Urtarrilaren 27an hasiko da Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa

  • Guztira 280 parte hartzailetik gora izango dira Kuadrilla Artekoaren zazpigarren edizioan. Finala martxoaren 25ean jokatuko dute Laudion.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko urtarrilaren 18an - 08:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketaren zazpigarren edizioa hasiko da laster: urtarrilaren 27an izango dira lehen saioak, Gasteiz eta Oionen. Finala Laudion jokatuko da, martxoaren 25ean. Bi hilabeteko tartean Arabako hamaika herritan izango dira txapelketako saioak. Bertso-eskolen eta Arabako Bertsozale Elkartearen artean antolatzen dute lehiaketa, "izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta".

Bi urtean behin egiten da Araban Kuadrilla Artekoa, 2010etik. 2018 eta 2020ko bideari eutsita txapelketa formatua izango du aurtengoak ere eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede: Arabako bertsolaritzak  urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartu. Taldeka parte hartzen da txapelketa honetan eta bi modalitate ditu: bat-batekoa eta idatzizkoa. Taldeetako parte hartzaile guztiak kontuan hartuta (gai-jartzaileak, epaileak, sukaldariak, argazkilariak…) 280 lagun baino gehiago izango dira aurten txapelketan.

Bat-bateko modalitatean hamabi talde lehiatuko dira, lau ligatan. Talde bakoitzean gehienez sei bertsolari arituko dira kantuan eta, horiekin batera, gai-jartzaile, epaile, argazkilari, grabatzaile eta sukaldariek hartuko dute parte. Horrela, talde bakoitza hamar bat lagunek osatzen dute.

Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada, Gorbeialdea eta Gasteiz eskualde edo herrietakoak dira taldeak. Horietako bakoitzak, gainera, antolatzaile lanak ere egiten ditu: norbere herrian edo eskualdean saioak antolatzeaz arduratu dira. Aurten, guztira, 64 lagun ariko dira bertsotan, hamasei epaile lanetan, hamasei lagun gai-jartzaile beharretan, eta gainerakoak bestelako funtzioetan (kronista, argazkilari, sukaldari edota musikari).

Idatzizko lanetan, bestalde, hamasei taldek hartuko dute parte: gazte asanbladak, mintzalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak… Bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Arabako zortzi eskualdetako ordezkariek parte hartuko dute bertso jarrien modalitatean.

Urtarrilaren 27tik martxoaren 25era, saioen egutegia:

 

Kanporaketak (hamabi saio)

Urtarrilak 27: hiru saio: Gasteiz (bi saio) eta Oion

Urtarrilak 29: Laudio

Otsailak 3: Gasteiz

Otsailak 4: Aramaio eta Agurain

Otsailak 5: Narbaiza

Otsaila 10: Aramaio (bi saio)

Otsailak 11: Murgia eta Corres

 

Finalaurrekoak (3 saio)

Otsailak 26, igandea, 1.finalaurrekoa: Aguraingo Zabalarten

Martxoak 4, larunbata, 2.finalaurrekoa: Bastidako Kultur Etxean

Martxoak 12, igandea, 3.finalaurrekoa: Murgia, Zuiako udaletxean

 

Finala

Martxoak 25, larunbata, Laudio


Azkenak
Eguneraketa berriak daude