimenaren ostean, 13:45ean azaldu ziren Martinez eta Telletxea euren sorterriko San Pedro plazara. Kioskoko teilatura igo, eta handik jaitsi ziren, euren kasa eta txalo artean, ordubete inguru geroago. Tentsioz eta emozioz betetako ordubetea.   


2014ko urriaren 10an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-10-13 13:00:58
Urtzi Martinez eta Jon Telletxea, atxilotuak izan aurretik, Deustuko San Pedro plazako kiosko gainean. (Arg.: Topatu).

 Espainiako Gobernuak inposatutako lan erreformari erantzuteko, greba orokorra izan zen 2012ko martxoaren 29an. Egun hartan desordena publikoa eragitea egotzita, iaz epaitu zituzten Urtzi Martinez eta Jon Telletxea. Iragan urriaren 2an agortu zitzaien espetxera beren kabuz joateko epea. Ez ziren aurkeztu. Egun hartan, Askegunerako deia egin zuen Grebalariak Aske plataformak.

Herri Harresirik ez zela izango gogoraraziz eman zioten hasiera Askeguneari: “Helburua  bidegabekeria salatzea da, eta goiz osoa plazan irautea; edozein arrazoirengatik polizia sartzen bada, bizkarra erakutsiko diegu eta lasaitasunez jokatuko dugu”, eskatu zuten antolatzaileek. Kiosko gainean poliziaren zain Lasai joan ziren hurrengo orduak. Plazaren kanpoko aldera begira, Urtzi eta Telle aske! zioen pankarta bati txandaka eutsi zioten herri mugimenduko hainbat kidek. Plaza barruan, berriz, gero eta giro hobea goizak aurrera egin ahala.

Martinez eta Telletxea Askegunera iritsi orduko, ehunka lagun zituzten zain. Plaza erdiko kioskoaren teilatura igo ziren, eta handik minutu gutxira azaldu ziren Ertzaintzaren furgonetak, hogeiren bat. Plazan bildutako gehienek kioskoa inguratu eta ertzainei bizkarra erakutsi zieten. Elkarren besoei heldu gabe, antolatzaileek eskatu bezala. Ez zen Herri Harresia, baina ohorezko pasabidea ere ez zen.   

Hiru saiakera egin zituen Ertzaintzak kioskora gerturatzeko, eta azkenik lortu zutenean  minutu bat aski izan zuten jendetza zeharkatzeko. Hori bai, aurrez mehatxu eginda: berriz erresistentzia egonez gero, gogor sartuko ziren. Ez zen beharrezkoa izan, eta hala ere bi lagun atxilotu zituzten.   

Martinez eta Telletxeak teilatuan ordubete pasatxo zeramatenean, ertzain bat igo zen horreterako beren-beregi ekarritako eskailerara, eta haiekin hitz egin zuen, labur. Grebalariek teilatuan jarraitu zuten. Bigarrenez igo zen ertzaina, bigarrenez hitz egin zuten hirurek, eta orduan bai, Martinez lehenik eta Telletxea ondoren, beren kabuz jaitsi ziren, ukabilak altxatuz metro batzuk beherago zituzten ehunka lagunei emandako babesa eskertu ostean. Babes horrek atxiloketaren unean jarraitu zuen. Eta minutu gutxi geroago, Grebalariak Aske plataformak bertaratutakoei eskerrak eman eta Internazionala eta Eusko Gudariak abestuz eman zitzaion amaiera Askeguneari.

Bestelako Askegunea egitea, horixe zuten xede Deustukoa deitu zutenek. Desobedientziarako bideak zabalduz doaz Euskal Herrian.


Eguneraketa berriak daude