2018-03-08 13:25

 

Leire Txakartegi ELAko genero-politiken arduradunak egunaren balorazio positiboa egin du, nabarmenduz greba egunak izan duen jarraipen zabala eta mugimendu feministak deitutako hitzorduetan bildu den emakume kopuru handia.

Txakartegik esan duenez, ELAk ilusioz jarraitu duen greba feminista hau ez da ohiko greba bat izan: “Lan-baldintzen hobekuntzatik harago joan nahi dugu, eta gure helburua da zalantzan jartzea sistema kapitalista eta heteropatriarkal bera, zeinak gure bizitzako hainbat eremutan desberdintasun estrukturalera zigortzen gaituen”.

Lanuzteak emakumeek egiten dituzten lan guztietan eragina izan du, baita zaintzetan ere, Txakartegik esan duen moduan “sistema honek ezin du funtzionatu emakumeok arlo produktibo eta erreproduktiboan egiten dugun ekarpenik gabe, lantokietan eta etxean”.

ELAko arduradunak salatu egin ditu emakumeek pairatzen dituzten lan prekarietatea eta soldata arrakala, batik bat sektore feminizatuetan.

Txakartegik gogoratu du iaz Bizkaiko zahar-etxeetako langileak izan zirela “egun honetako protagonista. Aurten haiek emakume guztioi pasa digute lekukoa”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.