"Ezagutza da txertoa" lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak

  • Astearte honetan izan da CAF-Elhuyar Sarien banaketa ekitaldia Donostian. Aurtengo edizioak "Ezagutza da txertoa" izan du lelotzat eta guztira 64 lan jaso dituzte.


2021eko apirilaren 28an - 12:11
Argazkia: Elhuyar

Astearte honetan izan da CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia), aforo mugatuarekin eta streaming bidez. “Ezagutza da txertoa” izan da aurtengo sarien leloa. Guztira 64 lan jaso dira, eta generoari dagokionez parte hartzaileen artean oreka egon dela azpimarratu dute epaimahaikideek.

Antolatzaileen ustez, aurtengo leloa gaurkotasun beteko gaia da, eta horren adierazgarri izan da lehiaketara aurkeztutako lanen kopurua. "Esan daiteke ikertzaileek eta zientzia-zaleek bat egin dutela leloarekin eta deialdiaren helburuarekin, hau da, zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatu, saritu eta aitortzearekin".

Nahia Seijas Garzónek dibulgazio-artikulu orokorraren saria irabazi du Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen artikuluarekin, Ainara Angroniz Agudok Polimero jasangarrien garapena elikagaien ontziratzerako lanari esker Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria jaso du eta zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian Iñaki Sanz Azkueren Etxeko leihoak naturaren behatoki lana izan da irabazlea. Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker Sari Berezia Asier Alivte Arregik jaso du Betizua, Europako azken behin basatia desagertzear? lanagatik.

Aipamen bereziei dagokionez, zientzia-kazetaritzan Jon Urzelai Urbietaren Pentsatu, ez sinistu irrats-saioak aipamen berezia merezi duela erabaki dute, kategoria horretan Iñaki Sanz Azkue irabazle izendatu duten arren. Bigarren aipamena ordea, Helene Sánchez Zelaiak jaso du Klima-aldaketa eta mahastizaintza lanarengatik.

Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute, baina horrez gain 5.000 euroko dirulaguntzak ere banatu dituzte zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten bi dirulaguntza banatu dituzte, bata Itxaso Navarro Celestinorentzat izan da Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua lanarengatik eta bestea Ander Gortazar Balerdik eta Jacek Markusiewicz jaso dute, 15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak lanarengatik.

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria eman du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzeko helburuarekin. Jabier Agirre Lasarte medikuak jaso du aurten sari hori zientzia-dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lana aitortu nahi izan baitiote.


Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude