2018-03-14 19:49

ELAren iritziz, neurri horiek espainiar gobernuaren eta estatuko sindikatuen esku-hartze eta zentralizazio politikaren ildo beretik doaz. Eta enplegurako ez dira inola ere nahikoak, babesa ematen baitiote milioi erditik gora lanpostu publiko suntsitu duen austeritate politikari. Gainera, ez diote aurre egiten gure herriko enplegu publikoaren egoera larriari. Bestalde, ez dute barne hartzen eroste-ahalmenak azken urteotan galdu duen %15etik gorakoa berreskuratzea; aitzitik, galera handiagoa ekar lezakete, KPI ez baita bermatzen eta, areago, indize bera erreferentzia gisa hartzea alde batera utzi nahi da.

Enpleguari dagokionez, neurriek langileen gehikuntza eragotziko dute, eta gainera, sektore batzuetarako %75eko birjartze tasak aipatzen dira; ondorioz enplegu publiko gehiago suntsituko da.

ELAk salatu duenez, administrazio eta autonomia-erkidego bakoitzean zerbitzu publikoak antolatzeko ahalmena errespetatu beharrean, eta birjartze-tasak kendu beharrean, proposamen horrek %100eko birjartze-tasa, kasu onenean, ezartzen du. Birjartze tasa hori defizit, zor eta gastu-arauaren aginduak betetzen dituzten autonomia-erkidegoei onartuko baitzaie, betetzen ez dituztenei birjartze-tasa txikiagoekin zigortuko zaie. Beraz, lehentasuna zorra ordaintzeari eta gastu-arauari ematen zaio, ez kalitatezko zerbitzu publikoak izateari.

Horrenbestez, ELAk gaitzetsi egin du proposamen hori. Estatuko Gobernuari gure esparruko enplegua eta lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea Hego Euskal Herriko langile publiko eta herritarren esku uztea aldarrikatu du,gure herriak behar dituen zerbitzu publikoak erabakitzeko eskubidea.

Bileran egon diren Gasteiz eta Irunako Gobernuko kideei ELAk eskatu die eutsi diezaiotela beren autogobernu ahalmenari, eta Madrildik datozen aginduei itsu-itsuan jarraitu ez diezaietela. Ez alferrik Hego Euskal Herrian 23.000 lanposturen suntsipena eragin baitute, eta baita %35 inguruko behin-behinekotasunaren tasak ere. Hori horrela, ELAk Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei galdegiten die ez dezatela proposamen hori babestu 2018ko Estatuaren Aurrekontu Orokorretan.

ELAk Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eskatu die EPEak antolatzeari begirako negoziazioak berehala hasteko, aldi baterako enplegua finkatuko duten prozesuak abiarazteko, zerbitzuak pribatizatzeari eta azpikontratatzeari uzteko, negoziazio kolektiborako eskubidea aintzat hartzeko ―akordioak osorik betez―, eta galdutako eros-ahalmena zein murriztutako eskubideak berreskuratzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.