2018-06-22 11:50
Goizean zehar, Manu Robles-Arangiz Fundazioak, UNED-Bergararekin elkarlanean antolatutako jardunaldien bigarren zatia garatu da. Horretan ere, Euskal Herriko subiranotasun prozesua indartzeko gakoen inguruan hausnartu dute hizlariek.

Hitza lehena hartzen Autonomía Sur kooperatibako kide Oscar García Jurado izan da. Baieztatu duenez, ezinbestekoa da langile klaseari zuzendutako ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzea. García Juradok 2007. urtean martxan jarritako kooperatiba honen funtzionamendua azaldu du. “Sindikatu eta langileei lan-aholkularitza zerbitzua eskaintzen diegu, ekonomia sozial eta solidarioko erakundeak bultzatuz”.

Gehitu duenez, “ekonomiak pertsonen zerbitzura egon behar du, horien beharrizanak asebetetzea izan behar du helmuga. Enpleguak, bere aldetik, pertsonen premiak asetzeko ondasun eta zerbitzuak eskaini behar ditu. Zentzu horretan, ekonomia soziala ez bada eraldatzailea, ekonomia kapitalista da. Ekonomia sozial eraldatzailea da guretzat lehentasuna, ekoizpen prozesuen jabetza pribatuaren eta pertsona eta naturaren merkantilizazioaren gainetik. Kapitalismoaren oinarriak hankaz gora jarri behar dira. Horretarako, soldatapeko enplegua bera birpentsatu beharra dago”.

Ondoren, mahainguru bati hasiera eman diote, lau prozesu alternatibo ezberdin aztertzeko asmoz. Bertan izan dira Maitane Unzu, Katakrakeko langilea eta Alternatiben Herriko koordinatzailea; Amaia Oleaga, Koop57eko eta Olatukoopeko kidea; Estitxu Eizagirre Argiako zuzendaria; eta Marian Díez, REAS Euskadiko kidea. Hizlari guzti hauek prozesu alternatibo eta eraldatzaile ezberdinetan bizi izandako esperientzia konpartitu dituzte. Denek azpimarratu dute izaera honetako proiektuak bultzatzen jarraitzea ezinbestekoa dela ekonomia sozial eraldatzailea oinarrian izango duen ereduan urratsak emateko.

 

Txiki Muñozen parte-hartzea

Txetx Etcheverryren parte-hartzea

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.