Askatu dute Ines del Rio, ‘Parot Doktrina’-gatik Estrasburgok Espainia zigortu ostean

  • Ines del Rio tafallarra arratsaldeko 16:40etan atera da kalera. Teixeiroko (Coruña) espetxearen kanpoaldean hainbat lagun eta senide zituen zain. Gauen helduko da Euskal Herrira. 26 urte eman ditu preso. 2008ko uztailean atera behar zuen espetxetik, baina 197/2006 doktrina aplikatu zioten eta kartzelaldia 2017. urtera arte luzatu zioten.


2013ko urriaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Argazkia: @AdolfoAraiz
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Espainiako Auzitegi Nazionalak ezohiko bileran Ines del Rio euskal presoa libre uztea erabaki du. Goizeko 9:15etatik bilduta izan dira magistratutak eta 11:20etan eman dute erabakiaren berri. Astelehenean Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak ebatzi zuen Espainiak "ahalik eta epe laburrenean" utzi behar zuela aske, Parot doktrina atzeraeginkortasunez aplikatzeagatik. 16:00etatik aurrera askatuko dute El Mundok dioenez.

Familia eta lagunak Galiziako Curtis kartzelara joan dira, bertan baitago atxilotuta.

17 epaileek aho batez erabaki dute Del Rioren irteera. Atxilotua ETAko Madril komandoko kide zela 24 pertsona hil izana akusatuta atxilotu zuten. Del Riok 2008ko uztailean atera behar zuen espetxetik, baina 197/2006 doktrina aplikatu zioten eta kartzelaldia 2017. urtera arte luzatu zioten. Orotara 26 urte egin ditu preso.

Beste 55 euskal preso daude Parot doktrina aplikatuta. Hemen zerrenda osoa. Preso bakoitzaren egoera banan-banan aztertuko duela jakinarazi du Espainiako Justiziak.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak defendatu du "inongo aukerarik ez" zegoela eta Del Rio aske utzi behar zela.

Datorren ostiralean bilduko dira epaileak berriro 197/2006 doktrina aplikatuta daukaten beste bi presoren egoera aztertzeko. Josefa Mercedes Enaga eta Juan Manuel Piriz Lopez dira bi presoak.

AVTk protestak iragarri ditu

Terrorismoaren Biktimen Elkarteko buru Ángeles Pedrazak haserre hitz egin du eta protestak iragarri ditu. "Ez dugu ulertzen nola espainiar guztiok justiziaren geldotasuna pairatzen dugunean, Auzitegi Nazionalak 12 ordu ere ez dituen behar izan etakide hau aske uzteko", adierazi du.

Amaiurrek ETAren biktimekiko errespetua

Xabier Mikel Errekondok ETAren biktimekiko "errespetua eta ulermena" adierazi ditu Europa Pressek jasotako adierazpenetan. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 'Parot doktrina' legez kanpoko jo izana Amaiurren ustez, "bakearen bidean lagunduko duen" elementua izango da.

Madrilgo gobernuari kartzela politikari buruz hausnarketa eskatu dio Errekondok.

Estrasburgoren epaia

Del Rio libre uztea beste aukerarik ez du Auzitegi Nazionalak, preso tafallarra askatzearen aurka Espainiak jarritako helegitea atzera bota baitu Estrasburgok: "Bete behar zuen baino espetxe zigor handiagoa bete du Del Riok, beraz, Espainiari dagokio ahalik eta lasterren hura libre uztea", dio ebazpenak.

Sarean mugimendua dabil Doktrina Stop aldarrikatuz


Azkenak
Eguneraketa berriak daude