2018-03-27 09:58

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2016ko berotegi efektuko gasen (BEG) emisioen murrizketa %26koa izan da 2005 urtetik eta %12koa 1990 urtetik.

Lehenik eta behin esan BEG murrizketak kalkulatzeko oinarri urtea 1990 dela, Kiotoko Protokoloak horrela markatzen baitu. Beraz kontuan izan beharreko murrizketa %12koa litzateke, baldin eta kalkulua ongi egina balego. Eta beste urte batzuetan ELAk salatu duen bezala, kalkulua ez dago ongi egina. Eusko Jaurlaritzak, beste inork erabiltzen ez duen metodologia erabiltzen du BEG isurketak kalkulatzeko, berez izan den murrizketa baino handiagoa ematen duen metodologia. Honek bi ondorio ditu, batetik EAEko datua ezin dugula beste herrialde batzuekin konparatu aldagai ezberdinak erabiltzen direlako, eta bestetik errealitatean eman den murrizketa baino askoz altuagoa ematen duela.

Kiotoko Protokoloaren arabera, 1990 urtearekin alderatuta eta beste herrialde guztiek erabiltzen duten metodologia erabilita, benetako BEG murrizketa datua 2016an EAEn %4,1eko izango litzateke. CO2aren murrizketa datua berriz ez dute aipatu ere egiten, klima aldaketan gehien eragiten duen gasa izanik. 1990etik 2016ra CO2 emisioak %14ko igoera izan dute, hau ezin daiteke inola ezkutatu eta horregatik ez da aipatu ere egiten. Datu hauek onartezinak dira 2018an, dagoeneko klima aldaketaren eraginak sufritzen ari garenean eta agintariek dozenaka Plangintza egin dituztenean emisioak murrizteko. Argi ikusten da propaganda hutsa direla.

Guztiz salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak egiten duen emisio murrizketa datuen erabilera. Argi geratzen da ematen dituen datuak bere mesederako manipulatzen dituela eta ez direla beste herrialde batzuk ematen dituzten datu berak. Komeni ez zaizkienak ordea ez ditu aipatu ere egiten. Beste herrialde batzuek ez bezala Eusko Jaurlaritza ez dago legez behartua datu hauek Kiotoko Protokoloaren arabera argitaratzera, eta horregatik nahi dituen datuak ematen ditu, bere mesederako noski.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.