2018-02-11 16:13

GALERNA, 2.atala | Autonomia Politikoa

Aldizkari osoko bi atal garrantzitsuenak esponitzen dira jarraian, Editoriala eta Elkarrizketa:

1-EDITORIALA

Langile klasearen autonomia edo independentzia politikoa

 

Burgesia-txikiaren alderdiak eta alderdi demokratak euren antolakundea kohesionatzen zein handitzen duen heinean, langile klasearen alderdia bere kohesioa galdu zein helburu lokaletarako antolakundeak egitera mugatzen da, mugimendu demokratikoan murgildu eta burgesia-txikiaren eraginpean geldituz. Egoera honekin amaitu behar da, langile klasearen independentzia berreskuratu beharra dago. (Marx, 1850)

 

Aurreko editorialean langile klasearen forma politiko baten esperientzia historikoari (eta atera behar diren irakaspenei) buruz aritu ginen, gaurkoan aldiz, langile klasearen autonomia (edo independentzia) politikoari buruz arituko gara. Gaiaren konplexutasuna medio, bibliografian jarriko ditugun testuak irakurtzea gomendatzen dizuegu, sakondu nahi izanez gero.

 

Urte guzti hauetan zehar teoria iraultzaileak (marxismoak) eduki dituen interpretazio sasi-iraultzaileak direla medio, marxismoaren bulgarizazio baten aurrean aurkitzen gara. Honek, “herri mugimendu” deitzen diogun, eta funtsean langile mugimendu diren sektore desberdinetan eragin handia eduki du, akademiatik eratorritako topikoetara mugatuz langile klasearen tresna politiko iraultzaileetako bat; honekin batera langile klasearen produkzio teorikoa (autoprodukzioa) prozesu iraultzailearen beharrik ez duen langile aristokraziaren esku utzi izan da (Unibertsitateko ikerlariak orohar). Langile klaseak aktiboki parte hartzen duen adierazpen politiko burges desberdinetan ikusi dezakegu hau: Nazio auzian, non burgesiaren eta langileriaren nazioa berdina izango balitz modura identifikatzen den (burgesiaren forma politiko nazionala gaur egun ezagutzen ditugun Estatu-nazioetan oinarritzen da, ekoizpen harreman sozial kapitalistetan; langileriaren forma politiko nazionala edo nazioa aldiz, jabetza komunalean, semi-Estatu proletarioan), soldapateko lan duin bat eskatzen denean (dominazio burgesaren oinarrian egonik gainbalioaren estrakzioa, honetarako ezinbesteko baldintza izanik soldatapeko lanaren existentzia) ustez sistemaren arazoa aberastasunaren banaketa desorekatuan egongo balitz bezala… besteak beste.

 

Egoera honetatik bi ondorio atera daitezke: 1.-, langile klasea klase-sozial objektibo moduan (enpirikoki hartuta, langile izate hutsagatik) bereak ez diren interesen babes argia egin dezakeela, eta baldintza honekin erlazio zuzena duen 2.-, interklasismoak klase gizartea (zuzenki edo zeharka) betikotzen duela nahi eta nahitaez, klaseen arteko armonia faltsu bat helburu edukirik; dominazio burgesarekin amaitzeko ezinbesteko baldintza delarik iraultza, eta honetarako beharrezko faktorea langile klasearen autonomia politikoa: Prozesu politiko burges desberdinen objektu izatetik, prozesu iraultzailerako sujektu politiko izatea. Ez baitago puntu amankomunik interes kontrajarriak dituzten klaseen artean, langile klaseak pairatzen dituen dominazio zein zapalkuntza forma ororen suntsipena langile klasearen lana besterik ez da.

 

Hortaz, autonomiari buruz gabiltzanean teoria eta praktika langile klasearen interesen adierazpenak izan behar direla esan nahi dugu, mugimendu burges desberdinen atzetik joateari utzi bere programa politikoa (komunismoa) garatu ahal izateko. Aipatzekoa ere, besteak beste, langile klaseari buruz gabiltzanean topiko obreristak alde batera utzi behar ditugula, langile klasea ez dago fabriketan bakarrik, gehiengoa osatzen du; beste batean hitz egingo dugu gai honi buruz. Iraultza komunistaren gauzapenerako langile klasea klase politiko (sujektu politiko) modura eratzea ezinbesteko baldintza dela baiezatu dugu, funtsean gu baikara bai dominazio burgesa pairatu zein dominazio hau betikotzeko lana (soldatapeko lana) egiten dugunak, emakume langileok baikara patriarkatuaren eraginak bere gordintasun osoan paraitzen dugunak, nazio zapalduetako langileok baikara nazio zapalkuntza pairatzen dugunak. Egoera honen aurrean irtenbide bakarra dago, langileok botere propioa eratu beharra dugu.

