Jazzaldiaren txupinazoa eta Txikijazz

  • Sekulako giroa atzo Donostiako Jazzaldian eta gaur Txikijazz, haurrentzat eta haurrekin gozatzeko jazzaldi berriaren hasiera.


2013ko uztailaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Jendeak gustura hartu zuen Cullumen kontzertua.

Jendea pozik atzo musika entzuten, hondartzan, dantzan, haurrekin, bokatak janez, terrazatan eserita, diskoak erosiz... leku guztiak eta ekitaldi guztiak lepo atzokoan, jazz zaletasuna festarekin edo festa zaletasuna jazzarekin elkartuz.

Igelaren Bandaren kontzertua Habanera bertso-doinuaren bisarekin bukatu eta haize boladatxo goxo batek Habanako malekoi bilakatu zuen Zurriolakoa, Gabacho Maroconnection-ekin jendeak dantza saio ederra egin zuen eta Jamie Cullum hondartzan ikusiz publikoak (beharbada) izandako negu eta udaberriak ahaztuko zituen, hain zen ona gaugiroa!

Eta gaur... Gaurkoan Txikijazz jaio da, haur eta familientzat prestaturiko Jazzaldiko atala. Lehen aldia da ekimen hau prestatzen dena baina emankorra izan da nolanahi ere. Interesgarria, jazzaz gozatzeko ordutegiak, lekuak... askotan ez baitira haurrekin joateko onenak eta guraso bezala poza ematen du haurrei begira sortutako jazz ekintzak ikusteak, baita atzo bezala kalean egiten diren jazz ekitaldiak entzuteko aukerak ere.

Hainbat ekitaldi eta gune daude Txikijazzerako, aipamen orokor bat egingo dizuet baina egitaraua jaistea onena, ez baita erraza guztiarekin akordatzea

Egia esan, denetarik dago Txikijazzen, hasi perkusio tailerrekin, segi jazzaren historian barna ibilbidea egiten duten kontzertu didaktikoekin, birziklaturiko materialarekin egindako musika-tresnak egin eta jotzea bestetik, ipuin kontalariak, jolas-gunea, DJ-a, jazz-dantza saioa, sorkuntza tailerra DJ Makalarekin (iPhone, iPod Touch eta iPad-en musika aplikazioekin musika egiteko), Blami eta Uni Poscarekin kamisetak egiteko tailerra edo modelatzeko pastarekin tresnak eta txartel musikalak sortzeko scrap tailerrak Tamayorekin.

Badaude hiru jarduera leku mugatuak dituztenak eta izen ematea behar dutenak: DJ Makala sorkuntza tailerrak, Blami+Uni Posca kamiseta tailerrak eta Tamayoren jarduerek. Izen emateak Jazzaldiko informazio bulegoan uztailaren 15etik aurrera egin daitezke.

Oro har, goizeko 10etatik 14etara izango dira ekintzok eta larunbata eta igandean gehienak baina esku-orria jaitsi edo informazio bulegoan hartzea gomendatzen dizuet (Victoria Eugeniako plazan dago) bertan jarduera bakoitzaren ordua, lekua eta adin gomendioa azaltzen baita .

Itxura oso ona hartzen diot Txikijazzari hainbat arrazoirengatik: adin askotarako jarduerak daudelako (3tik 14ra bitarte), guztiak euskaraz izango direlako (igandean frantsesez arituko den ipuin kontalari bat izan ezik), entzuteko eta parte hartzeko ekintzak tartekatzen dituelako, mugimenduari leku egiten diolako dantza saioekin eta jolas-gunearekin, sorkuntza sustatzen duelako, ingurumena eta birziklatzea jazz musikarekin uztartzen duelako eta era berean teknologia berriak erabiliz musika sortzeko tailerrak egingo direlako (jakinmin handia sortu dit honek!). Guztiagatik zorionak Txikijazzeko Ama eta Aita izan zareten antolatzaileei, zuen haurtxoa ezagutzeko irrikitan gaude!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Jazzaldia
2016-07-04 | ARGIA
Trinitateko auzo baratzea errespetatzeko eskatu diote Jazzaldia iragartzen duen garagardo markari

Uztailaren 20an hasiko da Donostiako Jazzaldia eta Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak kezka adierazi du: urtero jazz jaialdiaren babesle nagusia den garagardo marka iragartzeko kartel handi bat jartzen du Trinitate plazan, hain justu gazteek joan den apiriletik auzo... [+]


Zenbait gogoeta Jazzaldiari buruz

Atzo egin zuten Donostiako 48. Jazzaldiko balorazioa eta historiako jendetsuena izan da, 155.500 ikusle izan dituelarik. 84 kontzertu izan ditu, hauetako 57 doako eta horietan bildu omen da ikusleriaren %90a. Prentsa guztian irakurriko duzue. Jazzaldi plusmarkista izan da... [+]


Swalow Quartet eta Jorge Pardo Huellas XL

Ostegun gauean Trinitate Plazan Swalow Quintet lehen zatian eta Jorge Pardo Huellas XL proiektuarekin izan genituen.


2013-07-19 | Judith Montero
Zer ez galdu Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietan

Costa Bravako masia batetik ateratako abesti frexko sujerenteetatik, New Yorkeko Blue Note Jazz Club-eko inprobisaziotara, New Orleans uhinak kaleetan edo euskal musikaren aintzina eta abangoardia... guztietarako dago lekua Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietan. Badago zer,... [+]


Eguneraketa berriak daude