Zabaldu duen agirian EPPK-k bere borondatea azaldu du: "Kaleratzean egiten zaizkigun harrerak hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan jaso nahi ditugu aurrerantzean, orokorrean azken hilabeteetan hasia den bidetik jarraituz". Erabaki hori "euskal preso politikook bizikidetzari, bakeari eta gurea eta gure senideena ez ezik besteen sufrimendua ere aitortzeari" egiten dioten "ekarpen indibidual eta kolektiboa" dela adierazi du.
Ongi-etorriek eragin izan dituzten erreakzioez zera adierazi dute: "Aurten bete dira hamar urte borroka armatua behin betiko alde batera geratu zenetik. Bakea galarazi eta inposizioa betikotu nahi dutenek, baina, aurrerapauso bakoitza blokeatu edo sabotatu nahi izan dute ordutik, mendekua bilatuz eta gatazka desitxuratuko lukeen kontakizun iruzurtia inposatu gogoz. Garaile eta garaituen errelatoa elikatuz.
Badira, harago, ongietorri publikoen harira samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak. Gure iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak dira eta minduta sentitu daitezkeela ulertzen dugu. Urte luzez eta baldintza ezin gogorragoetan kartzelan egon den presoak kalera irtetean hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea duela onartu arren, harrera-ekitaldi publikoek mina eragiten dietela adierazi dute. Argi esaten dugu gure gogoa dela sufrimendu oro arintzea eta aukera berriak zabaltzea, zauriak sendabidean jartzea eta euskal herritarren artean elkarbizitza sendotzea".
EPPK-k Espainia eta Frantziako estatuetako espetxeetan dauden beren kideen artean kontsulta egin du eta adierazi dute egoki ikusten dutela "aske geratzearen gure poza espetxe atarian zain ditugunekin elkartzean edota era diskretuan hartzen gaituztenekin partekatzeari".