 

 

Kapitala abolitu, komunismoa eraiki!

2-ELKARRIZKETA

 

-Zer moduz doa bizitza?

Bizitza ondo, nahikoa lan dugu Parte Zaharrean ematen ari den problematikari aurre egiteko eta turistifikazioaren kontra jardungo duen sare sendo bat osatzeko. Pozik gaude aurrera goazelako, baina, izatez egoera krudela da, auzoa eta hiria jokoan daude.

-Zer ari da gertatzen azken aldian Alde Zaharrean?

Gertatzen ari dena hitz gutxitan: ETAren armagabetzearekin Donostiako buruzagiek Donostia marka-hiri bilakatzeko aukera ikusi dute, lehenago gatazkatsuak ziren kaleak errazago saltzeko eta hiria kapital akumulatzaileen eskuetan uzteko. Eta, hori da gertatzen ari dena. DSS2016 hiriburutza kulturalak hiria Europako publizitatearen agendan kokatuko du, eta honek bisitarien gorakada eta negozio posibleen handitzea ekarri du, kapitalaren erasoa. Parte Zaharra, arkitektonikoki eta historikoki berezia den heinean, kapital akumulatzaileen tablero bilakatu da urte gutxitan eta lehenago ere bazegoen ostalaritza merkatu kontzentratuak bidea erraztu du. Abiadura handiko espekulazioa da, izan ere, bizilagunen kezka eta presioek eraginda, epe ertainean jokoaren mugak zorroztuko dira Udaletik. Hortaz, partida bukatzeko gutxi falta den uneko nerbio eta erasoak nabari dira, ea zeinek taberna gehiago, ea zeinek hotel gehiago ordenantzak aldatu baino lehen: hemen eta orain.

-Turismoak beraz inbertsio handiak ditu atzean, auzo horretatik haratago ere? zein dira zuen ustez proiektu nagusiak?

Donostiaren bilakaera azkarra izaten ari da, 2000. urtean kaian arrantza ontzien joan-etorriak eguneroakoak ziren, gaur bizpahiru ontzi geratzen zaizkigu. Miramoneko Parke Teknologikoak eta Basque Culinary Center bezalako proiektuek Donostiaren hiri-markaren elitizazioa bilatu dute hasieratik. Orain Metroa sartuko dute lurrean. Egoera gero eta krudelagoa da, auzo langileak bakartzen ari dira eta zentroa erakusleiho bilakatzen. Interesgarria da ere Loiola eta Txomin auzoetan Amenabar eraikuntza enpresaren azken pelotazoa, bai eta Añorgan egin nahi dituzten VPO guztiak. Zera uler daiteke: zentroa turista eta burgesentzat izango da, bizilagunak kanporatzen ari dira eta periferia langile kanporatuentzako prestatzen ari dira. Donostiaren zabalkundea ematen ari da, fisikoki espazioa irabaziko du hiriak bere izkinetatik, eta zentroa zentroago izango da periferia urruti geratuko den zaborra izateko.

-Sistema produktibo honetan langileak badu zer egitetik, zer esaterik?

Bai, noski. Donostia hirugarren sektoreko langileek osatzen dute batik bat, eta turistifikazioarekin zerbitzuen sektorea gora doa kuantitatiboki, norbaitek garbitu behar baititu giriek zikindutako izara, kale eta edalontziak. Parte Zaharra ostalaritzako langilez betea dago. Gure helburuetako bat turismoak langileari nola eragiten dion lantzea da, hauen kontzientzia pizteko. Langile greba mugagabe batek auzoa blokeatuko luke. Orain ez dago baldintzarik halako zerbait antolatzeko, baina, tira, denon artean baldintza horiek sortu ditzakegu.

-Zuen kasu konkretura bueltatuz: Noiztik okupatzen? Zelako esperientzia da? Presio edo antagonismo hori asko nabaritu duzue?

