Kokaina oso purua ari da kontsumitzen Europan: zergatik?

  • Purutasun maila oso altuko kokaina kontsumitzen ari da Europan azken hamarkadan, Europar Batasuneko drogen kontrolerako agentziak egindako ikerketa baten arabera. Era berean, drogen kontsumoagatik tratamenduan dagoen jendearen kopurua ere gorantz doa.

ARGIA @argia
2018ko ekainaren 08a
Argazkia: Marco Verch / CC-by

Kalean eros daitekeen kokainaren purutasuna azken hamarkadako mailarik altuenean dago Drogen eta Adikzioen Jarraipenerako Europako Zentroak (EMCDDA ingelesezko sigletan) egindako urteko txostenak aditzera eman duenez. Kokainaren prezioa egonkor mantendu da azken urteetan ikerketa horren arabera, baina haren purutasuna 2010etik 2016ra bitartean igotzen ari da.

Datu horrekin batera, beste bat ere eman du EMCDDAk: kokainarekin lotutako tratamendua lehen aldiz jaso dutenen kopurua hazi egin da azken urteetan, 2016an 30.300 lagunetaraino iritsiz. Guztira, txostenaren arabera, 17 milioi europarrek probatu dute kokaina –15 eta 64 urte bitartean dituztenen artean egin da galdera– eta gazteen kontsumo mailari erreparatuz gero, 15 eta 34 urte bitartean dituztenen artean 2,3 milioik onartu dute azkeneko urtean kontsumitu izana.

Erresuma Batua da Europar Batasunean kokaina kontsumitzaile gehien duen herrialdea, 15-34 urte bitarteko biztanleen %4k kontsumitzen du; Herbehereak agertzen dira rankingean bigarren –adin tarte berean %3,7 da kontsumitzailea– eta Espainiako Estatua da hirugarrena –%3–.

Kokaina mozteko gaien kontrola, problema-iturri

EMCDDAko zuzendari Alexis Goosdeelen adierazpenak jaso ditu The Guardian egunkari britainiarrak. Haren ustez, Hego Amerikan kokaina produkzioa asko handitu izanaren ondorioak dira Europako datuok: “Arduratuta egon behar dugu kokainaren erabilerak osasunarentzat dauzkan inplikazioekin, eremu honetan garapen kezkagarriak ikusten ari baikara, tartean kokainarekin problemak dauzkatelako tratamendua hasten duen jendearen kopuru handiago bat”.

Baina produkzioa handitu izanak ez du esplikatzen, bere horretan, orain kokaina puruagoa egotea merkatuan. Beste faktore bat hartu behar da kontuan: droga mozteko erabiltzen diren gaiek Europako zenbait estatutan orain kontrol zorrotzagoa jasaten dutela; eta horren ondorioz, droga trafikoan aritzen direnek, harrapatu ez ditzaten, gutxiago erabiltzen dituztela  –saltzen duten produktuaren purutasunean eragin zuzena daukan erabakia, bistan denez–.

Drogen inguruan lan egiten duen Release erakundeko Niamh Eastwoodek The Guardian-i esplikatu dionez, gertatzen ari denak erakusten du drogen inguruko politikek jarrera inteligenteagoak eskatzen dituztela: kontsumitzaileen kriminalizazioa alde batera uztea, batetik; eta kalteak areagotu ordez, gutxituko dituzten neurri legalak, bestetik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Kokaina

Kokaina kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude