Muñozek esan du ELA prest dagoela prekarietateari eta azpikontratazioari aurre egiteko; horretarako, baina, tresnak eta antolakuntza beharrezkoak dira: “Ez dute nahi grebak egiterik; ez dute nahi enpresarioen eta administrazioen erabakiak zalantzan jartzerik, duintasunik gabeko lan-baldintzak ezartzen dituztenean. Sindikalismo erreibindikatiboa ez dute jasaten, are gutxiago jendeari borrokatzeko bitartekoak eskaintzen badizkio, esaterako, erresistentzia-kutxa”.
Mari Cruz Elkorok nabarmendu duenez, “federazio honek azpikontratazio publikoaren erronka handiari aurre egin behar dio, gaur lan prekarioa nagusi baita hor”, eta salaketa bota du: “jendea beldurtuta egotea nahi dute, beti haritik zintzilik; geurea aldarrikatzeko ahalmenik gabe utzi nahi gaituzte”.
Elkorok subrogazioaren gaiari eman dio garrantzia, “azpikontratetako osagai nagusi gisa”, izan ere, “subrogazioaren erreibindikazioa oso soila da: enplegu egonkorra aldarrikatzea”. Eta salatu du “herri honetako enpresarik handienek, esaterako hemen ondoan dugun Iberdrolak, kontratu prekarioetan txapelduna” dela.