Ideia Moraza 1eko eraikinaren okupazio saiakeraren ostean etorri zen, 2016ko abenduan. Ez genekien non nahi genuen bizi, tokirik ere ez genuen eta Parte Zaharrera hurbilduta etxe hutsen kopuru handiaz ohartu ginen, eta horietako batean hasi ginen bizitzen, orain urte bete. Gero gauzak aurrera egin du eta taldea handituz joan da pixkanaka, mantso baino indartsu. Orain etxe gehiago ditugu geureganatuak eta giroa sortzen ari da, bai eta interesa piztu zaion jende asko galdezka gerturatu ere. Okupazioa Parte Zaharreko problematikari aurre egiteko tresna bezala irudikatu genuen eta hortan ari gara. Presioa nabaritu dugu, noski. Gai delikatua da, jabetza pribatuaren nozioa oso barneratuta baitugu gizarte kapitalista honetan, eta nahiz eta jende askok turistifikazioaren kontra egiten ditugun ekintzak babestu, okupazioaren defentsa baztertzen du. Hala ere, auzoan okupazioaren gaia gero eta presenteago dago eta serio ari gara lanean gaia sozializatzeko eta onarpen handiago bat edukitzeko, bide onetik goaz.

-Etxebizitza negozioa da, dena da negozioa, guztiaren aurka zaudete?

Etxebizitza negozioa da, merkantzia berezia da, gure bizitzaren zentro espaziala den heinean. Gure bizitzako lan indar gehiena etxebizitza erosteko saltzen dugu, egunerokotasuna soldatapeko lan pisutsuei loturik. Dena ez da negozioa, baina, Parte Zaharrean gero eta gauza gehiago negozio badira ere. Ez gaude denaren kontra, auzoa berreskuratzearen eta kapital akumulatzaileak ostikoz botatzearen alde gaude, adibidez.

-Beste eragileekin nolakoak dira erlazioak? badaude elkarlan espazioak?

Kontuan hartu behar da asanbladako kide gehienak ez garela auzokoak, hortaz, hasiera batean harremana zailagoa da. Hilabete batzuen ondoren lortu dugu auzoa ezagutzea, bertako eragileen mapa bat osatzea eta harreman estrategikoak sortzea. Auzo elkartea eragile garrantzitsua da, pisu politiko handia du eta Udalean presioa egiteko gaitasuna du. Hauekin harremana estutzen ari gara gure irakurketetara hurbildu nahian. Gazte Asanblada ere eragile inportantea da, auzoko gazte asko biltzen baitira bertan, gutako batzuk ere bertan ari gara lanean. Sortu berri den Salatu! taldea ere interesgarria izan daiteke auzoko harreman sarea indartzeko.

-Badirudi egun turismoa dela moda berria, borrokatu beharreko lehen esparrua, militantzia horra bideratu behar dugu? borrokak elkar elikatzeko arazoak ditugu? zuek nola ikusten duzue?

Behar bada hauxe da elkarrizketako galdera interesgarriena. Askotan galdetu digute ea zer beste auzoekin, ea zer Donostirekin, ea zer lehenago ibiltzen ginen Gazte Asanbladekin, ea zer gaztetxeekin. Guk hautu hau egin dugu, estrategikoa den apustua. Zergatik? Kapitalismoak Donostian hartzen duen forma ikusgarriena turistifikazioan eta Parte Zaharrean aurki daitekeelako. Eta hona etorri gara pentsatuz hemen piztu daitekeela Donostia berreskuratzeko sua, auzoa krisian dagoelako, eraso eta defentsa logikan sartu delako. Noski, beste auzoetan borroka marko gehiago daude, Metroaren afera, esaterako. Hemen gakoa hurrengoa da: Donostiaren irakurketa integrala egin dugu eta irakurketa horretan topatu dugun eszenatoki argiztatuenean aritzeko hautua egin dugu, eta ez du zertan izan egokiena, baina, horrela egin dugu.

-Epe motz batean zer aurreikusten duzue?

Epe motzean Hotel + Ez! dinamikak indarra hartuko du, gorakada nabaritzen da hotel proiektu berrien agertzeekin. Etxeen arteko komunitatea handitzen ari da ere, gero eta pertsona gehiago gara, eta etxe gehiago ere. Maiatzean Munduko Turismoaren Biltzarra Donostian ospatuko da eta honi aurre egiteko dinamikak prestatzen hasi behar dugu denok. Lehengo udan gaiak eztanda egin bazuen, aurten ere emango du zer esanik. Olatu horiek aprobetxatzen jakin behar dugu.

-Irakurketaren bat gomendatuko zenieke irakurleei?

Duela aste batzuk Borroka garaia da! webgunean atera zen Gil de San Vicenteren "Espacio-tiempo militarizado y lucha de clases. Donostia como ejemplo

 

ALDIZKARIA OSOTASUNEAN: galernadonostia@riseup.net

Langile klasearen autonomiaren beharraz hausnartzeko aldizkari Donostiarra.