H5N1 birusa ez dago ahaztuta mundutarrez

  • Iazko udaberria bukatzearekin, hegaztien gripearen hotsak ahuldu eta desagertu bezain fite, H5N1 hizkiak ahaztu egin zituzten europarrek. Baina heldu da 2007ko neguazkena, urteroko gripe sasoia abiatu da berriro eta orain ohartu dira Mendebaldeko jendeak H5N1 ez dela gizakiez ahaztu.


2007ko otsailaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01
Oilaskoak

Hegazti-gripea pandemia hilgarri bihurtzeko arriskuaz mintzatu zen Net Hurbil duela urtebete. Hamabi hilabeteren buruan, zer da berri? Era eskematikoan, bi joera daude H5N1 birusaren garapena hurbiletik zaintzen dutenen artean. Alde batetik, aditu baikorrenek uste dute herrialderik atzeratuenetan ere agintariak arriskuaz ohartuta daudela eta duela bi urte baino neurri zorrotzagoak hartzen dituztela, eta Tamiflu bezalako botikak azkar erabilita lortu dela infekzio fokoak deuseztea.

 

Aldiz, behatzaile pesimistagoen ustez denbora kontua da: pandemia ari da egosten dagoeneko mundu osoan barreiatuta H5N1 irakiten dagoen lekuetan, birusak laster mutazio bat edo batzuk edukiko ditu bere egituran, gizaki batetik bestera pasatzeko ahalmena lortuko du, eta orduan hasiko da pandemia beldurgarria.

 

Interneten miaka hasita, harritzeko adina informazio aurkituko du irakurleak H5N1 birusaz eta hegazti-gripearen arriskuez. Informazio serioa gainera. Esate baterako, birusaren zenbaki-izena daraman H5N1 blogak bilduma aberats eta eguneratua eskaintzen du. Hala ezagutu dugu International Herald Tribune egunkarian Donald G. Macneil-ek idatzi duena. Kazetari berezitu honen lehen baieztapena: 2006an hegazti-gripeak gehiago hil zuela 2005ean baino, eta honetan 2004an baino. Bigarrena: gripe mota honen hilkortasuna handitu egin dela, %43tik %61era. Hirugarrena, eta europarrok beldurraraztekoa: hegazti-gripea kontrolik gabe dabilela Nilo eta Niger ibaien deltetan, gure muturren aurrean.

 

Zientzialariek ba ote dakite zer ari den gertatzen? AEBetako Minnesotako unibertsitatean gai hauetaz aditua den Michael Osterholm-i galdetu dio kazetariak. “Gai honi buruzko edozein biltzarretan, kafetegian mikrobiologo talde batekin solasean hasten bazara, laugarren zerbeza hartzerako mozorroa kendu eta aitortuko dizute ez dakitela zer ari den gertatzen. Birus honek izugarri umiliatu ditu zientzialariak”.

 

Paradoxak ere badira H5N1en orain arteko hedapenean. Gertatzen da, esate baterako, hegazti-gripea izugarri hilkorra delako –Ebola birusa bezainbat– gaixoari ez diola ematen denborarik gaitza inguruan asko barreiatzeko, lehenago hiltzen du-eta H5N1ek. Aldiz, denek ikaraz aipatzen duten 1918ko gripe espainiar hartan hilkortasun apala zuen birusak –%2– baina oso erraz transmititzeko gaitasunak eragin zuen denbora laburrean milioika herritar hiltzea (50 milioi baino gehiago).

 

Gripe sasoia otsailetik maiatzera arte luzatzen da, eta horregatik, iazko ekainetik ia aipatu ere ez da egin gaia. Iritsi da, ordea, otsaila eta albisteak berriro ugaritu dira. Berrikitan, Mosku eta inguruetan hiru aldiz azaldu dira hegazti-gripearen aztarnak. Horren aurretik, Europan lehenbiziko alarma Britainia Handian piztu zen. Suffolk eskualdean H5N1 birusaren arrasto gardenak konfirmatu eta milaka indioilar akabatu behar izan zituzten.

 

Baina lehendik ere hegazti-gripearen albisteak baziren tantaka, Hungariatik, Turkiatik, Egiptotik, Laostik, Vietnamdik... eta batez ere Indonesiatik iritsita. Herrialde hau dela uste dute adituek H5N1aren foko arriskugarrienetakoa; eta hemen uholdeek eragindako hondamendiak egoera are larriago ipini du. Europako ateetan, Egiptoko Gobernuak aitortu du otsail hasieran hil zuela gripeak 13. pertsona. Eta Nigerian ere lehenbiziko hildakoen hotsak entzun ziren.

