Aieteko leihotik bakea ikusten da

  • Donostiako Nazioarteko Konferentziak bakearen bidean orain arte inoiz izan den irudi garrantzitsu eta entzutetsuena utzi dio euskal gizarteari. PP izan ezik denak egon dira bertan. Salbu eta Patxi Lopez, lehendakari gisa. Hona gertatutakoaren balizko interpretazio bat.


2011ko urriaren 18an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 15:57
Donostiako Bake Konferentzia inflexio puntua izango da euskal politikaren eragile guztiak mahai bakarrean biltzeko. Dani Blanco

Euskal Herriak bizi duen gatazkak konponbide saio ugari izan ditu azken 30 urteetan. Garaikoetxea lehendakariak 80ko hamarkadaren hasiera aldera eratu zuen alderdien mahaia, Aljerreko negoziazioak, Elkarrik antolatutako bake konferentziak edo Eginoko Mahaia, Lizarra-Garaziko eta Loiolako ahaleginak... Horietako batzuetan, Loiolan bereziki, konponbidearen aukera eskuekin ukitu bada ere, azkenean bakea atzamarren artean irristatu da gatazka izoztuari bide emanez.

Baina oraingoan bai, astelehenean horixe arnastu zen Donostian, gatazkaren behin betiko konponbiderako ate garrantzitsua ireki zela Aieteko Bakearen Etxean. Eta zer da han gertatu dena? Kofi Annan buru, nazioarteko ordezkaritza oso garrantzitsuak adierazpena egin zuela eta Nazioarteko Konferentziak, berea egin ez arren, babesa eman diola adierazpen horri. Bost puntu ditu nazioarteko eragileen adierazpenak eta hiru mezu nagusi.

Inportanteena eta entzutetsuena iragarria zegoen, baina horregatik ez du garrantzirik galdu: ETAri bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera eskatzen zaio. Aldi berean Espainia eta Frantziako gobernuei ere elkarrizketarako deia egiten zaie, ETAk jarduera etenez gero, erakunde armatuarekin elkarrizketa “teknikoa” bideratu dezan. Eta hirugarren dei esanguratsuena alderdiei bideratua dago, alderdien mahaia osatu eta bertan gatazkaren muinean diren gaiak bideratu ditzaten.

Testuingurua beti da garrantzitsua gisa honetako gertaera ulertzeko eta Konferentzia honek ere badu berea. Hona testuinguruaren interpretazio bat: ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria onartzen duenetik argi da horrek inflexio puntu bat markatzen duela bere jardun historikoan eta horrekin baita euskal gizarteko normalizazio politikoan ere. Harrezkero, ezker abertzaleak urrats oso esanguratsuak eman ditu, horietara apurka Gernikako Akordioaren eragileak bilduz eta, fase honetan garrantzitsuena, aldebakarreko ikuspegiz.

Aldi berean, gatazken konponketan aditua den nazioarteko ingeniaritza abian jartzen da –seguruenik 2006tik geratu ez dena–, gaia nazioarteratuz eta aurkarien arteko bitartekaritza lanak bideratuz. Bitartekaritza lan horietan iristen da PSOEren Gobernuarekiko zelanbaiteko konpromisoetara, funtsean halako zerbaitetan laburbildu daitekeena: ETAk behin betiko amaiera ematen badu Espainiako Gobernua hasiko da mugimenduak egiten presoen inguruan, beti ere legeak ahalbideratzen duenaren barruan. Eta denok dakigu hainbeste estutu den kartzelen munduan, legeak asko ahalbideratzen duela.

Baina hori guztia gertatzen ari den bitartean, krisi ekonomikoak indar handiz kolpatzen du Espainiako Gobernua eta egoera ekonomiko eta politikoak hauteskundeak aurreratzera behartzen du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernu burua. Hortik aurrera, ez da gaitza irudikatzea azaroaren 20tik aurrera PP izango dela agintean Moncloan eta Mariano Rajoyk bideratu beharko duela bake prozesua.

Testuinguru horretan dator bilkura hau. Heldu da, beraz, ETAren amaiera taularatzeko unea eta Aieteko Konferentziak aukera bikaina ematen dio horretarako. Heldu da alderdien arteko elkarrizketa politikoari beste bultzada bat emateko unea. Eta heldu da baita ere PPri begira jartzeko unea, Rajoyri argi adierazteko ezin duela hankaz gora bota orain arteko lana, eta bake prozesuarekin engaiatu behar duela, berak duelako gatazka historiko bati amaiera emateko aukera.

Nazioarteko bitartekaritza lanetan ari den pertsona esanguratsu bati entzundakoa da: “Politikariak ez dira mugitzen presiorik jasotzen ez badute”. Eta bai, logikoa da pentsatzea Konferentziaren helburuetakoa dela datorren PPren gobernua presionatzea. Bistan da, Kofi Annan eta gainerako nazioarteko eragileak ez dira lorontzi gisa etorri, Espainian askok eta euskal gizartean oso gutxik baldar iradoki duten moduan.

Denborak esango du interpretazio honek guztiak baduen zerikusirik errealitatearekin. Edozein modutan, interpretazioetatik kanpo dago honek euskal gizartean sortu duen ilusioa. Herritarren gehiengo handiak inoiz baino gertuago ikusten du bakearen aukera. Egia da badela gizarte mailako korronte bat etsipen handiz bizi duena normalizazio prozesuaren nondik norakoa, egia da orain arte PPk eta PSOEk akuilatu dutela sektore hori, baina egia da baita ere “garaile eta garaituen” ikusmoldea elikatzen duen gizarte multzo hori gero eta txikiagoa dela. Edo bestela esanda, konstituzionalismoaren sektorean ere bake gogoa mendekuari garaitzen ari zaiola. Nahi diren gorabeherekin, baina PSE, UGT eta CCOO bake konferentzian izateak badu mugarri itxura. EAJren inplikazioak ere azkenean bultzada publiko esanguratsua jaso du jeltzaleek Konferentziari emandako sostengu tinkoarekin. PPren bakardadea gero eta agerikoagoa da bakegintzaren gaian eta UPyDren ikuspegia erabat marjinala litzateke, biktimen gaia astintzen duen bezala astinduko ez balu.

Bide handia da oraindik egin beharrekoa, ia dena egia esateko, baina ETAk berandu baino lehen emango duen erantzunak hori guztia ahalbideratuko du. Kosta ahala kosta eraikiko den bidea da, nagusiki euskal gizarteak hala nahi duelako eta euskal herritarrek norabide horretan bultzatzen dutelako, gero eta tinkoago gainera. Konponbideari begira, orain arte hauteskundeak beti izan dira traba aukera baino, aurreratzean elkarrizketa eta konponbidea bandera izango dira euskal herritarren aurrean eta, beraz, botoa erakartzeko amu. Bakeak, azkenik, asko du bere alde.

__________________________________________________

[Analisi hau ARGIAren 2.295 zenbakian argitaratuko da]

[Sartu Xabier Letonaren blogean analisi gehiago irakurtzeko]

[Ikusi atzoko eguna argazkitan]


Azkenak
Aroztegiko epaiketaren kronika (bosgarren eguna)
Frogarik gabe, zigor eskaera gogorra auzipetuen gainean

Fiskalak eta akusazio partikularrak zazpi auzipetuen zigor eskaerak berretsi dituzte, 46 hilabeteko kartzela zigorra eta 56.000 euro enpresei egindako kalteen ordain gisa. Auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute. Epailearen eskuetan geratu da erabakia.


Arabako zentral fotovoltaikorik handienari baimena eman dio Espainiako Gobernuak

231.000 panel jarriko dituzte, Arabako hego-mendebaldeko ehun hektareatan zehar: Armiñonen. EUskal Herriko bigarren eguzki parke handiena izango da.


2025-05-23 | Gedar
Preso politikoei harrerak egitea debekatzen saiatuko dira berriz Espainiako Estatuan

PPk Senatuan proposatu du, gainera, euskal preso politikoek damua erakutsi behar izateko xantaia areagotzea.


2025-05-23 | ARGIA
Arantxa Tapia fitxatu duen enpresak diseinatuko du Jaurlaritzaren mila milioi euroko inbertsioa

Maiatzaren 22an EAEko Legebiltzarrak mila milioi euro zorpetzeko lege proiektua onartu du “zientzian, teknologian, enpresan eta industria sektorean eragiteko”. Naiz hedabideak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak KPMG Asesores SL enpresari eskatu dio plana... [+]


2025-05-23 | Irutxuloko Hitza
Aldi baterako alokairu kontratuen “iruzurra” salatu du Donostiako Stop Kaleratzeakek

Donostiako Parte Zaharreko maizter batek 11 hilabeterako alokairu kontratua bost urterako legezko kontratu bihurtzea lortu du.


Netanyahuk dio ‘Palestina askatu’ dela gaur egungo ‘Heil Hitler’

Washingtonen Israelek duen enbaxadako bi langile tiroz hilda agertu eta gero egin ditu adierazpenak Netanyahuk. Israelgo Gobernuak zuzenean lotu ditu Washingtongo erasoak eta  Europako zenbait gobernuburuk Gazako sarraskiaren aurka egindako adierazpenak.


Seaskaren baliabideak emendatzeko eskatu diote Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko parlamentariek

Maiatzaren 21ean bidali diote gutuna Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko sei parlamentariek. Dagoen ikasle kopurua ikusita, ikastoletarako aurreikusi dituzten lanpostuak "aise gutxiegi" direla deitoratzen dute gutunean. Kexua adierazteko... [+]


Eibarko Udalak jai batzordeari jarritako oztopoak salatu dituzte

Eibarko San Juanetara begira, Eibarko jai batzordeak udal-gobernuaren eta alkatetzaren aldetik jasotzen ari duen jarrera salatu du. JHH Jaixak Herrixak Herrixandakoak batzordeak luzatu proposamenak "arrazoirik gabe" errefusatu dituztela deitoratzeaz gain, Udalak... [+]


2025-05-23 | Elhuyar
Ipar globaleko konpainia gutxi batzuk dira baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazken arduradun nagusiak

Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]


“Arau askorekin jaten ikasten badugu, agian ez ditugu gorputzaren beharrak nabarituko”

Mireia Centeno Gutierrez psikopedagogoak haurren elikaduraren inguruko zenbait gako eman ditu; hala nola jatera behartzeak eta jakiak debekatzeak dituen ondorioak aipatu ditu.


Aroztegiko epaiketaren kronika (laugarren eguna)
Taldean erabakita, dena era baketsuan egin zutela esan dute auzipetuek

Ostegunean auzipetuek deklaratu dute, eta haien adierazpenetatik honakoa laburbildu liteke: Lekarozko plazan edo akanpadan biltzen ziren herritarrek taldean erabakitzen zuten zer egin; oro har, obren eremura joan eta makinen aurrean era pasiboan jarri.


Eguneraketa berriak daude