2018-05-03 15:16

Jatorri edo xede politikoa zuen bortizkeriak, zeina ETAk hamarraldiotan garatu duen eta ELAk beti gaitzetsi izan duen, gure historia modu tragikoan markatu du. Sufrimendua luzaz eta beharrik gabe pairatu izan dugu; oraindik ere gure bizikidetzari eragiten dio. Maiz borroka herritarretan zilegi ez zen injerentzia izan da, gure herriaren bizitza sozial eta politikoa era larrian baldintzatzen zuelarik.

Gaur ELAk gogoan ditu biktima guztiak, besteak beste, noski, ETAren bortizkeria -era askotan- jasan duten sindikatuko militanteak. Horien artean, gure oroitzapenik sentituena bihoa hil zituztenengana, baita beren senideengana ere: Goikoetxea, Doral, Gomez Elosegi, Agirre, Pedrosa, Uribe... Bestalde, ez ditugu ahazten talde paramilitarrek eta segurtasun indarrek hainbeste aldiz urratu zituzten giza eskubideak; kasu hauetako gehienetan oraindik ez da zigorrik ezarri, esaterako Zabaltzaren kasuan; berau sindikatuko kidea zen eta Guardia Zibilaren eskuetan zegoela hil zuten.

Nolanahi ere, aintzat hartzen dugu prozesu hau egiteko modua, espainiar estatuaren aurkakotasun aktiboa topatu duelarik. Horregatik nabarmendu nahi dugu gizarte zibileko pertsona eta organizazioek izan duten kemen militantea, horrek egin baitu posible prozesu hori, batik bat armagabetzearen auzi kritikoan.

ELAk uste du etorkizunera begira jartzeko unea dela; premiaz hartu behar dira erabakiak bakea eraikitzeko, baina ez ahazturaren gainean, baizik oinarritzat egia, gizabidea eta justizia hartuz. Horretarako,

  • ELAk galdatzen dio espainiar gobernuari urrunduta dituen presoak hurbil ditzala, eta askatu gaixorik daudenak. Espetxeko lehen graduaren erabilpen orokor eta justifikatu gabea bertan behera utzi behar da.

  • ELAk eskatzen die espainiar Parlamentuan ordezkaritza duten indar politikoei eragin ditzatela lege-erreformak bertan behera gera dadin militante eta organizazioei ezartzen zaien salbuespenezko tratua. Biziarteko zigorrak indargabetu behar dira. Halaber, amaitu egin behar da estatuko aparatuek eragin dituzten giza-eskubideen urraketak duen inpunitatea.

  • ELAk justizia trantsizionala aldezten du, zeinak lagunduko lukeen ezagutzen gure herrian benetan zer gertatu den. Biktimei erreparazioa zor zaie. Abusuekin zerikusia izan duten erakundeak erreformatu egin behar dira. Behar bezala legitimatutako batzordeek ikertzeko aukera izan behar dute, pairatu izan dugun sufrimenduaren bisio osoa izan dezagun.

  • Dei egiten diegu euskal indar politikoei susta dezatela elkarrizketa eraikitzailea, adiskidetze eta bizikidetza aldera aurrera egiteko moduan izan gaitezen.

ELAren ustez, gure herriak ez du behar orain errelatoen lehiarik; halakoetan gero eta zailagoa gertatzen da bereiztea zer den interpretazio zilegia eta zer politika bahituta mantentzeko borondatea, edo areago, arerioaren proiektu politikoaren izaera demokratikoa zalantzan jartzeko asmoa.

ELAren iritziz une hau egokia da gogoratzeko Euskal Herriak emari sozial eta militante izugarria duela, eta emari hori, finkatu beharreko bake egoera honetan, bideratu behar dugula justizia sozialaren eta askapen nazionalaren aldeko borrokara. Hori da etorkizunerako gure nahia.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.