Eusko Trenek Juanjo Olaizola Azpeitiko Euskal Trenbidearen Museoko zuzendaria kargutik kendu duela azaldu zuten hainbat egunkarik atzokoan. Garak gaurko edizioan dakarrenez, zuzendariaren abokatuak ez du ez ukatu ezta baieztatu ere gertaera hori:
“Egiatan, ez dago inolako kargu gabetzerik. Guk ez dugu horren berririk. Egunkarietan Interneten publikatutako albisteak hartzen dituzte erreferentziatzat”. Dena den, abokatuak ez du orain arte sare sozialetan esandakoaz ezer gezurtatu nahi izan. Olaizola egun batzuk barru bilduko da Eusko Trenekin. Bestalde, Trenbidearen Lagunen plataformak kontzentrazio bat egiteko asmoa du bihar museoaren aurrean. Ekintza Facebooken bidez antolatu dutela dio Deiak.
Juanjo Olaizola hogei urtetik gora aritu izan da Euskal Herriko trenbideen inguruan lanean eta bera izan da Azpeitiko museoaren bultzatzaile nagusia. 1994an Eusko Tren enpresak hartu zuen museoa kudeatzeko ardura eta orain, hainbat zurrumurruren arabera, fundazio baten eskuetan uztekotan omen dira.