 

Birus hau ez da birtuala

Europan oso hurbileko jarraipena egiten zaio H5N1 birusari: oilategi batean aurkitzen den bezain pronto, bertako hegazti guztiak akabatu eta erre egiten dira, inguru osoan neurri zorrotzak hartzeaz gain. Baina gurekin –hegazti migrarien bidez– harremanetan dauden beste herrialde askotan horrelako kontrolik ez da. Nigerian dagoeneko heriotz sorta eragin duen arren, feria eta azoketan hegaztien kontrolik kasik ez da.

 

Nigeriako Gobernuak bezala, Indonesiakoak ere indemnizazio txiki batzuk ematen dizkiete hegazti gaixoak entregatzen dituztenei. Baina animaliek balio duten baino askoz gutxiago pagatzen diete, horra zergatik askok ez duten deklaratzen. Bestalde, Indonesia batean, zer inporta dio 66 hildakok hainbeste milioi biztanleren artean? “Milaka hiltzen dira hemen –deklaratu du Tri Satria Putri Naipospos albaitari zerbitzuburuak– tuberkulosiaz eta dengeaz, eta halako zalapartarik ez da. Nola sartuko diezu buruan pandemia baten atarian egon gaitezkeela?”.

 

Bitartean, H5N1 abere gehiagoren artera ari da egokitzen. Britainia Handiko indioilarren kasuan, zientzialariak hipotesi kezkagarri batekin dabiltza: hegazti-granja horretara birusa kaio edo antxetek ekarri ote zuten.

 

Hungariako kasuan hegazti-azokak aipatu ziren, berriro ekarriz eztabaidara aire libreko merkatuen kontua. Baina Japonian azaldu da beste kutsatze bide kezkagarriagoa: arratoiak. Miyazaki eta Okayama eskualdeetan aterpetutako hegaztiak agertu dira akabatuta, eta ikertzailek beldur dira kutsatzaileak arratoiak izan ote diren. Horregatik batzuen ustez gero eta hurbilago dago birusa gizakitik gizakira jausi egitera iritsiko den eguna. Hori litzateke milaka –edo milioika– pertsona hilko lituzkeen pandemiaren hasiera.

 

H5N1 azkenean mutatu eta pandemia bihurtu daitekeen hipotesiarekin erakunde asko ari da lanean. Adibide bat jartzeko, Internet eta ordenadoreen munduan erreferentzietakoa den Computerworld aldizkari elektronikoak hau publikatu zuen otsailaren 12an: “Gripe pandemiak Internet kolapsatu lezake eta mozketak eragin”. Gripea munduan zabalduko balitz, animalien garraioa bakarrik ez litzateke eragotziko: jende askok erabakiko lukete etxetik lan egitea kutsaduraren beldurrez, eta pentsa liteke enpresa ugarik ere langileak horretara behartuko lituzkeela.

 

Horrelako emergentzia batean, nola kudeatu Internet? Une honetan Munduko Osasun Erakundeak 3. mailan dauka pandemiaren alerta, baina nola jokatu hori 6.era jasoko balute? Sareak edukiko duen trafiko izugarriarekin, nondik hasi mozketak egiten? Aditu batek Computerworldi esan dioenez, “onargarria ote litzateke horrelako larrialdian sarearen zati handi bat YouTube-eko bideoak jaisten erabiltzen jarraitzea?”. Bestalde, trafiko gehitze izugarri horrek areagotu egingo luke sarearen ahuldadea erasoen aurrean.

Pandemiarekiko alertak askoz urrutiago doaz, eta mundu osoan gobernuek antolatuta dauzkate emergentzia taldeak, hegazti-gripea hurbiletik segitzen dutenak. Oraingoz herritarroi burukomin handiegirik ez eragitea deliberatu dutela nabarmena da, gutxi entzuten baita komunikabideetan. Baina arriskua hor dago.

 

Munduko Osasun Erakundeak badu atal berezi bat epidemia eta pandemiez ohartarazten duena. Hegazti-gripeari dagokionez, nola gauden grafiko nabarmen batez erakusten du. 1. maila izanik arriskurik txikienekoa, eta 6.a pandemiarena –H5N1 birusa gizakien artean lasai barreiatzea, hondamendia–, une honetan 3. mailan gaude, kolore horian: “Pandemia alerta. Gizakien arteko transmisiorik ez edo oso gutxi”. 4.a izan liteke gizakien arteko kutsaketak ugaritzea, 5.a kutsadura hau zabaltzea.

 

Informazio gehiago:


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude